70eko hamarkadako nazioarteko krisiaz geroztik, desindustrializazio-prozesu bat gertatu da Europan. Testu honek prozesu hori aztertu nahi du, baita horren ostean, XX. mendearen amaierara bitartean, Espainiako Estatuan eta EAEn izan zen ekoizpen-aparatuen berregituraketa ere. Desindustrializazio-prozesua oraindik amaitu ez bada ere, geldialdi hori aztertu beharrekoa da, ulertzen saiatzeko, hain zuzen ere, zeintzuk izan ziren metaketa sostengatu zuten gako-faktoreak eta zer aldaketa nagusi gertatu ziren helburu hori lortzeko. Aldi berean, ondorio sozial eta politiko nagusiak jorratuko dira.
70eko hamarkadan, krisian zegoen kapitalismo baten gaitzak azaleratu ziren zentro inperialistan; kapitalismo horren metaketa-mugak 60ko hamarkadaren amaieran hasi ziren agertzen. Gerraren ondoren Europan izan zen hazkunde mugagabea gainditu zuten elementu hauek: kapital finkoan egindako inbertsioek, energiaren kostuen igoera esanguratsuak, prozesu inflazionistak, eskariaren saturazio nazionalak eta lehia kapitalistaren hazkundeak. Horrek guztiak irabazi-tasa jaistea ekarri zuen. Gainera, une horretan industria handiaren inguruan antolatutako langile-mugimenduak erasoaldira jo zuen, langileen bizi-baldintzak hobetzea eskatuz.
Krisiaren kontra garai hartan zeuden politika keynesiarrek –eskaria eta kontsumoa sostengatzera bideratutakoak– inflazioa eta langabezia lagundu baino ez zuten egin, hazkunde produktibo urriko garai batean. Halaber, proletalgoak uko egin zion bere bizi-baldintzek okerrera egiteari, eta burgesiak, era berean, irabazi gehiago emateari. Orduan, eskaria itotzera bideratutako politika batzuk ezarri ziren, soldaten aurkako oldarraldi baten bidez eta krisiak sortutako kostuak sozializatuz. Horren ondorioz, metaketa kapitalistaren aldeko esku-hartze masibo bat egin zuten estatuek, zeinak zailtasun batzuk erakusten zituen (Piqueras, 2015). Era berean, langileen presioari aurre egitea eta gainbalioaren tasa handitzea lehentasunezko premiak izan ziren burgesiarentzat. Europan, langile-mugimendua desegin egin zen indarkeriaren eta sindikalismo klasikoaren bidez; hala, kapitalaren errentagarritasuna bermatu zen proletalgoaren lan- eta bizi-baldintzak okertzearen truke.
Eskaria itotzera bideratutako politika batzuk ezarri ziren, soldaten aurkako oldarraldi baten bidez eta krisiak sortutako kostuak sozializatuz
Hala ere, ez zen lortu krisi aurreko hazkunde-tasak berdintzea. 80ko hamarkadaren erdialdean hobekuntza txikiak izan ziren arren, hobekuntza horiek arazo estrukturalak ekarri zituzten, hala nola eskariaren beherakada, soldata errealaren geldialdiaren emaitza, eta gehiegizko industria-ahalmena. Estatuak ekoizpen-sektore nagusiei eusten eta haiek modernizatzen saiatu ziren, eta, aldiz, sekulako desindustrializazioa gertatu zen industria zaharkituetan espezializatutako Europako eskualdeetan. Kapitalak, berriz, irtenbide bat aurkitu zuen ekoizpena konposizio tekniko txikiagoko tokietara lekualdatuta. Horrek gainmetaketa murriztea eta eskulan kopurua handitzeko aukera ematen zuen. Egoera horrek industria-langileen soberakinen kopuru handiak sortu zituen Europan.
Geldirik zeuden soldaten eta langabezia-tasa altuen aurrean barne-merkatuak zuen ahultasuna konpentsatzeko, herrialde industrial nagusiek esportazioak handitu behar izan zituzten. Horrek lehia kapitalista eta gehiegizko ekoizpen-ahalmena handitu zituen, eta, hala, larriagotu egin zen merkatuen nazioarteko saturazioa, batik bat merkatu horretara Txina, Hego Korea, Asiako hego-ekialdeko herrialdeak eta India sartu zirenean. Herrialde horiek merkatu-kuota eskuratzea lortu zuten: lehenik, hazkunde-intentsitate txikiko eta, gero, teknologia ugariko ekoizpen-adarretan. Ekoizpenaren ordezkatze hori ondo baino hobeto islatzen duen datu bat da Mendebaldeko Europan ontzigintzan 1975ean hamahiru milioi tona ekoiztetik 2001ean lau besterik ez ekoiztera igaro zirela. Aldiz, Asiako ontzioletan, ekoizpena hamazazpi milioitik 26 milioi tonara igo zen (Alonso, 2013).
