Artikulu honek helburu ugari ditu: alde batetik, "talka plan soziala" deitu dutenaren eduki ekonomikoa ahalik eta modu laburrenean azaltzea; bestalde, planak epe ertainean ondorio drastikorik eragin gabe gauzatzeko dituen egiturazko ezintasunak adieraztea; hirugarrenik, langile aristokraziaren proiektu politikoaren porrotaren arrazoiak aztertzea eta, azkenik, masa alderdi komunistaren eraikuntzan pauso atzeraezinak emateko beharra seinalatzea. Ezin dut puntu bakoitzaren analisi zehatz bat egin eta ez dut horretarako asmorik, batez ere, koiuntura eta datuak minutuka aldatzen direlako. Bereziki, epe ertainean izan dezakegun testuingurua hobeto ulertzen eta datozen gertakariei modu egokian heltzen laguntzeko analisi elementuak eskaini nahi ditut.
Lehen begiradan, asteartean Espainiako Ministro Kontseiluak onartu zituen "ezohiko" neurriek bi egoera arindu nahi dituzte. Alde batetik, Covid-19a munduko joko zelaian sartu izanak espainiar lurraldean eragin dituen ondorio ekonomiko larriei aurre egitea. Bestetik, alarma egoera deklaratu zuen Errege Dekretuak (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak) sortutako ezegonkortasun sozial gorakorrari aurre egitea. Izan ere, azken hori gai izan da instant batean eta inolako abisurik gabe proletalgoaren eskubide zibil, politiko eta sozial gehienak deuseztatzeko.
1. TALKA PLANAREN NEURRIEN
EDUKI EKONOMIKOA: PAKTU SOZIAL BERRIAREN AURREAN LANGILE ARISTOKRAZIAREN OSPAKIZUNEN MUGAK
Ez naiz luzatuko 8/2020 Errege Dekretuak[1] jasotzen dituen "indargetze sozialerako" neurrien zehaztapenetan. Neurri mota bakoitzaren onuraduna nor den zehaztera mugatuko naiz, eta zein neurritan. Garrantzitsua baiteritzot argitzeari, alde batetik, ez dela egia funts publiko batetik baldintza gabeko 200.000 milioi euroko likidezia injekzio bat gertatuko denik, baizik eta gehiengoan (100.000 milioi euro) estatuaren berme edo abalak direla kreditu entitate pribatuetatik enpresak laguntzeko likidezia egon dadin. Horrekin, errebote efektuz edo zeharka 80.000 milioi euro mobilizatzea espero da funts pribatuetatik. Kontrara, deigarria suertatzen da "arintzaile sozialak" (17. 000 milioi euro) zuzenean funts publikoetatik ordainduko direla. Azter ditzagun laguntzak osatzen dituzten bi bloke garrantzitsuenak:
1. Enpresak, pymeak eta autonomoak: Auzi Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak 100.000 milioi euro arteko abalak eman ahalko ditu, estatuak, entitate pribatuek enpresei egin ahal dizkieten likidezia sarrerak bermatuko dituelarik. Dirudienez, Kredituaren Institutu Ofizialak (ICO) jarritako abalen bidez artikulatuko dira bermeak. BOEaren arabera, kreditu entitateek, finantza kredituaren establezimenduek, diru elektronikoko entitateek eta ordainketa entitateek enpresa eta autonomoei fakturen kudeaketa, zirkulatzaile beharrei, finantza-betebeharren edo betebehar fiskalen epemugei edo bestelako likidezia beharrei aurre egiteko eskainiko duten finantzazioak dira bermatuko direnak. Gainera, ICOk aurtengorako duen zorpetze marjina 10.000 milioi euroan handitzea ere aurreikusten da. Enpresa esportatzaileei 2.000 milioiko laguntzak ere aurreikusten dira.
