23 auzipetuen aldeko ebazpenarekin, behin betiko artxibatu dute Azpeitiko (Gipuzkoa) Gaztetxearen urteurreneko auzia. Agerraldi jendetsu baten bidez eman du berria Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak: adierazi du 23 auzipetuak kargurik gabe libre geratu izana albiste pozgarria dela, baina 2025eko uztailean Poliziak, Eusko Jaurlaritzak eta hedabideek sortutako kontakizunak bere helburua bete zuela. Hain justu, "muntaia polizial eta mediatiko" bat izan zela nabarmendu dute, besteak beste, Poliziaren inpunitatea indartzea helburu zuena.
Iazko udako gertakariak gogora ekartzeko, Gaztetxearen urteurrenean pertsona batek edukiontzi batean "ACAB" idatzi izana aitzakiatzat hartu zuen Poliziak, azpeitiar hori isuntzeko eta horregatik kexatu ziren lagunen aurka oldartzeko; udaltzainek Ertzaintzari hots egitean, Alde Zaharra hartu zuten polizia-indarrek, eta pertsona bat atxilotu zuten. Gertatutakoari sekulako dimentsioa eman zioten komunikabideek, baina gertakariak gazteen aurka desitxuratuz hain zuzen ere.
Erakunde polizialak, Jaurlaritza eta hedabideak eskutik
Polizia-erakundeek eta Jaurlaritzak auzian betetako rola ere salatu du plataformak. Izan ere, ErNE, ESAN eta Euspelek Azpeitiko kasua probestu zuten Polizia "babesgabe" agertzeko eta haientzat baliabide gehiago eskatzeko, beste hainbat kasutan egin duen modura. EAEko Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, bere aldetik, Azpeitiko istiluak baliatu zituen, besteak beste Hernanikoekin (sanjoanetan txosna inguruan izandako karga polizialak) eta Gasteizkoekin (Mugimendu Sozialistaren aurka txosnetan dagoen beto politikoa salatzeko akanpatzean Ertzaintzak egindako kargak) batera, Poliziaren aurkako "kanpaina irrazional eta antolatu" bat indarrean zegoela sinestarazteko, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak oroitarazi duenez.

Seinalatu dute hedabideek hauspotu zutela gero polizien eta Jaurlaritzaren "kontakizun kriminalizatzaile" hori, baina Gaztetxeko kideek lehen unetik gezurtatu zuten kontaera mediatiko hura. Hedabideak, "edozein printzipio zintzoren gainetik, boterearen eta diruaren alde posizionatu" zirela salatu du errepresioaren kontrako plataformak, eta, horri lotuta, komunikabideek "marko erreakzionarioaren hedapenean" daukaten garrantziaz ohartarazi dute.
Garaipena
"Antolakuntzaren eta klase-elkartasunaren garrantzia" berretsita, garaipenik handiena azken urtean "kaleetan lortutakoa" dela adierazi dute plataformako kideek (iazko abenduaren amaieran 1.000 pertsona inguru mobilizatu ziren Azpeitian, errepresioaren aurka klase-elkartasuna aldarrikatuz). Hala, "eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzen" jarraituko dutela azpimarratuz.
Bide horretan, gogorarazi dute oraindik irekita dagoela 2024an Voxen aurka mobilizatzeagatik ikertutako beste 20 azpeitiarren auziak. Azpeitia Errepresioaren Aurkak, beraz, gogor jarraituko du lanean.