AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/10 19:28

Espainiako Estatuaren Segurtasun Nazionalerako Estrategian "desinformazio kanpainak" kontuan hartuko dira aurrerantzean. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) berriki argitaratu dutenez, "eguneraketa nagusia" litzateke ustezko desinformazio kanpainak "arriskuen mapan" kokatzea. "Zenbait herrialdetan, krisi ekonomikoarekin batera, krisi sozial eta politikoa garatu da, erakundeak higatzea, prozesu demokratikoetan eragitea edota polarizazioa bultzatzea helburu duten desinformazio eta desegonkortze kanpainek bultzatuta", azaldu dute BOEn.


Ustezko desinformazio kanpainek "segurtasun nazionalean eragin argia" dutelakoan dago Espainiako Estatua; "informazio faltsuen fake news edo informazio okerren misinformationkasuan ez bezala", gehitu du. Areago, "desinformazio kanpainek ez dute nahitaez albiste faltsurik jasotzen; aitzitik, manipulatutako edukiaren bidez errealitatea desitxuratu nahi dute", deritzo BOEko analisiak. Interpretazio horren arabera, jarduera komunikatibo batek "Espainiako segurtasun nazionala" urratzen badu, Espainiako Estatuak haren aurkako neurriak har ditzake, zabaldutako mezuak egia adierazi arren.


Ezaugarriak


Kanpaina horien inguruko ezaugarri gehiago zehaztuz, "nahasmena sortzeko eta gizarte-kohesioa ahultzeko borondatea", "ikus-entzule zabalei zuzendutako edukiak sortzeko eta zabaltzeko hainbat bitarteko modu koordinatuan erabiltzea" edota "erasotutako helburuan eragina zein prestigioa kentzeko asmo maltzurra bilatzea" aipatzen dituzte.


Halaber, "hauteskunde prozesuen aurkako mehatxu larria" izan daitezkeela aurreikusten dute Espainiako Estatuko defentsa adituek. Izatez, kanpo-faktoreei egozten diete erakundeenganako atxikimendua murriztearen fenomenoa: "Estatuko zein Estatuaz gaindiko eragileen estrategiek propaganda-aparatuak garatzen dituzte, gizartea polarizatzeko eta erakundeenganako konfiantza txikitzeko asmoz".


Estrategia hibridoak


Era berean, nazioarteko testuinguruan "estrategia hibridoen erabilpena" indartzen ari dela nabarmendu du Espainiako Estatuak. Prozedura horiek, Madrilen ikuspegitik, "ekintza koordinatu eta aldeaniztunen bidez, Estatuaren zein bere erakundeen ahuleziei etekina ateratzen saiatzen dira, politika, gizartea zein ekonomia desegonkortzeko edota hertsatzeko helburuarekin".


Aipatutako praktika "hibridoak" definitzeko orduan, honela dio BOEk: "Zaila da estrategia horiei egiletza egoztea, eta ohiko ekintzez gain, desinformazio kanpainak, zibererasoak, espioitza, gizarte-subertsioa, sabotajea, hertsapen ekonomikoa nahiz baliabide militar asimetrikoak ere baliatzen dira".


Erradikalismoa


Bestalde, polarizazioak eta krisialdi ekonomikoak "estremismo biolentoen jardueraren areagotzea" ere eragin duela dio Espainiako Estatuaren txostenak. "Talde terroristek darabiltzaten bitartekoak gero eta anitzagoak dira, eta eraso fisikoak ideologia erradikal bortitzak elikatzen dituzten kanpaina propagandistikoekin lotuta joan ohi dira", ondorioztatu dute.


Doktrina aldaketa


Laburbilduz, eremu kognitiboa "eragina irabazteko esparru bat gehiago" bilakatu dela identifikatu du Espainiako Estatuak, ohiko eremu fisikoen maila berean; hots, lehorrekoa, itsasokoa eta airekoa. "Desinformazio kanpainak" borrokatzeko, beraz, "detekzioaren, alerta goiztiarraren eta jakinarazpenaren erabilpen sistematikoa" egingo dutela iragarri dute, bai eta erantzunetan "koordinazioa" izanen dela ere.


Hori guztia "Europar Batasuneko jarraibideen ildotik" egingo dela zehaztu dute, gainera. Aferaren gakoak izanen dira, besteak beste, "komunikabideekin eta sare sozialen hornitzaileekin lankidetza publiko-pribatua", nahiz "herritarren sentsibilizazioa".

EZ DAGO IRUZKINIK