90eko hamarkadan, ekoizpen eta banaketa kapitalistak mundu mailako eskala lortu zuen. Horretarako, ordura arte nagusitzen ziren kontrol- eta erregulazio-oztopoak hautsi behar izan ziren, eta, emaitza modura, ekonomia nabarmen liberalizatu zen. Nolanahi ere, beharrezkoak izaten jarraitu zuen Estatuak berak eta transferentzia publikoek kapitala egonkortzeko eta suspertzeko berme gisa zuten papera.
KRISI EKONOMIKO ETA POLITIKOA ESPAINIAKO ESTATUAN
70eko hamarkadan, Espainiako Estatuan aldi berean etorri ziren, alde batetik, metaketa-krisia eta, bestetik, frankismoaren ahultasun politikoa eta diktadorearen heriotza. Bi gertaera horiek funtsezkoak dira krisiaren garapena eta eragina ulertzeko, bai eta aztertzeko ere zer erabaki hartu ziren irabaziak bermatzen jarraitzeko okerrera zihoan ekoizpen-egituraren eta langile-mugimenduaren kemenaren aurrean.
50eko hamarkadaren amaieratik Espainiako ekonomiak hazkunde handia izan zuen arren, bazituen hainbat arazo ezkutuan; krisiarekin batera lehertu ziren. Industria-sektorea ondasun intentsiboen ekoizpenean espezializatuta zegoen, eta horrek energia-mendekotasuna eta herrialdeak falta zituen lehengai batzuekiko mendekotasuna eragin zituen, bai eta kapital-ondasunen eta makinen inportazio masiboa ere. Gainera, ekoizpen-aparatua bi taldetan banatzen zen. Talde batean sektore estrategikoetan kokatutako enpresa handiak zeuden, eta, bestean, eduki teknologiko urriko enpresa txiki eta ertain andana. Bigarren talde horretakoek sortzen zuten merkatua, hain zuzen, oso babestua zen, eta nazioarteko lehiaren eragin txikia zuen.
70eko hamarkadaren hasieran, lehengaien prezioen lehen igoeren ondorioz, ekoizpen-baldintzak okertu egin ziren, langabeziaren eta inflazioaren hazkundeak islatu zuenez. Era berean, zerbitzuen sektoreko langile kopurua handitu egin zen, eta horrek industrian soberan zegoen eskulana lan-merkatutik kanporatzea apaldu zuen. Arazo horiei aurre egiteko, barne- eta kanpo-zorpetzea eta inflazioa handitu ziren, eta horrek langileek soldata altuagoak eskatzea eragin zuen.
1975. urtearen inguruan, nahiz eta krisia agerikoa izan, soldata errealek ez zioten hazteari utzi proletalgoaren indarrari esker, baita Estatu frankistak zilegitasuna galdu zuelako ere (krisiak ekoizpenetako inbertsioa jaitsi zuen, eta handitu egin zuen gehiegizko ekoizpen-ahalmena). Estatu horrek burgesiari transferitu zizkion baliabide publikoak; horretarako, krisian zeuden enpresak nazionalizatu zituen Espainiako Industria Institutuaren bidez (INI, gaztelerazko sigletan), itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eman zituen eta egoera baretzeko bestelako ad hoc neurri batzuk erabili zituen. Zorra nabarmen handitu zuen horrek, eta prezioek behin betiko egin zuten gora.
Krisiaren aurreko doiketa nagusia 1977ko Moncloako Itunetan zehaztu zen. Itun horiek burgesiari errenta- eta moneta-politika gogorrak ezartzea ahalbidetu zioten, zeinek moteldu egin baitzuten inflazioa, soldatak prezioak baino azkarrago moteldu baitziren. Hori guztia «krisiaren aurreko elkartasuna» aldarrikatzen zuen diskurtso partekatu batean aurkeztu zen; horrela, etorkizuneko politiketarako oinarriak ezarri ziren. Ezarri zituzten oinarrien bidez, langileek beren gain hartuko zituzten krisiaren kostuak, demokrazia parlamentarioaren truke.
