ARGAZKIA / Lander Moreno
Peru Iparragirre
@peruiparragirre
2021/12/03

«Ekoizten ari garen euskararekin, irakurleak aspertzen ari gara. Liburuak ez dira saltzen. Literatura artifizial bat egiten ari gara. Ez dakigu herriaren erraietara jaisten, eta herriak ihes egiten du; etsigarria da, baiki, gertatzen ari zaiguna. Gero eta euskara gutxiago hitz egiten da; eta gero eta gutxiago irakurtzen da». Jose Ariztimuño Aitzol, 1934

Euskal literaturaz asko hitz egiten da; lekua eman ohi zaio euskarazko prentsan, espazioa egina dauka derrigorrezko hezkuntzan eta akademian, zenbait euskal idazlek lortu dute halako estatus bat. Aspalditik hitz egiten da, ordea, literatur sistemak dituen gabezia ekonomikoei buruz: literatur industria txikia dela euskarazkoa, ez dela profesionalizazio-eskariari eusteko kapaz, irakurleak ere ez direla asko... Eta literatur industriaz hitz eginez gero, agian hobe literaturaz baino liburugintzaz hitz egitea. Zein da euskarazko liburugintzaren egungo egoera ekonomikoa? Zein dira euskal literatur merkatuaren mugak? Zein dira horren ondorioak? Halakoxe galderetan barrena dabil ikerketa xume hau.

KULTUR INDUSTRIA GAZTE BAT, DIGLOSIAREN NEURRIRA

Muturreko egoera diglosikoak ezaugarritzen du euskararen gizarte-egoera. Diglosiak zera esan nahi du, ukipenean dauden hizkuntzek betetzen dituzten funtzio sozialen desoreka, eta horrexegatik da euskararen diglosia-egoera muturrekoa: Euskal Herrian funtzio sozial guztiak betetzen dituztelako hegemonikoki gaztelaniak eta frantsesak. Diglosia-egoeraren oinarri materiala Euskal Herriko masa zabalen bizitza sozialaren produkzioan eta erreprodukzioan euskarak duen sustraitze ahula da: euskarak hizkuntza ekonomiko gisa dituen egiturako gabeziak.

Diskurtso integratuak –parlamentarismo burgesaren askotariko euskal bertsioek– bestela kokatu izan dute auzia, eta haien esanera balirudike diglosiaren arazoa euskarak eremu informalean eta kale-erabileran duen beherakada progresiboan dagoela, behin instituzio burgesetako kuotak –­erakunde publikoetakoak, hezkuntzakoak, poliziarenak, dirulaguntzenak– bermatuta egonez gero. Planteamendua gezurtatu egin daiteke, ordea, bai analisi mailan, bai eta potentzia politikoari dagokionez ere: batetik, hizkuntza-­kuota publikoak eta euskarak gizarte zibilean duen sustraitze maila modu abstraktuan ezin bereiz daitezkeelako, eta, bestetik, instituzio burgesak babes sistema neutral gisa hartzen dituelako, haiekiko dependentzia zalantzan jarri gabe eta, are, krisi kapitalistaren testuinguruari eta paradigma horren agortze prozesuari jaramonik egin gabe. Finean, analisiak berak ulermen-marko burgesaren muga politikoak azaleratzen ditu; instituzio burgesen mugetan kokatzen du arazoa eta baita, ondorioz, konponbidea ere.

Egoera soziolinguistikoaren oinarri materiala esandakoa da: euskarak masa zabalengan duen sustraitze-falta. Euskaldunoi, efektiboki, gaztelaniak eta frantsesak balio digute gure bizimoduaren alderdi guztietarako, eta euskarak kuota instituzionalen bidez edo ukondoka bermatzen du gaur-gaurkoz bere lekua. Horrek, jakina, ondorio nabarmenak ditu kultur bizitzaren alderdi artistikoan eta aisialdian: oro har, gaztelaniazko eta frantsesezko kultur produktuetara jotzen du euskal herritarren gehiengoak eta euskarazko kultur industria murritzak nekez eutsi ohi dio erdarazkoen presioari. Horren froga dira euskarazko prentsa idatziaren irakurle bakanak, ikus-entzunezkoen audientzia-maila baxuak, sare sozialen erabilera edo, gagozkion gaira etorrita, euskarazko literaturaren irakurle-kopuru urria.

