ACTUALIDAD / Represión
Naparraren desagerpenari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dute, 46. urteurrenean
Batallón Vasco Españolek hainbatetan hartu du bere gain Jose Miguel Etxeberriaren bahiketa eta erailketa. Egia argitu dadila exijitzen jarraitzen dute bere gertukoek eta talde memorialistek, CNIk eduki ditzakeen agiriak argitaratu ditzatela eskatuz besteak beste.
2026eko ekainaren 12 - 10:15
Naparraren desagerpenari buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dute, 46. urteurrenean

Atzo bete ziren 46 urte Jose Miguel Etxeberria Naparra desagerrarazi zutenetik: 1980ko ekainaren 11n desagertu zen ETAko eta KAAko militante iruindarra, bi urte zeramatzanean Ipar Euskal Herrian ihesera emanda. Ia mende erdia beranduago, ez dute argitu ea zer gertatu zen Naparrarekin. Batallón Vasco Español (BVE) talde faxistak behin baino gehiagotan esan du berak bahitu eta erail zuela Etxeberria, baina ez dago egiaztatuta, eta gorpuzkirik ere ez dute topatu.

Urteurren berri honetan, Naparraren desagerpenari buruzko dokumentuak desklasifikatu ditzala eskatu diote Espainiako Gobernuari bai senideek bai Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak. Erreferentzia egiten diote, hain zuzen ere, CNI inteligentzia-zerbitzuaren esku egon daitekeen informazioari. Izan ere, Ramon Francisco Arnau de la Nuez agente ohiak duela hamarkada bat deklaratu zuen Brocas herriko (Landak, Frantziako Estatua) baso batean lurperatu zituztela Naparraren gorpuzkiak; bilaketa-lanak izan ziren bertan 2017an eta 2024an, baina ez zuten deus aurkitu.

Behatokiak defendatu du, dena den, Arnauren deklarazioek erakusten dutela Espainiako Estatuko inteligentzia-zerbitzuek informazioa bildu eta jaso zutela gertakarien inguruan, eta horrexegatik eskatu du agiri horiek desklasifikatu ditzala Espainiako Gobernuak. "Dokumentazio horrek, existitzen bada, eta itxura guztien arabera existitzen da, estatuaren esku jarraitzen du, eta legez kanpo klasifikatuta dago".