Hori guztia «krisiaren aurreko elkartasuna» aldarrikatzen zuen diskurtso partekatu batean aurkeztu zen; horrela, etorkizuneko politiketarako oinarriak ezarri ziren. Ezarri zituzten oinarrien bidez, langileek beren gain hartuko zituzten krisiaren kostuak, demokrazia parlamentarioaren truke
Baina, aurreneko geldialdi horretatik erabat sendatu gabe, 70eko hamarkadaren amaieran, Espainiako ekonomiak beste atzeraldi bati egin behar izan zion aurre. Industria-enpresek finantza arazo handiak zituzten, ekoizpen-ahalmena gaindimentsionatuta zegoen, eta merkatua gero eta lehiakorragoa zen. 1979ko Epe Ertaineko Plan Ekonomikoak lehen aldiz seinalatu zuen industria-birmoldaketaren beharra, eta 1980. eta 1982. urteen artean 11 sektore jarri ziren birmoldaketa-bidean, hala nola siderurgia integrala, altzairu bereziak, ontzigintza eta ehungintza. Era berean, 1981eko ekainean, Birmoldaketa Legea argitaratu zen. Hala ere, esku-hartzeak finantza-arazoak konpontzera eta plantillak murriztearen bidez langile bakoitzeko produktibitatea handitzera bideratu ziren. Prozesu horretan berrikuntzetako bat birmoldaketa-prozesuan zeuden sozietateak sortzea izan zen, Aceriales kasu, zeina altzairu berezien sektoreko enpresa baitzen.
Krisiaren kolpeak arintzeko diru publikoa enpresetara transferitzeak eta langileek presio bidez lortutako prestazioek gastu handia ekarri zioten Estatuari. Patronalarekin eta sindikatuekin batera, kostuak langileen gain jartzen saiatu zen Estatua, soldata erreala txikituz eta lan-harremanak aldatu zituzten itun sozialen bidez (1980ko Langileen Estatutua); hala, gastuak murriztu eta langileen negoziazio-boterea mugatu nahi zuen. Halaber, ekonomia are gehiago liberalizatu zen, eta atzerriko kapitalak bertako merkatuan zuen eragina handitu zuen.
BIRMOLDAKETARI ETA BERRINDUSTRIALIZAZIOARI BURUZKO LEGEA ETA SPRIren SORRERA
PSOEren gobernu berriak, 1982an hauteskundeak aise irabazi ondoren, doikuntza-programa bat eta hainbat erreforma ezarri zituen irabazi-tasa berrezartzeko. Epe laburrean, defizita kontrolatzeko, soldata errealak murrizten jarraitu zuen, eta moneta- eta zerga-politika murriztaileak aplikatu zituen. Ondorioz, 1982. eta 1985. urteen artean, soldatek BPGan zuten partaidetza % 53,2tik % 49,7ra jaitsi zen (González Calvet, 1991). Epe ertain eta luzera kapitala metatzeko eta enpresa-mozkin handiak lortzeko oinarriak ezarri ziren garai hartan, oinarri zutenak ekonomiaren liberalizazio handiagoa eta eskulana erabiltzeko arauen erregularizazio txikiagoa.
Epe ertain eta luzera kapitala metatzeko eta enpresa-mozkin handiak lortzeko oinarriak ezarri ziren garai hartan, oinarri zutenak ekonomiaren liberalizazio handiagoa eta eskulana erabiltzeko arauen erregularizazio txikiagoa
Aldiz, industria-sektorearen lehiakortasuna lortzeko bitartekoa industria-birmoldaketa izan zen; hark krisian zeuden sektoreak berrantolatu, ekoizpen-ahalmenari dimentsio berri bat eman, enpresak onbideratu eta plantillak are gehiago murriztu nahi zituen. Funtsean, helburua lan-indarraren esplotazio-maila handitzea izan zen, batez ere atzerrikoak ziren inbertsioak erakartzeko. Gobernuaren politikak 1984ko Birmoldaketari eta Berrindustrializazioari buruzko Legean islatu ziren, 1983ko Berrindustrializazioaren Liburu Zurian ezarritako jarraibideetan oinarritua.
