ARGAZKIA / Laia Blasco
Maria Fuentes
2022/02/03

«Esaidazu herio, ene herio
Esan, non erreko zara?
Eta damak erantzun:
Egunsentian etorriko naiz
Iluntzean etorriko naiz.
Zu zauden lekura etorriko naiz.

Nire denbora ez da zurea
argitu nahi izan zuen
Ni gaurko eta atzoko harrietan
Bizi bainaiz
Ni munduaren norabidea naiz
Segundo bat besterik ez naiz.
Gero ez dago beste gerorik»

— Maria Arnal y Marcel Bagés [1]

Heriotzan pentsatze hutsak edonor izutu dezake, eta horren isla dira historian zehar gai horren inguruan izan diren ikuskera desberdinak: «heriotzari ez genioke inoiz urrutiko zerbaiti bezala begiratu behar, kontuan hartuz gero, berak gu harrapatzeko presarik ez izan arren, geuk ez diogula inoiz uzten beregana joateari» [2]. Baina zer gertatzen da heriotza guk geuk eragiten diogunean geure buruari? Erreportaje labur honen bidez, suizidioaren mundu konplexuan sartu nahi zaituztet. Haren nozio historikoetatik hasi eta gaur egungo eredu biomedikora heldu arteko eboluzioari erreparatuko diogu, baita kausa posibleei eta gaiari heltzeko modu ezberdinei ere.

SUIZIDIOAREN HISTORIA

Ez da harritzekoa, gaia hain konplexua izanik, autore ezberdinek suizidioa hain modu desberdinetan interpretatu izana; egiazki, forma horiek gaur egun ere oso eztabaidatuak izaten jarraitzen dute filosofia- eta zientzia-arlo guztietan. Zergatik erabakitzen du pertsona batek bere bizitzari amaiera ematea? Zein zen haren asmoa? Zerk eragiten du, benetan, suizidioa? Eta zer ondorio izan ditzake horrek gizartean?

Une historikoaren arabera, suizidioaren ulerkerak askotarikoak izan dira, sufrimendua arintzen duen ekintzatzat jotzetik desohore-ekintzatzat hartzeraino. Grezia klasikoan, adibidez, inork bere buruaz beste egitea ekintza lotsagarri eta ez duina zen. Bere buruaz beste egiten zutenak jazarriak eta, kasu askotan, zigortuak izaten ziren; hilerrietan hilobiratzea debekatu ohi zitzaien, pertsona ez purutzat hartzen ziren. Hala ere, bazuten, kasua argudiatuz gero, autoritateei baimena eskatzeko aukera, eta horiek, zilegi zela iriztekoa. Egiari zor, suizidioa nahiko ekintza arrunta izan zen filosofoen artean garai hartan. Platonek, suizidioaren kontra jarrita ere, honako hau zioen Sokratesen Defentsa lanean: «heriotzaren beldur izatea ezjakina den horren jakintsu izateko nahia baino ez da, ez dakigun hori dakigula pentsatzea den aldetik». Aristotelesek, ildo beretik, koldarkeriatzat jotzen zuen bizitzaren zailtasunei aurre egiten ez jakitea. Estoikoek, ordea, suizidioa defendatu zuten gaixotasunak dakarren sufrimenduari eta frustrazio emozionalari ihes egiteko bide gisa. Horiek ziotenez, «ez bizitza ez heriotza ez ziren haien bien inguruan erabakitzeko eskubidea bezain garrantzitsuak», eta halaxe adierazi zuten Senekan: «bizitzea, ondo bizi ezean, ez da gauza ona. Horregatik, gizon jakintsua ahalik eta ondoen bizi da, ez ahalik eta denbora gehien» [3]. Erroman, suizidioa pertsonak nahasmendu mentalen bat zuten kasuetan bakarrik onartzen zen, eta hala ez bazen, zigorrak egoten ziren: hilobia ukatzea, jabearen ondasunak konfiskatzea eta haren testamentua suntsitzea, besteak beste. [4]

