«Danok ikusten degu: euskera galdu da» ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Aitor Bizkarra
@ElurBisutsa
2020/12/29

Hau iritzi-artikulu bat da, eta ez, inondik ere, artikulu zientifikoa; hori, hasteko. Errealitatearen gaineko ikuskera marxistak, Euskal Herriko gorabehera historikoen ezagutza ziurrenik mugatuak, testu-erreferentzia gutxi batzuek eta euskararenganako maitasunak —horiek guztiek nahas-mahasean—, eragin dizkidaten (edo zehazkiago: dizkiguten) lanerako hipotesiak eta intuizioak dira datozenok. Ideia garrantzitsu batzuk esan gabe datoz, eta beste batzuk esan gabe doaz.

Euskarak heriotza bi izan ditu, dagoeneko denok dakigun moduan. Hildakoan erabat hiltzen ez eta behin baino gehiagotan hiltzeko gaitasun miragarria daukaten izate-formen taldean dago gure hizkuntza. Lehenbiziko heriotza jazarpenak eta debekuak eragindakoa izan zen. Bigarrena, aldiz, porrot ideologikoaren ondorio izan da, oraintsukoa. Pako Aristik erakutsi digunez, bigarren heriotza jazotzen da «gizartearen irudimen kolektiboak hizkuntza hori gabeko etorkizun bat diseinatzen duenean». Bueno ba, nire asmoa da, hain zuzen, errelato hori auzitan jartzea; ez, noski, jazarpenik, debekurik zein porrot ideologikorik izan ez dela irizten diodalako —are, egitate objektiboak direla esango nuke—, ezpada iruditzen zaidalako hondoko beste jazoera batzuen epifenomenoak direla, eta ez dagoela euskararen bilakaera historikoa nahiz egungo egoera serioski aztertzerik oinarrizko jazoera horietatik abiatuta ez bada. Beraz, gehiegi luzatu gabe, defendatuko ditudan puntuak honakoak dira: 1)Euskararen lehenbiziko heriotzaren oinarrian zera dago: ekoizpen-modu kapitalistaren sarrera Euskal Herrian, eta, ondorioz, nekazalgoaren gainbehera eta zentraltasun-galera klase sozial gisa. 2)Euskararen bigarrengo heriotzaren oinarrian, berriz, zera: kapitalaren metaketa-ziklo postfordistaren agortzea eta klase ertainen gainbehera.

Gizakiak beren bizi-baliabideen ekoizpenean, beren bizitza materialaren erreprodukzioan, dira historikoki ezagutgarri. Halaber, hori erlazio sozial konkretuen pean gertatzen da nahitaez; alegia, ekoizpen-indarrak forma sozial espezifikoetan artikulatuta ageri dira, beren garapen-maila aldakorrean, historian zehar. Dena den, erlazio sozialaren nozioak berak inplikatzen du, modu bereizezinean, beste maila bateko ekoizpen bat ere, ez dena, bidenabar, ekoizpen materialaren produktu eratorri edo deribatu soila: zeinu linguistikoen eta esanahien ekoizpena. Bestela esanda: bizi-baliabideen ekoizpenak eta ekoizpen semiotiko-linguistikoak elkar zeharkatzen dute ezin askatuzko eran. Beraz, orokorrean, gizakiak berezko du elkarte-formaren baten pean bere bizitza materiala ekoiztea, eta, era berean, berezko du hizkuntza, baina bere jardunak hartzen duen forma sozial hau ala bestea zein holako eta halako hizkuntzan mintzatzea, ez ditu berezko: hori garapen historikoaren gorabeheren emaitza konkretua da. Esan nahi baita: gizakia ez da esentzialki kapitalista eta esentzialki txineraz mintzo dena, baizik eta esentzialki ekoizlea eta esentzialki hiztuna.