Birmoldaketaren nukleo gogorra siderurgia integralak, altzairu bereziek eta ontzigintzak osatu zuten, baina linea zuriko etxetresna elektrikoetan edo ehungintzan ere eragin nabarmena izan zuen. Siderurgiak eta ontzigintzak garrantzi estrategikoa zuten, defentsa nazionalean, barne eta kanpo merkataritzan eta presio ahalmen handiko sektore kapitalistekin zuten harreman estuan islatzen zena. Horrek lehentasuna eman zien sektore horiei, baina transferentzia publiko handien mende zeuden, gorabehera zikliko handien eta inbertsioen errentagarritasun txikiaren ondorioz –dela baliabide kopuru handia behar zutela ekoizpenerako, dela osagai espekulatibo esanguratsua zutela (ontzigintza)– (Vega, 1998). Nolanahi ere, egokitzapena ez zen mugatu birmoldaketan aitortutako sektoreetara soilik. Beste sektore batzuetan, meatzaritzan esaterako, egokitzapenak enpresak ixteko eta plantillak murrizteko bidea hartu zuen.
1984. urtearen inguruan, gatazka ugari piztu ziren, bai birmoldatzen ari ziren sektoreetan, bai birmoldaketan ez zeuden beste sektore batzuetan ere. Burdingintzan, Altos Hornos del Mediterráneo enpresaren jarduera eten egin zen protesta gogorren ondoren, eta, Acerialesen, plantilla asko murriztu zen Enplegua Sustatzeko Funtsen bidez; gainera, azken horretan ez zegoen langileak birkokatuko zituztelako itxaropen handirik. Ontzigintzan, gatazkak sortu ziren Gijonen, Ferrolen, Vigon eta Cadizen, baina liskar nagusia Euskalduna Ontziolan gertatu zen. 1984ko udazkenean, protesta egun gogor batzuen ondoren, lehen egokitzapen fasea izan zuen ontziolak, eta plantilla asko murriztu zuten. Azkenik, 1988an itxi zen. Gainera, ehungintza-sektorean ere liskarrak izan ziren Kataluniako hainbat hiritan, hala nola Sabadellen eta Terrassan. Meatzaritzan, protesta nagusiak Asturiasko Meatzaritzako Arroetan gertatu ziren; Nafarroan ere protestak izan ziren Potasako meategietan. Era berean, automobilgintzan eta garraio publikoan ere gatazkak piztu ziren. Horrek guztiak giro politikoa lehenaz gainera astindu zuen.
Kalteak izan zituzten eremu nagusietan, gobernuaren berrindustrializazio-neurri nagusiak Premiazko Berrindustrializazio Eremuak (ZUR gaztelerazko sigletan) eta Enplegua Sustatzeko Funtsak (FPE gaztelerazko sigletan) izan ziren. Sei Premiazko Berrindustrializazio Eremu eratu ziren: Madril, Bartzelona, Asturias, Vigo-Ferrol, Cadizko Badia eta Nerbioi itsasadarra (Bizkaia eta Araba). ZUR direlakoek nolabaiteko eragina izan zuten ordurako dinamismo handia zuten lurraldeetan, Madrilen eta Bartzelonan kasu. Gainerakoetan, urrun egon ziren aurretik baziren arazoak konpontzetik. Bestalde, Enplegua Sustatzeko Funtsek ere ez zuten beren asmoa lortu. Funts horiek 1989ra arte egon ziren martxan, eta denbora horretan ez ziren gai izan 55 urtetik beherako langileak birkokatzeko. Hasieran hiru urteko iraupena izatekoak ziren, baina emaitza eskasak ikusita beste hemezortzi hilabetez luzatu ziren. 1989an, egoerak hobera egin ez zuenez, erretiro aurreratua izateko aukerak handitu egin ziren, eta erretiroa hartu ezin zuten langileak pizgarridun erretiroa hartzera behartu zituzten.
Espainiako Gobernuak ezarritako birmoldaketa-neurriek eragin esanguratsua izan zuten EAEko sektore eta enpresa estrategikoetan. Horren arrazoia izan zen EAEko ekonomia hein batean burdinaren eta haren deribatuen mende zegoela (krisiaren inpaktuaren eragin gogorrenak izan zituzten sektoreak). Bestalde, EAEko industria-sarea enpresa txiki eta ertainek osatzen zuten gehienbat, zeinek enpresa handien laguntzaile gisa jarduten zuten, eta horrek zaurgarri bihurtu zituen krisiaren aurrean.