«Bizitzea, ondo bizi ezean, ez da gauza ona. Horregatik, gizon jakintsua ahalik eta ondoen bizi da, ez ahalik eta denbora gehien»

Pertzepzio historikoarekin jarraituz, ikus dezakegu lehen kristauek suizidioa onartzen zutela, baldin eta kausa muturrekoa bazen, adibidez, kristautasunak jazarritako martirien kasuetan. Baina IV. mendean, Elizak aldatu egin zuen ordura arteko onarpen hori, eta suizidioa hilketaren pareko bekatutzat jo zuen. Elizaren arabera, Jainkoaren bekatuak arrazoi bat zuen edo fedez eta etsipenez jasan behar zen. Akinoko Tomas izan zen nork bere buruaz beste egitea ekintza arduragabea zela esaten lehena; haren hitzetan, gizakia ez zen bere buruaren jabe, Jainkoaren menpeko baizik. Erdi Aroko erregistroek, ordea, pribatutzat hartzen zen ekintza baten inguruan hitz egiten dute. Egiazki, urte luzez inork aipatu ere egin nahi ez zuen ekintza beldurgarri moduan ikusi zen suizidioa. [3]

Errenazimentuan, ulerkera hori erabat aldatu zen, eta atzean utzi zen suizidioaren izaera axolagabea, eta ohore eta desamodiozko premisekin lotu zen. Gazteen heriotzetan, maitasunak garrantzi handia zuen: «sentsibilitate poetikoa onegia zen mundu honetarako, eta onena sutsuki erretzea eta gazte hiltzea zen, izar iheskor bat bezala». Jesus E. Mesones Peralek Manual de la Conducta Suicida lanean kontatzen duenez, Lisle izan zen «suizidio oro eromen modu bat den ideia absurdora murriztu zuena, eta psikiatria akusatu zuena ebidentzia enpirikorik erabili gabe arrazoiketa induktiboa erabiltzeaz» [5]. Era berean, Schopenhauerrek XIX. mendean zioenez, «suizidio ekintzarekin ukatzen zena bizitza gorpuzten zuten bizi-baldintzak ziren, ez bizitza bera».

Schopenhauerren arabera, «suizidio ekintzarekin ukatzen zena bizitza gorpuzten zuten bizi-baldintzak ziren, ez bizitza bera»

Karl Marx izan zen suizidioaren gordinaz aritu zen beste autoreetako bat, Vom Selbstmord [6] («Suizidioaz») liburuan. Lan horretan, Marxek klase perspektibatik egin zion kritika suizidioaren planteamenduari, Peucheten hitz batzuk abiapuntu moduan hartuta. Peuchetek suizidioa gizarte modernoaren egiturazko bizioa zela zioen, hau da, hasiera batean fenomeno multiklasista bat zen arren, ekintza horien proportziorik handiena miseriarekin lotzen zela, eta akats horiek gizartearen beraren antolaketari zegozkiola: «gizarte bakoitzak bere munstroak sortzen ditu». Peuchetek, era berean, nork bere buruaz mendekatzeko gogo hori nondik sor zitekeen galdetzen zuen. Suizidioaz hitz egiten zuten bizitzaren tragedia handi gisa, ageriko borroka sozial baten sintoma gisa, non borrokalari asko erretiratzen ziren beti biktima izateagatik. Marxek Peuchetek zehatz samar kontatutako lau suizidio kasu deskribatu zituen bere liburuan: «birjintasuna galtzeagatik familiak eragindako presioaren ondorioz, emakumea Sena ibaian ito zen»; «18 urteko beste emakume bat, bere senarraren osabak haurdun utzi ondoren, medikuarenean azaldu zen zin eginez haurdunaldia eteten bazioten bere buruaz beste egingo zuela; Sena ibaian ito zen bera ere». Marxek honela zioen: «gizartearekiko ditugun betebeharrei buruz hitz egiten digute, gizarte horrekiko ditugun eskubideak benetan definitu eta ezarri gabe dauden bitartean, eta, azkenik, min hori menderatzearen merezimendua goraipatzen dute. Hori ez da perspektiba triste baten meritu tristea baino. Labur esanda, suizidioa koldarkeria-ekintza gisa definitzen da, legeen eta ohorearen aurkako krimen gisa».