Euskal nekazalgoa ez da euskararen eramaile esentziala inoiz izan. Izan ere, euskarak eramaile esentzialik ez du. Baina luzaroan euskararen eramaile efektiboa izan dela bagenio, ez genuke astakeria handirik esango. Zehaztasunetan gehiegi sartu gabe, 1876ko data sinbolikoa baino lehen, Euskal Herriko biztanleriaren ehuneko handia nekazaria zen, abeltzaintza eta nekazaritza unitate ekonomiko prekario baina autonomoetan antolatua, garraiobideen eta komunikazio-bideen urritasunak bakartua eta linguistikoki eta kulturalki ezberdindua. Arrantzaleak, hiribilduetako merkatari txikiak eta abar ere aipa genitzakeen, noski. Euskara, edozein kasutan, ingurune horretan zegoen sustraiturik, klase sozial tradizional konkretu batzuk ziren bere eramaile nagusi eta, hizkuntza gisa, ekoizpen-modu konkretu batekiko egokitzapenean zen komunikabide erabilgarri; horretan zeutzan, hain zuzen, bere aberastasuna eta izaera espontaneoa.

Alfontso XII.aren (eta Canovasen) Errestaurazio Borbonikoa, (porrot egindako) iraultza burgesaren eta indar sozial aurrekapitalisten sintesi modukoa izan zen: batetik, lur-jabe handien, Elizaren eta aristokraziaren babesa eta interesen defentsa; bestetik, Espainian ekoizpen modu kapitalista eraginkorki txertatzeko beharrezko zen homogeneizazio juridikoa, administratiboa eta ekonomikoa. Esan beharrik ez dago, nazio-merkatu espainiarraren sorrera, bere isla juridiko-administratiboa barne, lehen urrats oso garrantzitsua izan zela bizi-baldintza eta bizi eredu aurrekapitalisten oinarria eraso eta ekoizpen modu kapitalista ezartzeko. Halaber, espainiar identitate nazionalaren eraikuntza-saiakera oldarkorra izan zen prozesu honen aspektu eratorrietako bat. Alabaina, Espainia giza komunitate dislokatuen batuketa heterogeneoa zen sasoi hartan, eta batasun nazionalak derrigorrean prekarioa behar zuen izan: XIX. mende bukaerako ertzetako nazionalismoen gorakada ikusi besterik ez dago.

Dena den, prozesuak ez zeukan atzera bueltarik, eta gaztelania izaki, Hego Euskal Herrian behintzat, ekoizpen-modu berriko komunikazio-hizkuntza, euskararen joera orokorra nekazalgoan gotortzekoa izan zen. Gainera, EAJren abertzaletasun historikoaren subjektu politikoa, egiaz, ez ziren klase xume aurrekapitalistak —horiek objektu folkloriko zilegitzailea ziren—, Bilboko burgesia urbano ez monopolista baizik. Kirikiñoren hitzetan, XX. mende hasieran «Bilbo’ko kaleetan entzuten dan euskera guztia edo geiena nekezale antzekoak, baserritarrak, umezaiñak, iñudeak, arrain-saltzaileak eta onetarikoak egiten dabe; Jaun usaiñik daukenen artean gitxi edo bapez». Hizkuntzaren eta klasearen arteko harremanaz honela galdetu zuen, Kirikiñok berak, erretorikoki: «Euskeraz berba egiteak aldean nai ta nai ez ote daroa beartsu edo ez-euki edo pobre izatea?». Garai hartan, euskal hiztunen kopurua oraindik handia bazen ere, eginbehar historikorik gabeko klase sozial atzerakoi baten ahotan gotorturik zegoen, nazio-merkatu espainiarretik eta aurrerabide historikotik kanpo. Euskara Aro Modernorako esentzialki ezgaitzat jotzen zuen diskurtso hedatua ere —Unamunorena, besteak beste—, oinarri material erreal horren gainean ulertu behar dugu.

