ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Testuingurua

60. hamarkadarako, frankismoaren kudeaketaren atzerapena oso agerikoa zen nazioarteko kapitalarekin alderatuta, azken hori askoz ere garatuagoa baitzegoen ordurako. Nazioarteko harremanetan eta erregimenaren zuzendaritzan[1] izandako zenbait aldaketek berregituraketa eta gerraosteko isolamendua haustea ahalbidetu zuten, 1959an Egonkortze Planarekin hasitako industrializazio prozesu baten bidez nazioarteko fordismoaren logiketan txertatzeko.

Hala, lan-arloan, 59ko Egonkortze Planak soldaten blokeoa, langabeziaren igoera, landa eremutik hirietarako exodoa, enpresa batzuen itxiera eta beste berri batzuen irekiera ekarri zituen. Landa-exodoaren ondorioz, proletarioak nagusiki nekazariak izatetik industriako langileak izatera igaro ziren, biztanleria aktiboaren gehiengoa izatera pasa ziren modu horretan (%65). Horrela, langile-mugimendu "berria" gazteagoa zen, eta ez zegoen aurreko esperientziekin hain lotuta, sindikatuetakoekin adibidez, eta horrek antolaketan ezberdintasun batzuk ekarri zituen, jarraian aipatuko ditugunak. Aldi berean, atzerriko inbertsioei ateak irekitzeak ekarritako garapenak eta oparotasunak ez zuten eraginik izan langile klasearen bizi baldintzetan, egoera nahiko txarrean jarraitzen baitzuten, eta kontsumo maila eskasa zuten haien esku.

Langile batzordeak

Gauzak horrela, 60ko eta 70eko hamarkaden artean lan-gatazkak eta horiek hartutako formak areagotu ziren hainbat arrazoi zirela medio: lehenik eta behin, frankismoak ez zion lekurik uzten sindikatuen ordezkaritzari[2], eta, beraz, langile klaseak ezkutuan antolatzeari ekin behar izan zion. Zentral Nazional Sindikalista zegoen, sindikatu bertikala, enpresariak eta langileak barne hartzen zituena, korporatibismo faxista italiarraren antzekoa. Bistan denez, langileen ordezkariak frankismoarekiko zuten gertutasunaren arabera izendatzen zituzten, langileen interesak salduta uzten zituzten horrela horien baldintza materialak defendatzerako orduan. Ekoizpen beharrek eraginda 1958ko Hitzarmen Kolektiboen Legea onartu zen, eta lehen aldiz nolabaiteko negoziaziorako aukera zegoen, betiere Sindikatu Bertikalaren barnean. Horrek, Sindikatu horren beraren eraginkortasunik ezarekin batera, sindikatu horrek gainezka egitea eragin zuen.

Proletarioek beren baldintza materialak modu eraginkorrean defendatzeko beharrak eragin zuen langile batzordeak sortzea, eta hasiera batean (50. hamarkada hasieratik 60. hamarkadako lehen erdira arte) gehiago zuten mugimendu izaera antolakunde izaera baino. Kontaktu sare informaletan oinarrituta, sindikatu bertikaletik aparte antolatzen ziren, euren ordezkariekin soilik osatuta, langileek eurek asanbladan aukeratuak. Argiago ikusteko, 62. eta 64. urteen artean, mota honetako hainbat antolakunde, osaera aldetik modu askotarikoak[3], sortu ziren Asturiasen eta Euskal Herrian. Lan aldarrikapenak egiten zituzten, baina baita politika demokratikoenak ere (hortik soziopolitiko etiketa).

Sindikatu propioen barruan jarduteko ezintasunaren aurrean (debekatuta zeudelako), legeak utzitako zirrikituak baliatzen ziren. Alde batetik, UGT, CNT edo ELA sindikatuek ezin zuten patronalarekin negoziatu klandestinitatetik atera gabe errepresio kolpeen arriskua handia baitzen. Bien bitartean, langile batzordeek, hasieran, nolabaiteko onarpena edo baimena izan zuten sindikatu bertikalaren aldetik, horrek eraginkorrago egin zituen, “alegalak” zirelako, baina 67an horiek ere ilegalizatu egin zituzten

Oro har, batzordeek hasieran zuten izaera iragankorra zen, zela errepresioaren eraginez edo jada ez ziotelako berehalako premia bati erantzuten eta beren une hartako funtzioa bete zutelako. Era berean, maila lokalago batean antolatzen ziren. Denborarekin, ordea, iraunkorragoak egiten joan ziren, eta hainbat koordinazio saiakera egon ziren, hala nola CCOO-eko Koordinadora orokorra 1967an. Iruñan, esaterako, 3 gune koordinatzen zituen idazkaritza bat zegoen.

