AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Urtebete baino gehiago pasa da dagoeneko pandemiak eztanda egin zuenetik. Txertoen agerpena, mugarri izan da, baina egoera oso ziurgabea da oraindik eta ezinegon soziala gora doa, azken asteotan Bartzelonan ikusi dugun bezala. Mundu mailako kutsatze datuek beheranzko joera adierazten dute, baina mutazio berriak kezka iturri bihurtu dira txertaketa kanpaina betean.

Txertoak baina, zalaparta sortu du hasiera hasieratik. Kanpaina mediatikoak eragina izan du eta onarpen maila altuagoa da orain, hala ere, galdera asko daude oraindik argitzeke eta ez fidatzeko arrazoiak ere asko dira. Segurua al da? Eraginkorra al da? Nolatan egin dute hain azkar? Txip bat sartuko al digute? Mutazio berrien aurrean funtzionatzen al dute? Benetan ez al dago beste tresnarik? Derrigortu egingo gaituzte txertoa hartzera? Noiz arte irauten du immunitateak? Hainbeste baliabide egonda zergatik ez dituzte azkarrago ekoizten? Zein aldaketa eragingo ditu potentzien arteko indar-harremanean?

Tratamendu eta bestelako tresnetan ikerketa egin baldin bada ere, txertoa lortzeko lasterketa gudu geopolitiko bihurtu da aurten. Gaixotasun larri askorentzako oraindik txertorik ez dago, eta beste asko lortzeko urteak eta urteak behar izan dira. Kasu honetan baina, burgesiak artilleria astuna atera du, jokoan zegoena asko zelako. AEBk esaterako, Warp Speed operazioa jarri zuen martxan maiatzean, 300 milioi txerto ekoitzi eta banatzeko. Bomba nuklearra sortzeko 1942 martxan jarritako Manhattan planarekin konparazioak egitea saihetsezina da.

Askok zioten pandemiak mundu mailako kohesioa eta gizartearen berezko ontasuna mahai gaineratuko zituela. Beste behin ere, agerian geratu da gudu geopolitikoan posizioak indartzeko aukera baten aurrean burgesiak bere interesak beste edozeren gainetik borrokatuko dituela. NBEko Segurtasun Kontseilu Iraunkorreko bost kideetatik lauk (Txina, Erresuma Batua, AEB eta Errusia), euren txerto propioak garatu dituzte, estatuko enpresen zein bertako pribatuen bidez, eta haien herrialdeetatik kanpo eragiteko ezinbesteko tresna bilakatu dira txerto hauek. Mapa oso adierazgarria da[1].60 Txertotik gora daude entsegu faseetan eta zenbait herrialdek bat baino gehiago dituzte martxan dagoeneko. Beste askok ordea, ikerketa eta teknologia gaitasun urrien ondorioz, besteei erosi beste aukerarik ez dute izan.

Europar Batasunak bien bitartean, 2700 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu ikerkuntza eta ekoizpenean, eta helburu bezala udarako EBko biztanleriaren % 70 txertatzea ezarri du. Akordioak egin ditu  AstraZeneca, Pfizer, Moderna eta abarrekin, baina hauek ez dute espero zen epeetan ekoitzi eta tentsioak gora egin du. Ez dirudi udarako helburuak betetzerik izango dutenik. Honela, txertaketa kanpaina multinazional gutxi batzuen eskuetan geratu da, eta hauek egoera baliatu dute estatuak presionatu eta  irabaziak handitzeko. Europar Batasunak burgesiaren bloke ezberdinen arteko talkan indarra eta sinesgarritasuna galdu du, hemen ere agerian geratu den moduan. Herrialde batzuek txertoak beste bide batzuetatik lortzeari ekin diote, adibidez, Txekiar Errepublikak, Austriak edota Danimarkak Israelekin negoziazioak hasi dituzte.

Harrabotsa piztu dute Argentina eta Pfizerren arteko negoziazioek edota AstraZenecak Europar Batasunarekin izandako tirabirek. Azken honek, esaterako, AstraZenecari leporatu dio txertoak beste herrialde batzuei saldu izana. Europar Batasunak enpresa hauek presionatzeko dituen gaitasunak mugatuak dira, denbora kontra du eta haien morroi bihurtu da. Bestalde, TBIJ agentziaren arabera, Pfizerrek Argentinari jarritako baldintzen artean, berme gisara herrialdearen aktibo subiranoak  jartzea zegoen, baita banku federaleko erreserbak ere. Ikaragarria enpresa hauek aktore geopolitiko gisa hartzen ari diren boterea, eta ez dirudi botere horrek txikitzeko joera duenik.

AEB, Trumpen bukaera zalapartatsuaren ostean, txertaketa kanpaina bizian ari da, eta Bidenenek dagoeneko  agerian utzi ditu bere kanpo politika izan daitekeenaren zantzuak, Sirian bonbardaketak egin baititu berriki. Txina eta Errusiak, haien irudi internazionala indartu dute. Txinak, hasieran jo puntuan egon ondoren, estrategia izugarri zorrotz baten bidez birusa kontrolpean mantentzea lortu du, eta gainera harreman internazionalak egin ditu medikuak, materiala eta txertoak esportatuta. Horrez gain, ekonomia abiadura bizian berreskuratu da eta pandemia aurreko datuetan dago dagoeneko BPG hazkundeari dagokionez. Errusiak ere, hasieran mesfidati hartu zuten arren, Sputnik V txertoarekin kontratuak itxi ditu Argentina, Brasil, Mexiko, Bolivia, India eta baita Hungariarekin ere, azken hau Europar Batasunaren parte izanik ere.

