Tolstoi izeneko poeman honela adierazi zuen Arestik, ohikoa zuen hizkera zirikatzailean: “Kristo zalea naiz. / Bera gerra ekartzera / etorri baitzen, / eta bakeak / euskarari / kalte egiten / baitio”. Itxuraz ziria besterik ez denak izan dezake egiatik, ordea. Nork idatzia den jakinda, errezeloa daukat baiespen hori euskararen eta politikaren arteko erlazioari buruzko ohartarazpena dela: “Ez ezazue ahantz, euskararena afera politikoa da!” edo horrelako zerbait. Horrexegatik iruditzen zait ziria iradokitzailea. Izan ere, nago ez ote garen euskara tratatzen ari ekologikoki, ekologikokiegi, eta klase-borrokarik gabeko ekologismoak lorezaintzan geratzeko arriskua izaten du.
Datozen lerroetan, intuizio horri tiraka buruan erabili ditudan hausnarketa pertsonalak aletzen saiatuko naiz. Pertsonalak, diot, ez euskarak ezinegon pertsonala sortzen didalako soilik (esan gabe doa sortzen didala), baizik eta gogoetok ez direlako kidea naizen mugimendu politikoaren adierazpen ofizial bat. Leudekeen tokiz kanpoko ideien eta akatsen ardura osoa neurea da, beraz.
IKUSPEGI EKOLOGIKOTIK POLITIKORA
70eko hamarkadan hasi zen itxuratzen hizkuntzen gaineko ikuspegi ekologikoa. Ekologia biologikoaren arrastoan, ekologia linguistikoak hizkuntzak espezie bihurtu zituen eta beren inguruabarrekin eta gainontzeko hizkuntz espezieekin zein erlazio dituzten aztertzea proposatu zuen. Horrela, hizkuntzen askotarikotasuna, bilakaera eta elkarrekikotasuna aztertzeko markoa ezarri zuen ekologia linguistikoak, lehenago ekologia biologikoak izaki bizidunekin egin zuen ildotik. Organismoek eta hizkuntzek ez dute airean flotatzen, izan ere.
Funtsean, hizkuntzen gaineko kontzientzia ekologistak, lorezain-jarrerak, honako uste hau inplikatzen du: hizkuntzen balioa ez da estrintsekoa edo instrumentala soilik, intrintsekoa edo berezkoa ere bada. Esan nahi baita: hizkuntzek daukaten balioa ez daukate komunikazio-tresnak diren aldetik bakarrik, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Zelanbait, jarrera ekologistak iradokitzen du hizkuntzek duintasuna dutela, eta, jakina denez, duintasuna duenari irauteko eta garatzeko eskubideak zor zaizkio
Esparru teorikotik soziopolitikora jauzi eginda, XX. mendeko azken hamarkadetan gora egin zuten jarrera ekologistek, bai ekosistemen eta bizitza-formen dibertsitatearen defentsan, bai eta hizkuntzen dibertsitatearen defentsan ere. Funtsean, hizkuntzen gaineko kontzientzia ekologistak, lorezain-jarrerak, honako uste hau inplikatzen du: hizkuntzen balioa ez da estrintsekoa edo instrumentala soilik, intrintsekoa edo berezkoa ere bada. Esan nahi baita: hizkuntzek daukaten balioa ez daukate komunikazio-tresnak diren aldetik bakarrik, badago hizkuntzetan zerbait baliotsua dena berez. Zelanbait, jarrera ekologistak iradokitzen du hizkuntzek duintasuna dutela, eta, jakina denez, duintasuna duenari irauteko eta garatzeko eskubideak zor zaizkio.
Ikuspegi hori ohoragarria izanik ere, abstraktuegia gertatzen da hizkuntz auzia politikoki pentsatzeko. Konkretura joz gero, hizkuntzen duintasunaren arazoa hiztunen duintasunarena arazoa da; zehatzago, herritarren duintasunarena, herritarrak hiztunak ere badiren aldetik. Herritarrek, ordea, determinazio gehiago dauzkate hiztunak izateaz gain: ekoizpen-bitartekoen jabeak eta desjabetuak dira, etxejabeak eta maizterrak, burgesak, burges txikiak, langile aristokratak, proletarioak.
Subjektu determinatuen arteko interes-gatazkek herritarren arteko eskubide-gatazken forma beztitzen dute juridikoki, halako moldez, non gatazken forma juridikoak haien eduki erreala ezkutatzen baitu maiz. Zer da, ba, esaterako, etxebizitza-eskubidearen eta jabetza-eskubidearen arteko gatazka, etxejabeen eta maizterren arteko gatazkaren espresio juridiko partikular bat baizik? Etxebizitza-problematikan, gainontzekoetan legez, bandoak izaten dira, baina bando horiek ez dira berdinzaleak eta askezaleak izaten. Bistan denez, euskararen aferak ere baditu adierazpide juridikoak: sarri aritzen gara hizkuntz eskubideen urratzeaz edo esaten digute hizkuntz eskakizunek gainontzeko eskubideak urratzea eragiten dutela. Bada, zein da zuzenbide-gatazka horiek ezkutatzen duten eduki konkretua? Euskaldunen eta erdaldunen arteko tirabirak burgesen eta proletarioen arteko tirabirak al dira? Zein erlazio dute hizkuntz ardatzak eta klase-ardatzak gurean? Klase-dominazioaren aurkako borrokak hizkuntz zapalkuntzaren aurkako borroka ere izan behar du? Eta, hala izan behar baldin badu, nola? Ez dirudi erantzun sinplerik dagoenik.
Euskara gizateriaren ondare immateriala dela adierazte hutsa, behintzat, hankamotz gelditzen da galdera horiei erantzun egokia emateko; beharrezkoa da hizkuntz auzia (zehatzago, hizkuntza gutxituen auzia eta, horrenbestez, euskararen auzia) politikoki pentsatzea. Eta euskarari buruz politikoki pentsatzeko, planteamendu aldaketa bikoitza behar dugu: batetik, bilgarri juridikoez eta ideologikoez haragoko edukiari erreparatu behar diogu; bestetik, pentsatu behar dugu zein erlazio daukan afera horrek gure estrategia politikoarekin. Estrategia sozialistarekin, alegia.
