«Ongi etorri birtualaren arora, taxonomiarik gabeko garaira, sailkaezinaren sentsorium berrira, non, agian, kode zibilaren heriotza koderik gabeko zibilizazio moduko baten hasiera baino ez den. Agian Instagramen morala da aurrera egingo duena, izenak adierazten duen bezala, unearen justizia baita» — Francisco Sierra Caballero
Azken hamarkadako ikerketa kulturalen inguruan orokortu den terminoetako bat plataformen kapitalismoa da. Ikerketa-ildo materialista horiek gezurtatu egin nahi dute bideojokoak eta sare sozialak ideologiarekin zerikusirik ez duten kontsumo pribatiboko plataformak direla. Izan ere, ohiko pentsaera da ideologia komunikabideen, prentsaren eta gaurkotasuneko informazioaren bidez soilik erreproduzitzen dela, bai eta hedabideen politika eta ekonomia ataletara mugatzen dela ere.
Ikerketa horien ondorioak jasotzen ditu Sierra Caballerok. Haren hitzetan beharrezkoa da ardatz aldaketa bikoitza; alde batetik, ideologiaren ardatz klasikotik semiologiarakoa –hau da, errepresentazioan kontraesanak nola eraikitzen diren ikusaraztea– eta, bestetik, informazio politikoa gaurkotasun euskarri klasikoetatik entretenimenduaren plataformetara nola mugitzen den bistaratuko duen ardatza.
Sierra Caballerok gizarte-bitartekaritzari egiten zaion kritika oro baieztatzen du, haren ustez bitartekotza ez baita euskarri bakarrik, «baizik eta diskurtsoa edo informazioa adierazteko prozesu orotan dauden berariazko kultura-prozesu inplizitu edo ezkutuak». Bi tradizioren arteko eztabaida klasiko batetik abiatzen da: «batetik, komunikazioaren arazoa hedabideak (hau da, kanal baten bidez mezu bat publiko gutxi gorabehera sakabanatu bati transmititzen dion igorleak) direla uste dutenak daude; bestetik, hedabideak ulertzeko testuinguru historikoak eta kulturalak (hau da, hedabideen historia, bitartekaritza kulturala) aztertzea beharrezkoa dela uste dutenak daude».
Ikuspegi marxista batetik, ikerketa horiek mahaigaineratzen duten ikasgai nagusietako bat da bitartekaritzari egiten zaion kritika orok merkantziaren fetitxismoari egindako kritikatik sortutako ikuspegi zabal batetik abiatu behar duela: hau da, definitzea hedabideen diskurtsoa, entretenimenduarena bada ere, zein zentzutan ari den kultura kapitalistaren erreprodukzioaren logika nagusiak errepikatzen.
Kapitalismo kognitiboaren edo bitartekaritzaren analisi materialistak ezinbestean dakar kritika orok fetetxismoaren auzia jarri behar duela erdigunean; irudien eta iruditerien ikerketa horiei kritika ekonomizista egiten bazaie ere.
«Besteak beste, literaturan, zineman, bideojokoetan, gero eta ohikoagoa da zonbien tematika. Eta ez da berria, kapitalismoaren krisiaren historiako beste garai batzuetan bezala, plano imaginarioan historiaren baitako aldaketa material konkretuaren errepresentazioak dira: hori literaturaren teoria kritikoak aztertu du. Hain zuzen ere, fetitxismotik abiatuta, irudikapen-prozesu horiek konektatzen dituzte entretenimenduaren bidez Kapitalaren fantasmagoria berreraikitzeko beste prozesu batzuekin».
Hala, gure garaian ageri dira berriro ere, Caligari Doktorearen Kabinetea filmeko Conrad Veidt-en itzalak (1920) Nosferatu (1922) edo Metropolis film klasikoko Bihotz Makina (1927). Kapitalismoaren garapenaren irudikapen fantasmagoriko hori da, gaur egun ere, Europan zehar dabilen mamua.
Lehen esan dugun moduan, gaur egungo ikerketa kulturalen erronka, arlo honetan, entretenimenduaren industriatik, eta, zuzenean, plataforma teknologiko horietatik, kultura kapitalista nola erreproduzitzen den aztertzea da. Era berean, hipotesiak mahaigaineratzeaz gain, kultura komunista bideratuko duen norabidea planteatzea dute helburu, beste behin ere une historiko honen ezaugarri den haustura eta krisi egoerak irekiko dituen aukeretatik abiatuta.