Eusko Jaurlaritzak bere industria-politika bereziari ekin zion, eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea (SPRI) eratu zuen 1981n, birmoldaketa-neurriak bultzatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren industria-politika gauzatzeko bitarteko bihurtzeko helburuz. SPRIren lehenengo esku-hartzea inolako estrategia orokorrik gabe zailtasunak zituzten enpresei laguntzak ematea izan zen. Laguntza horiek enpresei emateko dirulaguntza eta maileguak ziren, edo oro har enpresaren sustapenerako ematen ziren. Enpresa-sustapenerako maileguen zati handi bat 1983ko abuztuan Nerbioi ibaian izandako uholdeek eragindako kalteetara bideratu zen.
1985ean, Eusko Jaurlaritza birmoldaketa zabaltzen saiatu zen, hala estatu-mailako birmoldaketak barne hartu ez zituen sektore ekonomikoetara zabaltzeko. Hori dela eta, makina-erremintan, etxeko altzarietan, arte grafikoetan eta abarretan oinarritutako Aparteko Berrabiarazte Plana aurkeztu zuen. Hala ere, plan horrek agerian utzi zuen zein larria zen enpresa txiki eta ertainen sektoreak zuen gainbehera ekonomikoa eta finantzarioa, zeharo zorpetuta baitzegoen. Gainera, SPRIk «Industrialdeak» izeneko programa bat abiatu zuen industriarako lurzoruen beharrari eta industrialde tradizionalen degradazioari erantzuteko. Era berean, Parke Teknologikoen bidez espazioak eman nahi zizkien izaera horretako enpresa-mota berriei.
EUROPAKO EKONOMIA ERKIDEGOAREKIN BAT EGITEA, BIRMOLDAKETA BERRIAK ETA PRIBATIZAZIOAK
80ko hamarkadaren erdialdean, jarduera ekonomikoak susperraldi txiki bat izan zuen. Hainbat faktore izan ziren lagun: soldata-politika gogorrak eta 1984ko Akordio Sozial eta Ekonomikoa (GEA), plantillen murrizketak eta enpresak onbideratu izana, krisiaren kostuak sozializatu izana, Langileen Estatutuaren 1984ko erreforma (are gehiago malgutu zuen lan-indarra) eta Espainiak 1986an Europako Ekonomia Erkidegoarekin bat egin izana (transferentzia publiko garrantzitsuak ekarri zituen Espainiako Estatura). Hobekuntza horren zati baten erakusgarri da BPGa urteko batez beste %5 hazi zela 1986tik 1989ra (Gálvez, 2013).
Egonkortasun politikoak, langile-klasearen ahuleziak eta laneko errentak kapitalera transferitzeak lasaitasuna ekarri zion burgesiari. Aldi horretan, ekoizpeneko inbertsioek hobekuntza izan zuten, eta horrek eraikuntzaren eta zerbitzuen sektorea hedatzea ahalbidetu zuen. Ondorioz, enpresa-mozkin handiak izan ziren, soldata baxuek, enplegu prekarioek eta inbertsioaren berreskuratze azkarrak eraginda. Gainera, Espainia Europako Ekonomia Erkindegoan integratu izanak are gehiago handitu zuen ekonomiaren liberalizazioa, eta horrek aukera eman zuen kanpo-eskaria handitzeko eta atzerriko herrialdeek Espainiako Estatuan inbertsio handiagoa egiteko.
Hala eta guztiz ere, euforia hori ez zen sobera luzatu; izan ere, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran Espainiako ekonomia berriro gelditu zen. Soldatak etengabe estutzeak ezin izan zion ekoizpenaren hazkunde eskasari eutsi, eta, beraz, doikuntza berriak behar izan ziren, Europaren onespena behar zutenak. Hala ere, horrek agerian utzi zuen Europak interes txikia zuela Espainiako industria modernizatzeko eta sustatzeko. Horren ordez, finantzak eta eraikuntza ustiatu ziren, horretarako azpiegitura-plan handinahi batera bideratutako transferentzia handiak erabiliz (Rodríguez eta López, 2010). Ondorioz, Espainiako ekoizpen-egiturak lehen bezain espezializatua izaten jarraitu zuen eskari ez hain progresiboa zuten industria-adar batzuetan; lanaren nazioarteko banaketan tarteko leku bat hartu zuen, non ekoizpenaren sektore estrategiko batzuek ez zuten lekurik. Beraz, nazioarteko merkataritzaren bidez hornitu behar izan ziren (Gómez Uranga, 1991).