Denbora erruz pasa da Bernat Etxepareren «Euskara, / jalgi hadi plazara!» aldarritik. Ordura arte liburuan inprimaturik gabe zegoen euskarari 1545ean garaztarrak eman zion behar zuen tornuia, idatzi zuen inprimatutako lehenbiziko euskarazko liburua, alegia. Hizkuntza hegemonikoetan XVIII. mende amaieran hasi eta XIX. mendean zehar finkatu ziren literatur industria modernoak, merkatu nazionalarekin eta eragile ekonomiko-kulturalekin; euskarazkoak, ordea, XX. mendearen erdialdea igaro arte itxaron behar izan zuen literatur industriaren elementu funtsezko batzuk garatu arte. Hainbat dira fenomeno horren agerpenerako faktoreak: batetik, antifrankismoaren gakoetan pentsatutako kultur politika independente batzuk, gerra ezagutu ez zuen belaunaldi euskaltzale gazte batek hauspotuak; bestetik, eta aurrekoarekin loturan, euskarak, Frankismoaren amaierarekin bat, estatu-aparatu ahul batzuetan –Espainiako aparatu autonomikoetan– bere lekua egiten duela, koofizialtasun estatusa lortuz eta kultur industria susta zezaketen dirulaguntza publikoak agerraraziz; eta, azkenik, euskarazko literaturaren modernizazio-prozesua deitzen zaiona jazotzen dela 60ko eta 70ko hamarkadetan zehar, euskarazko nobela esperimentalaren eta konbentzionalaren sorrerarekin, literatur kritikaren agerpenarekin eta, oro har, literatur sistema modernoen zenbait elementu funtsezkoren agerpenarekin.

Bistan da 1960 aurretik ere argitaratu izan zirela liburuak euskaraz, baina data horietan dituzte euskarazko literatur sistema eta liburugintza modernoak beren abiapuntuak. Argi dago sistema berantiarra dela; gaztea, gaurko egunetik begiratuta. Euskaltzale antifrankisten lan militanterik gabe ulertu ezin den arren, nabarmentzekoa da euskarazko liburugintzaren industria bilakatzeko prozesua hasieratik egon zela instituzio burgesei estuki lotua eta haien parte-hartzea ere ezinbestekoa izan zela euskararen egoera soziolinguistikoa gainditu zezakeen sistema bat osatzeko. Horrek gaurdaino iraun du; ikusi eta aztertu egin beharko da, ordea, zein modutara iraun duen eta zein den gaur egungo egoera.

EUSKARAZKO LIBURUGINTZAZ ARI

Ikerketa honen helburua, ezer baino gehiago, han eta hemen argitaratutako datuetan oinarrituz euskarazko liburugintzaren pisu ekonomikoaren irudi erreal bat ematea da, eta irudi horren zergatien azalpen bat ematen ahalegintzea. Izan ere, irudi hori, alde batetik zein bestetik begiratu, industria ahul batena da. Industriaz ari baikara, merkatuaz, fakturazioaz, salerosketaz eta kontsumo-ohiturez.

Ohikoa da garrasi mainatiak airera botatzea: «neurriak hartu behar dira egoera normalizatzeko». Euskarazko liburugintza ez baita normala, ezaugarritzen duen hizkuntzaren diglosia egoera dela-eta, batez ere. Euskarazko liburugintzaren industria oraindik gaztea da oso, frankismo garaiko debekuen eta errepresioaren ondorioz 40 urteko etenaldia izan baitzuen. Azken urteetan egonkortzen ari da bere joeretan. Halaber, aipatu dugun irudi ahula indartu asmoz industria sendotzea proposatu ohi da, termino ekonomikoetan zein kulturaletan, arte sorkuntzaren eta ekoizpenaren garrantziaz ari direlarik, kapital metaketaren legeen arabera funtzionatzen duen gizarte batean horrek dituen xehetasunak aipatu ere egin gabe, desjabetzea dakarren ekoizpen moduetan eta horiek betikotzeko eredu kulturalean sakontzeko proposamenekin, herrikoiak eta euskaldunak izanik ere.

Ez dira literaturgintza eta liburugintza nahasi behar, baina kultur industriaz ari garelarik liburugintzari erreparatu behar ezinbestean. Eskuragarri daude euskarazko liburugintzari buruzko datu zehatz eta erabilgarriak, Ibon Sarasolak Euskal literatura numerotan (Kriselu, 1975) liburuan jarritako harriari eta Joan Mari Torrealdai zenak 1976tik hasita urtero Jakin aldizkarian egindako lanari esker, besteak beste. Liburugintzaren azterketa soziologiko sistematikoa egin zuen urtez urte Torrealdaik, eta 2017tik Xabier Eizagirrek hartu dio lekukoa. Arlo ekonomikoagoa, aldiz, Euskadiko Editoreen Elkartearen enkarguz egiten den eta Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Euskarazko argitalpenei buruzko txostena-k lantzen du. Bigarren horri eta haren osagarritzat har daitekeen 2019ko barne merkataritzari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpenei buruzko XXV. txostena-ri erreparatu diegu hemen batez ere, Jakineko lana eta bestelako ikerlan batzuk bistaz galdu gabe.

2020ko daturik ez dugu oraingoz eta, beraz, pandemia aurreko egoeraren irudi bat ematen digute eskura ditugun ikerketek. Hala ere, liburugintzaren industriaren joera nagusiak zein diren aztertzeko baliagarriak dira datuok, aurreko urteetako joeren jarraipena erakusten baitute. Ikusteke dago zenbateraino hautsiko diren joera horiek pandemiaren eraginez.