Estrategia Sozialista Berriaren (ESB) lurralde-markoa nazioartekoa da; Europa mailakoa, gutxienez. Hortaz, ez du euskal sozialismorako bide-orririk proposatzen, baizik eta sozialismorako bide-orri orokorra, Euskal Herrirako ere balio duena. Horra aldea: euskal sozialismoa ala sozialismoa Euskal Herrian.
Marko estrategiko orokor horretan, gauden fase historikoari dagokion helburu estrategikoa komunismoa politikoki eta kulturalki berrosatzea da. Helburu horren barruan, ordea, bi eginkizun nagusi bereizi ditugu. Batetik, proletariotzaren sektore aurreratuenak organizatiboki batzea masa-antolakunde sozialistetan; bestetik, proletalgoaren kultura politiko orokorra eraberritzea sozialismoaren erreferentzia-sistema ideologikoan ardaztuta. Laburbilduz, gure estrategiaren plano orokorrean, fase honetako helburu estrategikoa honakoa da: langile-klasearen batasun politikoa eta kulturala erdiestea programa komunistaren eta kontzientzia sozialistaren inguruan.
Eta euskarari buruz politikoki pentsatzeko planteamendu aldaketa bikoitza behar dugu: batetik, bilgarri juridikoez eta ideologikoez haragoko edukiari erreparatu behar diogu; bestetik, pentsatu behar dugu zein erlazio daukan afera horrek gure estrategia politikoarekin. Estrategia sozialistarekin, alegia
Era berean, ESBk proletalgoa politikoki eta kulturalki batzeko proposatzen dituen ildo taktikoak ere orokorrak dira: unifikazioa eta hegemonizazioa. Orokorrak dira, hain zuzen, Europako gizarte guztietan daudelako koiuntura historikoari dagozkion zenbait erronka formazio sozial guztiek gutxi-gehiago komun dituztenak eta, beraz, erronka orokor horien aterabidea ez dagoelako tokian tokiko idiosinkrasia berezien ikuspegitik ebazterik; lan-ildoek orokorrak izan behar dute. Edozein kasutan, marxismoa ez da, ezin du izan, formula abstraktuen biblia bat, errealitate soziala bera ere ez baita sinplea eta homogeneoa; ezaugarri orokor eta egiturazkoez harago, formazio sozial partikularrek elementu historiko, politiko eta kulturalen sistema konplexuak osatzen dituzte. Horregatik, estrategia eta ildo taktiko orokorren aplikabideek tokian tokiko egoera eta joera partikularretara egokitu behar dute. Horra hor Leninek marxismoaren arimatzat zuen “egoera konkretuaren analisi konkretua”ren garrantzia, erronka politikoak tokian tokikoak ere bai baitira, eta horiei ezikusi egitea baino bide lasterragorik ez baitago porroterako eta hutsaltasun politikorako.
Estrategia sozialistaren bide-orri orokorra Euskal Herrian lurreratzeak askotariko erronka intelektual eta politikoak dakartza, ezin zehatzagoak, zeinen artean bat baita euskararena
Horiek horrela, estrategia sozialistaren bide-orri orokorra Euskal Herrian lurreratzeak askotariko erronka intelektual eta politikoak dakartza, ezin zehatzagoak, zeinen artean bat baita euskararena. Zein zoru sozial konkretutan batu nahi dugu politikoki eta kulturalki klase-subjektu eraberritua Euskal Herrian? Jakinekoa da Euskal Herriko langile klasea linguistikoki bereizita dagoen giza talde heterogeneoa dela, besteak beste. Dena den, hori ez da Euskal Herriaren singulartasuna; izan ere, Europan (zer esanik ez, munduan) badaude hizkuntz auzi partikularrak dituzten lurralde gehiago. Hortaz, Euskal Herriko hizkuntz auziaren nolakotasun espezifikoari erreparatu behar zaio, ez baita argigarriegia langile-klasea hainbat hizkuntz komunitatek osatzen dutela ohartarazte hutsa.
Euskal Herrian tokiko hizkuntza gutxitua daukagu, geometria aldakorrekoa: ofizialtasun-gradu aldakorra du lurraldeka, sustraitze-gradu aldakorra du sektore soziodemografikoka eta diglosia-egoeran dago, hots, gizarte-funtzio jakinetan azpiratua. Horrez gain, hizkuntza gutxitu hori elementu zentrala da giza talde oso esanguratsu baten identifikazio-prozesu soziokultural eta, are, politikoetan; hau da, ez da komunikazio-tresna soila, nortasun kultural eta politiko kolektiboen osagai garrantzitsua ere bada. Azkenik, konstatazio historiko-enpirikoa da hizkuntz komunitate horretako langile-sektoreak izan direla Euskal Herriko aktore politiko eta sozial dinamikoena eta, bizitasun politiko eta sozial hori apaltze bidean den arren, orain ere hala izaten jarraitzen dutela.
Partikulartasun horiei guztiei ez ikusiarena eginez gero, helburu estrategikoa klase-batasuna izanik, silogismo abstraktu eta sinple hau otu dakiguke:
p1: Klase-batasunak batasun kulturala inplikatzen du.
p2: Euskal Herrian euskarak batasun kulturala eragozten du; gaztelaniak eta frantsesak, berriz, erraztu egiten dute.
O: Estrategia sozialistak, klase-batasuna helburu, gaztelania eta frantsesa izan behar ditu lehentasunezko komunikazio-tresna, eta euskara baztertu egin behar du.
Badirudi, ordea, logika abstraktu horrek huts egiten duela auzi politikoei konkretuki heltzeko garaian. Horren erakusgarri ezin hobea da Espainiako taldexka komunista gehienek Euskal Herrian duten eragin hutsala. Izan ere, Euskal Herrian ez dago klase-batasuna lortzeko bide-orri antzuagorik partikulartasunari ez ikusiarena egiten dion sasiunibertsalismo mota hori baino, klasea batu ordez klasearen barruko tentsio linguistiko eta nazionalak hauspotu besterik ez baititu egiten. Gainera, logika abstraktu hori, funtsean, ez da batere abstraktua: ikuspegi nazional espainola ezkutatzen du apainduria unibertsalistaz jantzita.
