ACTUALIDAD / Libertades políticas
28 antifaxistaren atxiloketaren ondoren, klase-elkartasunez erantzutera deitu dute Iruñean
Larunbatean egin zuten antifaxisten aurkako sarekada salatzeko manifestazio bat, Errotxapean. "Operazio berri hori maniobra mediatikoa izan zen, gazteria antifaxista kriminalizatzeko eta sistemak ezarritako mugetatik kanpo ezin dela borrokatu adierazteko", ohartarazi zuen Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak.
2026eko ekainaren 15 - 08:02
28 antifaxistaren atxiloketaren ondoren, klase-elkartasunez erantzutera deitu dute Iruñean

Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak antolatuta, manifestazio bat izan zen larunbat arratsaldean Errotxapea auzoan, ekainaren 3ko operazio poliziala gaitzesteko eta errepresioari klase-elkartasunez erantzutera deitzeko. "Operazio berri hori maniobra mediatikoa izan zen, gazteria antifaxista kriminalizatzeko eta sistemak ezarritako mugetatik kanpo ezin dela borrokatu adierazteko", seinalatu zuten plataformako kideek. Hori horrela, ezinbestekotzat jo zuten "klase-elkartasuna praktikan jartzea eta errepresio mota guztien aurka indarrak batzea": "Borrokari eusteko sare eta komunitate bat sortu behar da, bakoitzak bere ekarpena egin dezan".

Gogorarazi zuten Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak aurreko astean justifikatu zuela antifaxisten kontrako sarekada, "baina bere poliziek argi erakutsi zutela atxiloketek ez zutela justifikaziorik eta kolpe mediatikoa eta arbitrariotasuna zituztela helburu. [...] Gutxienez polizia batek atxilotu bati esan zion hori guztia 'paripe' bat zela". Beraz, Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ezetik salatu zuten "agerian geratzen" dela berriz "gobernu aurrerakoiaren erretorika faltsua, faxismoa geldiarazi eta Vito Quilesi Kongresuan sar ez dadin prentsa-agiria kentzen dion bitartean, bere polizia eta epaileak bidaltzen baititu faxisten gorroto-diskurtsoak zabaltzea eragozten duten antifaxistak atxilotzera eta auzipetzera".

 

Plataformak, gainera, ohartarazi zuen "uholde errepresibo" bat jasaten ari dela mugimendu antifaxista: "Azken 28 antifaxistez gain, beste zazpi pertsona atxilotu zituzten auzi beragatik; urriaren 12an Iruñerriko hiru pertsona atxilotu zituzten Gasteizen Falange espainolari aurre egiteagatik; beste 20 pertsona ikertzen ari dira Voxek Errotxapean, Berriozarren eta Beriainen egindako probokazioen aurrean isilik ez egoteagatik; eta bi ikasle salatu zituen Voxek propaganda politikoa egiteagatik. Guztira 60 pertsona epaitu eta erreprimitu dituzte".

Dena den, plataformak defendatu zuen ezinbestekoa dela "edozein adierazpen faxistari aurre egitea, arnasik ez ematea eta hedatzeko arrakalarik ez uztea". Izan ere, "faxismoak bereganatu nahi dituen espazio guztiak irabazi beharreko borrokaguneak" direla azaldu zuten, eta nabarmendu zuen funtsezkoa dela "gazteria antifaxistaren errepresioa eta kriminalizazioa salatzea eta Poliziaren zigorgabetasunari aurre egitea" ere. Bide horretan, dei egin zuten plataformatik antolatuko dituzten hurrengo ekimenetan parte hartzera.