Puntu hau ulertzeko, ICOren funtzionamenduaren inguruko azalpen txiki batek lagunduko digu: ICO banku publiko bat da. Kreditua zuzenean eman dezake, bere aurrekontuaren kontura, Thomas Cook funtsaren kasuan bezala (zeina zorpetze marjinaren handitzearekin orain COVID-19/Thomas Cook deitzen den). Kasu hauetan, ICOk operazioaren baldintzak aztertzen ditu eta berak hartzen ditu arriskuak. Baina guri inporta zaiguna, bitartekaritza lerroak ere sortzen dituela da: kasu hauetan ICOren programetara batzen diren kreditu entitateek eskaintzen dituzten kreditu edo maileguek huts egiten badute, hau da, zordunak (enpresa, pyme, kooperatiba edo autonomoak) ezin baditu adostutako printzipala eta interesak ordaindu, galera horrek "hirugarrenen aurrean Espainiako Estatuaren berme explizitu, atzeraezin, baldintzagabe eta zuzena" izango duela bermatzen du. Modalitate horretan, dotazioa, TAE maximoa eta beste muga batzuk ezartzen ditu ICOk; baina kreditu edo maileguaren baldintzak eta kasuaren azterketa, entitate pribatuek egiten dute, kasuan kasu[2]. Finean, inongo kasutan ez da baldintzagabea likidezia injekzioa.
Funtsean, laguntza horiekin enpresek beren gastu finkoei aurre egitea bilatzen da, ordainketa faltak eman ez daitezen. Ekoizpenaren paralisia epe laburrean gertatuko dela ikusten den garaian jardun ekonomikoa ez gelditzeko neurriak dira. Lehentasuna eskaria eta eskaintzaren orekaren (!) printzipio sakrosantua mantentzea da. 100.000 milioi euro, ez ahaztu.
Logika berarekin, Ogasunaren ordainketei aurre egiteko epeak ere luzatu dira, apirilaren 30era arte. Beste hainbat neurri ere bai, baina ez naiz horietan sartuko.
2. Besteren kontuko langileentzat, bere kasa aritzen direnentzat eta kolektibo ahulentzat: 17.000 milioi lan arloko, enpresa arloko eta arlo sozialeko laguntzetara bideratuak. Ezohiko langabezia sari baten sorreratik hasi, hipoteka, argi indar, ur eta gas horniduren moratorietatik pasatu eta kolektibo ahulenentzat, Autonomia Erkidegoen eta Entitate Lokalen kontutik finantzatuko diren 600 milioi euro inguruko kontingentzia funtsa.
Gehiegi luzatzeko asmorik gabe, kasu honetan ospatzen dena ezohiko langabezia sariaren forman datorren indargetze sozial baten sorrera da, kotizazio eperik eskatzen ez duena eta aurretik izan genezakeen langabezia saria kontsumitzen ez duena. Langileek ohiko sarrera (oinarri arautzailearen %70) izango dute. Koronabirusaren eragin zuzenez ERTEra doazen langile eta autonomoentzat izango da. Familia bizitzaren kontziliaziorako neurriak hartzea ere ospatu da: zehaztutako kasuetan, lanaldiaren %100 murriztea eskatu ahalko da.
Baina hemen arreta deitzen duena Pedro Sanchezek enpresariek ez dezatela kaleratzerik egin "erregutu" duela da, funts publikoen kontura hobariak izango dituztenean: enpresaburuek langileak ERTEra bidaltzen badituzte, langileen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketatik salbuetsita geratuko dira 50 langile baino gutxiago dituzten kasuetan; gehiago badituzte, %75eko hobaria izango dute. Hori guztia ERTEa altxatzen den epetik sei hilabetera arteko tartean, kaltetutako langileak kaleratzen ez badituzte. Horrekin batera, errentariei eta hornitzaileei eskatzen dien "ulermena" legoke. Norberaren moralari deiak, langileriari kaleratuak izango ez diren eta zorrik ordaindu beharko ez duten "berme explizitu, atzeraezin, baldintzagabe eta zuzena" eman beharrean.
Atal honen ondorio bezala, enpresaburuak laguntzeko 100.000 milioi euro egongo direla eta langileriarentzat 17.000 milioi gogoraraztea ez dago soberan. Estatuaren klase izaera berriro ere agerian. Bitartean, ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta ezkerreko alderdiak, langile aristokraziaren sektoreetan alarma egoerak eragin dituen ERE, ERTE, kaleratze eta edonolako eskubide bortxaketen aurrean egin duten euste lanetan izan duten arrakastaz mintzo dira, nahiz eta nahikoa ez direla onartu beharra izan duten.