Euskal Herrian ez dago klase-batasuna lortzeko bide-orri antzuagorik partikulartasunari ez ikusiarena egiten dion sasiunibertsalismo mota hori baino, klasea batu ordez klasearen barruko tentsio linguistiko eta nazionalak hauspotu besterik ez baititu egiten. Gainera, logika abstraktu hori, funtsean, ez da batere abstraktua: ikuspegi nazional espainola ezkutatzen du apainduria unibertsalistaz jantzita
Argudiobide abstraktutik harago, ez dago esaterik euskara klase-batasunerako traba denik: zinez traba balitz, hura alboratzeak erraztu egingo luke Euskal Herrian klase-batasuna gauzatzea. Zorionez (batzuentzat zorigaitzez), Unamunoren amets bustia baizik ez da hori.
Klase-batasunerako eragozpenik behinena euskararen diglosia-egoera bera da, zeinak kontraesan emankorra bezain mugatzailea sortzen baitu euskararen subalternitate funtzionalaren eta zentraltasun identitarioaren artean. Alde batetik, funtzio sozial guztien jabe diren hizkuntza menderatzaileek, hau da, gaztelaniak eta frantsesak, ez dute ahalbidetzen euskaldungoarengan trakzio politikorik eragiterik, dominazio linguistikoaren espresio gisan hautematen baitu euskaldunak hizkuntza dominantean egindako komunikazio-politika, dakarren mezua ustez iraultzailea izanagatik ere. Horrenbestez, langileriaren sektore politizatuenen artean ez dago euskararik gabe propaganda politikorik eta unifikazio-taktikarik gauzatzerik. Bestalde, ordea, euskararen diglosia-egoerak ez du posible egiten soilik euskarazkoa den masa-politikarik, hegemonizazioak eta agitazio politikoak hartzailearen afektuak astintzea bilatzen baitute: gutxitutako hizkuntzan ez dago gehiengoaren sentsibilitatea hunkitzerik.
Bada, korapiloa korapilatzen duena ez da euskara, euskararen diglosia-egoera baizik. Horregatik, behin-behinean honako hipotesi honi deritzot zuzena: euskararen diglosia-egoerak traba egiten du Euskal Herrian langileen klase-batasuna gauzatzeko. Ondorioz, arestian ezarritako helburu estrategikoari jarraikiz (hots, langile-klasea kultura politiko eraberritu baten inguruan batzea), honako hipotesi politiko hau da egokia: Euskal Herrian, klase-subjektuaren batasun politikoa eta kulturala ehuntze aldera, euskararen diglosia-egoerari aurre egitea nahitaezko mediazioa da.
Dena den, orokorregia gertatzen da euskararen diglosia-egoerari aurre egin behar zaiolako baiespena, eta bigarren mailako beste zenbait arazo dakartza hegalpean.
EUSKARAREN HISTORIA MATERIALISTA BATERAKO APUNTE SOLTEAK
Nolakoa da, zehazki, euskararen diglosia-egoera? Diglosiaren tipologia klasikoak erreferentzia egiten dio giza komunitate baten barruan bi hizkuntzen artean dagoen distribuzio funtzionalari, non hizkuntza horietako batek gizarteko goi-funtzioak (zientzia, administrazioa, goi-kultura…) betetzen dituen eta bestea, aldiz, ahozkotasunean eta testuinguru informaletan gotortua dagoen. Halaber, distribuzio funtzional horrek hizkuntzen klase-distribuzio jakina dakar berekin: hizkuntza menderatzailearen ezagutza eta erabilera klase menderatzailearen ikur linguistikoa izan ohi dira. Euskararen egungo egoerak, ordea, ez du tipologia horrekin guztiz bat egiten; ez, behintzat, euskararen lurralde osoan. Hortaz, premiazkoa da euskararen diglosia-modalitate zehatza atzematea, bai eta modalitate horri dagozkion klase- eta hizkuntza-ardatzen erlazioak identifikatzea ere. Lan horretarako, euskararen bilakaerari begiratu historikoa ematea ezinbestekoa da.
Koldo Mitxelenaren aipurik ezagunena eta erabiliena izango da akaso euskararen misterioa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Abiapuntu egokia, ezbairik gabe. Izan ere, askoz eraginkorragoa da jatorri historikoa baino gehiago arrazoi historikoa miatzea, euskarak iraun izanaren kausak eta haren biziberritzearen posibilitate-baldintzak aztertu nahi dituenarentzat behintzat.
Ildo horretan, Franscisco Letamendia Ortzik eta Emilio López Adan Beltzak euskal nazionalismoari buruzko ikerlanekin urratu zuten bideari segi beharko lioke euskal historiagileen belaunaldi berri batek: Euskal Herriaren historia materialista behar dugu. Inspiratzaileak dira Beltzaren El nacionalismo vasco. 1876-1936, Del carlismo al nacionalismo burgués eta Nacionalismo vasco y clases sociales; eta Ortziren Historia de Euskadi: el nacionalismo vasco y ETA.
Euskarari dagokionez, azken ehun eta berrogeita hamar urteetako historia materialista baten premian gaude; zehazki, 1876tik gaur egunera artekoa. Abiapuntu modura, lagungarriak gerta litezke Xabier Erizeren eta Juan Madariaga Orbearen lanak. Beltzarena eta Ortzirena baino ikuspegi zientifiko desinteresatuagotik, euskararen historiari espresuki modu materialistan heldu diote Xabier Erizek (Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936): Soziolinguistika historikoa eta hizkuntza gutxituen bizitza) eta Juan Madariaga Orbeak (Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII).
Erreparatu beharko genioke Euskal Herrian zein baldintzapen-erlazio izan diren 1876tik gaur arte Kapitalaren metaketa-zikloen, ziklo politikoen, ziklo kulturalen eta ziklo linguistikoen artean, eta erlazio horiek zein diglosia-modalitate sortu dituzten unean une. Finean, egitate estrukturalak, politikoak, kulturalak eta linguistikoak ordenan jarriko eta ulergarri egingo dituen historiografia bat behar dugu.
Erreparatu beharko genioke Euskal Herrian zein baldintzapen-erlazio izan diren 1876tik gaurarte Kapitalaren metaketazikloen, ziklo politikoen, ziklo kulturalen eta ziklo linguistikoen artean, eta erlazio horiek zein diglosia-modalitate sortu dituzten unean une
Iñaki Iurrebasok egin zuen ziklo linguistikoen periodizazioa abiapuntu erabilgarria da horretarako. Ordezkapen-, biziberritze- eta geldotze-aroak zerrendatu zituen hark, baina zein baldintzapen-erlazio dituzte ziklo linguistiko horiek metaketa-zikloekin eta ziklo politiko eta kulturalekin? Ikerketa sakonagoen faltan, hona, behin-behinean, lanerako hipotesi zenbait.