Hala, ikerketa kulturalen lehen autoreetatik abiatuta (Gramsci, Benjamin, Adorno, Horkheimer eta Williams, besteak beste), gailu teknologikoak produktu kulturalak dira eta prozesu eta logika kulturalak transmititzen dituzte, Estatuaren aparatu ideologikoak baitira.
Horren adierazgarri da Doing cultural studies: The Story of the Sony walkman liburua. Bertan azaltzen da zergatik gertatzen diren berrikuntza teknologikoak modu horretara, eta «zergatik hasi ziren aurrerapen teknologiko horiek walkman-arekin, eta ez beste gailu tekniko horizontalagoekin, kolektiboagoekin, eta ez indibidualekin». Izan ere, balio-logika batek erabilera eta praktika bat sortzen ditu, kontsumo indibidualizatuko logika bati lotuta. Hala, sare sozialak komunikazio kolektiboko plataformak direla dirudien arren, indibidualismoan eta gizabanakoaren disoziazioan sakontzen duten tresnak baino ez dira, erabiltzaile-sare batean elkarreragiten baitute, merkantzia gisa.
Balio-logika batek erabilera eta praktika bat sortzen ditu, kontsumo indibidualizatuko logika bati lotuta. Hala, sare sozialak komunikazio kolektiboko plataformak direla dirudien arren, indibidualismoan eta gizabanakoaren disoziazioan sakontzen duten tresnak baino ez dira, erabiltzaile-sare batean elkarreragiten baitute, merkantzia gisa
Hala, kultura komunista ebatzi gabeko auzia da, edo behintzat guztiz ebatz ezin daitekeena. Ezin da proiektatu erabateko forma. Eraikitzen joango garen prozesu bat da, eta bere sorreraren oinarrian dagoena hau izango da: ematen ditugun aurrerapen estrategikoetatik ateratako ondorioak behatu eta horien egokitasunaz eta desegokitasunaz hausnartzea.
Botere burgesak dimentsio desberdinak izan ditzake; dimentsio ekonomikoaz eta politikoaz gain, klase borrokak dimentsio edo osagai kultural bat ere badauka, langile masen azpiratzea modu kulturalean ere gertatzea ahalbidetzen duena. Burgesiak langile masen gainean duen hegemonia kulturalaren bitartez zehazten ditu jendartearen pentsamenduak eta jokabideak. Are gehiago, determinatu egiten ditu. Hau da, klase borrokak dimentsio desberdinak ditu eta efektu diferenteak sortzen ditu. Denak, ordea, elkarlotuta daude eta beren balioa botere burgesaren iraungarritasuna birsortzea eta areagotzea da.
Beraz, beharrezkoa da botere burgesak dituen dimentsio desberdinak eta horien konplexutasuna ulertzea. Horretarako, konplexutasun horri heltzeko hainbat helduleku eta perspektiba egon daitezke: subjektibitate zapalduen prisma, askatasun politikoen auzia, eta dominazio kulturalaren auzia, besteak beste. Hirugarren horretaz jardungo dugu jarraian.
Zer dakar burgesiaren botereak? Nola azter dezakegu burgesiaren botereak dituen efektuak? Subjektibitate zapalduak eratzen ditu, askatasunen ezabapenak dakartza eta kulturalki dominatu egiten gaitu. Horiek ez dira fenomeno isolatuak; nahiz eta desberdinak diren, elkarlotuta daude.
Subjektibitate zapalduen ikuspegia horiek azpiratzeko nahiz zapaltzeko helburuarekin garatzen da, burgesiarentzat funtzionalak direlako, horietatik etekin handiagoa lortzen baitu. Besteak beste, plataforma digitalen bitartez gazte problematikaren zehar-lerro nabarmenak agertzen dira. Hain zuzen ere, plataforma digitalen bitartez, eta sare sozialak medio, bereziki, entretenimenduaren industriak orokortu daitezkeen hainbat auzi analitiko mahaigaineratzen ditu.
Elkar harremantzeko plataformak izatetik urrun, entretenimenduaren plataforma horiek, itxuraz, edukiz hustuta daudela badirudi ere, lehen ikasketa kultural materialistetatik nabarmendu diren Estatuaren aparatu ideologiko gisa agertzen zaizkigu. Aspektu horrekin lotutako kritika orok erdigunean dauzka bi korronte analitiko, gazte problematikari dagokionez: aparatu horiek klase ertainaren seme-alabengan duten eragina, eta gazte langileengan dutena.
