AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Laudioko Gaztetxearen desalojoa ARGAZKIA / Gedar.eus
Ainhoa Jugo
2022/02/15 13:01

«Okupazioaren aurkako ofentsibak aurrera darrai», horrekin hasten da Errakik berriki argitaratutako adierazpena. Izan ere, Langile Kontrolpeko Espazioen kontrako erasoak ohikoak bilakatu dira, euren biziraupena kolokan jarriz. Aurreko kurtso politikoan salatu zenez, okupazioaren kontrako ofentsibak hainbat aurpegi ditu, kulturala, poliziala eta juridikoa besteak beste. Ofentsiba hau krisi testuinguruan, kapital dinamikak akumulazio fase berri baten irekieran beharrezkoak dituen gizartearen gaineko aldaketa eta berregituraketaren baitan kokatzen dugu. Burgesiak abiarazitako ofentsiba sozial eta politikoaren baitan hain zuzen.

Egoera honetan, Covid19a estatuaren erreforma juridiko eta politiko totalitarioranzko tendentzian pausuak emateko aitzakia izan da. Ordenamendu juridikoa egun batetik bestera indargabetu zen Alarma Egoeraren ezarpenarekin. Horren bitartez, salbuespen politikak sistematikoki ezarri dituzte: etxeratze aginduak, konfinamendu perimetralak edota zirkulazio librerako eskubidearen ezabapena, biltzeko eta manifestatzeko zein bizilekuaren bortxaezintasuna eskubideen urraketa.

Birusaren ideologiak salbuespen politiken aplikazioa justifikatzeko balio izan du. Honek, aipaturiko berregituraketa egoeran, burgesiaren dominazioa gauza dadin egokiena den eszenatokia prestatzeko abagunea zabaldu du. Behin eta berriz aipatu izan dugun arren, honen guztiaren arrisku handiena marko juridiko eta politiko totalitario baten ezarpena da. Honen adibide da, ekainean argitaratutako Artekan Xermin Etxeberrik idatzitako testua, zeinetan Frantziako Estatua eraldaketa eta modernizazio juridikoa emateko ezohiko egoera batez baliatu izana azaltzen den. Kasu honetan, 2015. urteko salbuespen egoeran ezarritako neurriak, larrialdi egoera agortu bazen ere, 2017.urtean indarrean sartutako lege antiterroristaren baitan kristalizatzea eragin zuen.

Zentzu horretan hamaika eraso ikusi ditugu. Langile Kontrolpeko Espazioen (LKE) baitako jarduna debekatu, oztopatu zein baldintzatuz. Orain arte gaztetxe eta espazio okupatuen gaineko isilpeko onarpena existitzen zen. Hau da, hauek okupatu eta erabiltzeko permisibitatea zegoen. Are gehiago, burgesiarentzat LKE batek ez du de facto arrisku bat suposatzen. Horregatik aipaturiko ofentsibaren baitan, isilpeko onarpen hori desagertzeko zorian egon litekeela uste dugu. Proletalgoaren baldintza orokorren okertzearekin batera (bizitzaren garestitzea, langabezia kronikoa, aldi baterako kontratuen normalizazioa…), sistematikoak diren erasoez gain, horietatik defendatzeko mekanismoen desagerpena pairatzen gabiltza. Adibidez: orain etxegabetze baten aurka eta horren aurrean antolatu eta erantzun irmoa eman izanagatik isunetan 30.000€-ri aurre egin behar zaio. Unibertsitatean antolatzeko gela bat lortzeko borrokagatik 20.000€-ri, Ertzaintza kanpusetatik nahieran ibiltzea, gaztetxeetan jardun publikoa egiteagatik hamarnaka kide identifikatzea, LKEen erabilera erregulatu edo murrizteko saiakerak etengabeak, Leninen txokoa, Gasteizko Zentro sozialistaren desalojoa etab. Esan bezala, bizi baldintza orokorren okertzeaz gain, borrokarako baldintza oro deuseztatzen ari dira. Aipatu bezala, honen guztiaren arriskua geratzeko datorren errealitate (marko juridiko eta politiko) baten ezarpena da.

Politika burgesak politika egiteko eskubide formal eta errealak ditu. Politika egiteko gaitasun material eta ekonomikoak bermatuta ditu. Pandemiak zerbait erakutsi badigu zera izan da, politika instituzionaletara subordinatuta egonez gero eskubide horiek bermatuta egongo direla. Hau da, burgesiaren programa historikoari men egiten dion orok bermatuta izango ditu politika egiteko baldintzak. Kontrara, hortik kanpo kokatzen dena (sistema kapitalistaren baitan gizartearen gehiengo handi bat) bertatik kanporatua da zuzenean. Proletalgoaren aukera politikoak deuseztatzen dituzte, ez direlako parlamentuan ordezkatuta dauden klase interesetara subordinatzen. Are gehiago esan dezakegu, proletalgoak eskubide politikoak eskuratu dituenean, klase-indar harremanen ondorioz izan da. Hau da, antolakuntza independentearen bitartez indartu ditu bere klase-gaitasunak.

Egun borrokarako baldintzak deuseztatzen doazen bitartean, gizartearen sektore handi batentzat eskubideak formalak direla erreparatu dezakegu, baina ez dute zertan errealak izan behar. Azken finean burgesiak emandako kontsezioak dira. Eta eman dituen gisara ken ditzake dekretu aginduz. Horregatik argi esaten dugu, hauek efektiboak bilakatzeko langileriak antolakuntzaren beharra duela, indar harremanean botere kuotak eskuratzen jarraitu behar du. Berdina esan dezakegu finantzaketari dagokionez. Proletalgoak bere kabuz eskuratu behar ditu politika egiteko baldintzak, adibidez biltzeko espazio bat. Hura ezin dezakeelako ordaindu. Horregatik indar ekintzen bidez sartu ohi dira askotan espaziotara.

Aurretik aipaturikoa kontuan izanik, ezin gara estatuak eskaintzen dizkigun eskubideen urraketak salatu edo defendatzera mugatu. Izan ere, eskubide politikoak guretzat, estatuak ematen dizkigun kontzesio multzoaz gain, kaleetan politika egiteko aukera errealak dira. Hau da, antolakuntza komunistaren disziplinaz eskubide hauek proletalgoaren interesak defendatzeko baliatu daitezke: erabakiak inposatzeko gaitasun erreala.

Horrenbestez, eskubide politikoen aldeko borroka beharrezkoa da. Proletalgoak bere interesak defendatzeko beharrezkoak dituen lehen baldintza gisa. Beti ere, ulertuz, une honetan erasotuak diren eskubide zibil eta politikoak burgesak direla. Hortaz, ezin garela horietara mugatu. Gure helburua pandemia baino lehenagoko egoerara itzultzea baino, proletalgoaren Askatasun Politikoaren konkista delako. Horretarako, eskala txikian, lekuan leku LKE defendatzetik haratago, elkartasun antolatuaren bitartez indarrak geroz eta eskala handiagoan metatzeko premia daukagu. Eraso bakoitzari lekuan lekuko gaitasunekin erantzun beharrean, batasunez aurre egiteko unea da eta. Hau da, ez dugu soilik espazioen defentsan erresistitzen jarraitu behar. Inoiz baino gehiago, espazioak defendatu eta irekitzeko momentua da. Honen bitartez egikarituko direlako proletalgoaren eskubide politikoak. Langileriaren indar ekintzen bitartez eskuratutako espazioak antolakuntza komunista hedatzen jarraitzeko beharrezkoak baitira.

EZ DAGO IRUZKINIK