1874-76ko errestaurazio borbonikoari Espainiako estatu-egituren erreforma sakonak jarraitu zion. Erreforma horrek estatu-egituren zentralizazioa ekarri zuen, eta, besteak beste, hezkuntzaren eta armadaren bidez, estatuak gizarte zibilarengan zuen eragina areagotu zuen. Horrez gain, erreforma-prozesuak Espainiako barne-merkatuaren sorrera ahalbidetu zuen, zeinaren eraikuntzan eragile porrokatua izan baitzen Neguriko goi-burgesia finantzarioa. Aldaketa horiek guztiek ahalbidetu zuten ekoizpen-modu kapitalistaren lehen sarrera Hego Euskal Herrian; ekoizpen-modu kapitalistaren sarrerak, berriz, euskara sustraituta zegoen sistema etnokratikoa desplazatzea ekarri zuen progresiboki. Ordezkapen-aroa sistema etnokratikoaren [1] krisiari eta lehen industrializazioari lotuta interpretatuz gero, atzeman liteke nola, ekoizpen-modu tradizionala ekoizpen-modu kapitalistak ordezkatu ahala, gaztelaniak euskara ordezkatu zuen progresiboki. Nolanahi ere, desplazamendu horrek etnozentrismotik nazionalismo modernorako jauzia ekarri zuen politikan, hots, karlismotik jeltzaletasunerakoa eta, horren eskutik, euskalgintzaren ziklo kultural indartsua piztu zen, zeinak biziberritze zantzuak utzi baitzituen harik eta 1936ko altxamenduarekin eten zen arte.
Ziklo ekonomiko eta politiko horretan, diglosia-modalitate zehatz bat sortu zen. Batetik, euskarak, modernizazio-prozesuaren lehen urratsak egin zituen arren (Lizardiren “baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa”), hizkuntza administratiboa izan gabe eta bestelako goi-funtzioak bete gabe jarraitu zuen; bestetik, arlo ekonomikoan eta sozialean, nagusiki klase sozial aurrekapitalistetan gotortua, dominantea izateari uzten ari zitzaion ekoizpen-modu bateko hizkuntza dominantea bihurtu zen, alegia, subalternoa.
Euskal nazionalismo modernoak erlazio anbibalentea izan zuen garapen industrial eta urbanoarekin. Izan ere, industrializazioak, erlazio-sistema etnokratikoa eta sistema horretan sustraitutako ezaugarri etnolinguistikoak mehatxatu bazituen ere, euskal nazionalismo modernoaren bi adierazle printzipalen gidari izango ziren subjektu sozial eta politikoak sortzea ere ahalbidetu zuen
Diktadurapean, euskararen aurkako zigor- eta debeku-errejimena asko gogortu zen, eta, garapen bidean zen sistema sozioekonomiko berrian sustraitu gabeko hizkuntza izateaz gain, erlazio etnokratikoen barruko esfera publikoa ere galdu zuen. Gerraosteko urterik gogorrenetan, esparru pribatuan gotortu behar izan zuen kriptoeuskalduntasunaren forman. Egoera horretan, ordezkapen-prozesuak, oinarri estrukturalak lehendik ezarriak zeuzkanak, bizkortzera egin zuen. Alabaina, aipatzekoa da frankismoa ez zela soilik diktadura militarra izan. Aldi autokratikoaren ondoren, frankismoaren fase desarrollistak Espainiako ekonomiaren modernizazio fordista eta liberala ekarri zituen, 1959ko Egonkortze Planaren eskutik. Bada, modernizazio-prozesu horrek foku industrial garrantzitsuenetakoa Hego Euskal Herrian izan zuen beste behin. Bigarren industrializazio-olatuak burura eraman zuen lehenengoak hasi besterik egin ez zuen prozesu historikoa: ekoizpen-modu tradizionala erabat zokoratuta, euskararen krisia baserriaren krisiaren korrelatu linguistikoa izan zen. Dena den, argazki hori sinpleegia gerta liteke. Izan ere, hori besterik gertatu izan ez balitz, euskara ekoizpen-moduaren ordezkapenarekin batera desagertu izango zatekeen mekanikoki.
Hemen, prozesuaren bi ertz iruditzen zaizkit azpimarratzekoak. Alde batetik, ekoizpen-modu kapitalistaren sarrerak ez zituen kolpean desagerrarazi sistema etnokratikoa eta klase sozial tradizionalak; 1876 eta 1976 urteen arteko mendean zehar jazo zen hori, progresiboki, bi azkarraldi-unerekin. Horiek horrela, erlazio etnokratikoen eta kapitalisten elkarbizitzak gizarte-formazio konplexu bati eman zion bide, zeinean, ekoizpen-modu kapitalista dominantea izanagatik, gizarte-erlazio tradizionalek ere determinatu baitzuten gizartearen morfologia modernoa.
Beste alde batetik, euskal nazionalismo modernoak erlazio anbibalentea izan zuen garapen industrial eta urbanoarekin. Izan ere, industrializazioak, erlazio-sistema etnokratikoa eta sistema horretan sustraitutako ezaugarri etnolinguistikoak mehatxatu bazituen ere, euskal nazionalismo modernoaren bi adierazle printzipalen gidari izango ziren subjektu sozial eta politikoak sortzea ere ahalbidetu zuen. Euskarak ezin izango zukeen mundu modernoan bizirik iraun hizkuntzaren beraren modernizazio-prozesurik gabe; prozesu horrek, aldiz, ezin izango zukeen gertatu proiektu politiko etnozentristaren eta hura gidatu zuten gizarte-sektoreen eskutik. Horrenbestez, industrializazio-prozesuak euskararen egitura sozial tradizionala hilzorian utzi zuen arren, mundu modernoan bizirik irauteko posibilitate-baldintzak ere prozesu horrek jarri zizkion. Industrializazio-fokuak, esaterako, Andaluzian eta Extremaduran ezarri izan balituzte, motelagoa izango zatekeen, agian, ordezkapen-prozesua, baina baita askoz hilgarriagoa ere. Horren adibideak dira Okzitania, Bretainia edo, aparte erreparatuz gero, Ipar Euskal Herria. Frantziako garapen industrialaren fokuetatik kanpo geratu zirenez, gizarte horien ehun ekonomikoak barne-merkatu estatalaren barruan garatu ziren, baina erabateko mendekotasun-baldintzetan. Hartara, haien gizarte-osaerak askoz ere motelago aldatu ziren zentzu modernoan: klase sozial tradizionalek iraun zuten, baina dinamika ekonomiko kapitalistak gero eta itoagoak. Ondorioz, ez zuten mugimendu nazionalista moderno indartsurik eratu.