Debekuen eta jazarpenaren ondorio, 1876tik 1976ra doan mendean (nahiz eta lehenago hasi zen eta oraindik ez den bukatu), latza izan da euskararen eta bere hiztunen pairamena. Eraztunaren zigorra moduko praktikak aspalditik datoz, eta ahotsak.eus ireki baizik ez da egin behar euskara besterik ez zekitenek frankismoaren hasieratxoan zertzuk jasan behar izan ote zituzten konturatzeko. Halaz ere, nire ustez, begien bistakoa den zigor-erregimena soilik azpimarratzeak euskararen egiturazko ahulguneei entzungor egitea eragiten du maiz; hala atzo, nola gaur.

XX. mendeko 20ko hamarkadan baserri-eremuan jaiotako bertsolarien pentsamendua, esaterako, nekazalgoaren gainbehera eta euskararena zuzenki proportzionalak zirelako intuizioak zeharkatzen du. «Euskara ez duk nehoiz galduko / baserritarrak dauzkano», zioen Xanpunek; «O, baserritxo, (...), orain bakarrik uzten zaituzte / ondotik danak aldegin», «Gaur baserri hau ikusten det nik / gure euskera bezela» edo «Danok ikusten degu: / euskera galdu da», aldiz, Lazkao Txikik; «Noizbait hilobi huntan / norbait balabila / zure izaitearen / errestoen bila», Xalbador zenak.

Historiaren erratzak, ordea, ekoizpen-modu aurrekapitalista hura desagerrarazi duen arren, euskara ez du hizkuntza hilen edo hildakoen hizkuntzen zakuan sartu ahal izan. Euskara onik atera da bere lehenengo heriotzatik, edo atera da behintzat, on-onik ez izanagatik; eta hori froga bat gehiago da baiesteko hizkuntzek ez daukatela ez eramaile, ez ingurune, ez ekoizpen-modu esentzialik.

Bigarren heriotzari buruz hitz egiteko ñabardura bat azpimarratu beharra dago: Frantziako eta Espainiako nazio-eraikuntza prozesuen arteko ezberdintasuna. Izan ere, Zabalzak eta Igartuak Euskararen historia laburra lanean dioten gisara, «Frantzia iraultza arrakastatsu baten obra da. Hamarkada askotan, aurrerakoia eta frantsesa sinonimoak izan ziren». Horrek, kontraste gisa, Modernitatearen aurkako izaera, «abarkaduna», «klerikala» eta kutsu atzerakoia egotzi izan dizkio iparraldeko euskal nortasunari. Espainiako kasua ezberdina izan da. Ezin aipatu gabe utz daiteke, Frankismoa espainiar nazio-eraikuntzarako eta modernizazio kapitalistarako fase erabakigarriena, garrantzitsuena, izan zela, baina «Gerra Zibilak eta ondorengo diktadurak, (...), madarikazio hori hausteko eta euskal nortasuna frankismoaren kontrako erresistentziaren eragile bat bezala aurkezteko» aukera ireki zuela: «Ipar Euskal Herrian ez bezala, Hego Euskal Herrian aurrerakoia eta euskalduna sinonimoak izan ziren hirurogeiko hamarkadatik aurrera».