ARGITALETXEAK

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenak jasotzen duenez, 108 argitaletxek plazaratu zituzten euskarazko liburuak 2019an.[1] Horietatik 95 argitaletxe pribatuak dira, eta gainerako 13ak erakunde publikoak. Argitaletxe pribatuen artean gehiengoa Bizkaian eta Gipuzkoan kokatuta dago, 24 eta 23, hurrenez hurren. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bederatzina argitaletxe leudeke, eta bakarra Araban. Euskaraz argitaratzen duten 29 argitaletxe daude Kataluniako eta Espainiako Estatuko hainbat herrialdetan: bederatzi Bartzelonan, hamaika Madrilen, bi Valentzian, bat Badajozen eta beste seiren kokalekua zehaztu gabe dago. Argitaletxe pribatuez eta erakunde publikoez gain, egile-editoreak ere kontuan hartu behar dira, nahiz eta azterketa honetatik at geratzen diren, haien pisu txikia dela eta. Orotara 61 zerrendatzen ditu txostenak, 38 Gipuzkoan, hamaika Bizkaian, bederatzi Nafarroan eta bana Bartzelona, Madril eta Valladoliden. Horien guztien artean 82 izenburu argitaratu zituzten 2019an.

Oraindik 2019ko liburugintzaren azterketa ez du argitaratu Jakinek, baina 2018an titulu gehien argitaratu zuten hamar argitaletxe pribatu nagusien zerrendari erreparatu diogu, erreferentzia gisa.[2] Haien kalkuluen arabera, nobedadeak zein berrargitalpenak kontuan hartuta, orotara 1.062 titulu argitaratu zituzten argitaletxeok 2018an, aztertutako ekoizpen osoaren ia erdia. Zerrendaren buruan Elkar argitaletxea dago, 254 titulurekin, horietatik 87 direlarik nobedadeak, ekoizpen osoaren % 11,9. Bigarren argitaletxe nagusia Edelvives-­Ibaizabal dela dio Eizagirrek, ekoizpen osoaren % 9,1 osatzen duten 194 titulurekin –horietako 16 soilik berrargitalpenak–. Zerrendako hurrengoek pisu txikiagoa dute, baina ez txikia, guztiek dute ekoizpen osoaren % 2,4 eta % 4,8 arteko tartea. Susaeta, Ikaselkar, Erein, Santillana-Zubia, Ttarttalo, Edebé-Giltza, Anaya-Haritza eta Ikasmina dira zerrenda osatzen dutenak.

Hainbat ondorio aipatzen ditu Eizagirrek. Batetik, handienak ere aski txikiak direla, tituluen kopuruan, bederen. Bestetik, hamar argitaletxetik seiren egoitza nagusia ez dagoela Euskal Herrian. Beherago ikusiko dugun bezala, euskarazko liburugintzan bereziki zati handia dagokio testuliburuen eta haur eta gazte literaturako ekoizpenari, tituluetan zein fakturazioan. Hain zuzen ere, horien argitalpenean jarduten dute 2018ko argitaletxe pribatu nagusienak izan zirenek. Joan Mari Torrealdaik adierazten zuen kezka, Euskal Herrian egindako eta bertarako pentsatutako hezkuntza proiektuak pisua galtzen ari zirela, kontuan hartzekoa da. Baina zergatiari erreparatu behar zaio, eta gutxitan egiten da hori.

Hipotesi gisa planteatu daiteke, ziur aski erratuegi ibili gabe, askoz ere hobeto erantzun diezaiokeela merkatuaren logikari Espainiako Estatuko hizkuntza desberdinetan testuliburuak argitaratzen dituen Edelvives gisako talde editorial handi batek Euskal Herrian kokatutako eta testuliburuak soilik euskaraz ekoitziko lituzkeen edozein enpresak baino, enpresa hori euskarazko liburugintzaren industriarako handia izanda ere.

Horrekin lotuta, beste ondorio interesgarri bat ere atera daiteke argitaletxe nagusien taula horretatik, eta hori da Elkar konglomeratuaren garrantzia. Egoitza Euskal Herrian duten argitaletxe nagusietatik hiru dira Elkar Taldearen parte edo adar: Elkar bera, Ttarttalo, eta Ikaselkar (Ikastolen Elkartearena eta Elkar Fundazioarena dena). Beraz, batetik, merkatuaren zati handiena proportzioan sail gutxi batzuen, hezkuntza arautuko testuliburuen eta haur eta gazte literaturaren, erabat mendekoa da. Era berean, errentagarrienak diren eremu horietan hoberen kokatzen direnak dira azpiegitura handien eta dibertsifikazio esanguratsuaren babes ekonomikoa duten argitaletxeak. Batzuk Euskal Herri mailakoak, Elkar eta Erein gisakoak, eta beste batzuk Espainiako Estatu mailakoak edo oraindik eta eskala handiagoko egituretan integratutakoak: esaterako, Ikasmina Grupo SMren zigilu bat da; Santillana, aldiz, Finlandiako argitalpen eta komunikazio talde handiena den Sanomak erosi zuen 2020an; Anaya argitaletxea Hachette multinazional erraldoiaren parte da 2004tik, zeina Lagardère arma eta komunikazio enpresen konglomeratuaren zati bat baino ez den.

