"Torturak sekuelak utzi dizkit nire buruko osasunean", zioen Iker Aristu iruindarrak iazko otsailean, Euskalerria Irratian eskainitako elkarrizketan. Ahotsa.info atariak jakinarazi duenez, atzo hil zen Aristu, 2026ko irailaren 6an. Bere hurbilekoek esanak jaso ditu Ahotsa-k, eta seinalatu dute "torturak hil duela Iker".
"2008an atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Polizia Nazionalak, gaur egun PSOEko Barne ministroa den Marlaska epailearen aginduz. Torturatzaileentzako zigorgabetasunak erabatekoa izaten jarraitzen du, guk kartzela urteekin ordaintzen jarraitzen dugun bitartean edo, are, azken kasu honetan bezala, geure bizitzekin ere. Ez da iraganeko kontua, gatazkak kalteak eragiten ditu gaur ere. Ezin da ezarritako sistemarekin eta haren indar errepresiboekin bizi. Torturak hiltzen jarraitzen du!!! Indar errepresiboak kanpora!!!", dio Aristuren gertukoek zabaldutako mezuak.
"Kale-borrokaren" kontrako operazio batean atxilotu zuten iruindarra, eta bortizki torturatu ondoren, kartzelaratu egin zuten. Hilabete gutxiren buruan askatu zuten. Zazpi urteren ostean epaitu zituzten bera eta beste bederatzi pertsona, Segi gazte-antolakundeko kide izatea leporatuta, baina hainbatek salatu zuten torturak jasan zituztela atxiloaldian. Ikerrek torturen ondorioak pairatu zituen gero, bere bizi osoan zehar: Euskalerria Irratian azaldu zuen beldurra, antsietatea zein angustia sentitzen zituela etengabe. Gau ilunak antzezlanean kontatu zituzten hark jasandakoak.
Nafarroako Gobernuak duela bi urte eskas aitortu zuen Aristu motibazio politikoko biktima gisa, Ahotsa-k gogora ekarri duenez. Torturatuen Sarearen esanetan, 1.112 tortura kasuren berri izan du Nafarroan.