ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda
Gaur, protestak egingo dituzte Iruñean Testaren maizterrek
Ehunka pertsona daude arriskuan euren etxeek babes ofiziala galdu ondotik, eta antolatzen ari dira horren aurrean. Gaur arratsaldean, aldi berean egingo dituzte elkarretaratzeak Artikaberriko, Errotxapeko, Ipar Etxabakoitzeko eta Sanduzelaiko maizterrek.
2026eko ekainaren 16 - 08:33
Gaur, protestak egingo dituzte Iruñean Testaren maizterrek

Gaur arratsaldean, mobilizazioak egingo dituzte Testa Residencial putre-funtsaren jabetzako hainbat etxebizitza-bloketan bizi diren maizterrek. Aldi berean mobilizatuko dira, 19:00etan, lau auzotan: Artikaberrin (plaza nagusian), Errotxapean (Marcelo Zelaietako 131. zenbakian), Ipar Etxabakoitzen (Remiro de Goñiko 42. zenbakian) eta Sanduzelain (Civivoxen).

Testa Residencialek, Nafarroako errentatzailerik handienak, 500 etxebizitza baino gehiago ditu alokatuta Iruñerrian: Artikaberrin, Errotxapean, Ipar Etxabakoitzen, Buztintxurin eta Sanduzelain daude etxe horiek, hain zuzen ere. Hasieran alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza gisa sustatu zituzten arren, kalifikazio hori galtzen hasi ziren 2017an, eta Testak erosi zituen. Orain, etxeak hutsik saldu nahi ditu putre-funtsak, eta kalean geratzeko arriskuan daude ehunka maizter. Hori horrela, indarrak batzen eta Testaren aurka borroka egiteko antolatzen ari dira bizilagunak.

Maiatzaren 31n, esaterako, hainbat bloketan bizi diren pertsonek asanblada bat egin zuten elkarrekin, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik. Borrokarako lehen pauso batzuk adostu zituzten bertan, eta emaitzetako bat izango dira gaurko protestak. "Abiapuntu izanen dira, eta egoeraren salaketa bateratua egiteko zein bizilagunen aldarrikapenak eta exijentziak aditzera emateko balioko dute", azaldu dute sindikatutik: "Deialdiarekin argi utziko dugu bizilagunak antolatuta eta borroka egiteko prest daudela".