Gazte Sozialisten Topagunearen aurkezpen nazionala egingo dute otsailaren 9an, Legazpin

Arratsalde osoko egitaraua prestatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek otsailaren 9rako. 'Topagunea: antolakuntza eredu berria eta aurtengo ekimenaren hurbilpen bat' hitzaldia izango da lehenengo, eta gero, kontzertua eskainiko du Benito Lertxundik. Legazpin eta Urretxun egongo dira salgai sarrerak, baita interneten ere. Bestalde, Topagunerako bonoak ere eskuragarri jarriko dituzte aurki.
Argazki Nagusia
2020ko urtarrilaren 15a

Azken orduotan, aurtengo Gazte Sozialisten Topaguneari argi egiten jardun dute Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek. 2020. urteko edizioa Legution (Araba) izango dela jakinarazteaz gain, bonoen inguruko informazioa plazaratu dute, eta orain, iragarpen berri batekin datoz gurera: Topagunearen aurkezpen nazionala antolatu dute otsailaren 9rako, igandea, Legazpin (Gipuzkoa).

Hala, arratsalde osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako. 16:00etan hasiko da aurkezpena, Urbeltzeko aterpeetan, Topagunea: antolakuntza eredu berria eta aurtengo ekimenaren hurbilpen bat hitzaldiaren bidez. Bertan, "Topaguneak ildo sozialistaren baitan betetzen duen funtzioaren eta antolakuntza eredu berriaren inguruko gako nagusiak" azalduko dituzte hainbat kidek, ekimenaren inguruko argipen zehatzak emateaz gain. 19:00etan, ordea, kontzertua izango da Urbeltz pilotalekuan, Benito Lertxundiren eskutik.

Gonbidatu berezia

Argitaratutako azken diskoa, Ospakizun gauean, aurkeztuko du Lertxundik Legazpin, eta emanaldirako sarrerak eskuragarri daude jada. Sarrera fisikoak lau salmenta puntutan egongo dira; hain zuzen, Legazpiko Karibe Zaharra, Gurrutxaga eta Katilu tabernetan, eta Urretxuko (Gipuzkoa) Berit tabernan. Internet bidez ere erosi ahalko dira, entradium.com/events/benito-lertxundi-legazpi helbidean. Biak ala biak, 25 euroan daude salgai.

Otsailaren 9an bertan ere sarrera eskuratzeko aukera izango dute pilotalekura bertaratzen direnek, txarteldegian, 27 euroan.

Legazpin aurkezpena egin eta bi hilabetera izango da aurtengo Gazte Sozialisten Topagunea, apirilaren 9tik 13ra bitartean, GKSk eta IAk abenduan jakinarazi zutenez.