Mundu mailako txertoen banaketa oso desorekatua izaten ari da eta honek ondorio larriak ekar ditzake. Potentzia inperialistek txerto gehienak eskuratu dituzte, eta haien segurtasun nazionala lehenetsi. Israelek esaterako inbertsio ikaragarria egin du, eta orain hori baliatzen ari da txertaketa kanpaina eraginkor baten bidez, bere irudia zuritu eta indartzeko. Kontratuaren letra txikian txertoak sortutako albo ondorio eta efektuen datuak enpresari ematea ere badago. Bestalde, Pfizerren produkzioaren % 82 a esaterako, Erresuma Batua, Kanada, EB, AEB eta Japoniaren artean banatu dute. Hau mundu mailako proletalgoarentzako eraso zuzena izateaz gain, estrategia okerra da aditu askoren ustez. Izan ere, globalizazioaren garai honetan, dena konektatuta dagoen garai honetan, birusarekin mundu mailan bukatu ezean, ez da egoera bere onera etorriko. Mutazio berriak egoteko arriskua asko handituko da zenbait herrialdetan egoeraren kontrola galduz gero, eta birusa endemiko bihurtzeko arrisku larria dago.   

Egoera honen aurrean bi proposamen nagusik garrantzia berezia hartu dute. Hegoafrikak eta Indiak hasieran, eta dagoeneko Munduko Osasun Erakundeak ere, txertoen eta zenbait tratamenduren patenteak bertan behera uzteko proposamena egin dute Munduko Merkataritza Elkartean. Proposamenak garrantzi handia du, ekoizpena merketu, azkartu eta banaketa mundu osoan egiteko baldintzak  jarriko lituzke eta. 2020 Bukaeran ezezkoa jaso zuen proposamenak eta ez dirudi epe motzera baiezkoa jasoko duenik. Potentzia nagusiek ezezkoa justifikatzeko jartzen duten arrazoi nagusia da patenteak kenduz gero farmazia-enpresek ikerketa eta garapenean inbertitzeari utziko diotela, eta ondorioz, gizartea zaurgarriagoa egin. Espainiak ere kontra bozkatu zuen, egoera penagarrian egonda ere.

Bestalde, Covax ekimena martxan jarri da, GAVI (Txertoaren Aliantza Globala), MOE, eta  beste zenbait eragile internazionalen eskutik. Helburua txertoen garapen eta ekoizpena azkartu eta mundu mailako banaketa justu eta ekitatibo bat egitea omen da. Helburu gisa urte bukaerarako munduko herrialde guztiek biztanleriaren % 20 a txertatuta edukitzea da. Ikusteko dago fakzioen arteko borrokek zein punturaino baldintzatzen duten proposamena, beti balorizazioaren eta borroka geopolitikoen menpe dagoena.

Honetaz gain, pasaporte sanitarioaren albistea eduki dugu azken egun hauetan. Turismoaren ekonomian oinarritutako herrialdeek presionatu egin dute proposamena aurrera atera dadin. Guztiz itxi eta onartu gabe badago ere, Europar Batasunean bidaiatu ahal izateko, txertatuta egotea derrigorrezko baldintza izan beharko dela aurreratu zuen Angela Merkelek. Txertoa borondatezkoa da oraindik, baina badirudi pixkanaka aldatzen ari dela hori ere. Ikusteko dago zertan geratuko den baina neurri diskriminatzaile eta elitista argia da. Gure osasun datuen kontrola nahieran erabiltzeko joera oso arriskutsua da. Bestalde, Galizian lege-proposamena onartu dute, txertoa derrigorrezkoa izateko. Ikusteko dago onartuko den edo ez baina gertutik jarraitu beharreko aurrekaria izango da.

Azkenik, Euskal Herria aurrera eramaten ari den txertaketa kanpainak kapitulu propioa merezi duen arren, bi hitzetan laburtuko nuke: motela eta ustela. Kontrol sozialean oinarritutako estrategiak fruitu gehiago ematen dizkie antza.

Elkarlotuta dauden bi ondorio orokor atera ditut nik esandakotik. Lehenengoa, langileriaren kontrolarena da. Langileria prozesu hauetan esku hartzeko gaitasunik gabe, borroka inperialisten kanoi bazka besterik ez da. Mundu mailan antolatzen den boterearen aurrean, pareko antolakuntza gaitasunak garatzen ez baditugu, basakeriara kondenatuak egongo gara eta. Honek alor guztien gaineko kontrol sozialista esan nahiko luke, langileriaren behar unibertsalei erantzuteko eta ez balorizazio prozesuari. Honi lotua, bigarrena, osasun paradigma berri eta global baten beharrarena da. Tratamendutik harago, prebentzio eta sustapenean oinarrituko den osasun sistema global baten beharra ukaezina dela uste dut, etorri daitezkeen birus berriei aurre egiteko eta orokorrean, osasungintza ereduan ere paradigma aldaketa bat emateko, ongizate kolektiboa erdigunean jarriko duena.