2019ko datuen arabera, EAEn euskaraz zein beste hizkuntzetan argitaratzen duten 108 argitaletxe pribatuen artean 16 baino gutxiago dira enpresa talde edo holding bateko kide.[3] Hala eta guztiz ere, datuetan ez da ageri ea enpresa horien ekoizpena ekoizpen osoaren zein zatiri dagokion. Orain arte ikusitakoarekin, hala ere, pentsa daiteke zatirik esanguratsuena dagokiela enpresa horiei.

Euskarazko argitalpenen 2019ko txostenak[4] lurralde batzuetako titulu gehien argitaratu dituzten argitaletxeak baino ez ditu ematen: Nafarroan Pamiela, Txalaparta, Igela eta Cenlit, Bartzelonan Vicens Vives, eta Madrilen Anaya, Susaeta eta Bruño. Jakinek argitaratutako 2018ko datuei helduz, ziur aski Elkar eta haren taldeko argitaletxeak leudeke Gipuzkoan titulu gehien argitaratutakoen artean, eta Ibaizabal eta Giltza, besteak beste, Bizkaikoen artean.

Argitaletxe pribatuek sorturiko enpleguari buruzko datuak ere ematen ditu 2019ko txostenak. Guztira, euskarazko liburuak argitaratzen dituzten enpresa pribatuetan 292 lanpostu daudela kalkulatzen dute.[5] Enpresa txikiak dira oro har, langile bat eta bost artean dituzte argitaletxeek. Batez besteko lanpostu kopuru handiena EAEko argitaletxeetan dago (51 enpresatan banatutako 214 lanpostu), eta bertakoak dira euskarazko liburuak argitaratzen dituzten enpresa gehienak ere. Espainiako Estatuko beste autonomia erkidegoetan ere badaude euskarazko liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeak, 29, ikerketaren arabera, eta 55 lanpostu daude horietan guztira. Nafarroan batez besteko bera mantentzen da, baina argitaletxe askoz ere gutxiagorekin: zazpi enpresatan banatutako 13 lanpostu zeuden 2019an. Ipar Euskal Herriko bederatzi argitaletxeek lanpostu bana leukakete. Lanpostu horien nolakotasunari buruzko xehetasunik, ordea, ez daukagu, ez eta ea soilik euskarazko liburugintzari dagozkion lanetan jarduten duten langileok edo beste jardun batzuekin osatzen ote duten.

EKOIZPEN OSOA

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenaren arabera, euskarazko 1.847 titulu argitaratu ziren 2019an, horietatik 1.340 paperean.[6] Orotara, euskarazko ia hiru milioi liburu ale inprimatu ziren. Titulu guztien gehiengoa, 815, Bizkaian kokatutako argitaletxeek plazaratu zituzten, 565 Gipuzkoan kokatutako argitaletxeek, 222 Madrilgo argitaletxeek, 105 Nafarroako argitaletxeek, 46 iparraldeko argitaletxeek, 23 Valentziako argitaletxeek, 12 Bartzelonako argitaletxeek eta 10 Arabako argitaletxeak.[7] Konparaziorako, EAEn euskarazko 1.471 titulu argitaratu zirela dio barne merkataritza txostenak, eta hizkuntza guztietakoak kontuan hartuta, aldiz, 3.517.[8] Aipagarria da urte hartan euskarazko libururen bat argitaratu zuten argitaletxeen artean % 34ak baizik ez zuela urteko katalogoaren % 75 baino gehiago euskaraz argitaratu, eta % 43ak, aldiz, % 25 baino gutxiago argitaratu zuen euskaraz.

Lau sail nagusitan bereizten ditu liburuak euskarazko argitalpenei buruzko txostenak: helduentzako fikzioa (urteko tituluen % 13,4) –eta horren barruan kokatzen ditu nobelak eta ipuin liburuak, poesia, antzerkia, kritika lanak eta saiakera literarioak–, haur eta gazte literatura (% 25,6), unibertsitatekoak ez diren testuliburuak eta material osagarriak (% 41,3), fikziozkoak ez diren testuak (% 15,7) –zientziak, gizarte-zientziak, ekonomia zientziak, zuzenbidea, erlijioa, liburu praktikoak, dibulgazioa eta hiztegiak–, eta horietatik kanpo geratzen diren bestelako liburuak, komikiak eta bestelakoak (% 4).[9]

Ekoitzitako aleetan ere nabarmena da aldea. Argitaratutako liburu guztien 1.618.000 ale dagozkie unibertsitatekoak ez diren testuliburuei. Batez ere Lehen Hezkuntzako (678.000) eta DBHko (469.000) liburuei dagokie kopurua. Testuliburuak ez diren euskarazko liburuen ale gehien, ordea, haur eta gazte literatura sailean ekoizten dira: 745.000 ale 2019an. Hurrengo sailarekiko sekulako aldea dago, helduentzako fikzioa deritzon saileko 277.000 ale inprimatu ziren –190.000 nobela eta ipuin liburu, 32.000 poesia eta antzerki liburu eta 55.000 bestelako–, eta gainerako 238.000 aleak fikziozkoak ez diren testuei dagozkie.[10]

