AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aurreko koiunturan pandemiari aurre egiteko ezarritako neurrien izaera klasista eta arbitrarioaren gaineko gako batzuk mahai gaineratu nituen. Oraingo honetan, izaera horren adierazpen konkretu bat eta haren inguruko posizioak aztertzeko asmoz idatzi dut, manifestatzeko eskubidearen urraketaz hain zuzen. Askatasunez biltzeko eta mugitzeko eskubideak mugatzearekin nahikoa ez eta manifestatzeko eskubidea urratzea izan da azken pausua. Ofentsiba basati honen aurrean antolatzea eta kaleak hartzea gure aukera bakarra direla jakinda, horiek ere baldintzatzeari ekin diote.

«El derecho a reunión no es de carácter absoluto» zioen jaso genuen jakinarazpenak. Guri bezala, beste askori ere iritsi zaio antzekorik azken aldian, eta bakoitzak, ahal izan duen moduan egin dio aurre horri. Diruaren botereak giza harremanak determinatzen dituen gizarte honetan, eskubideak paper errea besterik ez dira. Esaterako, alferrikakoa da etxebizitza eskubidea, dirurik ez duzun bitartean etxerik edukiko ez duzulako. Behin eta berriro esan beharrean gaude: askatasun eza pobrezia da eta pobrezia askatasun eza.

Mugimendu sozialistak azken asteetan deitu dituen zenbait mobilizazio 200 pertsonara mugatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak eta Polizia Buruzagitza Nagusiarekin elkarlanean, osasun neurriak betetzeko ezinekoa zela argudiatuta. Beste mobilizazio asko ere mugatu dituzte, antzeko arrazoiak erabiliz. Pertsona kopurua mugatzeak ez dio inongo osasun irizpideri erantzuten, eta neurrien izaera arbitrarioa agerian uzten du, kale zabalak, ibilbide motzak eta higiene protokoloak izan  baitira eskatutako neurriak. Honen aurrean, ezkutuko debekua salatu dugu, gure gaitasun mobilizatzaileak guztiz oztopatzen dituzten neurriak hori baitira azken batean: debekua. Ezinbestekoa ikusten dugu horrelako erasoen aurrean erantzutea eta askatasun politikoen urraketa salatzea, ofentsiba orokor honetan kolpe etengabeak baitira.

Hurrengo lerroetan, aste hauetan zehar izan ditugun zenbait eztabaiden laburpen bat eta sare sozialetan azaldutako iruzkin batzuen gaineko gako batzuk ere aipatuko ditut, praktika politikoari begira garrantzitsuak iruditu zaizkit eta.

Mobilizazioei dagokionez, eta orokorrean praktika politikoari edota bizitzari dagokionez ere, bi aukera izan ohi ditugu. Labur esanda: arauak bete edo ez. Arauak indar harreman baten ondorio dira, eta harreman horretan dugun posizioaren eta epe motz zein luzean lortu nahi ditugun helburuen arabera jardutea ezinbestekoa da. Arau hauek apurtu edo desobeditzea zilegi da eta kasuan kasu beharrezkoa. Hau ordea, beti perspektiba estrategikoan eta praktika politiko kolektiboan kokatu behar dugu, eta inolaz ere ez, dogma edo printzipio taktiko orokor gisa. Borroka moldeei ere aplikatu beharreko gogoeta da honakoa, desobedientziaren auziari esaterako. Tresna bat ez da «berez» egokia, kasuan kasuko egoeraren eta haren joeren analisiaren ondorio izango da egokia. Gure helburua arrotza zaigun legeri hau suntsitzea da, baina jakin badakigu errepresioaren forma ezberdinek jardun politikoa asko baldintza dezaketela.

Mozal legeak esaterako zama ekonomiko izugarria eragiten du. Hortaz, horri aurre egiteko gaitasunak handitzeaz gain inteligentzia politikoz aritzea dagokigu, eta borrokarako baldintzak bermatzea. Alor honetan egiten ditugun aurrerapausuek mugimendu politiko orori eragiten diote.  Zentzu honetan, hipokresia eta lotsagabekeria izugarria iruditzen zait zenbaitek erakutsi duten jarrera, esku batekin ezkutuko debekua gezurra dela esan eta desobendentziarako deia egiten ibiltzea, eta bestearekin aurrekontuak onartzen ibiltzea. Handikeria asko eta sinesgarritasun gutxi.