Amaitzeko, Émile Durkheim [7] ere aipatu nahiko nuke; Le Suicide («Suizidioa») liburuan hizpide dugun kontzeptuari ikuspegi soziala eman zion, eta fenomeno indibidualagoak zituzten suizidio kasuak alderdi sozialek eragindakoak zirela deskribatu zuen. Hau da, jokabide suizidogenoa ez zetorren norberarengandik, gizartetik baizik; era berean, gizarteak berak sostengatuko zituen suizidio-ekintzarako baldintzak. Liburuaren lehen zatian, Durkheimek Europako XIX. mendeko suizidio-tasen azterketa enpirikoa egin zuen, interes berezia jarriz gizartearen egituraketako aldaketa sozialen adierazleetan. Zeintzuk ziren suizidio-­tasetan eragina zuten gizarte-gaiak? Zer zioten aldaketa horiek gizartearen osasun moralari buruz? Jarraian, hurbilketa soziologiko bat egin zuen ekintzara bertara, eta komunitate integrazioaren hausturaren ondorio moralei buruz aritu zen, zeinak, aldi berean, dimentsio moral sakonak zituen.

Ikus daitekeenez, historian zehar suizidioaren egoera bera aldakorra izan da, eta ekoizpen-moduaren berezko ezaugarria; hortaz, hura kontuan hartu gabe, ezingo litzateke suizidioa bere osotasunean ulertu.

EPIDEMIOLOGIA, BESTE ARRISKU-FAKTORE BATZUK

Suizidioaren esparru teorikoarekin jarraitzeko, interesgarria iruditzen zait alderdi historikoetan ez ezik, epidemiologian ere sakontzea, egungo gizartean suizidioak dakarren arazora hurbilpen egokia egiteko.

OMEk adierazi du urtean 800.000 pertsona inguru hiltzen direla beren buruaz beste eginda, eta gertatutako suizidio bakoitzeko 10-40 saiakera egiten direla. Datu soziodemografikoei dagokienez, suizidioen % 79 diru-sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeetan gertatzen dira. [8] Gainera, gizonek emakumeek baino arrisku handiagoa dutela deskribatu da: OMEren arabera, emakumeen kasuan 7,5ekoa da hilkortasuna 100.000 biztanleko, eta gizonen artean, aldiz, 13,7koa [9].

EAEn 162 suizidio kasu erregistratu ziren 2018an (zortzi pertsona inguruko tasa 1.000 biztanleko, Nafarroakoaren eta Espainiako Estatukoaren antzekoa), eta horietatik 114 gizonak izan ziren. Beste datu batzuek erakusten dute suizidio guztien kopurua handiagoa dela 40-49 urte bitartekoen artean, gizonen kasuan, batez ere. Baina biztanleriaren banaketa kontuan hartzen badugu, adinean aurrera egin ahala kasuak ugaritu egiten direla ikus dezakegu. [10] [11] Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, 2019an datu historikoak erregistratu ziren Espainiako Estatuan. 3.671 kasu erregistratu ziren, eta hori izan zen heriotza ez-naturalen lehen kausa, trafiko-istripuen gainetik. [12] Iazko datuek beste igoera bat islatzen dute. Adibidez, Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutuak emandako datuen arabera, 2021ean 58 pertsonak beren buruaz beste egin zuten Nafarroan (2020an 43 izan ziren, hau da, % 31eko igoera urte batean). Ipar Euskal Herriko egoera are kezkagarriagoa da, Observatoire Régional de la Santé-ren arabera tasa 1.000 biztanleko hamasei pertsonara igotzen baita (2021eko datuak), Frantziako Estatuko hamabost pertsonako tasa baino zertxobait handiagoa.