Hego Euskal Herrian, berriz, frankismoaren desarrollismoaren garai horretantxe eratu zen XXI. mendearen hasierara arte iraun zuen ziklo politikoa, ezkerreko abertzaletasun modernoarena. Ezkerreko abertzaletasunaren eskutik, erabat gauzatu zen etnozentrismotik nazionalismo modernorako jauzia, bai eta tesi sozialistetarako hurbilpena ere, eta ziklo politiko horrek eta berorri lotutako ziklo kulturalak egin zuten posible biziberritze-aroa: euskararen estandarizazioa, helduen eta haurren alfabetatzea, literaturaren eta kantagintzaren berpizkundea, komunikabideen loraldia; guztiak ere, soilik ezaugarri etnozentrikoetatik haragoko nazioaren eraikuntza-proiektu modernoaren baitan gauzagarriak.
Geldotze-aroa argitzeko gakoa erdi-mailako klaseko gizarte-estandarizazioa izan liteke. Espainiako trantsizioa izan zen estandarizazio-prozesu horren forma konkretua Hego Euskal Herrian, baina trantsizioa zentzu zabalean ulertuta; hau da, antagonismo sozialak eta nazionalak estatuan integratzeko/desegiteko prozesu gisan. Emmanuel Rodríguezi bitxikeria argigarria irakurri nion El efecto clase media liburuan. 1971n, Vernon Walters jeneral estatubatuarra Madrilera joan ei zen Nixonek bidalita, Francori galdetzera urteen buruan zer gertatuko ote zen Espainian. Francok esan omen zion: “Zure presidenteari egiaz interesatzen zaiona da Espainian zer gertatuko ote den ni hil eta gero, ezta? Nik zenbait erakunde sortu ditut; inork ez du uste funtzionatuko dutenik. Oker dabiltza. Oraingo printzea errege izango da, ez baitago alternatibarik. Espainia urrun helduko da zuek, ingelesek eta frantsesek desio duzuen bide horretan: demokrazia, pornografia, droga, zer dakit ba nik. Erokeria handiak gertatuko dira, baina bat ere ez hilgarria Espainiarentzat. Duela berrogei urte herrialde honen gobernua hartu nuenean topatu ez nuen gauza bat utziko dut nik. Erdi-mailako klase espainiarra. Esan zure presidenteari izan dezala konfiantza espainiar herriaren zentzu onean: ez da beste gerra zibilik egongo”. Rodríguezen ustez, frankismo berantiarrak jarri zuen sozioekonomikoki Espainiako erdi-mailako klasearen oinarria; trantsizioak, aldiz, forma politikoa eta kulturala eman zion: alderdi politikoak eta sindikatuak estatu-aparatuaren parte bihurtu zituen eta, haien bidez, langile-klasea eta haren borroka estatuan integratu zituen; autonomien lurralde-ereduak gatazka-ardatz nazionala iragazi zuen; kontsumo ereduak, ohituren liberalizazioak eta ongizate-mekanismoek, berriz, ez burgesak ez proletarioak ez ziren erdi-mailako klasearen kidetasun-sentipena eta bizi-eredua ekarri zituzten. Finean, trantsizioak burura eraman zuen erdi-mailako klaseko gizarte estandarizatuaren proiektu egiaz frankista.
Gatazka-ardatzen integrazioeta desegite-prozesutzat jotzen badugu trantsizioa, ondorio logikoa da Hego Euskal Herrian trantsizioprozesua ez zela bukatu ENAMen guztizko integrazioa gauzatu zen arte. Nahiz eta erdi-mailako klaseko gizarte-estandarizazioa gainontzeko tokietan bezain sakona edo are sakonagoa izan zen arlo gehienetan, Hego Euskal Herrian integrazio-prozesu politikoa oso gatazkatsua eta luzea izan zen, eta horrek eragina izan zuen euskalgintzan
Hala ere, gatazka-ardatzen integrazio- eta desegite-prozesutzat jotzen badugu trantsizioa, ondorio logikoa da Hego Euskal Herrian trantsizio-prozesua ez zela bukatu ENAMen guztizko integrazioa gauzatu zen arte. Nahiz eta erdi-mailako klaseko gizarte-estandarizazioa gainontzeko tokietan bezain sakona edo are sakonagoa izan zen arlo gehienetan, Hego Euskal Herrian integrazio-prozesu politikoa oso gatazkatsua eta luzea izan zen, eta horrek eragina izan zuen euskalgintzan.
Frankismo berantiarreko fenomeno ekonomiko, politiko eta kulturalak izan ziren euskalgintza sozialaren eta biziberritze-aroaren hazitegia; euskalgintza instituzionalaren ongarria, berriz, trantsizio-prozesuak jarri zuen: hezkuntzan, komunikabideetan eta alfabetizazioan biki instituzionalizatu eta profesionalizatuak agertu zitzaizkien euskalgintza sozialaren instituzio herrikoiei (D eredua, EITB, HABE, etab.). Dena den, gatazka politikoaren integrazio-prozesua bezalaxe, euskalgintzaren integrazioa ere gatazkatsua izan zen, eta horrek euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren arteko tentsiozko elkarrekikotasun-erlazioari egin zion bidea, zeinak egun arte iraun baitu. Hala ere, integrazio politikoak aurrera egin ahala, euskalgintza instituzionala sozialari gailendu zitzaion apurka.
Nire ustez, prozesu beraren osagai elkarlotutzat jo litezke erdi-mailako klaseko gizarte-estandarizazioa, ENAMen integrazio-prozesu politikoa eta euskalgintza instituzionala sozialari gailentzea, eta geldotze-aroaren kausak argitzeko balio lezakete. EAEn jazo da modu puruenean prozesu hori, eta euskararen diglosia-modalitatea erlatiboki alderantzikatu du: batetik, euskara goi-funtzioen jabe egin da, erlatiboki, autonomia-erregimenaren markoan, eta goi-funtzio horiek exekutatzen dituzten erdi-mailako gizarte-sektoreetan gotortzera egin du; bestetik, euskalgintza sozialaren apaltzeak eta kapitalismoaren dinamika glotofagoak funtzio sozial informaletatik kanporatu dute euskara.