Lehen begiratu batetan, hau da, burgesiaren komunikazio aparatuaren lan apartari esker, paktu sozial berri horrek langileekiko bermeak ezarriko dituela eta eskubide sozialetan aurrerapen bat izango dela dirudien arren, errealitate guztia ez dago agerian. Laguntza horiek nola finantzatuko diren aztertzen badugu eta, bereziki, bizi dugun agertoki geopolitikoa eta epe ertainera izango duguna ikusteko begirada altxatzen badugu, dekretuaren atzean dagoen egia zein den konturatuko gara.
2. TALKA NEURRIEN FINANTZAZIOA: GAURKO OGIA, BIHARKO HONDAMENDIA?
Sanchezen arabera, agente sozial eta politikoen arteko akordioak "larrialdi ekonomikotik irteera V bat eta ez L bat izatea" bilatzen du. Helburua "erorikoari suspertze ekonomiko batek jarraitzea da, geldialdi batek beharrean". Dirudienez, bigarren une horretarako, suspertzerako, gobernuak ekonomia berpizteko zenbait neurri ditu gordeta.
Baina aurreko atalean ikusi dugun bezala, apenas dago jatorri publikoko
funts likidorik talka plan sozialaren edo handikeriaz "Espainiaren historia
garaikideko bitarteko ekonomikoen mobilizazio handiena" deitu den horren
gehiengoa egikaritzeko: estatuak bermeak jartzen ditu, entitate pribatuek
finantzazioa. Ikusteke dago funts publikoak noraino helduko diren, jada saturazio
maila handiak baitaude epaitegietan eta Gizarte Segurantzan. Hala ere, hemen
baloratu behar duguna ez da, hainbeste, indargetze sozialeko neurriak
kaltetutako langileriari ezarriko zaizkion edo ez (nahiz eta ezezkoa den
aurreikusgarriena, burgesiarentzat ez baitago neurri koertzitibo edo
inperatiborik hori horrela izan dadin, are gehiago sindikatuek akordiorako
deiak luzatzen dituztenean). Aztertu behar duguna da zer gertatu ahal den
zirkulazio sinplearen funtzionamendu arauetatik eta, bereziki, agente sozial
guztiek (ekoizleek, banatzaileek eta kontsumitzaileek) merkatu arauekiko duten
dependentziaren ikuspuntutik abiatuta.
2.1. Kreditu pribatuaren bidezko likidezia. Bermatutako zorpetzea
Ekonomian, aktibo korronte edo zirkulatzaileaz hitz egiten denean, azpikategoria ugari ezberdintzen dira, aktibo horiek diru likido bilakatzeko behar duten denbora tartearen arabera. Horietako bi aipatuko ditut modu arinean.
Lehenik eta behin, kaja edo altxortegia dago; noski, dirua, txanpon, diru-paper edo kontu korronteko diru gisara berehalako likidezia da, zuzenean beste edozein merkantzia bihurtu daitekeen merkantzia unibertsal modura.
Bigarrenik, hirugarrenei eskatu ahal zaizkien kreditu eskubideak leudeke edo, beste era batera esanda, egindako zorpetzearen ordainketa egingo duten zor-konpromezuak dira. Harreman ekonomiko osatugabe bat (hartzekoduna eta zorduna) inplikatzen du, harreman hori esandako epean osatuko dela espero delarik; baina harreman hori zordunaren borondatetik kanpo dauden faktoreek (ezinbesteak, adibidez) denbora tarte horretan jasan ditzaketen aldaketen mende ere badagoenez, huts egin dezake. Karl Marx arazo horri buruz mintzatu zen Kapitalaren lehen tomoan, merkantzia ekoizle diren gizarte antolamenduak bizi ditzaketen diru krisialdiez ari zenean.
Hartzekodunaren ikuspuntutik, zordunari dirua edo merkantziak aurreratu izanak finkatzen du harremana; zordunaren ikuspuntutik, diru edo merkantzia horiek itzuli beharrak. Harreman horiek aldaketa-letretan, txekeetan edota zor-agirietan formalizatzen dira, zor den dirua jasotzea ziurtatzeko abal eta bermeak behar izaten dituztenak, osagarri modura.
