Proletalgoaren bloke kulturalak historikoki matxinadarako izan duen ageriko potentziala baretzen eta dagoen errealitatearekiko duen jarrera moldatzen du errepresio ekonomiko, politiko eta fisiko gordinenarekin batera jasaten duen esku-hartze kulturalak. Masa kultura alienatzailearen bidez, klase menderatzaileak portaera-eredu zehatz eta larriak ezartzen ditu: diruarekiko erabateko sumisioa, indarkeriaren hutsaltzea, iragankortasunaren gorespena, muturreko atomizazioa eta Kapitalaren legeek eragingo ez luketen mundua irudikatzeko ezintasuna bera.
Diruarekiko erabateko sumisioa, indarkeriaren hutsaltzea, iragankortasunaren gorespena, muturreko atomizazioa eta Kapitalaren legeek eragingo ez luketen mundua irudikatzeko ezintasuna bera
Dirudienez ez dago helduleku izan daitekeen iltze goririk. Egungo testuinguruak, krisiak xedaturik, merkantzien ekoizpen sistema kapitalistari berezkoak zaizkion kontraesanak modu are muturrekoagoan erakusten ditu. Eredu posfordistan eta kontsumo gizartean oinarritutako metaketa zikloaren aukera historikoak agortu dira, eta horiekin bere produktu izarretako baten, garatu zuen eta gero eta murritzagoa den klase ertainaren, izateko arrazoia. Eroso bizi diren dagoenaren defendatzaile saldoek itsuki lasterka egingo dute proletarizazioaren aurkako noranzkoan, jakin gabe agertokia aurrez ezarrita dagoela eta haien izatea salbatzeko ezer gutxi egin dezaketela.
Latzagoa da, zalantzarik gabe, proletalgoaren zoria. Ekoizpenaren esferatik masiboki kanporatua, bere lotura sozialak azkeneraino higatzen dira. Hitzarmen sozial berriaren saiakerak baztertzen dituzten horiek ikusten dute nola haien soldatak modu orokortuan murrizten diren (langabezia estrukturalaren mamuari ihes egiten diotenek), nola beharrezkoak dituzten zerbitzu sozialak desegiten diren eta, azken buruan, nola gosez hiltzeraino pobretzen diren. Haien bizi kalitatea okertzen ari da, haien aurka baliatzen den kontrol sozialaren forma guztiak areagotzen ari diren bitartean. Gehiengo handiaren egunerokotasuneko lege nagusia da bizimodu gogobetegarria bermatzeko ezintasun materiala, eta horrek dakarren ziurgabetasun estugarriak berau pairatzen dutenen kontzientziak moldekatzen ditu. Etorkizun (hobe) baten promesak talka egiten du miseria, basakeria eta suntsipena eskaintzen dituen orainarekin.
Ez legoke oker industria kulturalaren egitekoetako bat irabaziak sortzea dela esatea. Alta, epizentroan miseriaren forma guztiak dituela garatzen den bizitza itxuraz eramangarri izan dadila lortzea ez da ekoizpen sozialeko beste ezein adarrek errazki bete dezakeen lana. Erakusleiho kultural zabalean bere gustuaren neurriko hamaika produktu aurki dezake kapitalismo berantiarraren etapa honek sortutako edozein subjektibotasunek, bere hatzen irismenera berariaz jarrita. Industria kultural kapitalistak biztanleriak nahi duen entretenimendurako eta adierazpenerako forma guztiak kapitalizatzen ditu, ingeniari talde batek bezala, aseko dituen askotariko gustuen diseinu tekniko, hotz eta kalkulatua eginez.
Agerikoa da ordaindu beharreko prezioa: aurretiaz zedarritzen dira pentsamenduaren formak. Hori gutxi balitz, bloke kultural proletarioaren mundua ikusteko eran sartzeko bide erraza topatzen du pentsamendu burgesaren propaganda zabarrak. Maila sozialez igotzeko aukera (izan hezkuntzaren, talentuaren edo sakrifizio pertsonalaren bidez) existitzen ez den garai historikoan, osasun mentaleko arazoak dakartzan eta sistemaren osotasuna legitimatzen duen portaera patroia eta tresna ideologiko indartsua da aspirazionismoa. Gizarte ekintzailearen fantasiak bere buruaren aberastasun materialaren paradisuaren bermatzaile gisa eta, beraz, bere miseriaren errudun gisa kokatzen du norbanakoa. Badirudi sakrifizio pertsonalari eginiko oda horrek bizimodu erabat hedonistaren gorespenarekin talka egiten duela, baina, egiaz, txanpon beraren bi aldeak baino ez dira.