Borrokak batez ere enpresetan izaten baziren ere, askotan elkartasunak lantokia gainditzen zuen: izan elkartasun-grebengatik, erresistentzia-kutxengatik edo langileen familien partaidetzagatik. Aurreko artikuluan aipatu genuen puntu nagusi bat zen batzarrean hautatutako ordezkariak onartzeko edo aintzatesteko borrokatzen zela. Hainbat praktika ere ugaritzen joan ziren, hala nola ekoizpeneko lanuztea, lantokiaren okupazioa, edo aldizkako greba, greba uneak eta lan uneak tartekatzen dituena, horrela ekoizpenaren antolaketa hankaz gora jarriz.

Aldi berean, errepresioak borroka ekonomikoak politizatzen zituen, erantzun bateratua ematea eragiten baitzuen. Gatazka gehiagori, errepresio gehiago. Eta errepresio gehiagori, gaitzespen handiagoa erregimenari. Esate baterako, Beasaingo trenbide-lantegien okupazioa (1961), erreprimitua izan ondoren, Bilbon elkartasunezko greba orokor batekin amaitu zen, Bizkaia Salbuespen Egoerara eramanez. Era berean, 1966an Etxebarriko “Laminacion de Bandas en Frio” enpresako grebak elkartasun lanuzteak eragin zituen, eta haren aurkako errepresioak beste elkartasun greba orokor bat ekarri zuen (CCOO-ek deituta) Bilbon, ondorioz Salbuespen Egoera ezarri zen berriro.

Errekuperazioa, integrazioa?

Langile batzordeekin batera, mota guztietako talde ezkertiarrak existitzen ziren, greben mugimenduarekiko jarrera ezberdinekin. Adibide gisa, PCEk bere sindikatu propioa (Oposizio Sindikala, OSO) desegin zuen, langile batzordeen alde, Sindikatu Bertikalean entrismoa egin ahal izateko. OSO okerrago ikusia zegoen langileen artean, CCOO, aldiz, onartuagoa zegoen, ez baitzen arriskutsutzat edo iraultzailetzat hartzen, hori dela eta baliagarriagoa zen PCEren taktikarako; beraz, batzorde horiek sustatzen edo horietan sartzen jardun zuen 60. hamarkadan zehar, bertan nagusitzen amaitzeko. Beraz, esaten dugunean PCEk erreformismorantz bideratzen duela CCOO-en balizko izaera iraultzailea, errekuperazioaz ari gara.

Autonomiaren historiografiak bere gainbehera bere hegemonizazioarekin eta PCEren "transmisio uhala[4] bihurtzearekin parekatu ohi du. Dena den, ez da guztiz egia PCE besterik gabe batzordeetan infiltratu zela. Hasieratik, batzorde batzuk PCErekin lotuta egon ziren, edo zuzenean alderdiak bultzatutakoak ziren; beraz, "eragindako bat-batekotasuna" izan zela ere esan daiteke. Gainera, badira CCOO-etako integrazioaren lehenagoko aurrekariak, 1966eko hauteskunde sindikalen osteko Siemensen adibidea kasu. Llobregat Beherean gatazka kopuru txikiena duen enpresa handia izanik, enpresak kontuan hartzen zituen lanuzteen orduak eta soldata igoerak bere urteko gastuen barruan, eta gatazka maila baxuari eutsi ahal zion langileen liderrekin zuen akordiorako gaitasunari esker, batzuetan poliziaren aurrean ere defedatu behar izan baitzituen! Alde horretatik, asko desberdintzen zen frankismoaren jarrera itxia, hauteskunde sindikalak erabiltzen jakin zuena CCOO identifikatzeko eta erreprimitzeko, ugazaben eta langileen ordezkarien ulermenarekiko, eta azken hori izan zen kapitalismoa modernizatzeko jarraitu zen bidea.

Ondorioak

Kapitalismoaren legeetako bat da halabeharrez irabaziak pilatzen jarraitu behar duela, eta, horretarako, aldian-aldian aldaketak behar duela. Hainbat arrazoirengatik egiten du hori: alde batetik, langileen borroken presioagatik, eta, bestetik, egituratuta dagoen moduak jada ez duelako errazten nahikoa kapital metatzea, beti lehen baino gehiago izan behar duena. Hain zuzen ere, bi faktore horiek bat etortzeak frankismoaren amaieraren hasierarako oinarriak ezarri zituen.

Klase interesek talka egiten duten, baina kapitalismoaren barruan kudeagarriak izan daitezkeenaren ideia ez zen benetan gauzagarria frankismoan. Hitzarmenen Legera arte, lan legedia dekretu bidez egiten zen, eta ez negoziazio bidez. Sindikatu Bertikalak onarpenik ez zuenez, erregimenak ez zuen benetako biderik proletarioak interesen ordezkaritza erakundeetan kokatzeko, negoziazio sindikatu gisa. Goitik beherako indarkeria bidez proletariotza diziplinatzeko saiakerak gero eta funtzionaltasun gutxiago zuen; gatazka egoerak gero eta gehiago ziren, eta langileen batzordeak sortzen ziren.