2019an datu historikoak erregistratu ziren Espainiako Estatuan. 3.671 kasu erregistratu ziren, eta hori izan zen heriotza ez-naturalen lehen kausa, trafiko-istripuen gainetik

Faktore psikosozialei eta klinikoei dagokienez, literatura zientifikoan estresore sozialak eta ekonomikoak arrisku-faktore gisa deskribatzen dira. Alkohol-gehiegikeriak 8,5 aldiz biderkatzen du suizidio arriskua [13], eta 13,5 aldiz handiagoa da opioideak kontsumitzen badira [14]. Arrisku hori handitu egiten da, gainera, polikontsumorik bada edo hilgarritasun handiko metodoak eskuragarri badaude.

COVID-19AREN PANDEMIA

COVID-19aren pandemiaren testuinguruak datu oso gordinak utzi ditu gure inguruan. Amaierarik ikusten ez zaion miseria honek pobretze-datuak eta krisi humanitarioak utzi dizkigu, batez ere sektore zaurgarrienen kaltetan. Langile-klasea babesgabe egon da etxeko konfinamenduaren nahiz konfinamendu perimetralaren ondorioz, baita kontrol soziala areagotzearen, lanpostu askotako kaleratze masiboen, maite ditugun horiengandik urruntzearen, osasun-krisi sakon baten eta beste hainbat fenomenoren ondorioz ere. Horrek guztiak ondorioak izan ditu gure helduleku sozialetan eta arazoei aurre egiteko ditugun trebetasunetan eta, besteak beste, ondoez psikiko, antsietate, depresio, trauma osteko estres eta insomnio maila altuak ekarri ditu. Kontrol-erregimen berri horren ondorioz, gainera, kudeatu ezin izan diren doluak pilatu dira: ospitaleetan bakarrik hiltzen diren pertsonak, senideak galtzen dituztenak, lan-­baldintzak okerragotzearekin batera etorri den langile-klasearen pobretze orokorra eta abar.

Haurren eta nerabeen artean, maila emozionalean nahiz ikaskuntzari dagokionez, areagotu egin dira osasun mentaleko kalteak [15]. Datuek adierazi dute 80 urtetik gorakoen heriotza-tasak bost aldiz handiagoak direla, eta gainera, azpimarratzekoa da horren oinarrian egoitza-eredu pribatu bat dagoela, non norberaren erosahalmenak dakarren segregazio argiaz gain, ez den osasun-arreta egokiena ere ematen [16].

Literaturak adierazten du interakzio soziala gutxitzeak eragin handia duela osasun fisikoan zein mentalean. Eta oraindik ikusteko dago epe luzera zer ondorio izango dituen horrek guztiak sektore zaurgarrienetan. Izan ere, fenomeno horiek guztiek beharrezko baldintzak sortzen dituzte beldurra, ezinegona, tristura, ziurgabetasuna eta bakardadea areagotzeko. Eta, testuinguru horretan, erraza da sufrimendu emozional guztia nahasmendu edo gaixotasun mentalei egoztea, edota biztanleriaren gehiegizko medikalizazioari eta psikiatrizazioari. Horrek, farmazeutika handien mesedera dagoen psikofarmakoen gorakadarekin batera, lehen arretako ekintzen eta ekintza komunitarioen atzerakada nabarmena ekarri du [17].

Erraza da sufrimendu emozional guztia nahasmendu edo gaixotasun mentalei egoztea, edota biztanleriaren gehiegizko medikalizazioari eta psikiatrizazioari

SUIZIDIOAREN EREDU MEDIKOETARANTZ

Azken urteotan, suizidioaren gaiari heltzean, eredu biomedikoak garrantzi handia hartu duela dirudi. Fenomeno hori azaltzeko orduan, alderdi psikiatrikoak funtsezko garrantzia du literaturak dioenez. Hala ere, askok azpimarratu dute gai hori gaixotasun mentalen multzoan kokatzeak zenbait muga ere badituela. Leonard Cohenek, esaterako, gaiaren konplexutasuna nabarmendu zuen: «medikuntzaren jarrera hau, azken buruan, irtenbiderik gabeko argumentu zirkular batean oinarritzen da: suizidioa moralki onargarria da arrazionala bada. Baina, nahasmendu psikiko batek eragiten duenez, suizidio bat bera ere ez da arrazionala. Ondorioz, jarrera horrekin bat bagatoz, suizidio bakar bat ere ez da moralki onargarria». [18]