Ekoiztetxe kulturalek haien plataformetan pilatzen duten eduki itxuraz berritzailea (paradoxikoki, klixeen eta egitura ezagunen errepikapenean oinarritua, hots, benetan errepikakorra) sortze eta kontsumo azkarrekoa eta, azken finean, hutsala da. Bere izateko arrazoia eskaintzaren eta eskariaren legeen araberakoa da eta duen ezaugarri hoberena kontsumitzaileari eskaintzen dion gozamen iragankorrak bere esku-hartzerako gaitasuna betikotzen duela da; dagoenaren onarpena. Interesgarria da ohartzea nola ezaugarri horiek gaur egun nagusitzen diren pertsonen arteko harremanak deskribatzeko ere balio dezaketen. Ezein motatako konpromisorik ezin topa daitekeen bitartean entretenimendua nagusi da. Sare sozialen bitartez edo alkoholez, orotariko drogez eta intentsitate altuko frekuentzia baxuz inguratuta modu hutsal eta iragankorrean harremantzen dira norbanako bakartuak.
Interesgarria da ohartzea nola ezaugarri horiek gaur egun nagusitzen diren pertsonen arteko harremanak deskribatzeko ere balio dezaketen
Tweet-en, YouTubeko short-en, Instagrameko story-en, Netflixeko miniserie-en, TikTokeko bideoen edo harreman sexu-afektiboen laburtasuna eta kontsumoa popper-a hartzearekin parekagarriak dira; uneko plazeraren bilaketak izaera ontologikoa hartu du bizitzea egokitu zaigun garaian. Iltze goria argizaria balitz bezala urtzen da minutu baten buruan, eta scroll egiteak beste iltze bat dakar, baina justizia jainkotiarra ez da inondik ageri eta justuek jasotzen dute bekatarien zigorra. Sare sozialak gazteria proletarioaren harremanetarako paradigma bilakatu dira eta, entretenimenduaren industriaren parte direnez, bizitza sozialaren gainerako arloetan ematen diren joera objektiboei erantzuten diete. Haietan ematen diren aldaketak eta haien azkartasuna futuristentzat ere imajinaezina litzatekeen abiadan sortzen duten estandarizazio kulturarekin soilik aldera daitezke.
Errealitatea frustrazio indibidualez josia egon arren gaina hartzen du aurrerapen teknikoaren arrazionaltasunak. Imajinagarria soilik dena ere merkantilizatzeko joera kapitalistak ez du norbanakoen eta haien arteko harremanak bere atzaparretan hartzeko erreparorik. Espazio digitalak horretarako aukera berriak eskaintzen ditu; errealitate horren irudi garbia ematen du datu pertsonalen salerosketak eta haiek ondoren arrastoa jarraitzen dieten, indexatzen eta sailkatzen dituzten formula matematiko multzoetan sartzeak. Korporazioek eta haietako marketin bulegoek kontsumitzailearen gustura (neurrira) egindako iragarki pertsonalizatuetan jartzen dute ia erabat haien konfiantza publizitarioa, eta hark iragarritako produktua erosteko orrialdera sarbidea dauka klik bakarrean.
Ongizate orokorreko sentsazioz, errezeta magikoz eta patroi kultural gaixogarrien erromantizazioz jantzita, fenomeno espontaneo, desordenatu eta nolabait autorregulatu gisa ageri da informazio fluxu hori. Ezta hurrik eman ere: plataformen eta sare sozialen kudeaketaz arduratzen diren korporazioek zehazten eta mugatzen dute aukera diskurtsiboen tartea, hedabide burges klasikoen modura. Gainera, betorako arriskurik gabe, elkarrekintza digital horri berezkoa zaion tenteltzea sakontzen duen edukia eta zirku itxurako paradisu hori legitimatzen eta elikatzen duen edukia han eta hemen zabaltzen duten algoritmoek mimoz hartu ohi dute. Laburbilduz, eskuratu nahi den informazioaren egia balioaren eta hark eta haren plastikotasun formalak betetzen duten funtzio ideologiko lotsagabea identifikatzeko gaitasunaren arteko erlazioa espazio interaktibo horien mendekotasunezko kontsumoarekiko alderantziz proportzionala da.
Espazio horiek, esan bezala, esentzia iragankor eta hutsala duen edukia erreproduzitzen dute, eta horren adibide sintomatikoa dira memeak. Errazki mimetizagarriak diren informazio unitateak osatzen dituzten irudi, bideo muntaketa eta testu zati laburrak, gazteriak tresna komunikatibo nagusi gisa baliatzen dituenak. Agerikoa da islatzen duten abiada. Memeen bizitzaren zikloa intsektu txiki batenaren parekoa da: asteen buruan jaiotzen eta hiltzen dira, eta etengabe erreproduzitzen. Haien sailkapena eta analisi formala ustezko aditu andanaren aztergai izan daitezen ahalbidetzen du memeen ekoizpen hedatuak. Horien balizko unibertsaltasuna (negatiboa), entretenimendua eta baita errealitatearen gaineko kontzientzia kritikoa emateko gaitasuna goresten dute haiek. Alta, duten funtzio nagusia errotik desberdina dela ahazten dute: indarkeria hutsaltzea, errealitatea sinplifikatzea eta desitxuratzea eta batere barregarriak ez diren gauzei aurre egiteko distantzia ironikoa hartzea bera artxibo digital horien mugimendurako ardatz bilakatzen da. Memeen unibertsoan erresistentzia gutxi egiten duen hari eroalea topatzen dute bortxaketaren kulturak, hipersexualizazioak, norberarekiko mespretxu orokortuak, osasun mentalaren dramak, infantilizazio politikoak eta plazer iragankorraren gorazarreak.
