Ekainaren 8an hasi zen Berangoko (Bizkaia) ongietorriagatik auzipetutako hamasei lagunen aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gaur izaten ari da judizioaren bigarren eta azken saioa. Defentsak proposatutako lekuko batekin hasi da saio hau, eta auzipetuak deitu dituzte gero epaimahaiaren aurrera. Amaieran xehatutako ondorioetan, Fiskaltzak mantendu egin du jomugan jarritako hamasei pertsonak kondenatzeko eskaera, eta berdin egin dute akusazioek; Dignidad y Justiciak, Vox alderdiak eta Villacisneros Fundazioak.
578.1 artikulua argudiotzat hartuta, auzipetutako hamasei pertsonak "terrorismoari gorazarre egiteaz" akusatu ditu Fiskaltzak. Bat eta hiru urte arteko espetxe-zigorrak aurreikusten dituzte delitu horregatik, eta Berangokoen kasuan, guztientzat bi urteko kartzela-zigorrak galdegin ditu Ministerio Fiskalak. Gainera, "berrerortzea" ("reincidencia") dagoela irizten den kasuetan, zigorrak are handiagoak izan beharko luketela esan du, baina zehaztasunik egin gabe.