Argitaratutako izenburuen eta ekoitzitako aleen kopuruak hartuta, 2019an argitaratutako tituluen batez besteko tirada 2.226koa izan zen. Sailez sail aztertuz gero, batez besteko tiradarik txikiena Ipar Euskal Herriko poesia eta antzerki liburuei dagokie, izenburu bakoitzeko batez beste 272 ale inprimatu baitziren. Batez besteko tirada handiena, aldiz, EAEn ekoitzitako (txostenak ez du xeheago azaltzen datua) unibertsitatekoak ez diren testuliburuen izenburuei dagokie: 3.600 ale izenburuko.[11]

IRABAZIAK SAILKA

Azterketaren arabera, 2019an euskarazko liburuen salmentatik argitaletxeek lortutako fakturazioa 39.825.050 eurokoa izan zen.[12] EAEko liburugintzaren fakturazio osoa, alderaketarako, 65.079.000 eurokoa izan zen (euskarazkoa horren % 57,1).[13] Euskarazko liburuen merkaturatzetik eratorritako fakturazio osoaren % 75,2 (29.963.000 euro) unibertsitatekoak ez diren testuliburuei dagokie. Gainerako % 24,8tik, % 17,0 (6.779.000 euro) haur eta gazte literatura sailari dagokio, % 5,0 (2.005.000 euro) helduentzako fikzioari, % 2,1 (836.000 euro) fikziozkoak ez diren testuei eta % 0,6 (243.000 euro) bestelako argitalpenei.[14]

Orotara, euskarazko liburuen 2.674.922 ale saldu ziren 2019an. Ekoitzitako eta saldutako liburuen arteko aldea 308.312 alekoa da, hau da, euskaraz argitaratutako liburuen % 10,3 ez zen saldu. Baina kontuan hartu behar da urte batean argitaratutako ale guztiak ez direla nahitaez urte horretan bertan saltzen. Euskarazko liburuen batez besteko salneurria 14,9 eurokoa izan zen 2019an.[15]

Fakturazioaz ari garela, interesgarria da Durangoko Azokaren fenomenoa ere aztertzea. Izan ere, duen inpaktu ekonomikoa ez da nolanahikoa. 2019an eman zuen Gerediaga Elkarteak, azokaren antolatzaileak, Siadecok 2018ko azokako datuekin egindako ikerketaren berri. Orotara, bisitariek 1.737 milioi euroko gastua egin zutela iragarri zuten eta horren % 60 erositako liburuei zegokiela. Horrez gain, azokako salmentek batez beste urte osoko fakturazioaren % 22 hartzen dutela argitzen zuen ikerketak.[16] Ziur aski, liburugintzaren ekoizpeneko sail batzuen salmentaren zati handiagoa izango da beste batzuetakoa baino. Hau da, literatur lanen urteko salmenten zati garrantzitsuagoa izango da Durangoko Azokakoa testuliburuena baino. Izan ere, liburu guztien merkaturatze bideak kontuan hartuta, zatirik handiena liburu-dendei (% 38,7), eta enpresa eta erakundeei dagokie (% 29,4) –azken bide horren barruan dago ikastetxeetako liburuen salmenta–. Hurrengo, liburu-denden kateak leudeke (% 17,5), hipermerkatuak (% 7,3), beste bide batzuk –liburutegiak, kioskoak, liburu azokak– (% 5,1) gero eta klubak eta harpidetzak (% 2), azkenik.[17]

Euskarazko liburugintzaren merkatuaren proportzioak alderatzeko Espainiako Estatuko beste hizkuntza gutxiagotu batzuetako datuei, Espainiako Estatuko datu orokorrei eta Frantziako Estatuko datu orokorrei erreparatuko diegu. Espainiako Editoreen Elkarteen Federazioak argitaratutako 2019ko liburuaren barne merkataritzaren txostenak katalanezko eta galizierazko liburugintzaren sektoreei buruzko zenbait datu ematen ditu, argitaratutako izenburuen, ekoitzitako aleei eta fakturazioari buruzkoak, besteak beste.[18]

Txostenaren arabera, katalanaren kasuan, 11.040 titulu argitaratu ziren 2019an eta 229,4 milioi euroko fakturazioa ekarri zuen liburuen salmentak. Fakturazioaren % 46 dagokie testuliburuei, % 21,3 helduentzako fikzioari (euskararen kasuan % 5), % 18,4 haur eta gazte literaturari (% 17,0, paretsu), % 13,3 fikziozkoak ez diren liburuei (euskaraz % 2,1), eta % 0,9 beste sailak.[19]

Galizierazko 1.766 titulu argitaratu ziren 2019an, eta 16,1 milioi euroko fakturazioa ekarri zuten: % 34,2 dagokio haur eta gazte literaturari, % 32,8 testuliburuei, % 18,4 helduentzako fikzioari, % 13,9 fikziozkoak ez diren liburuei eta % 0,8 beste sailei.[20]