Nagusi den miseria moralaren isla eta ondorio gisa, patroi kulturalak eta dagoen errealitatearekiko jarrera orokortua aztertzerakoan kontuan hartu beharreko funtsezko elementuak bilakatu dira memeak eta, batez ere, haien oinarrian dauden pentsatzeko moduak. Meme kultura gisa izenda dezakeguna ez da arestian deskribatutako pentsamoldeen arabera mundua ikusi eta bertan egoteko modua besterik. Hori ez da norbanako bakartuetara mugatzen. Maila internazionalean jarduten duten eta urteko mila milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten korporazioak ere ez dira zuhurkerietan aritzen community manager-ak kontratatzerakoan, zeintzuek, modu inteligentean, memeak erabiltzen dituzten Twitterren pozik ez dauden bezeroei erantzuteko. Elkarrizketarako, kritika bat egiteko, iritzi baten aldeko posizioa hartzeko edo eztabaida politiko bati azken puntua jartzeko ezin konta ahala irudi eskura edukitzeak sortzen duen asetasun sentipena nabarmen kezkagarria da. Hori baimentzen duen hausnarketarako, kontzentratzeko eta argudiatzeko ezgaitasuna soilik da are kezkagarriagoa.
Fenomeno horren enpresen instrumentalizazioa nazkagarria begitantzen da lehen kolpean. Zer esan borondate iraultzailez mozorrotuta historikoki agortutako posizio bat argudioz defendatzea saihesteko irrazionaltasun emozionalenaren mundura salto egin eta egungo joera kulturalek eskainitako dinamikez baliatzen direnez. Meme kulturaren eta gure herrian duen erabilera politikoaren adibide argia dira Twitterren (eta harago) sortutako zalapartak; Ikasle Abertzaleaken Bilboko egoitza, Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistari jarritako beto politikoa eta gero eta ugariagoak diren, nekez hizki gutxi batzuk elkartzeko gai diren eta Euskal Herriko Mugimendu Sozialista ELA sindikatuak finantzatzen duela (sic) bezalako gezurrak modu txarrean botatako irainen bidez zabaltzen dituzten «kontu faltsuak», hala nola, horiek haizatzen dituzten Sortu alderdi sozialdemokratako kideak eta haien gazterietakoak (izan iritzi faltsua sortzeko edo haienaren bestelako modu batera politika egitea ezinezkoa dela pentsatzeko bezain sineskorrak direlako eta haien gezurra sinesten bukatzen dutelako). Aurkaria barregarri uztea, eztabaidari ihes egitea eta joko zikina ezkutatzeko saiakera eta beto politikoa gezurrez eta azalkeriaz janzten dira. Ustez iraultzaileak diren agente horien ardura politiko urria erakusten duten gezurrak eta azalkeriak.
Irrazionaltasunaren gurtza eta hedonismoaren gorespena ageri dira Kabala eta Playz programetan: gazteei zuzendutako tertulia gisako saioak, haien ustezko izaera politikoan babestuta onkeriazko erretorika duen eduki tenteltzailea zabaltzen dutenak. Ardura galera ekidinezina dakar errealitate konplexua ideia landu eta nahitaez konplexuen bidez adierazteko ezintasunak (borondatezko ezintasuna izan ala ez). Ez dago eztabaida politiko zuzen eta legitimorako aukerarik ondo justifikatutako argudioak, azalpen formalak eta barka-eske autokritikoak beharrean txiste errazean, errealitatearen desitxuratzean edo irain zabar eta arbitrarioetan oinarritutako diskurtsoak erabiltzen badira. Historikoki gauzaezinak eta kontraesanezkoak diren premisak onartzeak marko moral sozialdemokrataren barruan «denak balio du» batean erortzea dakarrela dirudi: ex falso quodlibet.
Ez dago eztabaida politiko zuzen eta legitimorako aukerarik ondo justifikatutako argudioak, azalpen formalak eta barka-eske autokritikoak beharrean txiste errazean, errealitatearen desitxuratzean edo irain zabar eta arbitrarioetan oinarritutako diskurtsoak erabiltzen badira
Egun, gizarte burgesa inoiz baino gehiago ari da kontraesan propioak direla-eta bere muga historikoetara hurbiltzen, eta zibilizazio proiektu gisa porrot egin duela erakusten ari da. Zurztasun politikoak eta horrek dakarren armagabetze ideologikoak langile klasearen gaineko esku-hartze kulturalerako aurrekaririk gabeko baldintzak jartzen ditu. Egoera hori hutsaltzen duten arduragabeek ez dute miserable deitzea besterik merezi. Agerikoa da beharra. Konplize horiek seinalatzeko eta lan militantean oinarritutako eta motibazio etiko indartsu batek hornitutako kultura sozialista bat eraikitzeko ardura hartzea inperatibo bilakatzen da, helduleku gisa balio duen iltze izan behar duena. Erredentzioaren fantasia irudikatzetik urrun posibilitate erreal, desiragarri eta erabat beharrezkoa den iltze bat.
HEMEN ARGITARATUA