Kontuak kontu, EAE da euskararen normalizazio-maila altuena lortu den administrazio-markoa eta, pragmatikoki, batek pentsa lezake indarguneari ertzak bilatzen ibili ordez hobe dela lubaki hori mantentzea eta defendatzea. Dena den, egungo normalizazio-ereduaren adibide bukatuena delako komeni da, hain justu, gupidarik gabe kritikatzea, ereduaren beraren irismena eta mugak atzematea ahalbidetzen baitu horrek. Euskararen biziraupena ez dago estrategikoki pentsatzerik horrela ez bada. Edozein kasutan, bistakoa da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskararen egoerak ezaugarri partikularrak dauzkala; hortaz, lan-ildoak eta aldarriak ere bertako egoerei egokitu behar zaizkie, ez EAEtik deduzitutako modelo puruari.
OHAR PARE BAT KOIUNTURAZ ETA NORMALIZAZIOAZ
Esan beharrik ez dago ikuspegi estrategikoaz eta euskararen konfigurazio historikoaz eta materialaz egin ditudan ohar horiek hankamotzak direla, eta euskararen trataera estrategikoak eta materialistak ikerketa sakonagoa eta kontzeptuen esposizio sistematikoagoa behar dituztela. Nire motzean, ordea, behin-behineko kontzeptuak baliatzea beste modurik ez dut euskararen koiuntura interpretatzeko, hala nola euskararen aurkako oldarraldia, gorakada erreakzionario potentziala euskalgintzan eta ofizialtasunaren afera EAEn eta EAEtik kanpo.
Frantziako iraultzaren bataio-agiririk entzutetsuena izango da akaso Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena, zeinak modu arranditsuan aldarrikatu baitzuen: “Gizakiak askeak eta berdinak jaiotzen dira eskubideetan”. Frantziako estatuak eta Espainiakoak, ordea, bigarren mailako hiritar-estatusean azpiratuta izan dituzte linguistikoki euskaldunak. Oraindik ere bagauzkate, batez ere Nafarroako eremu “mistoan”, “ez-euskaldunean” eta Ipar Euskal Herri osoan. Frantziak, bereziki, hipokrisiaren omenezko monumentu nardagarrienaren estigma du euskaldun askoren iruditerian. Izan ere, jakinekoa da burgesiaren gizarte-ereduak ez dituela eta, gainera, egiturazko arrazoiengatik ezin dituela bere aitzindarien hiritartasun-amets formalak inondik ere erreal bihurtu.
Egitate horren kontzientziak eraginda, iraultza sozialistaren eginkizun demokratikoez jabetu ziren komunista asko XIX. eta XX. mendeetan; besteak beste, boltxebikeak. Ildo horretan, Leninek argi izan zuen hasieratik pribilegio eta zapalkuntza nazionalak eta linguistikoak ezabatzea programaren puntu eztabaidaezina zela. Gainera, ezabapen hori sine qua non baldintzatzat jo zuen Errusiako Inperioak eragindako barne-tentsio etnikoak gainditzeko eta nazio guztietako langileen batasuna gauzatzeko.
Egungo komunistok ere, sozialismoaren eginkizun demokratikoen ikuspegitik erreparatu behar genioke auzi partikular horri, edo nik hala uste dut behintzat: euskarak ofizialtasun osoa behar du. Dena den, horrek euskararen diglosia-egoeraren aurkako lan-ildo partikular bat baizik ezin du izan. Izan ere, ofizialtasuna beharrezkoa eta justiziazkoa den arren, euskararen partida estrategikoa ez dago joko-zelai horretan, normalizazio-ereduan baizik. Bestela esanda: euskarak funtzio sozial guztiak egiturazko trabarik gabe bete ahal izateko estrategian.
Itxura guztien arabera, euskara administratiboki azpiratzeko eta egoera hori juridikoki betikotzeko estrategia (estrategia funtsean politikoa) exekutatzen ari dira auzitegietan eta, normala denez, alarma guztiak saltarazi ditu horrek euskalgintzan. Dena den, oldarraldiaren aurkako kanpainaren zentraltasunak berak euskalgintzaren gabezia estrategikoak utzi ditu agerian
Horri lotuta, esanguratsua iruditzen zait euskararen koiunturan puri-purian den gai baten trataera; euskararen aurkako oldarraldiarena, hain zuzen. Itxura guztien arabera, euskara administratiboki azpiratzeko eta egoera hori juridikoki betikotzeko estrategia (estrategia funtsean politikoa) exekutatzen ari dira auzitegietan eta, normala denez, alarma guztiak saltarazi ditu horrek euskalgintzan. Dena den, oldarraldiaren aurkako kanpainaren zentraltasunak berak euskalgintzaren gabezia estrategikoak utzi ditu agerian. Izan ere, zentraltasun horrek duela hogei urtetik agortze-zantzuak erakusten ari den normalizazio-ereduaren (hots, geldotze-ereduaren) defentsan kateatzea dakar, eta hori porrot estrategikoa izan liteke epe luzean. Pentsa dezagun zintzoki: zeintzuk dira funtzio administratiboetako euskara-profilaren defentsak interpelatzen dituen gizarte-sektoreak? Diglosia-modalitate alderantzikatuaren analisiak, zuzena den kasuan, euskararen biziraupen-estrategia sozialki espantsiboak pentsatzera eraman behar gintuzke, ez langile-klasearen geroago eta sektore zabalagoak integratzeko zailtasuna duten estatu-egituren defentsa gurtzera. Goi-funtzioetan erabateko elebitasuna lortuta ere, integrazio-mekanismoen krisiak geroago eta jende gehiago uzten du horietara sarbiderik batere gabe; horrenbestez, euskalgintza instituzionalaren eragin-marjina urrituz doa. Erabateko elebitasun administratiboak euskaldunen hiritartasun formala sendotuko luke, baina ez luke izango diglosia-egoerari aurre egiteko gaitasunik; izan ere, funtzio ekonomikoetan eta funtzio sozial informaletan azpiratutako hizkuntza administratiboa izatea da euskararen egungo diglosia-modalitatearen ezaugarri behinena. Horregatik, oldarraldiaren aurkako lan-ildoak diglosia- egoeraren aurkako estrategia zabalago baten barruan soilik leukake zentzua; lan-ildo hori estrategia bilakatzea, berriz, atzerapauso estrategikoa da. Posizioak mantentzea ez da garaipen taktiko txikia izaten; posizioak mantentzera mugatzea, ordea, estrategikoki atzeraka egitea izaten da batzuetan, batez ere posizioak berak estrategikoa izateari uzten dionean.