XIX. mende bukaeran industrializazio-olatu bat izan zen Hego Euskal Herrian, bai; gainera, XX. mendeko lehenengo bi hamarkadak euskal oligarkia industrial eta finantzarioaren hazkunde-urteak izan ziren. Hala eta guztiz ere, hegoaldeko euskal gizartea egiazko gizarte kapitalista 60ko hamarkadan bihurtu zen; estatu frankistak, 50eko eraldaketa-hamarkada tirabiratsuaren ondorio, 1959an Ekonomiaren Egonkortasunerako Plan Nazionala onartu zuenetik aurrera, hain zuzen. Nire ustez, testuinguru horretan, hegoaldeko euskal gizartearen 2. industrializazio-proletarizazio prozesuan, kokatzen da euskara bere lehenengo heriotzak ez hil izanaren motibo behinena. Prozesu horrek lan-indar merkantziaren bi mobilizazio-ardatz eragin zituen, jakina den moduan: kanpotiko migrazioa, bata; eta, landa-eremutik hirirakoa, barne-mailakoa, bestea. Intuizioak kontrakoa dioela badirudi ere, egiturazko eraldaketa horrek XIX. mende bukaeratik zetorren gainbehera prozesuari buelta emateko abagunea sortu zuen; izan ere, ETAren ezkerreko abertzaletasun berriak sortu zuen ulermen-markoak ahalbidetu zuen historian lehenengo aldiz klase sozial historikoki progresibo batengan, langile klasearengan, proiektatzea euskarak bizirik irautea. Gainera, aurreko abertzaletasunean ez bezala, zeinetan euskara kristautasunaren eta arrazaren atzetik baitzihoan euskal nortasunaren ezaugarri bereizgarri gisa, hizkuntzak hartu zuen zentraltasuna eta sinbolismoa. Horrek guztiak, historiaren arrastora birbideratu eta oposizio-elementu aurrerakoi bilakatu zuen euskara, hala politikoki, nola kulturalki. Horrez gain, euskararen estandarizazioak eta Ikastolen, euskaltegien eta gau-eskolen mugimenduak berebiziko garrantzia izan zuten alfabetatzean eta ezagutzaren hedapenean, ezbairik gabe.

Dena den, alde batetik, frankismoaren baitan, bereziki azken hamarkada eta erdi hartan, jazotako ekoizpen-indarren garatze basatiak eta erregimenaren barne-gatazkek; eta, bestetik, askotariko oposizio politikoen presioak, estatu-forma monolitiko hura demokrazia burgesaren bidean eraldatzera derrigortu zuten oligarkia frankista, Trantsizio famatuaren bidez. Esan bezala, frankismo-bukaerarantz, estatu-forma faxista zurruna ez zen frankismoak berak bultzatutako eraldaketa ekonomiko eta sozialekin bateragarria. Orduko botere-blokearen interesen ikuspegitik ere, gainegiturazko zarakar ideologiko eta administratiboa berrantola eta moderniza zedin behar zen, areagotzen zihoazen eskaera sozial, nazional eta linguistikoak modu eraginkorrean integratuak eta asimilatuak izango baziren —esaterako, langile-klasearen haserrea sindikatu eta alderdi politiko legezkoen bitartez, eta nortasun nazional periferikoena prozesu autonomikoaren bitartez—. Halatan, 78ko konstituzioan oinarrituta abiatu zen autonomien eraikuntza-prozesuak ekarri zuen, euskararen bilakaera, lehendik ere hego-ipar ardatzak bereizia zena, hegoaldean bertan ere bitan adarkatzea. Euskal Autonomi Erkidegoan, koofizialtasuna (euskara ikasteko derrigortasunik gabe) eta asimilazio administratibo-instituzionala (1979); Nafarroako Foru Komunitatean, zonakatzea eta asimilazio oso partzial eta prekarioa (1986).

Orain, gaur egunera egin dezagun jauzi. Soziolinguistika burgesak, mundu-ikuskera kapitalistaren baitan jarduten duenak, klase sozialen eta euskararen arteko egungo korrelazioa preseski aztertzen ez duen arren, errentaren eta hizkuntzaren artean egiten duen korrelazioan ikus liteke, lerro artean irakurrita, zein estratu sozialetan gotortzen joan den euskara urteokin (ikus, Paul Beitiak Arteka-ko ale honetan bertan idatzitako artikuluan, ikerketa horiei buruzko datuak, xehetasunak eta argibideak). Halaz ere, ikerketa soziolinguistiko horiek era lausoan erakusten duten fenomenoa, alegia, Hego Euskal Herriko biztanleria proletarizatuenaren artean euskarak daukan toki marjinala —edo, bestela esanda, gizarte-bazterketa egoeran daudenen artean euskal hiztunen ehuneko txikia—, ez digu inork azaldu. Nola esplika dezakegu euskararen bilakaera historikoaren egungo emaitza hori? Euskararen inguruko ikerketa zientifikoen lehentasunezko objektu izan beharko luke, nik uste, baina ez da, tamalez.

