IKUSPUNTUA / Represión

Salbuespena arau

"Uda bero bat iragarri zuen Segurtasun sailburuak, eta bero joan da, bai, baina Poliziaren inpunitateak eta bortizkeriak berotuta". Esaldi horrek ematen zion hasiera GKStik Anderren hilketa poliziala salatzeko argitaratu genuen bideoari, eta uste dut ongi laburbiltzen duela azken hilabeteotan behin baino gehiagotan bizi izan dugun egoera: Poliziaren inpunitatea eta bortizkeria, autoritarismoa da normaltasun berria.

Denbora gutxian Flotillako kideak nola jipoitzen zituzten ikusi behar izan dugu, pankarta bat jartzeagatik sekulako jazarpena Hondarribian, eta Ander hil dute inolako erantzukizunik hartu gabe. Gehitu horri azken urtebetean izandako muntaia, jipoi eta errepresio kasuak; denak mugimendu sozialen, langile-mugimenduaren eta antifaxismoaren aurka, eta bat bera ere ez faxisten aurka.

Horrek guztiak patroi jakin bat jarraitzen duela dirudi. Baina, gaurkoan ez dut horren inguruan hitz egin nahi, aipatutako bortizkeria posible egiten duen inpunitate-markoari buruz baizik.

Batetik, alderdi politikoek bultzatutako inpunitate-marko politiko baten inguruan hitz egin genezake. Zupiriak gidatutako gazte antolatuon aurkako kriminalizazio-kanpainak horretara datoz hein handi batean: ezkerreko gazteon gaineko mamuak eraikiz (Dena da ETA politika), interbentzio polizial guztiak aldez aurretik justifikatzen dituzte, justifikaezinak diren bortizkeria eta errepresioa gizarte-mailan legitimatuz eta normalizatuz.

Bestetik, eskuineko zein ultraeskuineko komunikabideek ezarritako marko mediatikoa ere aintzat hartu behar dugula irizten dut, inpunitate-markoa ezin baitugu ulertu Poliziaren jardunaren inguruko informazioa nola ematen den kontuan hartu gabe. Adibidez, Poliziari erantzukizuna kendu eta bere biktima-irudia zabaltzeko, lan kultural handia egiten dute zenbait komunikabidek: txosnen auziarekin, "zauritutako" polizien kontuarekin etab.

Amaitzeko, inpunitate juridikoa ere badutela begi-bistakoa da. Iñigo Cabacasen kasuan bost agente absolbitu zituzten, Amaya Zabarteren nahiz Xuhar Pazosen kasuak artxibatu dituzte, eta zerrenda horrek ez du etenik.

Bortizkeriaren normalizazioak inpunitatea dakar eta inpunitateak bortizkeriaren areagotzea. Estatuen autoritarismoak erantzuleak ditu eta seinalatzea dagokigula uste dut, marko hau gailentzeak faxismoari ateak irekitzen dizkio eta.

Gazteok eman dezagun pauso bat aurrera eskubide politiko eta zibilen defentsan.