Gauzak horrela, egungo literaturako hainbat hipotesi laburbiltzen saiatu naiz. «Understanding the neurobiology of suicidal behavior» («Suizidio-jokamoldearen neurobiologia ulertzen») [19] artikuluan azaltzen denez, azterketa klinikoek serotoninak (neurotransmisorea, zeinak funtzio askoren artean gogo-aldartea erregulatu dezakeen neuronen artean mezulari kimiko gisa jardunez) funtsezko zeregina du suizidioaren arrazoietan. Post mortem eta in vivo azterketetan ikusi dute neurotransmisore horren funtzioa murriztuta dagoela suizidio kasuetan, eta gabezia hori jokabide oldarkorrarekin eta inpultsiboarekin lotuta egon daitekeela. Horren harira, esan dute inguruneko faktore estresagarriek, genetikak eta gaixotasun mentalen garapenarekin interakzioa izateak pentsamendu suizidak izatera eraman dezaketela norbanakoa. Hala ere, artikulu berean ondorioztatzen da suizidioaren neurobiologiari buruzko ezagutza mugatua dela, bai nerbio-sistema zentralak duen konplexutasunagatik, baita ditugun muga teknikoengatik ere. Egiazki, badirudi ikerketek ezin dituztela ekintza suizidaren alderdi kognitiboenak azaldu; beste era batera esanda, ezin dute bere buruaz beste egiteko ideia bera azaldu. Ondoriozta daitekeenez, bada oraindik ekintza hori esplizituago azal dezakeen alderdi esanguratsuagorik.

Laginen zein datuen heterogeneotasunak muga argiak dakartza analisi deskribatzaile bat egiteko. Kontuan izan behar dugu, justifikazio klinikoenetan ez ezik, datuen bilketan bertan ere eragina dutela muga metodologiko horiek. Ziurrenik, ematen diren zenbakiak egiazkoen azpitik ibiliko dira; izan ere, zenbait heriotza suizidio kasu moduan identifikatzeko zailtasunak egoten dira, sarri «halabeharrezko» beste balizko ezaugarri batzuekin lotu daitezkeelako. Hala ere, erantsi nahi nuke zenbait kasutan zaila dela adimenari dagokion alderdia, alderdi organikoa eta alderdi soziala bereiztea, eta horretarako esparru kontzeptualago batzuetara hurbildu beharra dugula. Gizakiaren zenbait fenomenok oinarri genetikoa izateak askotan ezin du haren jokabidea bera azaldu, E. Kandelek adikzioaren inguruan adierazi zuen bezala: ingurune sozialak geneekin elkarreragiten du, eta, haien adierazpena, eta ondorioz, neuronen funtzionamendua aldatzen ditu. Kandelek, beraz, garrantzi handia ematen zien jokabidearen aldaketa iraunkorrei; horrek gene jakin batzuen adierazpena alda zezakeen, eta horrek, aldi berean neuronen elkarreragin-patroi batzuetan aldaketak eragingo zituen.

Nolanahi ere, esango nuke praktika kliniko guztia ez dela lehen aipatutako ereduetan oinarritzen. Izan ere, ebidentzian oinarritutako datuek erakusten dute beren buruaz beste egiten duten pertsona gehienek ez dutela gaixotasun mentalik, nahiz eta egia izan horrelako gaixotasun bat izatea –hala nola substantziekin loturiko nahastea edo depresioa– arrisku-faktore izan daitekeela. Horrekin lotuta, gai hauek ulertzeko eta lantzeko funtsezkoa iruditzen zaidan gai bat aipatu nahiko nuke: hainbat autorek sortu eta defendatutako ikuspegi kritikoa, zehazki, eguneroko bizitzaren psikiatrizazioa, zeinetan eguneroko arazoak gaixotasun bihurtzen diren. [20]

Beren buruaz beste egiten duten pertsona gehienek ez dute gaixotasun mentalik, nahiz eta egia izan horrelako gaixotasun bat izatea arrisku-faktore izan daitekeela

