Espainiako Estatuaren Segurtasun Nazionalerako Estrategian "desinformazio kanpainak" kontuan hartuko dira aurrerantzean. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) berriki argitaratu dutenez, "eguneraketa nagusia" litzateke ustezko desinformazio kanpainak "arriskuen mapan" kokatzea. "Zenbait herrialdetan, krisi ekonomikoarekin batera, krisi sozial eta politikoa garatu da, erakundeak higatzea, prozesu demokratikoetan eragitea edota polarizazioa bultzatzea helburu duten desinformazio eta desegonkortze kanpainek bultzatuta", azaldu dute BOEn.
Ustezko desinformazio kanpainek "segurtasun nazionalean eragin argia" dutelakoan dago Espainiako Estatua; "informazio faltsuen –fake news– edo informazio okerren –misinformation– kasuan ez bezala", gehitu du. Areago, "desinformazio kanpainek ez dute nahitaez albiste faltsurik jasotzen; aitzitik, manipulatutako edukiaren bidez errealitatea desitxuratu nahi dute", deritzo BOEko analisiak. Interpretazio horren arabera, jarduera komunikatibo batek "Espainiako segurtasun nazionala" urratzen badu, Espainiako Estatuak haren aurkako neurriak har ditzake, zabaldutako mezuak egia adierazi arren.
Ezaugarriak
Kanpaina horien inguruko ezaugarri gehiago zehaztuz, "nahasmena
sortzeko eta gizarte-kohesioa ahultzeko borondatea", "ikus-entzule
zabalei zuzendutako edukiak sortzeko eta zabaltzeko hainbat
bitarteko modu koordinatuan erabiltzea" edota "erasotutako
helburuan eragina zein prestigioa kentzeko asmo maltzurra bilatzea"
aipatzen dituzte.
Halaber, "hauteskunde prozesuen aurkako mehatxu larria" izan daitezkeela aurreikusten dute Espainiako Estatuko defentsa adituek. Izatez, kanpo-faktoreei egozten diete erakundeenganako atxikimendua murriztearen fenomenoa: "Estatuko zein Estatuaz gaindiko eragileen estrategiek propaganda-aparatuak garatzen dituzte, gizartea polarizatzeko eta erakundeenganako konfiantza txikitzeko asmoz".
Estrategia hibridoak
Era
berean, nazioarteko
testuinguruan "estrategia hibridoen erabilpena" indartzen
ari dela
nabarmendu du Espainiako Estatuak. Prozedura
horiek, Madrilen ikuspegitik, "ekintza koordinatu eta
aldeaniztunen bidez, Estatuaren zein bere erakundeen ahuleziei
etekina ateratzen saiatzen dira, politika, gizartea zein
ekonomia
desegonkortzeko edota
hertsatzeko helburuarekin".
Aipatutako praktika "hibridoak" definitzeko orduan, honela dio BOEk: "Zaila da estrategia horiei egiletza egoztea, eta ohiko ekintzez gain, desinformazio kanpainak, zibererasoak, espioitza, gizarte-subertsioa, sabotajea, hertsapen ekonomikoa nahiz baliabide militar asimetrikoak ere baliatzen dira".
Erradikalismoa
Bestalde,
polarizazioak eta krisialdi ekonomikoak "estremismo biolentoen
jardueraren areagotzea" ere
eragin duela dio Espainiako Estatuaren txostenak. "Talde
terroristek darabiltzaten bitartekoak gero eta anitzagoak dira, eta
eraso fisikoak ideologia erradikal bortitzak elikatzen dituzten
kanpaina propagandistikoekin lotuta joan
ohi dira",
ondorioztatu
dute.
Doktrina aldaketa
Laburbilduz,
eremu kognitiboa "eragina irabazteko esparru bat gehiago"
bilakatu
dela identifikatu
du
Espainiako Estatuak, ohiko eremu fisikoen maila berean; hots,
lehorrekoa, itsasokoa eta airekoa. "Desinformazio
kanpainak" borrokatzeko, beraz, "detekzioaren,
alerta goiztiarraren eta jakinarazpenaren erabilpen sistematikoa"
egingo dutela iragarri dute, bai eta erantzunetan "koordinazioa" izanen dela
ere.
Hori guztia "Europar Batasuneko jarraibideen ildotik" egingo dela zehaztu dute, gainera. Aferaren gakoak izanen dira, besteak beste, "komunikabideekin eta sare sozialen hornitzaileekin lankidetza publiko-pribatua", nahiz "herritarren sentsibilizazioa".