Enpresa gehiago itxi ziren, plantillak are gehiago doitu zituzten eta ekoizpen-ahalmena murriztu zen. Era berean, ekoizpena adar batzuetan kontzentratu zen enpresa-talde berrien sorreraren bidez; sortutako enpresa horien artean daude Siderurgia Integralaren Korporazioa (Bizkaiko Labe Garaiak eta Ensidesa) edo Acenor eta ondoren Sidenor, altzairu berezien arlokoa. Aitzitik, aipatzekoa da Bizkaiko Labe Garaiak 1996an itxi zela, ahaztu gabe beste industria-sektore batzuetan ere enpresa ugari itxi zituztela eta langile ugari kaleratu. Bestalde, Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietateak (SEPI, gaztelerazko sigletan), INIren oinordekoak, Estatuak pribatizatu egin zituen onbideraturiko enpresa-taldeak, zorra ordaintzen jarraitzeko likideziaren truke. Joera hori indartu egin zen Alderdi Popularraren gobernuetan, 1996tik aurrera, ekonomiaren erregulazio eza eta nazioarteko lehiaren gorakada medio.
EAEko testuinguruan, desindustrializazioak batez ere industria astun eta zaharkituan eragiten jarraitu zuen; bertan, ekoizpenak espezializatua izaten jarraitu zuen. Nerbioiko Premiazko Berrindustrializazio Eremuko ekoizpen inbertsioek kostu handia zuten sortutako lanpostu berri bakoitzeko. Gainera, dibertsifikazio sektoriala, ekoizpenaren nazioartekotzea eta garapen teknologikoa mugatuak zeuden. Industria-jarduera tradizionalen maila handiena zuten udalerriek kalte handiak izan zituzten, gaitasun txikiagoa baitzuten jarduera berrietara zabaltzeko (Del Castillo, Esteban, Flores, 1989).
Eusko Jaurlaritzak orduan, 90eko hamarkadan, garapen teknologikoan, enpresen arteko lankidetzan eta enpresen nazioartekotzean oinarritutako industria-politika bat lehenetsi zuen, Industria-politikako Jarduera Esparru Orokorren bitartez. Atzerriko inbertsioa erakarri nahi zuen, bai eta euskal industriak atzerrian zuen presentzia handitu ere, lehia askearen eta kluster bidezko ekimen pribatuaren bitartez. Gainera, Eskualde Garapeneko Europako Funtsek azpiegitura-plan garrantzitsuak ekarri zituzten. Hala ere, 90eko hamarkadaren hasierako atzeraldiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak funts publikoetara jo behar izan zuen berriro, krisian zeuden enpresentzat 3R Programa (laneko erreskatea, berregituraketa eta birorientazioa; rescate, reestructuración y reorientación laboral gazteleraz) ezartzeko 1991n eta, horrela, nolabaiteko egonkortasuna bermatzeko epe labur eta ertainean.
Horrela, EAEko ekonomiak hobera egin zuen 2000. urtera iristean. Hobekuntza hori garapen teknologiko handiagoaren, produktuen kalitatearen hobekuntzaren eta kostuen murrizketaren ondorio izan zen. Gainera, ekoizpenaren dibertsifikazioak industria astunaren mendekotasuna murrizten lagundu zuen eta sektore metaliko dinamikoenen, eraikuntzaren eta enpresentzako zerbitzuen garrantzia handitu zuen (IKEI, 2001). Hala ere, egoera horretara iristeko, beharrezkoa izan zen eskulanaren ordez kapitala jartzea, lan-esplotazioa handitzea, baliabide publiko ugari enpresei transferitzea eta polarizazio soziala bultzatzea proletalgoa soberakin bihurtu zen lurralde industrialetan.