Bada, Talka Sozialerako Plana bigarren kategoriako aktibo korronteez dago osatua gehiengoan. Estatuaren altxorrak ez du likideziarik injektatzen. Zehazki, entitate pribatuak (hartzekodunak) izango dira enpresei likidezia bermatuko diotenak (zordunak), hutsegitearen arriskuak bere gain hartu gabe. Hutsegiteak, Sanchezen hitzetan, faktore ugarirengatik gerta daitezke: barne mailakoak (Txinan edo Italian bezala ia ekonomia guztiaren paralisia, gainbalioa sortzeko ezinezkotasuna eraginez) edota kanpo mailakoak (burtsen erorketa, petroleoaren prezioa…). Estatua izango da arrisku hori bere gain hartuko duena.
Horrek esan nahi du hutsegiteak emanez gero, estatuak hartuko duela
horiekiko ardura, banku-irabazia ekarriko duen irabazi kapitalista handitzeko
beharrezko neurriak hartuz. Horrek inplikatu dezake estatuak zorrari aurre
egiteko likidotasun nahikoa izatea edo, maiztasun handiagoz gertatzen dena,
kapital industrialaren onurarako esku hartzea egitea, gainbalioaren xurgapen
handitu bat helburu, murrizketa publikoen bitartez edo lan indarraren
esplotazioa handitzea ekarriko duten erreforma legalak eginez. Batak edo
besteak estatuaren esku hartze bidezko zorraren ordainketa aurreikusten
dute; horregatik, estatuak zorra zuzenean ordaintzen duenaren hipotesiarekin
aurrera jarraitzen dugu.
2.2. Zorraren ordainketa, langile klasearen uztarria
Erantzuna eta galdera baditugu: ¿Noren lepotik egingo du? Langile klasearen bizi baldintzen lepotik. Ikus dezagun.
Noski, munduko beste bazter batzuetan bezala ekoizpena egunez egun gelditzen joango den aurreikuspena betetzen bada, ez da "errentarik" (gainbalio edo soldatarik) sortuko, ezta hortik finantzatuko ere. Enpresak Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzetik salbuetsita geratu badira, hori ezingo da haien lepotik autofinantzatu. Gomendioek eta elkartasunak langileekiko elkartasuna adierazten duten burgesia txikiaren sektoreei besterik ez diete balio. Halakorik badelako oraindik. Baina ez da gehiengoaren kasua. Burgesiaren gehiengoa azterketa eta kalkulu ekonomiko-politikoetan buru-belarri dabil langile klasearengandik abantaila handiena edo galera txikiena nondik atera pentsatzen (ikusi bestela Amancio Ortegaren ekimen "solidarioa", ERTE bat opari). Burgesiak ez gaitu hemendik aterako: "pacta sunt servanda" ahal duenera arte ezarriko du, bere ordena soziala zalantzan jartzeko arriskua ikusten duen unera arte (rebus sic stantibus klausula lagun, zorren barkatze masiboak egitera eta sistema berrabiaraztera pasatuz). Ekoizpena geldituko ez litzatekeen hipotesi urrunean, zein marraztutako azken kasu horretan, emaitza bera litzateke: ordena burgesak bizirik jarraitzen du eta bere estatua langile klasearen lepotik berregituratzen da, gainbalio erauzketaren oinarriaren gainean.
Konponbidea beste lekuren batean bilatzen saia gaitezke. Europar Batasunean adibidez? Europa zaharrak gaur arte gorrotatu dituen Txina edo Kuba bezalako agente geopolitikoen laguntza jaso gabe osasun krisia kudeatzeko ezintasuna erakutsi duen une historiko honetan, EBren tratatuek goresten dituzten "elkartasun eta kooperazio" mekanismoek Estatu Kideak erreskatatzeko aukerarik ez dutela hauteman dezakegu. Hartu duen irtenbidea zor publiko eta pribatua erosteko 750.000 milioi gehiago jartzea izan da, aurreko astean koronabirusak sorturiko inpaktu ekonomikoari aurre egiteko 120.000 milioiei eta pandemia lehertu aurretik aurtengo urtean erostea aurreikusita zituen 240.000 milioiei batuko zaizkienak. EBk egingo ez zuela esan zuena egingo du, 2008ko krisialdia leherrarazi zuen konponbidea errepikatu: zorpetzea handitu, bere zorra entitate pribatuen esku utzi… aurreko irtenbidea errepikatu egin da, eta oraingoan, eskala handiagoan.