Espainiako Estatutan gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan argitaratutako liburuen salmentatik 2.124,1 milioi euro fakturatu ziren (orotara, Espainiako Estatuan hizkuntza guztietan argitaratutako liburuen salmentak 2.400 milioiko fakturazioa ekarri zuen). Horren % 31,8 eta % 31,7 dagokie, hurrenez hurren, testuliburuei eta fikziozko ez diren liburuei, % 20,7 helduentzako fikzioari, % 12 haur eta gazte literaturari eta % 3,8 beste sail batzuetako liburuei.[21]

Frantziako Estatuko argitalpenen azterketari ere errepara diezaiogun. Espainiako Estatuko liburugintzaren eta euskarazko liburugintzaren azterketan baliatutako sailkapena bera ez bada ere, pareka daitezke emaitzak. Orotara 2.806 milioi euro atera ziren 2019an liburuen salmentatik Frantziako Estatuan, eta orotara 456 milioi liburu ale saldu ziren. Orain arte erabili dugun sailkapena jarraituz, literatura sailak (helduentzako fikzioa sailaren parekoa) merkatuaren % 21,5eko zatia izan zuen 2019an, gazte literaturari (haur eta gazte literatura sailaren parekoa) % 13,2 dagokio, testuliburuen sailari % 14,6, giza eta gizarte-zientziak (% 14,3), liburu praktikoak (% 12,8), zientziak eta teknika (% 2,5), erlijioa (% 1,6), dokumentuak, gaurkotasuna eta saiakerak (% 3,8), hiztegiak eta entziklopediak (% 1), mapak eta atlasak (% 0,6) fikziozkoak ez diren liburuen kategorian sar genitzakeenak, fakturazio osoaren % 36,6 osatzen dute, eta orain arte «beste sail batzuk» kategoriaren barruan leudekeen komikiek eta arte-liburuek % 14,1 osatzen dute.[22]

KONTSUMOA ETA LITERATUR MERKATUA

2017an Euskal Herri mailako ikerketa egin zuen Siadecok Elkar Taldearentzat.[23] Tartean, irakurketa ohituren eta liburuen erosketari buruzko datuak bildu zituzten. Interesgarria da emaitza horiei erreparatzea ekoizpenaren beste aldean dagoenaz aritzeko, kontsumoaz.

Egindako inkestaren emaitzen arabera, euskal herritarren % 11k irakurtzen ditu euskarazko liburuak. Haien % 6k ohikotasunez eta % 5ek noizbehinka. Euskal herritarren laurdena baizik ez da euskalduna, eta horrek nabarmen baldintzatzen du datua, noski. Hala eta guztiz ere, Siadecoren ikerketan jasotako datuen arabera, euskaraz dakiten herritarren artean ere gutxiengoak irakurtzen ditu euskarazko liburuak, % 42k; euskaldunen % 22,9 da ohiko irakurlea eta % 19,4 noizbehinkako irakurle. Konparatzeko, irakurle euskaldunen % 62,9k erdarazko liburuak irakurtzen ditu, % 44,4k ohikotasunez eta % 18,5ek noizbehinka.

Euskal Herriko 16 urtetik gorako biztanleen % 70 lirateke irakurleak (azken sei hilabetean gutxienez liburu bat irakurri dutenak), eta % 58, aldiz, ohiko irakurleak eta % 12 noizbehinkakoak. 16-25 adin-tartekoek irakurtzen dute gehien, baina ikasketei loturiko irakurketek puzten dute datua. Izan ere, aisialdirako euskarazko liburuen irakurleen ehunekoa % 15,1era jaisten da.

Siadecok emandako datuen arabera, beraz, Euskal Herrian milioi eta erdi lagun lirateke ohiko irakurleak orotara. Horietatik, euskarazko liburuen ohiko irakurleak 160.000 lirateke. Euskarazko idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen merkatua 150.000 lagunen bueltan zedarritzen du ikerketak. Euskaraz dakitenen artean euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia horretarako erraztasun falta dela erantzun zuten galdekatutakoek.

Euskarazko irakurleen kopuru hipotetikoa eta haien nolakotasuna behin eta berriro aipatzen den zerbait da. Bernardo Atxagak zuzendutako Euskaltzaindiaren Erlea literatur aldizkariak «1.700en aldizkaria» leloa zeraman, esaterako. Adieraziz 1.700 irakurleko kopuru sendoa zuela euskal literaturak. Jakina, orain arte, literaturaz baino gehiago, liburugintzaz aritu gara, eta ikusi dugu nolako pisua duten literariotzat jo ohi ez diren testuliburuek. Harkaitz Zubirik landu zuen euskal literaturaren irakurleen gaia sakonago 2013an.[24] Atxagaren 1.700, Euskadiko Editoreen Elkarteak 2009an proiektatutako 41.000 eta Iban Zalduak 2012an aipatutako 10.000 irakurleak aipatzen ditu Zubirik.