Lanerako hipotesi bat botatzekotan, abdukzioz, prozesu autonomikoaren eskutik jazotakoa euskararen klasemedianizazioa izan dela esango nuke. 60ko hamarkadan abiatutako erresistentzia- eta euskalduntze-prozesua —hein batean euskararen klase-modernizazioa (edo klase-metenpsikosia, euskararen heriotzei buruz gabiltzan aldetik) izan zena— eten edo behintzat eraldatu egin zen 2000. urtean, hor nonbait. Ekoizpen- eta zirkulazio-esfera kapitalisten dimentsio linguistikoan, egoera diglosikoaren oinarri erreala den horretan, eragin handirik gabeko eraikuntza politiko-administratibo hark (EAEz ari naiz, batez ere), izaera elebiduneko funtzionariotza mardularen sorrera ekarri zuen. Gainera, hasierako euskalgintza militanteko erakunde independenteei biki instituzionalak jarri zizkieten parez pare, gutxika (ikus, HABE, D eredua, etab.).Bestalde, kontuan hartu beharra dago azken pare bat hamarkadetan euskalgintzan oro har izan den profesionalizazioa eta instituzionalizazioa. Ildo beretik, ezagutzaren datu gorakorrek, beren horretan, ez dute adierazten euskara arnas-makina instituzionalera eta erabilera administratibo-formalera geroago eta lotuago dagoela baizik. Izan ere, erabilera espontaneoaren tasa erlatiboa beherakorra da hizkuntz gaitasuna daukatenekin alderatuta, eta horrek esan nahi du, motzean, euskara ez dagoela gizarte zibilean sustraituta. Bereziki EAEn, euskarak oposizio-elementu izateari utzi dio, oro har, elementu administratibo eta formal bihurtzeko, eta hor, hain justu, kokatu behar da nire aburuz porrot ideologikoaren gakoetako bat, oinarrian klasemedianizazioa daukana.

Jakina da euskal eliteen aldetiko euskararenganako gutxiespena konstante bat izan dela, bai formazio sozial aurrekapitalistan, bai kapitalistan (ikus, gaiari buruz Jon Kortazazrrek Gedar-en, Klasismoa, mendeetako euskararen etsaia izenez idatzitako artikulu-sorta). Kataluniakoak ez bezala, Espainiako merkatu-nazioan hasiera-hasieratik asimilatutako euskal burgesiak, esaterako, hizkuntzaren auziari sor eta gor egin izan dio, salbuespenak salbuespen, inongo erreparorik gabe. Esan gabe doa, klasearen eta hizkuntzaren arteko korrelazioaren aspektu hori ez dela, preseski, zur eta lur utzi beharko gintuzkeena. Harritzekoa dena zera da, mendeetan zehar ekoizpen modu aurrekapitalistari lotutako gizatalde pobre eskolagabeen hizkuntza izan dena —Kirikiñok ateratako argazkikoa— XXI. mendeko Euskal Herriko erdi mailako klasearen hizkuntza bilakatu izana.

Hala izanik, eta goazen bidetik, Euskal Herriko proletariotza erdaldunak zer jarrera espontaneo gara dezake euskararekiko? Bada, kasurik onenean indiferentzia; eta txarrenean, prozedura burokratikoenganako ohikoa den errefusa. Pruden Gartziak Berria-n duela ez asko egin zioten elkarrizketan zioen gisan, ETAren abertzaletasuna inklusibo egiten zuten klabe sozial eta gatazka-girorik gabe, etorkin proletarioek, «metroa hartzean arabieraz hitz egiten duten gazte horiek guztiek, (…), zer arrazoi dute euskaldun sentitzeko?».