Krisi garaian finantza sistemaren baliabidea erabiltzea suizidio bat da. Mattickek zioen modura: kapitalaren konposizio organikoak, kapitalaren eta lanaren arteko proportzioak, bere erreprodukzioa eskala hedatuan ahalbidetzen duenean, kreditu sistemak hazkunde ekonomikoa intentsitate handiagoz azkartzea ekar dezake. Baina krisialdietan, indargetzaile gisara baino, erortzearen katalizatzaile gisara jokatzen du. Langile klaseak beti ordaintzen ditu burgesiaren zorrak.
2.3. Mugimendu Sozialistaren hipotesien egikaritzea. Ongizate Estatuaren gainbehera
Europar Batasunaren desintegrazioa eta deskonposizioa egikaritzetik oso gertu dago. Orain artean munduko aberastasunaren kontsumitzaile handiena (Pedro Bañosen arabera %50) ez da gai bere erreprodukzioa bermatzeko adina ekoizteko. Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren hipotesiak modu zorrotzean baieztatzen dira.
Goian esan dugun bezala, badirudi ez dagoela errezeta miragarririk edota "ezkutu sozialik" egoera horretatik ateratzeko. Lehengo lepotik burua: kapitalaren hedapen edo erortzearen pisu guztia langile klasearen bizkar jartzea. Enpresaburuek finantza entitateei zorra ordaintzeko eta estatuaren altxortegia betetzeko modu bakarra, ekonomia "berrabiarazten" den unean hazkunde ziklo hedatu bat mantentzeko adina gainbalio kantitate berriren erauzketa litzateke. Ikusi beharko da koiuntura horrek zein lekutan uzten gaituen, baina, eta puntu horretan Sanchezekin bat eginez: datorren panorama ez da "batere itxaropentsua".
Izan ere, akumulazio kapitalistaren lege orokorrak martxan eta errealitate sozialak egituratzen jarraituko dute, historian bere agerraldia egin zutenetik egin duten modura: krisialdi bakoitzean langile masen proletarizazio prozesua larriagotuz, klase ertainaren bizi baldintzen zati handi baten atzerakada gogor nahiko ziur bat eraginez (eta ez bloke politiko horrek amesten duen igoera edo jaitsiera progresibo bat), baina bereziki, proletariotzaren bizi baldintzak okertuz. Bloke inperialista europarraren estatuen (Macronen, Merkelen edo Sanchezen), edo Urkullu edo Chiviteren gobernuen (muturreko zentralizazio garaiotan hala deitzerik baldin badago behintzat) errezetek gaurko ogia eta biharko hondamendia izateko dituzten aukerak oso altuak dira, krisi baten barneko krisi berri batez ari garela kontuan hartzen badugu. Langile aristokrazia, bere lanpostu eta soldaten maila mantentzeko epe laburreko borrokan eta epe ertaineko inplikazio politikoen aurrean beste aldera begiratuz, mendebaldeko Europako langile klasearen baitako bloke nagusi gisara bere behin betiko heriotza sententzia sinatzen ari da agian uneotan.
3. SOZIALDEMOKRAZIAREN PROIEKTU POLITIKOAREN PORROT AURREIKUSGARRIA
Puntu honetan behar den bezala sartzeko, ezinbestekoa da gogoraraztea kapitala-lana harremana, gainbalioaren sorreraren motorra eta ekonomia kapitalistaren hasiera zein helburua, gertakari faktiko batean oinarritzen dela: kapitala eta lana ez dira askatasunez elkartzen, baizik eta aurrenak, ante festum, uzten du langileria bere bizitza erreproduzitzeko aukerarik gabe. Kapitala eta lana "bortxakeriaz" elkartzen dira, bigarrenak lehenengoarekin duen dependentzia ezarriz; baina beharrezkotasun harreman horrexegatik lehenengoa inoiz ez da bigarrengoarekin independentea. Kapitalismoaren arauetan bi klase sozialentzat bizirauteko aukera bakarra dago: aberastasunaren metaketa mugagabea burgesiarentzat, eta soldatapeko lanaren esklabotza edo gosez hiltzea langileriarentzat. Behin legearen printzipioa ezarrita, agente bakoitzak bestea determinatzeko gaitasuna hartzen du, marko objektibo horren mugen barruan.