Baina, gainera, frankismoaren atzerapena bikoitza zen. Bien bitartean, beste herrialde batzuetan, proletarioak soldatapeko lanaren komunitatean zuzenean integratutako kide izaten hasita zeuden, klase gatazka zuzenean ezkutatuz (Alemaniako kogestioarekin bezala). Proletarioak – Burgesiaren aurkaria – zuzenean bere esplotazioaren partaide eta kudeatzaile izatea lortzen ari ziren.

Aldaketa horiekin bat zetorren Siemensen patronalaren jarrera 60. hamarkadaren hasieran CCOO-en lotura sindikalak onartzean, gatazka mailak puntu onargarri batera egokituz eta ekoizpena erregulatuz. Hau da, gatazka onartzen zuten kudeatu zezaketelako. Bien bitartean, frankismoak, bere jarrera hertsian, kontrako joera zuen, proletalgoa enkoadratzea eragozten zuen, eta hori beharrezkoa zen nazioarteko ekoizpen eredura egokitzeko.

Proletarioek antolatuta indar izugarria izan dezakete eta horregatik da kontuan hartu beharreko aktorea aldaketa sozial handiak egiteko. PCE-k bazekien hori, eta proletarioen baldintza materialen aldeko borrokan presente zegoenez, haien aurrean zilegitasuna lortzen zuen. Alabaina taktika hori klaseen arteko kontziliazio estrategia baten barnean zegoen ("Adiskidetze Nazionala" esloganean ordezkatua). Bestela esanda, PCE-k bat-batekotasunaren faktoreak baliatzen jakin zuen – antolamendurik eza, kasu honetan –, bai eta CCOO-en ildo politiko proletario propioaren gabezia ere, hainbat helbururekin: lehenik, oinarri soziala zabaltzea, eta, bigarrenik, burgesiako sektore irekienekiko solaskide gisa aitortzea. Ez zuten proletarioen ondoan egiten, haien kontura baizik.

Horrek esan nahi du proletariotza ere erabilia izan daitezkeela bereak ez diren, edo aurkarienak diren, interesak defendatzeko, bere baitan sortzen diren antolaketa formen bidez (kasu honetan, langile batzordea). Hori egitean, gainera, subjektu independente moduan eratzeko aukera blokeatzen da, borondate propioarekin eta bere interesen arabera jokatuz. Are gehiago, hori da interklasismoaren oinarrietako bat, burgesiaren nagusitasuna sostengatzen duena.

Ordurako baziren talde batzuk CCOO-ek Sindikatu Bertikala erabiltzea kritikatzen zutenak, baina baita haien aldarrikapen demokratikoek bere baitan zuten erreformismoa ere. Argi dago ez dela nahikoa borroka ekonomikoa eta borroka politikoa modu mekanikoan lotzea; geure buruari galde diezaiokegu zer politika motak egituratzen dituen premia materialen aldeko borrokak, eta norantz bideratzen dituen (laborismo ingelesa aipa daiteke berriro ere adibide txartzat[5]). Hala ere, borroka ekonomiko eta politikoaren arteko banaketa gainditzea premisa bat da oraindik ere, langile mugimendu baten existentzia bezalaxe -ez da gauza bera mugimendu sindikala-, kapitalismoa abolitzeko borroka iraultzailea egon ahal izateko.

GOMENDIOAK

CCOO-en jatorriari eta garapenari buruzkoak:

        Cajo Brendel eta Henri Simon - “Ilusiones políticas y lucha de clases. Del antifranquismo al postfranquismo”. “La primera oleada de huelgas: movimiento de los trabajadores y movimiento político (1951-1961)” eta “La industrialización y la explosión social (1962-1966)” atalak.

        Asalto a la fábrica. Luchas autónomas y reestructuración capitalista 1960-1990”. “Autonomía obrera y transición democrática. Una aproximación crítica” kapitulua.

         Juan Moreno- “Una cronología de CCOO durante el Franquismo”

 

Lanaren egituran izandako aldaketei buruz:

        la fábrica se transforma en institución total- Marco Revelli-ri egindako elkarrizketa, Resiste 24 aldizkarian.

 

[1]Hain zuzen ere, testuinguru horretan gailendu zen Opus Dei-ren hegal teknokrata frankismoaren hegal falangistaren gainean. Nazioartean, Espainiar Estatuak bere isolamendu egoera hautsi zuen AEBk onartu zuenean (akordio Hispano-amerikarrak).

[2]UGT, CNT edo ELA klandestinoak ziren eta sindikatuak ez ziren legez onartu 1976ra arte.

[3] Komunistak, kristauak, anarquista batzuk, abertzaleak, atxikimendu politikorik gabeko langileenak…

[4] Kontzeptu horrek esan nahi du PCE-ren kontsignei publizitatea emateko erabiltzen zirela, oinarri soziala ematen zioten bitartean.

[5]Kontsultatu nire artikulua: “Proletargoaren bizi-baldintzen defentsarako antolakuntza. Kasu ingelesa: trade unionak. Proletalgoa merkantzia saltzaile soil bezala”