Honako balizko ondorio hauetara heltzen da Zubiri, hainbat datu alderatuz eta irizpide propio batzuk ezarriz: 15.000-20.000 lirateke ohiko irakurle sutsuak (hau da, urtean 12 liburutik gora irakurriko luketenak); 40.000 lirateke ohiko irakurle moderatuak (urtean 5-12 liburu); eta 100.000-150.000, aldiz, tartekako irakurleak.

ONDORIO BATZUK

Eusko Jaurlaritzaren txostenean aipatzen denez, 2013tik aurrerako joerek indarrean jarraitzen dute oraindik. Hau da, handia da oraindik ere euskarazko liburugintzak haur eta gazte literaturarekiko eta unibertsitatekoak ez diren testuliburuekiko duen mendekotasuna.­[25] Horrez gain, lurraldeka alderatuta, argia da Gipuzkoa eta Bizkaia direla euskarazko liburugintzaren merkatuaren erdigunea, euskal hiztunen gehiengoa ere bertan baitago kontzentratuta. Badirudi, beraz, batetik, euskarazko liburugintzaren merkatua mugatuta eta harrapatuta dagoela. Pintza hori ezin agerikoagoa da haur eta gazte literatura saileko liburuen salmentetatik helduentzako liburuen salmentara dagoen aldean. Bidean galtzen doaz euskal irakurleak, hezkuntza arautuaren esferatik urrundu ahala.

Euskarazko liburugintzaren hastapenetatik bide luzea egin du sektoreak industria gisa, orduko hartan harpidetzen bidez funtzionatzen baitzuten argitaletxe gehienek. Baina badirudi egungo egoeran gailur batzuk jotzen ari dela, muga batzuk ezin baititu gainditu. Euskarazko liburuen ekoizpenak (zer esanik ez euskarazko literatura liburuen ekoizpenak) bere horretan ahalmen oso urria dauka balioaren errealizaziorako eta horretarako beharrezkoa den modernizazioa aurrera eramateko. Urteetan zehar behin eta berriz aipatzen den ahulezietako bat da sektorearen atomizazioa, batez ere literatur lanen ekoizpenaz ari garelarik. Profesionalizazioa eta normalizazioa aspalditik datozen helburuak dira. Egun, ordea, zirrikitu gutxi ditu sektoreak, eta azken urteetako aurrerapausoek merkatua zabaltzen ez bada eman dezakeena laster agortuko dutela dirudite. Enpresa txiki eta espezializatuak daude batetik, eta enpresa multzo dibertsifikatuak bestetik. Lehenengoek batez ere dirulaguntza publikoei esker mantentzen dute euren ekoizpena. Era berean, euskara hutseko jarduna duten bigarrenen jarduna ere erruz baldintzatzen dute instituzio publikoetatik egiten diren politikek. Hala ere, eta haur eta gazte literaturan zein testuliburuen merkatuan handienetarikoak diren argitaletxeen gehiengoak erakusten duenez, multinazionalen adar baten adar are txikiagoa baizik ez dira euskarazko liburugintzaren zati handi baten jabe, eta horientzat euskara ez da merkatu zati berezitu bat besterik. Horregatik, Torrealdairen euskal curriculumaren inguruko kezkatik harago pausatu beharko genuke begirada. Hain zuzen ere, euskarazko liburugintzako beste sektore batzuk errentagarriagoak bilakatu ahala orokortu daitekeen joera da.

Irakurle potentzialen zifra hori, oso eskuzabal jardunda 150.000 inguruan koka daitekeena, erakusgarria da. Batez ere euskaldunek euskaraz irakurtzeko duten zailtasunak ezaugarritzen du muga hori, eta irakurlego hori multzo zehatz batzuetara mugatzen da. Literaturaren kasuan agerikoa da Durangoko Azokak duen eragina (liburugintzaren fakturazio osoaren zati hain txikia izanik). Arnasgune bat da argitaletxe askorentzat, eta urteko argitalpen plangintzak erabat baldintzatzen ditu. Durangoren ispilu bat (edo batzuk) sortzea ere askoren buruan egon da, hau da, azokaren efektua urtean zehar zabaltzea. Auzia da ea badagoen egiaz horrenbeste irakurle, eta ea gaur egun dagoeneko ez ote dagoen gainprodukziorik.

Nolabaiteko egoera artifizial horren erakusgarrietako bat da, baita ere, berrargitalpenen kopuru urria. Beste hizkuntza batzuetan ohikoak diren berrargitalpenak, poltsikoko edizio gisa, esaterako, kasik ez dira existitzen euskal literaturan. Gehien berreditatzen diren liburuak hezkuntza arautuko nahitaezko irakurketen zerrendetara heltzea lortzen dutenak dira. Zer esan nahi du horrek? Ez dagoela liburu zaharrentzako irakurle berririk?

Argitalpen politikekin lotutako beste auzi bat, eta bat baino gehiago kezkatu izan duena, zera da, nola nazioarteko literatura komertziala euskarara apenas itzultzen den. Azken urteotan ari gara ikusten horri buelta emateko ahalegin batzuk, baina ez da batere joera orokortua. Horretarako arrazoietako bat izan daiteke ez dela merkatu bideragarri gisa ikusten: euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dagoenez –eta are gutxiago euskarara ekarritako lanak– inguruko beste hizkuntzetan irakurtzen dira nazioarteko liburu komertzialak, eta, beraz, euskarazkoen erosle potentzialen kopurua are baxuagoa da. Baina sorgin gurpil baten hasiera izan daiteke hori.