Egoera horretara iristeko, beharrezkoa izan zen eskulanaren ordez kapitala jartzea, lan-esplotazioa handitzea, baliabide publiko ugari enpresei transferitzea eta polarizazio soziala bultzatzea proletalgoa soberakin bihurtu zen lurralde industrialetan
PROLETARIZAZIOAREN ITZAL LUZEA
70eko hamarkadako metatze-krisiak ekoizpena mundu mailan berrantolatzea ekarri zuen, ordena sozial kapitalista ziurtatu nahi bazen. Horren ondorioz, Espainiako Estatuak industria-birmoldaketaren bidez egin zuen bere berregituraketa partikularra, desindustrializazioak eta klase-dominazio handiagoak definitutako metatze-ziklo berriaren eskakizunetara egokitzeko.
Ekoizpen-aparatuaren berregituratze horrek kapitalaren salbagailu funtzioa bete zuten baliabide publiko ugari xurgatu zituen. Kalkuluen arabera, 1989ra arte, industria-birmoldaketak 2,9 bilioi pezetako kostua izan zuen. Eta hori bankuen birmoldaketaren kostua kontuan hartu gabe; izan ere, oso zorpetuta zeuden, akzioen bidezko partaidetza baitzeukaten krisian zeuden enpresetan, eta ezin izango zuketen inbertsioaren zati bat berreskuratu Estatuaren esku-hartzerik gabe (Navarro, 1989). Nork finantzatu zuen hori guztia? Proletalgoak, Estatuaren bidez. Izan ere, Estatuak kostuak sozializatu zituen eta kapitalaren zerbitzura jardun zen zuzenean, soldatak eta aurrezkiak espoliatuz. Horrela, Espainiako ekoizpen-eraginkortasun txikia konpentsatzeko, laneko errentak kapitalera banatu eta proletarioak modu absolutuan zein erlatiboan pobretu ziren.
Industrian etengabe suntsitu ziren lanpostuak, eta etengabe galdu zuen pisu erlatiboa sortzen ari zen zerbitzu-sektorearen aldean. Espainiako Estatuan 1975ean 3,5 milioi lagun ari ziren industrian lanean, eta, 1990erako, aldiz, 2,9 milioi besterik ez; EAEn 355.000tik 240.000ra igaro ziren (Torres, 1991). Horregatik, birmoldaketaren barruko berrindustrializazio-proiektuek ez zuten ibilbiderik izan. Lehenik eta behin, Europan desindustrializaziorako joera nagusitu zelako, eta, bigarrenik, Jaurlaritzak eta Europako Ekonomia Erkidegoak interes handia zutelako azpiegitura-proiektu handien bidez finantzen eta eraikuntzaren ustiapena sustatzeko. PSOEren birmoldaketaren lehen fasean (1982-1985), Premiazko Berrindustrializazio Eremuek horretara bideratutako baliabide guztien % 2 baino ez zuten izan. Gainera, 1986. urtera arte, Enplegua Sustatzeko Funtsetan babestutako langileen % 16k bakarrik lortu zuten haietatik irtetea (Marín, 2006).
Gatazka, beraz, kaleratutako langileen baldintzak hobetzera bideratu zen. Hala ere, sindikatuek ez ziren energia beraz aritu sektore guztietan, eta erantzun solidarioa ere desorekatua izan zen. Siderurgian eta ontzigintzan babes handia izan zuten, baina oinetakogintzak eta ehungintzak, batez ere emakumeek osatutakoak, babes txikiagoa izan zuten. Gauza bera gertatu zen enpresa txiki eta ertaineko langileekin, ia errebindikaziorik gabe kaleratu baitzituzten. Era berean, sindikatuek zeregin erabakigarria izan zuten gobernuak gatazka handiagorik gabe itxi zitzan enpresak; izan ere, uko egin zieten borrokan ari ziren sektoreen mobilizazioak bateratzeari eta aurre egin zieten langilerik borrokalarienen nukleoei (Wilhelmi, 2021).
Zenbait gatazkatan, langileek negoziaziorako ezarritako legezko bideak gainditzea lortu zuten, eta Estatuak hasieran eskainitakoak baino prestazio handiagoak erauztea lortu zuten. Hala ere, borroken balioa gorabehera, garaipen partzialek ez zuten langile-mugimenduak izan zuen porrot orokorra konpentsatzea lortu. Gainera, denborarekin, garaipen partzial horiek galdu eta lehengo egoerara bueltatu ziren.