Horregatik, egunerokoan proletariotzari erreferentzia egiten diogunean, bere bizi baldintza prekarioaz ari garenean, mahaigaineratzen duguna da burgesiak etengabe bere lege-bermeen sistematik baztertzea bilatzen duela. Marxek esango lukeen modura, proletalgoa pauper ante festum da, pobre hasi aurretik: proletalgoak ez du inongo eskubide zibil, sozial eta politikorik kapitalismoaren hastapenetatik. Bere existentziaren esentzia kapitalaren aurreko mendekotasun betebeharra da eta aurrez aurreko borroka batean soilik da erauzi zaion gainbalioaren transferentzia minimo bat errekuperatzeko gai, zuzeneko soldataren igoera, zeharkako soldata (eskubide sozialak) eta eskubide sozial eta politikoen forman.
Alarma egoeraren lehen egunetan kolpe batean indargabetu diren eskubide sozialak, lan arloko legediak, Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak, Hitzarmen Kolektiboak (zeinen errekuperazioa proposatutako txoke neurrien bidez eszenifikatu nahi den) eta abar, kapitalismo gorakor baten garaietan soilik izan dira posible, eta soilik zentro inperialistako eremu geografiko zehatzetan (adibidez, Mendebaldeko Europan). Periferiako kapitalen aurrean erdigune inperialistako kapitalak duen nagusitasun teknologikoak, lan potentziatuaren bidez bigarrenari aurrenengoaren aurrean lehiakortasunerako ematen dizkio abantailak. Abantaila horrek, garaiko munduko koiuntura geopolitikoarekin harremanetan (SESB garaiko potentzia liberalak baldintzatzeko potentzia ekonomiko eta politiko gisara errendimendu betean zegoenean) "sozialismo errealaren" herrialdeetan bezalako bizi baldintzak bermatzea eskatzeko bezainbesteko indar politiko eta erraztasunak zituen langile aristokrazia zabal baten gorpuztea ekarri zuen. Gure mugimendua ohartarazten ari zen Euskal Herrian, krisi garaiotan oraindik langile aristokraziaren lurreko paradisu den honetan ere, hori guztia abiadura bizian desegiten ari zela. Errealitate berria gure hipotesia baieztatzera dator.
Bestalde, gaur ikus dezakegu inoiz baino argiago proletalgoaren baldintza soziala, bere errealitate historiko zehatza, lan arloan kontratu formalen gabezian aurkezten dena, horrek sindikatuetara edo Gizarte Segurantzako prestazio kontributiboetara (eta prestazio sozialen atzerakada garaiotan, ez kontributiboetara) sarbidea oztopatzen diola. Hori 2008tik aurrera nabarmena izan da, baina benetan, kapitalismoaren hastapenetatik izan da horrela. Pauper ante festuma sistematikoki kanporatua da, kartzelara konfinatua eta lapurretara, errentak ez ordaintzera, prostituziora, genero biolentziara, jazarpen etnikora, biolentzia polizialera induzitua. Kode penal eta administratiboek debekatzen dituzten interakzio sozialeko ekintza guztiak egitera eta jasatera behartua da, hau da, ordena burgesaren itxiera mekanismoen mugan bizitzera. Hori guztia krisi garaietan areagotzen da.
Giro horretan, alarma egoerak erakutsi digu langile aristokrazia bera ere ari dela egoera hori bizitzen: LAParen, lan hitzarmenen, Langile Estatutuaren desgaitzea eta kaleratze, ERE eta ERTE masiboen ezarpena… EAEn, Urkulluren exekutiboa Sidenor lanera itzularazten eta Confebask paktu sozial berria aldarrikatzen ari den bitartean...
