Migrazioaren auziak agenda publikoan indarra hartzen jarraitzen du, eta jeltzaleek nahiz EH Bilduko ordezkariek berriz izan dute ahotan azken orduetan. EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, berriz defendatu du migrazioa "ordenatua, erregularra eta segurua" izan behar dela, Radio Euskadin eskainitako azken elkarrizketan. Modu horretan egin nahi izan du pauso bat atzera, duela gutxi erabili duen "migrazio selektibo" terminoa zuzenduz, baina eskatu du "terminoetan ez zentratzeko".
Gainera, azken astean egindako adierazpen polemikoak berretsi eta errepikatu ditu jeltzaleak: pertsona migratuak "Euskadira lanera etorri" behar direla adierazi zuen aurreko astean, eta aste honetako hitzaldian berriz aldarrikatu du hori. Gaineratu du "lanak izan behar duela integraziorako bide nagusia" eta, "eskubideez" gain, "betebeharrak" dituztela pertsona migranteek, betebehar horiek soldatapeko lanari lotuta daudela iradokiz.
EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandiano ere aritu da migrazioaz EITBn aste honetan, Aitor Estebanek leporatu ostean koalizioa ez dela "bustitzen" gaiari buruz hitz egitean. Ezker Abertzaleak babestu izan duen ideia bati heldu dio Otxandianok: "Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi den oro eta Euskal Herrian lan egiten duen oro; eta euskalduna da, gainera, euskaldun izan nahi duen oro". Horrekin batera, Otxandianok esan du, "inklusio soziala bermatzeko" eta "oinarrizko bizi-baldintza material duin batzuk bermatzeko", "laneratzea" dela "prozesu gakoetako bat"; "lehenbizikoa eta inportanteena", bere iritziz.
Horregatik, laneratzeari begirako "politika publiko aktibo" bat aldarrikatu du EH Bilduko eledunak: "Orain arte Lanbidek historikoki [...] egin izan duena da DSBE (RGI) gestionatu. Behar dugu Lanbide bat askoz ere proaktiboagoa". Bestalde, "kohesio soziala eraikitzeko", "euskal nortasuna" eta "hizkuntza" ere aipatu ditu mekanismo modura.