80ko eta 90eko hamarkadetan, langile-klaseak Trantsizioan sufritutako desengainuak jarraitu zuen, nahiz eta desengainu horren forma aldatu zen. Politika instituzionalarekiko atxikimendu faltari joera autosuntsitzailea gehitu zitzaion bereziki gazteriarengan, baina horretara mugatu gabe. Auzo proletarioetan heroinak, alkoholak eta osasun mentaleko arazoek bizitza ugari eraman zituzten. Desolazioa nabarmena zen lehengo industria-guneetako kaleetan, abandonatuta eta erortzear zeuden fabrika ugari zituztela atze-oihal.
Proletarioen zati handi bat ez zuen berriz xurgatu lan-merkatuak. Batzuk Enplegua Sustatzeko Funtsetan harrapatuta, beste batzuk nahitaez erretiroa hartuta eta gehiengoa langabeziara kondenatuta gelditu ziren. Ondorioz, erreserbako industria-armada handi bat sortu zen: lan-baldintzak beherantz bultzatu zituen, eta eragin diziplinatzaile handia izan zuen. Lan-indarraren esplotazioak eta aberastasunaren banaketa erregresiboak, kapitalaren zentralizazioak, ekonomiaren finantzarizazioak, higiezinen boomak, zerbitzuen sektorearen hazkundeak eta Europako funtsetatik lortutako transferentziek irabazi kapitalisten gorakada ikusgarria ekarri zuten. Hala eta guztiz ere, metaketaren moteltzea ezarri egin zen egiturazko joera moduan, eta horrek are gehiago estutu zituen irabazirako marjinak; ondorioz, mundu-mailako beste krisi ekonomiko eta finantzario bat piztu zen 2008an. Inbertsioaren eta industria-jardueraren beherakada gogorrak itxiera- eta kaleratze-olatu berri bat ekarri zuen. Horrek proletalgoaren aurkako ofentsiba berri bat eragin zuen; haren amaierarik ez dugu oraino ikusten.
Proletarioen zati handi bat ez zuen berriz xurgatu lan-merkatuak. Batzuk Enplegua Sustatzeko Funtsetan harrapatuta, beste batzuk nahitaez erretiroa hartuta eta gehiengoa langabeziara kondenatuta gelditu ziren
BIBLIOGRAFIA
Alonso, Ángel (2013). “Astilleros varados. Construcción naval de Gijón, el ocaso de un gigante” en Rubén Vega (ed.) Astilleros en el Arco Atlántico. Trabajo, historia y patrimonio. Trea: Gijón, 103-130.
Del Castillo, Jaime; Esteban, Marisol y Flores, Francisco (1989). "Inversión industrial y localización: una aproximación al caso de los municipios de la cuenca del Nervión", Ekonomiaz, 15, 204-247.
Gálvez, Sergio (2013). Modernización socialista y reforma laboral, (1982-1992). Tesis doctoral. Universidad Complutense de Madrid: Madril.
Gómez Uranga, Mikel (1991). “La internacionalización de la industria española: un proceso acelerado” en Miren Etxezarreta (Coord.) La reestructuración del capitalismo en España, 1970-1990. Icaria: Bartzelona, 465-500.
González Calvet, Josep (1991). “Transformación del sector público e intervención en la economía” en Miren Etxezarreta (Coord.) La reestructuración del capitalismo en España, 1970-1990. Icaria: Bartzelona, 177-238.
IKEI (2002). Economía Vasca: evolución sectorial (1976-2001). Caja Laboral Popular: Arrasate.
López, Isidro y Rodríguez, Emmanuel (2010). Fin de ciclo. Financiarización, territorio y sociedad de propietarios en la onda larga del capitalismo hispano (1959-2010). Traficantes de Sueños: Madril.
Marín, José María (2006). “La fase dura de la reconversión industrial", Historia del Presente, 8, 2006, 61-101.
Navarro, Mikel (1989). La política de reconversión: un balance crítico. Eudema: Madril, 1989.
Piqueras, Andrés (2015). Capitalismo mutante: crisis y lucha social en un sistema en degeneración. Icaria: Bartzelona.
Torres, María Concepción (1991). "Diez años de reconversión industrial en Euskadi, 1980-1990", Boletín de la Asociación de Geógrafos Españoles, 13, 165-186.
Vega, Rubén (1998). Crisis industrial y conflicto social: Gijón, 1975-1995. Trea: Gijón.
Wilhelmi, Gonzalo (2021). Sobrevivir a la derrota. Historia del sindicalismo en España, 1975-2004. Akal: Madrid.
HEMEN ARGITARATUA