Aurreko ostiralean, Gasteizko (Araba) Artium museoan, Rosalind Nashashibi artistaren erakusketa bat inauguratu zuten, solasaldi baten bidez. Palestinarra da Nashashibi, eta Palestinak jasaten duen okupazio sionista nahiz horren aurkako erresistentzia lantzen ditu bere lanetan.
Artiumeko ekitaldian ez zen ordezkaritza instituzionalik falta; bertan zen, esaterako, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, eta lehen lerroan eseri zen solasaldia entzuteko, Hala Bedi-k jaso duenez. Zupiriak, dena den, alde egin behar izan zuen inauguraziotik, jendearen kexen eta presioaren ondorioz.
Solasaldia hastear zegoenean, pertsona bat hurbildu zen sailburu jeltzalearengana: ikusle guztien aurrean adierazi zuen bera ezin zela han egon Zupiria ere bertan egonda, besteak beste, Global Sumud Flotillako kideek Loiun (Bizkaia) jasandako biolentzia polizialaren erantzule delako. Horrekin batera, eserita zeuden pertsonei dei egin zien, berak bezala, ekitaldia utz zezaten, protesta modura. Momentu horretan, beste pertsona batek esan zuen Zupiria zela alde egin beharko lukeena, ez ikusleek. Hori horrela, kexak entzutean, aretotik joan behar izan zen sailburua.
Flotillako kideak maiatzaren 23an iritsi ziren Loiura, Israelek nazioarteko uretan atxilotu eta tratu txarrak eman ostean. Ertzaintzak, bada, borra-kolpeka eta atxiloketekin egin zien harrera Flotillakoei, eta mundu osoan ikusi dira kargen irudi izugarriak. Horren ondoren, Zupiriak behin baino gehiagotan justifikatu du ertzainen esku-hartzea, "probokazioen eta bultzaden ondorioz" interbenitu zutela esanez.