XIX. mende bukaeran abiatu zen prozesuaren eta egungoaren artean analogia ezartzea beharrezkoa da, arrunt bestelakoak izanagatik, auziaren egitura orokorrak bai baitauka antzekotasunik: hizkuntza bat daukagu krisi-historikoan den gizarte-talde bati estekatua. Euskarari, ekoizpen modu aurrekapitalistaren krisiak, ezagutzen zaion krisi sakonena eragin zion. Ekoizpen eredu postfordistan eta kontsumo-gizartean oinarritutako metaketa-ziklo kapitalista —klase ertain zabal baten garapena ahalbidetu zuena—, berriz, egoera kritikoan dago orain, eta horrek klase ertainaren endekapena eta proletarizazioa dakartza ezinbestean. Euskara, berriz, klase ertainari lotua dago. 1876tik gaur arteko mende eta erdia ekoizpen-modu eta bizi-baldintza kapitalisten ezartze-, garapen- eta egonkortze-fasea izan da Euskal Herrian, intentsitate ezberdineko hainbat azpifaserekin (horrek ez du auzia substantzialki aldatzen). Halaber, euskararen endekapen-istorioko pasarte ilunena ere osatzen du.

Hizkuntz gaitasunei buruzko Euskal Herriko datuek berez txarrak badirudite (% 28’4 Elebiduna, non erdiak gaztelaniaz erraztasun handiagoa duen; % 16’4 Euskaldun hartzailea; %55’2 Erdalduna), ehuneko horien atzean dauden egiturazko ahulguneak kontuan hartzen baditugu —banaketa administratiboa, klase-korrelazioa eta ekoizpen-moduan sustraitzerik eza—, egoera are lazgarriago aurkezten zaigu: «danok ikusten degu: euskera galdu da». Gizartea eta ekoizpena antolatzeko forma historiko honetan behintzat, kapitalismoan, ez du bizirik luze iraungo.

Bien bitartean, euskara oposizio-elementu gisa berraktibatu beharra dago. Hori nola egiten den, edo egingarria den, noski, aztertu beharra dago. Nire uste apalean, politika sozialistaren bitartez. Izan ere, politika sozialistak politikoki osotasun burgesaren kontra artikulatu nahi duen gizarte-segmentua den aldetik— Euskal Herri mailan— euskararekiko desatxikimendu-tasa handiena daukana, forma sozial kapitalistaren aurkako gatazkan soilik berraktibatu daiteke euskara oposizio-elementu inklusibo gisa. Proletariotza erdaldunak, onar dezagun, ez du inongo interesik euskararekiko, badauzkalako hizkuntza ñimiño baten galera baino askoz ere arazo larriagoak, eta klase ertain euskalduna gizarte-talde historikoki atzerakoi eta erreakzionarioa delako ere bai. Bestalde, nire intuizioa zera da, aldaketa historiko bati hizkuntza batek bizirik iraungo badio, klase historikoki progresibo baten eskutik behar duela izan. Hizkuntza gutxi batzuek, burgesiaren eta nazio-estatu modernoen eskutik lortu zuten. Euskararen aukera bakarra proletariotza eta estatu sozialista dira, ordea. Modernitateak ez badu hizkuntza esentzialik, ezein hizkuntza ez bada esentzialki moderno, orduan edozein hizkuntzak gara zezakeen izaera modernoa. Gureari kosta zaio, baina ari da. Orain beste Modernitate bat behar dugu.

BIBLIOGRAFIA

1. Beltza, Nacionalismo vasco (1876-1936), Txertoa, Donostia, 1974.

2. Bolívar Echeverría, Definición de la cultura, Fondo de Cultura Económica, Mexiko D.F., 2001.

3. Iván Igartua eta Xabier Zabalza, Euskararen historia laburra, Etxepare euskal institutua: euskal kultura sailaren editorea, Donostia.

4. Pako Aristi, Euskararen bigarren heriotza, Berria, 2020ko urriaren 4a.

5. Pruden Gartzia, «Zer motibo dute euskaldun sentitzeko egungo etorkinek?» (elkarrizketa), Berria, 2020ko urriak 11.

6. Joseba Zalakain, Pobreen hizkuntzak, Berria, 2020ko urria.