Horren aurrean, ezker progresia burgesiaren gehiegikerietaz kexu da, baina hark jasoko duen laguntzaren %17 gainditzen ez duten (eta gainera, partekatuko dituzten) diru laguntzak jasotzea ospatzen dute, proletalgoarekin batera sistema gelditzeko erantzun bateratu bat artikulatu beharrean, epe ertain-luzean etor daitekeen proletarizazioa eta kaleratze estrategikoen areagotzearen aurrean euren lan baldintzak bermatu gabe utziz, borreroarekin enpresaz enpresa akordioak bilatuz eta konponbidea jada salduta utzi dituen administrazio baten eskuetan utziz. Horrela, langile klase osoa hipotekatzen du, bere eros ahalmen eta gaitasun politikoa berehalakoan ez galtzeko ametsezko helburu absurduarekin. Berriz hauspotzen du "herria, oligarkiaren, bankuen eta multinazionalen aurka, eta osasun eta hezkuntza publikoaren alde" diskurtsoa.
Baina arrapaladan doan dekadentziaren garaiotan, ezkerreko alderdien eta sindikatuen ospakizunek (EH Bilduk diskrezioz daraman arren), ordena sozialarekiko agertzen duten mendekotasunak eta jarrera paktistak, epe laburrean ondorio katastrofikoak izan ditzake. Europak zentro inperialista izateari utz diezaioke. Ikusteke dago Txina (Europako lurraldean abileziaz jada sartzen ari dena) edo AEBak izango diren gure lurraldearen kontrola lehiatuko dutenak kapitalen esportaziorako, eta zein epe eta forma hartuko duen prozesu horrek. Argi dagoena da potentzia horietako inor ez dagoela zain, baizik eta konkistaren eszenatokirako lasterketa prestatzen dihardutela.
Horrela, azken bost egunek erakutsi digute politika instituzional burgesean lurralde eskalak zer diren: eskala geopolitikoan prestatzen diren eta estatu nazionalek bermatzen dituzten erabakien bitartekari eta exekutatzaileak. Agur autogobernuari, baliabideak modu arduratsuan banatuko dituen estatu burges independentearen ametsari, demokrazia "parte hartzaileari"… Txinatarren planifikazio zentralizatuko ereduek, dituzten akats guztiak izanda ere, euren eraginkortasuna erakutsi dute, mendebaldeko demokraziei egurra emanez. Ez dago ametsentzat lekurik orain. Aberastasun unibertsalaren jabetza agente gutxi batzuek borrokatzen dute, haren kontrola mundu mailako eskalan edozein lantoki, instituzio, kale ertz edo etxetan topatzen ditugun basailuen eta figura diziplinarioen ejerzituen bidez exekutatzen den bitartean.
Aukera hau baliatzen ez badugu, berriro ere zirkulu berdinean biraka amaituko dugu, Michael Lebowitzek ondo zioen bezala, kapitala zirkuitu itxi bat baita, non premisa guztiak emaitza diren, eta alderantziz. Baina irteera bat badugu: langile klasearen ekonomia politikoa artikulatzea.
4. PROLETALGOA MASA ALDERDI KOMUNISTAREN FORMAN ARTIKULATZEKO AUKERA ETA BEHARRIZANA
Panorama konplexu hau beldurgarria bezain adore-emailea da. Ospitaleetako kontsultetatik iristen den informazioak eta sare sozialetatik hedatutako irudiek, baldintza infra-humanoetan, atsedenik gabe, kobratu gabe eta norbere babeserako ekipamendurik gabe lanean ari diren medikuntzako eta erizaintzako milaka profesional erakusten dituzte, asistentzia bitarteko falta absolutuagatik pneumonia bilateralak jota hiltzen ari diren gaixo uholdeak artatzen, euren burua infektatzen eta are, bizitza uzten. Boluntarioen zerrenda amaigabeak, beharrak dituztenei laguntzeko, inolako babes neurririk gabe eta dohainik, erosketen banaketak eta arreta deiak egiten dituztenak, etxegabeentzat etxebizitzak eskatzen dituztenak edo laneko eskubideen gidak egiten dituztenak. Lantokietako errealitatea, non langileak behartuak diren lanera joatera eta ondorioz, pasatzen diren leku guztietatik koronabirusa zabaltzera, non euren (eta gure) segurtasunagatik eta NBErik ez dutelako lana gelditzeko borroka bizian dabiltzan, patroiek kaleratzearekin mehatxatzen dituzten bitartean eta sindikatuek euren soldataren zati bat baztertzeko eta patroi horiekin negoziatzeko deia luzatzen dieten bitartean. Mediku sare solidarioak, 3D makinetan maskarak egiteko planoak partekatzen dituztenak eta etenik gabe NBEen zuzeneko eta zeharkako hornidura lanetan dabiltzanak, beren bizi baldintza tamalgarriengatik eta pairatzen duten arrisku eta isolamenduagatik eztanda egin eta kartzelazainen aurrean matxinatzen diren CIE eta espetxeak, potentzia handiz berpizten ari den klase sindikalismoa… Infinituraino jarrai genezake, langile aristokraziaren eta proletalgoaren sektore kontziente eta borrokalarienek emandako erantzun oraindik ere zatikatu, koordinatu gabe eta espontaneo horrek eskuineko eta ezkerreko alderdi politikoen eta sindikatu burokraten kudeaketaren aurrean erakusten duen nagusitasuna erakusten. Ezin dugu utzi potentzia hori guztia kapitalak zurrupa dezan; ezin du klase elkartasunaz jabetu.