Izan ere, modernizazio kapitalistarako tresna horiek bizi-aspirazio kapitalistaren hedapen bitarteko nagusiak bilakatu dira. Hala, igogailu sozial horretan edonoren eskurakoa dirudien bizi-mailaren erakusleiho bilakatu dira; are gehiago, erreferentzia sinboliko bilakatu dituzte promesa horien narratiba daramatenak. Hain zuzen ere, idolo berri horiek (instagramer, youtuber, twitcher) subjektu eskuraezinak izatetik urrun, gertukoak diruditen pertsonek gorpuzten dituzte lorpen horiek. Badirudi, horrela, borondate hutsez lor daitezkeela aspirazio horiek, bizi-maila hori hatz puntekin uki dezakegula, horien errepresentazioa gure egunerokotasunaren aspektu intimoenetara sartu baita (gustu musikalak, aisialdia, harremantze ereduak, elikadura, sexualitatea…). Horiek, ordea, modu orokorrean, klase ertaineko seme-alaben bizitzetan baino ezin dira egikaritu. Gainontzean, gazte langileentzat ez da soldata debaluaziorako eta despolitizaziorako tresna baizik, eta aurpegi gordinena erakusten dute emakume langileen sexualizazioan, haien aurkako indarkerian eta debaluazioan.
«Igogailu sozial» horretan edonoren eskurakoa dirudien bizi-mailaren erakusleiho bilakatu dira; are gehiago, erreferentzia sinboliko bilakatu dituzte promesa horien narratiba daramatenak
Azken horrekin lotuta, aipatu beharreko beste aspektu bat askatasun politikoen ikuspegiarena da. Izan ere, burgesiaren boterea jendartearen zati handienaren askatasunaren ukapenean oinarritzen da, eta hortik erreparatzea ere interesgarria da. Kontrol sozialaren, eskubideen ezabapen progresiboaren eta jazarpen polizialaren ikuspegitik (datu baseak, ordutegiak, bizi-ohiturak…) plataforma horiek, batetik, merkantzia bilakatzen dituzte interakzioak, eta, era berean, merkatu bilakatzen dituzte plataforma horiek. Gainera, ustez demokratikoak eta adierazpen askatasunaren berme diren euskarri horiek, finean, ez dute indibidualismoa, auzi sozialekiko arduragabetasuna eta ideologia burgesa baino hedatzen. Plataforma horiek propaganda politikorako eta esku-hartze politikorako bitartekoak baldin badira ere, kasurik onenean, orokorrean, krisi ekonomiko eta politikoak berak sortutako haserre eta frustrazioaren kanalizaziorako tresnak besterik ez dira. Gainera, Ukrainakoa bezalako auzietan, argi ikusi dugu demokrazia burgesaren gainbeheraren beste adierazle nagusienetariko batek, totalitarismoak, horietan ere eragina duela: zentsura, propaganda eta manipulazioa.
Izan ere, araurik eta aginterik gabekoak diruditen plataforma horietan ere, azken buruan, agerian geratzen da, inertziaz agintzen duen mundu ikuskera ideologia burgesa dela. Ekida Arte Ekimen Sozialistak ondo azpimarratu gisa, kosmobisio kapitalistak ezartzen dituen patroi kulturalen arabera irudikatzen dira ideologia eta zentzu komuna euskarri horietan. Hau da, mundu ikuskera kapitalistak, besteak beste, ondorengoak determinatzen ditu: norbanakoen balio moralak, harremantze eredua, anbizioak, aspirazioak, gustuak, erreferenteak, umorea, justua eta injustua denarekiko ulerkera, ongiaren eta gaizkiaren ulerkera eta politikarekiko ulerkera. Era berean, entretenimenduaren industria ez dago horretatik salbu. Are gehiago, estrategia horren sostengu nagusi bilakatu da. Datu adierazgarri batekin amaitzeagatik, bideojokoen industriak, pandemiaren erdian, inoizko inbertsiorik handiena jaso zuen Espainiako Estatuaren partetik, 70 milioi euro. Gainera, bono kulturala jarri du abian gazteentzat, bideojokoen bonoa izenarekin ezagunagoa.
Araurik eta aginterik gabekoak diruditen plataforma horietan ere, azken buruan, agerian geratzen da, inertziaz agintzen duen mundu ikuskera ideologia burgesa dela
HEMEN ARGITARATUA