ZENBAIT ONDORIO

Behin honaino helduta, eta egungo joerak ikusita, geure buruari galde diezaiokegu ea sufrimendua gaixotasuntzat jotzea ote den arazoa. Szasz-­en eta Foucault-en gisako autoreek, The myth of mental illness («Gaixotasun mentalen mitoa») eta La Naissance de la Clinique («Klinikaren jaiotza») lanetan hurrenez hurren, zenbait ideia interesgarri mahaigaineratu zituzten. Foucault-ek paziente psikiatrikoen tratamenduaren ondorio sozial eta politikoei buruz teorizatu zuen, baita gaixotasuna sintoma eta zeinuei dagokienez ulertzeko metodologiari buruz ere. Szaszek, bestalde, gaixotasun mentalen azalpen erredukzionistari buruz zegoen oinarri enpiriko lausoaren inguruan hitz egin zuen. Autore horren ustez, psikiatria klasikoaren arazoetako bat gaixotasun mentala jatorri organikoko gaixotasun gisa hartzea eta parekatzea izan zen, ezberdintasuna organo kaltetuan zehaztuz; kasu honetan, garunean. Horrela, sintoma mentalek agerian uzten zuten funtzionamendu organiko ez egokia. Kausazko hipotesi hori, hala ere, ezin zen ondoriotan oinarritutako ebidentziarekin argudiatu, zenbait adierazpen psikopatologikorekin korrelazio biologikorik ez egoteak paradigma klasikoaren eta gaixotasun horien ulermenaren azalpenen zehaztasun eza adierazten baitzuten. Nire ustez, interesgarria da gaixotasun mentala beste gaixotasun batzuen kategoria zientifikoekin ez berdintzea. Beraz, azterketa metodologikoa beste norabide batzuetan zehaztu behar dela deritzot, fenomeno horietarako beste azalpen posible batzuk baliatuz. Hala ere, ezin dugu ukatu esperientzia psikopatologikoek sufrimendua, ondoeza eta egokitzapen arazoak ekar ditzakeela. Azalpen organizistarik aurkitu ez izanak ez ditu esperientzia horietarako beste azalpen mota batzuk baztertzen, beraz, ezin dugu ukatu prozesu mentalen esperientzia izaeraren errealitatea.

Horrenbestez, ezin diogu suizidioaren gaiari heldu gorputzen diagnostikoaren premisan soilik oinarrituta, pertsonengandik eta giza dimentsiotik urrunduta. Era berean, eredu farmakologikoak ezin du jokabidearen justifikazioa gidatu, ezta eskariak ekoizpena ere. Eredu horiek, gainera, tratamenduan oinarritzen dira prebentzioan oinarritu beharrean, eta urrun daude gertatzen denaren inguruko ikuspegi sozial orokorra edukitzetik.

Nire iritziz, beti izan behar dugu gogoan sistema kapitalistaren existentziak bizirauteko aukera baldintzatzen duela, eta arazoa gainditzeko modu bakarra klase-dominaziorik gabeko egitura soziala antolatzea dela. Izan ere, klase dominazioa eguneroko sufrimenduarekin eta bortizkeriarekin erabat lotuta dago. Eta, era berean, uste dut egokia dela gai konplexu honen inguruan hausnartzeko balioko diguten tresnen bilaketan aurrera jarraitzea. Hala eginez gero, gaiari buruzko hainbat gogoeta sor daitezke: zergatik egiten du hainbatek bere buruaz beste? Edo benetan modu egokian ari gara arazoari aurre egiten? Auzia ez da arazoen kudeaketa emozionalean bakarrik oinarritzen, kontzientzia kritikoan ere oinarritzen da, hori ezinbestekoa baita fenomeno horiek aztertzeko eta konponbideak norabide egokian planteatzeko. Kontua ez da aldaketa txikiak egitea eguneroko errutina kudeatzen ikasteko, ezta tratamendu mediko totalitario bat egitea ere, kondenatuta dagoena kondenatuz eta bizitzera behartuz, edozein dela ere pairatzen duen sufrimendua. Argi dago suizidioa prebenitzea funtsezkoa dela, suizidioak, hiltzen denaz gain, maite duen pertsona baten heriotzarekin borrokatu behar duen ingurune oso bat uzten baitu biktima moduan, gertatu berri dena ezin ulerturik. Hori dela eta, ezinbestekoa da giza sufrimenduaren izaera ikusaraztea. Sufrimendu hori ekoizpen modu kapitalistari atxikita doa, eta geure zeregina prebentzio hori sistema gainditzea helburu duen aldaketa kultural batera bidean antolatzea da, eta ez hura betikotzen duten aldaketa txikiak planteatzea.

