AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/12/25 21:31

Gaur, abenduak 26, argitara jalgi dute Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela. Herriko hainbat gazte antolatuk, mugimendu sozialistako kideekin batera, abenduan birjabetu zuten Legutioko Hotela modura ezaguna zen eraikina. Duela 15 urte eraiki zen espazioa, baina inork ez dio inoiz erabilpenik eman; orain arte. Izan ere, bertan jarri dute martxan Desjabetuon Hotela, zenbait hilabetetako lanaren ostean. Abenduaren 13an aurkeztu zuten proiektua herri mailan, eta gaur, Euskal Herri mailan eman dute ezagutzera.

"Krisi garaiotan sufritzen ditugun arazoei aurre egiteko asmotan, elkartasunean eta auto-antolakuntzan oinarrituak egongo diren harreman berriak sortzeko espazioei" bide egitea du helburu proiektuak; baita herrialdean jardun politikorako egon daitezkeen azpiegitura beharrei erantzutea ere, "antolatzeko gaitasuna" elikatuz. "Teoriatik praktikara" jauzi egin, eta eraikinari "bizitza eta kolorea emateko" erabakia hartu dute, beraz, Legutioko zein Araba osoko hainbat gaztek.

"Dominazio kapitalistaren tirania gainditzeko borroken" hauspo

Legution dagoeneko abian dauden "dinamika kultural, sozial eta politikoen" erdigunea izango da Desjabetuon Hotela, proiektuaren sortzaileek iragarri gisara. Herrian "jai eredu kapitalistari aurre egiteko espazioa" izatea ere badu helburu; "kultura kontsumo produktu gisara" eskaini baino, "sormena bultzatuz", gainera.

Dena den, herriko borroketarako abagune izateaz gain, "herririk haragoko borrokei ere erantzungo die" proiektuak, "prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura" izatea helburutzat jota: "Ikusmolde nazionala izango du, eta dominazio kapitalistaren tirania gainditzeko borrokei bultzada emango die".

Lehenengo pausoak

Azken asteotan egitarau zabala prestatu dute Desjabetuon Hotelean. Hala ere, lan egunak izan dira nagusi, eta eraikina egokitzeari ekin diote Araba osotik bertaratutako hamaika gaztek. Ekimen kulturalak ere izan dira, eta besteak beste, bertso bazkaria, bertso eskola edota zinema izan dira espazioan.

Beste talde antolatu batzuekin "harremanak estutzeko aukera" izan dutela ere adierazi dute Legutioko gazteek. Esaterako, Etxebizitza Sindikatuko kideek eskaini zuten guneko aurreneko hitzaldia, etxebizitzaren auzia hizpide. Etorkizunean ekimen gehiago antolatuko dituztela jakinarazi dute Desjabetuon Hoteleko kideek, eta "lotegi bihurtu den herria suspertzeko" hautua hartu dute beren gain.

Poliziaren presentzia

Hotelaren birjabetzea izan zenetik, hainbat aldiz bertaratu da Polizia. Eraikinaren barruan zeuden pertsonak mehatxatu izan dituzte, eta kanpoaldean zegoela, kide bat identifikatu zuten duela hainbat egun. Bestalde, poliziek adierazi dute epaitegietan prozesu judiziala martxan jartzeko asmoa duela eraikinaren jabeak.

EZ DAGO IRUZKINIK