IKUSPUNTUA / Represión
Berangoko auzia

Eskubide politikoen erregresioa salatu eta horien aldeko borroka defendatzearen garrantzia aldarrikatu dugu makina bat aldiz. Aldarrikapenak hamaika zehastasunetan hartzen du zentzua independentzia politikoaz jarduten dugun mugimenduetan: propaganda politikoa egitearren jarritako isunak, jota baten aurkako zentsura Iruñean, Lizarrako militanteei jarritako isunak Inauteriak antolatzeagatik, urriaren 12an Falangeari aurre egiteagatik deklaratzera deitu dituztenen aurkako errepresio saiakera, Vito Quilesi aurre egiteagatik Iruñean atxilotu dituzten 28 gazteak, edo Ibai Aginaga preso politikoaren ongietorrian parte hartzeagatik epaitzen ari diren hamasei kideren aurkako kasua.

Gaur egungo alderdi instituzionalen programa politikoa sistema kapitalista balizko gizarte-antolamendu bezala onartzearen premisan eraikitzen da. Hori horrela izanda, estrategia iraultzaile edo forma antikapitalistak hartzen dituzten mugimenduek beraien programaren oinarriak kolokan jartzeko potentzia dute. Beraz, politika instituzionaletik urruntzen diren mugimenduei geroz eta joko-zelai hertsiagoa uzten digute politikarako, izan judizialki, errepresiboki edo maila ideologikoan: Mozal Legearen aplikaziotik hasita, borrokaren eta militantziaren desprestigio edo ilegalizazioraino. Gure helburua beraz programa sozialista bat ezartzea bada klase-gizartearekin bukatzeko, ezinbestekoa da eskubide politikoen markoa zabaltzeko etengabeko ikuspegia mantentzea. Berangoko auzipetuen kasuaren salaketa hartuko dut esandakoa azaltzeko.

Izan ere, deseginda dagoen erakunde baten eta amaituta dagoen estrategia armatuaren apologia egiten delako kontakizunaren pean, militante politikoei harrera egitea debekatu zuten duela denbora bat, ongietorriak ilegalizatu baitzituzten. Azken urteetan, herriko plazetatik etxeko itzaletara pasatu nahi izan dituzte, askorentzako ongietorriek betetzen duten funtzio ideologikoa politikoki deserosoa delako, eta ez errelatoa egia delako. Desartikulatze orokortuko testuinguru horretan, estatuak errazagoa du Berangoko hamasei kide epaitzea. Ongietorrien desegitearekin, gatazka bera estatuen interesaren alde despolitizatzen da eta kriminalizazioan sakontzen da. Gatazkaren oinarrian dauden kausak ezkutatzen dituztenez, presoek izaera politikoa galtzen dute. Urteetan desobedientzia-ekintza bat izan dira ongietorriak, eta erakusten zuten estatuak terrorista bezala izendatu nahi zituen horiek babes soziala zutela eta Euskal Herrian gatazka nazional eta soziala existitzen dela. Estatuak beti mahaiaren azpian mantendu nahi izan dituen auziak dira horiek.

Egoera halakoa delako hartzen du guretzat zentzu osoa amnistiaren aldarrikapenak. Preso dauden militante politiko horientzako guztientzako aterabide zilegia delako, bai, baina baita harrera egitea legitimoa delako aldarrikapena adibidetzen duelako ere. Horregatik, Berangoko auzipetuen absoluzioa eskatzearekin eta preso politikoen amnistia aldarrikatzearekin batera egiten dugu eskubide politikoen aldeko borroka indartzeko apustu irmoa. Borrokarako eskubideak, baliabideak eta legitimitatea ezinbestekoak direlako askatasuna erdiesteko; sozialismoa eraikitzeko.