Euskaldunok euskaraz gehiago irakurtzea lortuz gero, edo, batez ere, euskaldun gehiagok euskaraz irakurtzea lortuz gero, nabarmen handituko litzateke merkatua, esaterako. Koxka hor dago, ordea, nola egiten da hori? Nahikoa al da, Siadecok egindako ikerketaren emaitzen berri ematean Elkar Fundazioaren izenean Joxe Mari Sorsek esandakoa, «liburugintzaren sektorearen eta administrazioaren artean egiteko euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea»?[26]

Hain zuzen ere, ikerketaren emaitzetan agertzen den bigarren puntuarekin ez da argi ezkontzen ideia hori: «Euskaldunen % 42ak esaten du euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Horrek, zoritxarrez, agerian uzten du euskaldunen ia erdiaren hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera. Beraz, defizit inportante bat dugu hor».[27] Eta nola egiten zaio defizit horri aurre? Euskara nolabait errentagarritasun kapitalistari erantzuteko moduan behingoz eta modu eraginkorrean txertatuz? Errentagarritasun kapitalistaren logikatik batere ateratzen ez den industria kultural propio eta bertako bat sustatuz?

Euskal Herriko diglosia-egoera pentsamendu burgesak proiektatzen duena baino askoz ere sakonagoa da: euskara suntsituta dago hizkuntza ekonomiko gisa gizarteko masa zabalengan eta fakzio politiko burgesen borondatearen arabera irauten du bizirik, batik bat modurik errazenean merkantilizatu daitekeen eremuetan. Alegia, bizimodu kapitalista garaikidean sustraituta dauden hizkuntzak, bizitza sozialaren alderdi guztietarako balio digutenak, gaztelania eta frantsesa dira egun, eta euskarak kostata eusten dio bere lekuari. Ondorioz, literatur industriak eta liburugintzak dituzten auziek euskararen arazo sozialean dituzte beren oinarriak eta arazo horixe gainditzetik pasatzen da haien konponbidea ere. Ez da nahikoa instituzio burgesen parte-­hartze kuotak handi daitezen eskatzea edo literaturagileen lana «duindu» beharraren aldarri abstraktuak egitea: literaturaren legeak ere, egun, merkatuak ipintzen ditu, eta ez dugu bakerik izango hura forma sozial gisa gainditu ezean.

OHARRAK

1 Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena 2019. Eusko Jaurlaritza (2021)

2 Eizagirre Gesalaga, Xabier. 2021. «Euskal liburugintza 2018». Jakin, 241.

3. Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpenei buruzko XXV. txostena. 2019ko barne merkataritza. Eusko Jaurlaritza (2021)

4. Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena 2019. 3. taula

5. Ibid. 33. taula

6. Ibid. 4. taula

7. Ibid. 3. taula

8. Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpenei buruzko XXV. txostena. 3. taula

9. Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena 2019. 8. taula

10. Ibid. 10. taula

11. Ibid. 12. taula

12. Ibid. 18. taula

13. Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpenei buruzko XXV. txostena. 22. taula

14. Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena 2019. 18. taula

15. Ibid. 22. taula

16. «Sei milioi euroan kuantifikatu dute Durangoren eragin ekonomikoa». Berria.eus (2019/12/10)

17. Ibid. 21. taula

18. Comercio Interior del Libro en España 2019. Federación de Gremios de Editores de España (2021)

19. Ibid. 83. taula

20. Ibid.

21. Ibid.

22. Les Chiffres de l’Édition 2019-2020 Synthèse. SNE

23. Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa 2017. Elkar eta Siadeco

24. Zubiri Esnaola, Harkaitz. 2013. «Euskal literaturaren irakurleak zenbat eta nolakoak diren aztergai». Uztaro, 87, 51-68.

25. Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena 2019. 59. orrialdea

26. «Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohiturak aztertu ditu Elkar Fundazioak, Siadeco Ikerketa Elkartearen eskutik». Elkar. 2018/03/14

27. Ibid.

IRUZKIN BAT
  1. JA
    Jon Andoni Gómez 2023/09/19

    Kaixo, eztabaida bat sortu da nere inguruan, zera zenbat "euskaraz kultaradun pertsonak" egon daiteke Euskalherrian eta munduaren zehar.
    Questio zaila dela erantzuteko jakin ezkero, hurbilketa bat esan dezake?
    Mila esker zure arretagatik.

    Jon A. Gomez

    Kaixo, eztabaida bat sortu da nere inguruan, zera zenbat "euskaraz kultaradun pertsonak" egon daiteke Euskalherrian eta munduaren zehar.
    Questio zaila dela erantzuteko jakin ezkero, hurbilketa bat esan dezake?
    Mila esker zure arretagatik.

    Jon A. Gomez