Besteren batek zarata ateratzen egon eta birusa ukatzea egotzi izan digu, askatasunaren bi aldeak ulertu ez eta kontrol sozialean soilik zentratzea. Egin beharrekoa, bere ustez, gaurko keinu iraultzailea elkar zaintzea omen da, eta estruktura sozial, sanitario, laboral eta abarrak sendotzea. Mugimendu sozialistatik dauzkagun bitartekoekin egiten dugun analisia xumea da, eta pandemiak izango dituen ondorioak aurreikustea oso ariketa zaila da. Hala ere, ideia hauekiko kontrakotasuna agerikoa da.

Alde batetik, eta aurrekoan aipatu bezala, kontrol sozialaren aurka egotea eta birusa ukatzea ez dira gauza bera, eta ez du askatasunaren ulerkera eza suposatzen. Birusaren zabalpena sorturiko testuingurua modernizazio ekonomiko eta kultural basati bat aurrera eramateko baliatzen ari da burgesia, eta zentzu horretan neurriak langileriaren gaineko kontrola handitzeko tresna bihurtu dira, irizpide sanitario ororen gainetik kapitalaren balorizazioa lehenetsiz.

Bestalde, elkar zaintzaren inguruko diskurtsoa asko zabaldu da azken aldian, eta esango nuke oso ulerkera ezberdin eta baita kontraesankorrak daudela honen inguruan ere. Nire ustez, egungo egoeran zaintza erdigunean jartzea problematikoa izan daiteke, eta arazoaren erroa desplazatu dezake, aterabide indibidualak posible direla sinestaraziz. Bizi dugun ofentsibak bizitzako alor guztiak zipriztindu ditu, eta krisia gure eguneroko bihurtzen hasi da.  Aske ez garen gizarte batean, nola izan liteke lehentasuna zaintza?

Nik behintzat, zaintza antolakuntzarekin lotzen dut, borroka komunitatearekin, bestelako harreman eredu batekin, bizitzaren osotasunaren gaineko kontrolarekin, eta hau inolaz ere ez da posible gaur egungo gizartean, are gutxiago pandemia egoeran. Zaintza modu seguruan aurrera eramango den militantzia da, eta egungo ofentsiba geratu eta aurrera pausuak emateko oinarriak jarriko dituena. Testuinguru honetan zaintza sektore babesgabeei bizirauteko eta aurrera egiteko baldintza materialak bermatuko dizkiena. Mobilizatzea ezinbestekoa da, baina estatu sozialago baten ilusioa elikatu beharrean estatu sozialista gaurdanik eraikitzeko, betiere. Laburbilduz, elkar zaintzeko modu bakarra antolakuntza izango da.

Bestalde, sare sozialetan ere zenbait harik arrakasta handia izan dute. Ziber-munduak geroz eta garrantzi handiagoa duela begi bistakoa da, eta nahitaez, eragin politikorako esparru bihurtu da. Pertsonen arteko harremanen erdigune bilakatzen ari dira sare sozialak, eta bertan gure posizio politikoaren inguruko dibulgazioa egin eta ideiak konfrontatzeko esparru ere bilakatu dira.

Bakoitzak berea defendatzen du, baina zintzoak izan gaitezen, askok, beren estatus eta jarraitzaile kopurua erabiltzen dute besteen gaineko gezurrak zabaldu eta arerio politikoa oztopatzeko. Hori ahalbidetzen dute sare sozialek: gezur bat zabaldu eta iritzia sortu; segituan beste albiste bat zabaldu eta dagoeneko aurrekoaz ahaztu. Baina jada iritzia sortua dago lehenengo fenomenoaren inguruan. Honi errepikapena gehitzen badiogu koktel bikaina sortzen da. Mekanismoa sinple bezain zaharra da. Goebbelsek esana: «gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen da».

Mugimendu sozialistaren tesien kontra argudiatu baino, tesi horien karikaturaren aurka egiten du askok. Ulermen falta edo gezurra lanabes, batek daki. Hala ere eztabaida antzuei dagokiena baino garrantzi gehiago ez ematea ere badagokigu. Sare sozialetan eragin bai, baina ezin dugu errealitatea albo batera utzi, eta sarri, eta autokritika eginez, daukana baino garrantzi gehiago ematen ez ote diogulakoan nago.

«Segui il tuo corsoe lascia dir le genti»