ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/10 09:08

Ehunka pertsona bildu ziren Legazpin (Gipuzkoa) atzo, otsailak 9, 2020ko Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunearen aurkezpen nazionalean. Gazte Koordinadora Sozialistaren eta Ikasle Abertzaleaken eskutik, eguerdian hasita, bazkaria, hitzaldia eta kontzertua izan ziren Urbeltzen.

Hala, 13:30ean elkartu ziren ehunka gazte Urbeltzeko aterpeetan, bazkari baten bueltan. Ondoren, 16:30ak aldera, Topagunea aurkeztu zuten GKSko bi kidek; ekimenak "ildo sozialistaren baitan betetzen duen funtzio politikoa" azaldu zuten, baita aurtengo egitaraua ere. "Kontsumorako artikulu bat" izatetik urrun, Topagunea "eskala handiko lan prozesu bat gauzatzeko" elkargunea dela argitu zuten hizlariek, "lan planifikatuaren adibidea", alegia. "Ildo sozialistaren baitan indarrak biderkatzeko, antolakuntza gaitasunetan sakontzeko, eta proiektu lokalei zein maila nazionalean antolatutako espazioei ekarpen zuzena egiteko tresna" da Topagunea, antolatzaileen esanetan.

Egitaraua argitara

Aurtengo Topagunearen inguruko zehaztasunak ere eman zituzten atzo hizlariek. Iaz, Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak eraikina izan zen Topagunearen erdigunea, eta aurten, Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela izango da zentrala. "Ildo sozialistaren baitan antolatutako espazioak egokitzeaz" gain, "lan prozesu bat egiteko azpiegitura modura ere garrantzia" du ekimenak, aurkezpenean azaldu zutenez.

Aurtengo egitarauari dagokionean, aurreneko bi egunak - apirilak 9 eta 10 - lan egunak izango dira. Hainbat bloke osatuko dira, obra lanak, tailerrak, txandak eta aisialdia barnebilduko dituztenak. Larunbaterako - apirilak 11 - "eduki politikoan sakontzeko" hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu dituzte, eta igandean - apirilak 12- martxa egingo dute Albertia ingurura. Igande gauean hainbat musika emanaldi izango dira; nagusiki, Rude Pride, Boot Boys, Dead Bronco eta Euskal Herriko sound system eta rap kantari ugarik osatutako emanaldia.

Topagunerako bonoak salmenta puntuetan eskuragarri daudela gogorarazi zuten atzo hizlariek.

Benito Lertxundiren emanaldia

Hitzaldiaren ostean, Benito Lertxundik kontzertua eskaini zuen Urbeltz pilotalekuan, 19:00etan hasita. Aldez aurretik, ikusmin eta ilusio handia sortu zuen emanaldiak. GKSko eta IAko kideek berriki adierazi duten modura, Lertxundi "Euskal Herriko musikalgintzan erreferente nagusietakoa" da, eta atzoko kontzertuak "belaunaldi ezberdinen arteko harremana bultzatzetzea" ere bazuen xede.

Salgai jarritako sarrera guztiak amaitu ziren, pilotalekuko 700 eserlekuak betez. Euskal Herri osotik bertaratutako lagunek bi ordu inguruko kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten.

ARGAZKIAK: GEDAR LANGILE KAZETA ETA @GARAIFOT

NO HAY COMENTARIOS