Klase dominazioa eguneroko sufrimenduarekin eta bortizkeriarekin erabat lotuta dago. Sufrimendu hori ekoizpen modu kapitalistari atxikita doa

ERREFERENTZIAK

1 Fragmento de canción de Maria Arnal y Marcel Bagés: 45 cerebros y 1 corazón.

2 Tomás Moro (1478-1535): Piensa la muerte.

3 Anseán A.: Manual de Prevención, Intervención y Postvención de la Conducta Suicida. Segunda edición. Fundación Salud Mental España; 2014.

4 Lopez-García M.B., Hinojal-Fonseca R y Bobes-García J.: El suicidio: aspectos conceptuales, doctrinales, epidemiológicos y jurídicos. Revista Derecho Penal y Criminología. 1993; (3): 309-411.

5 Berrios G.: Historia de los síntomas de los trastornos mentales. La psicopatología descriptiva desde siglo XIX; La autoagresión. México: Fondo de Cultura Económica;, 2008.

6 Marx K. y Varela N.G.: Sobre el suicidio. El viejo Topo; 2012.

7 Durkheim É.: El Suicidio. Segunda edición. Akal; 1982.

8 Organización Mundial de la Salud (OMS). Deskribapen-oharrak-Suizidioa. 2019.

9 Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia. Gasteiz; 2019.

10 Salud Mental España Fundazioa. Suizidioaren Behatokia. Suizidioen datuak. 2016.

11 EAEko suizidioak, adin-taldearen, lurralde historikoaren eta sexuaren arabera. 2018.

12 Knipe D., Williams A.J., Hannam-Swain S., Upton S., Brown K., Bandara P.,: Psychiatric morbidity and suicidal behaviour in low- and middle-income countries: A systematic review and meta-analysis. PLoS Med. 2019;16(10):1–29.

13 Neeleman J.: A continuum of premature death. Meta-analysis of competing mortality in the psychosocially vulnerable. Int J Epidemiol. 2001;30(1):154–62.

14 Wilcox H.C., Conner K.R., Caine E.D.: Association of alcohol and drug use disorders and completed suicide: An empirical review of cohort studies. Drug Alcohol Depend. 2004;76(SUPPL.):11–9.

15 D. Ritz, G. O’Hare, M. Burgess.: The Hidden Impact of COVID-19 on Child Protection and Wellbeing. London. Save the Children International; (2020).

16 Poco, tarde y mal. El inaceptable desamparo de los mayores en las residencias durante la COVID-19 en España. Médicos sin Fronteras; (2020).

17 Francisco Buitrago Ramírez, Ramon Ciurana Misol, María del Carmen Fernández Alonso, Jorge Luis Tizón García: Repercusiones de la pandemia de la COVID-19 en la salud mental de la población general. Reflexiones y propuestas. 2021. Vol 53 núm 7. Elservier.

18 Cohen C.B.: Perspectivas cristianas sobre el suicidio y la eutanasia asistida: La Tradición Anglicana. The Journal of Law, Medicine & Ethics. 1996;24(4):369-379.

19 Kamali M., Oquendo M.S., Mann J.J.: Understanding the neurobiology of suicidal behavior. Depress Anxiety. 2001;14:1646-176

20 Ormaza J.G.: Suicidio y desempleo: Barakaldo 2003-2014 [tesia]. Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea; 2016.

EZ DAGO IRUZKINIK