Ea, kontziente naiz egoeraren irakurketa horrek, nola interpretatzen den, ezkerkerian erortzeko arriskua dakarrela. Ez dut ukatuko interesez jarraitu nuela Anton Arriolaren adierazpenen harira (esan zuen kanpoko talentua Euskal Herrira erakartzeko traba dela euskara) Hedoi Etxartek eta Santi Leonek izan zuten polemikatxoa. Etxartek sare sozialetan euskararen aldeko adierazpentzat jo zuen Arriolarena erretorikoki: “Ba niretzat, adierazpen hauek euskararen aldeko adierazpenak dira. Euskara askapenaren ardatzean nahi dugunon euskararenak, noski. Nire euskalduntasunaren mugen baitan ez bankari, ez epaile, ez polizia”. Leonek, berriz, euskara “batzuen ondasun pribatu” bihurtzea egotzi zion Euskalerria Irratian Etxarteri, eta adierazi zuen jarrera horrek diglosia betikotzeko desira ezkutatzen duela. Nire iritziko, biek daukate arrazoi pixka bat, baina biak daude oker. Leonek arrazoia du euskararen noranahikotasunaren, normalizazioaren garrantzia azpimarratzean, ukaezina baita euskararen aldeko estrategia gisan euskararen diglosia-eredu politizatu bat aldarrikatzea hankamotza eta, are, kontraesankorra dela. Dena den, ez dio Etxarteren kezka inplizitu garrantzitsu bati heltzen: normalizazio-ereduarekiko kezkari. Horrez gain, haren ikuspegiak euskararen aurreko biziberritze-aroaren eta letorkeenaren faktore soziopolitikoak gutxiesteko arriskua ere badakar; alegia, euskararen aldeko borroka beste borroka-ardatz batzuekin modu (nahi bada) metakorrean artikulatzeak duen garrantzia gutxiestekoa. Etxartek, aldiz, arrazoia du normalizazio-eredua problematizatzean, baina normalizazio-eredu alternatiboa kontrajarri ordez, diglosia-eredu alternatiboa kontrajartzen dio, itxuraz behintzat. Hortaz, diglosiaren aurkako eta normalizazioaren aldeko estrategiarik gabe, euskararen subalternitatea eta artikulazio askatzailea aldarrikatzeak euskara iraultzaileen ikur identitario bilakatzea ekar lezake: ezkerkeria da, nahiz eta intuizio egoki batetik abiatu.
Lehenaz gain, bada beste elementu bat koiuntura politiko orokorraren erdigunean dagoena eta, oraindik euskalgintzan mamitu ez bada ere, giroan geroago eta gehiago suma daitekeena: gorakada erreakzionarioa. Egunik egun, Mendebaldeko potentzia handien hazkunde-tasak eta eragin inperiala beheraka doaz, aberastasunaren polarizazio soziala areagotzen ari da, langileen erosahalmena higatuz doa, zerbitzu publikoak murriztuz. Aberatsak aberatsago, pobreak pobreago; nornahik ikusten du hori. Ofentsiba ekonomikoaren eskutik, ordea, eskubide sozial eta politikoak murrizteko ofentsiba ere indarrean da Mendebaldean. Testuinguru horretan, erdi-mailako klase nazionalen jarrera ideologikoak erradikalizatzen ari dira nazionalismo identitariorantz eta klasismorantz. Euskal Herrian ere badira zantzuak, bai giro politiko orokorrean, bai eta azkenaldian sortu diren eragile politiko partikular zenbaitetan ere. Esango nuke euskalgintza gaur-gaurkoz ez dagoela, inondik ere, kode horretan, baina salbu ere ez dago. Bizi duen krisi estrategikoak noraeztuta, sendotzen ari den giro kultural erreakzionarioak euskalgintzan eragitea eta hura biltze identitarioan erorraraztea ez da hipotesi inprobablea.
Litekeena da, sartzekotan, diskurtso erreakzionarioa migrazioaren inguruko “kezka zintzoz” mozorrotuta sartzea, egungo migrazio-olatua eta letozkeenak kultura nazionalaren aurkako mehatxutzat jota. Alabaina, pertsona migratuak, subjektu debaluatu eta integraezin gisan, efektu bat dira, ez kausa bat; integrazio-mekanismo ekonomikoetatik eta administratiboetatik kanpo daude eta, ondorioz, ez dira kabitzen erdi-mailako klasearen kultur fikzio kolektiboan. Euskarazko murgiltze linguistikorik eza horren adierazle bat gehiago da, hein batean. Nabarmena da hori D ereduko eskoletan, non murgiltze linguistikoa hain baita lotsagarria, hain baitauzka baliabide urriak, ezen haur migratuak bi aldiz debaluatzen baititu, linguistikoki eta kognitiboki. Ez dira migratuak euskararen aurkako mehatxua, haiek subjektu debaluatu gisan produzitzen dituen dinamika soziala baizik. Migrazio-eredu neoliberalaren kritikaz jantzita, migratuen kontrako diskurtso erreakzionarioak subjektutasun debaluatu hori erreproduzitzeko baizik ez du balio. Hortaz, komunitate nazionalaren ideia identitario eta klasistak, ustez euskara babestu nahian, euskararen diglosia-modalitate espezifikoa indartu baizik ez du egiten.