Proletalgoaren batasun eta independentzia politikoa indartu behar ditugu. Proletalgo guztia batuta behar dugu, dagoen leku guztietan aldi berean kolpatzeko gaitasuna izango duen botere independente modura ekiteko. Izan ere, hedadura unibertsala duen botere burgesari gailentzeko modu bakarra, hedadura unibertsaleko botere antagoniko bat eratzea da: etxe, kale ertz, lantoki edo instituzio bakoitzean artikulatuko dena eta inpotentzia politikora eta askatasun faltara kondenatzen gaituzten gaitz guztiak borrokatuko dituena; ezberdintasun etniko eta linguistiko ezberdinak, tradizio eta usadio herrikoiak babesteko beharrezko diren eskala geografiko guztiak, bakoitza bere lurralde antolamendu egitura propioekin Estatu Sozialista forman barne-bilduko dituena; iraultza komunistaren programa estrategikoa eta taktikoa jarraituko dituena.
Horregatik, Euskal Herrian ere, inoiz baino beharrezkoagoa da masa proletarioen berraktibazio politikoa, errebisionismo teorikoak eta sozialdemokrazia politikoak jarritako blokeo politikoa gainditzeko bidean. Modu akritikoan eta mendekotasun osoz, egungo eta etorkizuneko lan prozesu guztien berrantolaketaren iniziatiba burgesiaren eskuetan, kaleen kontrola salatari, polizia eta militarren eskuetan eta proletalgoa bide bazterrean uzteari, langile masek euren baldintza objektiboarekiko eginiko desobedientzia kontrajarri behar zaio. Langile aristokraziaren militantzia kontziente eta borrokalarienak ere erreakzionatu behar du eta programa iraultzailera batu, prestatzen ari den paktu sozial berrian lekurik ez duela izango ulertu behar du, bera ere pauper ante festum izatera pasatuko dela. Eta albo batera utzi behar ditu geldialdi hori (berriro ere) Mugimendu Sozialista erasotzeko baliatzen ari diren nahi eta ezinean dabilen sozialdemokrazia horren bozeramaileak, koiuntura honetan ekin beharrak bultzatuta, baina datorren testuingurua ulertzeko itsu aurkitzen direnak. Horren aurrean, gaztea izanagatik Mugimendu Sozialista erakusten ari den heldutasuna azpimarratzekoa da, beste behin egoerak eskatzen duen neurria emanez, GKSren determinazio politikoaren eta Gedar Langile Kazeta-ren lan nekaezinaren bidez, baina bereziki, militante bakoitzaren eguneroko disziplinaren bidez.
Nahikoa da, har dezagun gure bizitzen gaineko kontrola: exijitu eta topatu dezagun egia, seinalatu ditzagun arduradunak, gezurtiak eta salatariak, erasotzaileak, tranpatiak; defenda ditzagun gure eskubide zibil eta politikoak eta borroka dezagun botere proletario independente bat eratzeko; antolatu dezagun klase elkartasuna eta batasuna eta erein dezagun langile masen autogobernua. Eraiki dezagun gaurdanik etorkizuneko gizartearen enbrioia: Masa Alderdi Komunista.