Gainera migrazio-olatuek mekanikoki euskararen galera dakartelako ideia ez da zientifikoa. Kuantitatiboki, Euskal Herrira jende-masa erdaldun bat ailegatzeak euskaldunen batez bestekoa aldatzen du hasieran, alferrik da hori ukatzea. Prozesu historikoak eta sozialak, ordea, ez dira prozesu kuantitatibo soilak. Immigrazioa eta euskararen ordezkapena korrelatiboak izan litezke baldintza jakinetan, baina hortik ezin ondoriozta liteke bataren eta bestearen artean kausa-efektu erlazio erabatekorik. Arestian aipatu dudan biziberritze-aroa da horren frogarik behinena, zeina Euskal Herriak inoiz jaso duen immigrazio-olaturik handienaren ondoren etorri baitzen. Ez kasualitatez, gainera: immigrazio-olatu hori euskararen biziberritze-aroa posible egin zuen prozesuaren nahitaezko osagaia izan zen. Egiaz, immigrazioa eta hizkuntz ordezkapena korrelatibo egiten dituen faktoreetako bat, besteak beste, diskurtso erreakzionarioa da, langile euskaldunen eta migratuen arteko segregazio soziala, politikoa eta kulturala indartzen baititu. Ildo horretan, euskararen diglosia-egoeraren aurkako borroka klase-batasunerako estrategia orokorraren barruko lan-ildotzat dugunok erne egon behar dugu, eta irmo egin behar diegu aurre erreakzioaren adierazleak diren jarrera klasista eta nazionalista identitarioei, hala euskalgintzan nola euskalgintzatik kanpo.
Kurioski, hizkuntza gutxituen fenomenoa ere prozesu horren beraren nahitaezko ifrentzua da: nazioen Europa eraikitzeko prozesuak berak eman zien hizkuntza batzuei moderno eta hegemoniko izaera eta, besteei, izaera subalternoa. Hortaz, nazio-estatu modernoen existentziak berak hizkuntza gutxituen existentzia inplikatzen badu, hizkuntza gutxituen normalizazioeredu orokorrak ezin du nazio-estatuena izan
Politikagintza (eta artegintza) sozialistaren ekarpen positiboari dagokionez, ohar orokor bat. Arestian, estrategia sozialistaren mediazio-lanetan kokatu dut euskararen diglosia-egoeraren aurkako borrokaren funtzioa. Horren ifrentzua, ordea, honakoa da: politikagintza (eta artegintza) sozialista ere izan liteke euskararen diglosia-egoeraren aurkako borrokaren mediazioa. Euskararen diglosia- egoerak daukan klase-dimentsioaren analisia zuzena bada, hau da, euskara proletalgoaren zenbait sektoretan sustraitzea zailtzen duen eta erdi-mailako klasean gotorrarazten duen diglosia-egoera espezifiko bat baldin badaukagu, egoera horrek erronka soziodemografiko jakinak determinatzen ditu euskararentzat. Politikagintza sozialistaren lan-ildo taktiko guztiak zeharkatzen dituen helburu orokorra, berriz, klase-batasun politikoa eta kulturala erdiestea den aldetik, proletalgo euskaldunaren eta erdaldunaren arteko lokailu politikoa eta kulturala izatea da lan-ildo horien aspektuetako bat. Horrenbestez, Euskal Herriko antolakunde sozialisten jardunak kokapen pribilegiatua du, objektiboki, euskararen erronka horiek ebazten ekarpena egiteko.
Bukatzeko, galdera garrantzitsu bat. Tokian tokiko partikulartasunez harago, zeinek izan behar du hizkuntza gutxituen normalizazio-eredua? Euskara ez da Europako hizkuntza gutxitu bakarra. Hortaz, nazioartekotzen doan heinean, litekeena da mugimendu sozialistak, han-hemenka, hizkuntza gutxituen arazoa politikoki pentsatu behar izatea. Bistan denez, diglosiaren kontra egiteak normalizazioaren alde egitea dakar; behintzat, normalizaziotzat jotzen badugu hizkuntza batek funtzio sozial guztiak betetzeko egiturazko trabarik ez duen egoera. Dena den, arantzatsua da normalizazio- ereduaren gaia. Izan ere, hizkuntza bernakuloen normalizazioa modernitateko fenomeno historiko espezifikoa da eta hertsiki lotua dago nazio-estatu modernoen eraikuntza-prozesuari eta ekoizpen-modu kapitalistaren hegemonia historikoari. Kurioski, hizkuntza gutxituen fenomenoa ere prozesu horren beraren nahitaezko ifrentzua da: nazioen Europa eraikitzeko prozesuak berak eman zien hizkuntza batzuei moderno eta hegemoniko izaera eta, besteei, izaera subalternoa. Hortaz, nazio-estatu modernoen existentziak berak hizkuntza gutxituen existentzia inplikatzen badu, hizkuntza gutxituen normalizazio-eredu orokorrak ezin du nazio-estatuena izan (kasu bakanen batek arrakasta izatea zalantzagarria baina posiblea izan arren). Gainera, komunistontzat, diglosiaren aurkako taktikak ezin du inplikatu estatu-egitura burges berriak eratzeko estrategiak akritikoki bultzatzea. Aitzitik, estrategia sozialista Euskal Herrian lurreratzeak eraman gaitu euskararen diglosia-egoerari aurre egin beharra aldarrikatzera. Hortaz, estrategia sozialistaren ikuspegitik, hizkuntza gutxituen normalizazioaz hitz egiteak autodeterminazio-eskubidearen aldarriari eta estatu sozialisten eraikuntzari lotutako normalizazio- ereduaren inguruan hausnartu beharra dakar nahitaez.
Argi utzi nahi dut ez dudala euskara salbatzeko formulagintzan jarduteko pretentsiorik, ez inoren lana gutxiestekorik. “Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean” neuri ere lantzean behin, “bertan organizatzeko euskararen salbazioa, baina hemen geratzen naiz, kale arte honetan, milagro baten zai”. Konponbiderik nik ez daukat, dauzkadanak dira, kopla txikian, debate publikora ekarri nahi ditudan ideia solte zenbait, gogoan darabiltzadan intuizioak eta, batez ere, galderak. Gabriel Arestik zin egin zuen hil arte euskalduna eta marxista izango zela. Geure hilarrietan ere idatz dezatela: “Euskalduna eta marxista izan zen”..
OHARRAK
[1] Emilio López Adan Beltzari hartu dizkiot “sistema etnokratiko”, “etnozentrismo” eta horrelakoak. Lehenak, Euskal Herrian ekoizpen-modu kapitalista hegemonikoa bilakatu aurreko erlazio sozialen multzoari
egiten dio erreferentzia; bigarrenak, berriz, nazionalismo modernoa sortu aurreko mugimendu politikoen mundu-ikuskerari, zehazki, karlismoarenari. Ikus Nacionalismo vasco y clases sociales liburuko “La crisis del etnocentrismo” atala.
HEMEN ARGITARATUA