Agerikoa da egoera honek -krisi kapitalistak- sortuko duen konbultsio soziala indar iraultzaile antolaturik gabe oso mugatua izango dela, piztu eta itzali ibiliko dela. Iraultza ez da bihar Bartzelonako edo Madrilgo kaleetan emango, horregatik prozesu horri ekarpena egitea dagokigu.
Azken asteek Kataluniara begira jarri gaituzte. Hauteskundeetako datuak bueltaka ibili dira eta asko independentismoaren garaipenaren ideiari tiraka ibili bada ere, abstentzioaren kopurua ezin izan da oharkabean pasa % 46 izan baita, 2017an % 20,91 izan zen bitartean. Ez naiz independentismoaren noraez estrategikoa baloratzen sartuko, abstentzioaren gaiak nire ustez interes handiagoa dauka eta. Ez da aldiz erraza hori zeren ondorio zuzena izan den zehaztea, baina argi dago behintzat «pandemia» justifikazio bakar gisa erabiltzen duten horiek parlamentarismo burgesa defendatu eta legitimatzeko duten intentzio soila.
Proletalgoaren ikuspegitik toki bat egin beharko genioke abstentzioaren justifikazioan langile klasea azken hamarkadetan bizitzen ari den proletarizazio prozesuari, pandemia hasi zenetik era nabarmenean areagotu delarik egoera hori. Hipotesi honen egiaztapenak eskatzen duen lan mardula egiteko aukera edo gaitasunik gabe, erakusle modura har genitzake hurrengo datuak: Kataluniako auzo pobreenetan parte hartze tasa % 35ekoa izan da.[1] Bartzelonan bertan, batez besteko errenta baxuena (10.000-11.500€ bitartean) duten herrietan (L’Hospitalet % 52,96, Mataró % 50…) abstentzioa % 50tik gorakoa izan da. Pobrezia arriskuan daudenen tasa altuena duten beste hainbat herrietan ere abstentzioa nabaria izan da, hala nola, Gironan: Castello d’empuries-en % 51,85, Lloret de mar-en % 53,57 edo Roses-en % 52,2koa eta Tarragonan: Saloun % 54,08.
Egun gutxiren buruan, maila internazionalean zabalpena izan duen beste albiste batek jarri du Katalunia zentroan: Pablo Hasel rapero Lleidarra kartzelaratua izan zen «espainiar monarkia iraintzea» eta «terrorismoa goratzea» egotzita. Ez da harritzekoa burgesiak eta bere morroiek adierazpen askatasunerako eskubide osoa duten bitartean, proletalgoaren klase interesen defentsa jazarria eta epaitua izatea. Demokrazia burgesaren izaera totalitarioaren adierazle da hori, Estatu burgesaren forma demokrazia/diktadura dialektikan ulertu behar baitugu eta krisi testuinguruan argi dago dikotomiaren zein aldetara mugitzen den balantza, oraindik ere modu zabalagoan erasotzen dituelarik proletalgoaren oinarrizko askatasunak.
Haselen atxiloketaren ostean emandako erantzun soziala, ez genuke modu isolatuan ulertu behar, aurretik garatzen ari zen gorroto eta ezinegonaren erakusle soil izan baita. Eta aurretik zetorrenaz hitz egiten dudanean, Espainiar Estatuaren egoera penagarriaz ari naiz, Europar Batasuneko gazte langabezia tasa altuenaz[2], bi ordu eta erdiro pertsona batek bere buruaz beste egiten duen herrialdeaz[3], 2020an gutxienez 780 langile soldatapeko lanean erail zituen Estatuaz[4]… Beraz, ez genituzke hauteskundeen eta Haselen atxiloketaren ondoren emandako erantzun soziala aparteko gertaera gisa analizatu behar, lotura zuzena aurkitu dezakegu eta bien artean: biztanleriaren zati handi baten pobretzea, euren bizi eta lan baldintzen beheraka eta horrek sorturiko ez egonkortasuna eta amorrua.
Zentzu horretan, garrantzia hartzen du azken egun luzeetan ematen ari diren masa mobilizazioen eta horien aurreko posizioen analisiak, datorkigunaren seinale, momentuko egin beharrak definitzeko xedez. Ez dut horrekin esan nahi, egun hauetan gertatutakoa biharko iraultzaren seinale denik, inondik inora, baina lanketa batzuetarako ateak ireki ditzake edo irekita zeuden batzuen inguruan berriz ere eztabaidatzeko aukera sortu du. Azpimarratzekoak dira behintzat alderdi instituzionalek mobilizazio horien aurrean defendaturiko hainbat posizio. Aipagarrienak, alde batetik, poliziaren jarrera eta Haselen atxiloketa bera demokraziaren anomalia edo momentuko funtzionamenduaren akats gisa definitu izana eta bestetik, masen biolentziaren kriminalizazioa.
Momentu onean agertu zen Otegi Ertzantzaren demokratizazio eta euskalduntzea babesten. Eztabaidan hartu zuen garrantzia galdu egin du tamalez bere kide «progre» guztiek posizio bera publikoki defendatu duten momentuan. Euren proposamena indar polizialen demokratizazioan eta Zigor Kodearen erreforman oinarritu da batik bat. Hau da, proletalgoaren egiturazko miseria ezkutatzeko demokratizazio kapak gehitzean, Estatu burgesa sendotzean eta beraz, kapitalaren legitimazioan. Poliziaren izaera aldaketa edo indar polizialen garbiketa juxtuki, horren barne anomalietan justifikatzen dute, hau da, indar polizialen barnean dauden figura faxisten ideian. Begiak ixten dituzte aldiz, indar polizialen izatea aztertzean, erregimen kapitalista mantentzeko pieza zentrala baitira horiek, euren funtzioa langile klasea Estatuaren kontrolpean izatea delarik.
Biolentziaren auziari dagokionez, honen kriminalizazioa izan da alderdi guztien posizioa. Biolentzia ez dela bidea, ez duela ezer justifikatzen, antifaxismoa izatez ez dela biolentoa… biolentzia bere horretan patriarkala dela ere irakurri dut nonbait. Sanchez bera «biolentzia demokraziaren ukapena dela» esaten entzun dut, «Espainia bezalako demokrazia oso batean, onartezina dela». Biolentziaren irakurketa hori guztiz interesatua dela aipatu beharrik ez dago, Estatuaren monopolioa den biolentziaren aurrean, biolentzia ukatzen dutenek estatuak erabiltzen ez duen biolentzia ukatzen dutelako, hots, euren interesak defendatzen ez dituen biolentzia da kondenatzen dutena. Bestela esanda, bizi dugun ordena sozialaren aurka esplotatuok erabil dezakegun biolentzia iraultzailea da ukatzen den bakarra, ez klase sozial batek beste bat dominatzeko erabiltzen duena. Biolentzia aldiz, jarrera fisiko batetik haratago ulertu behar genuke, gure bizitzen parte da. Gure bizitzen gaineko erabaki aukerarik eza da biolentzia. Edo ez al da biolentzia gosez hiltzea? Kaleratzeak? Lanera behartuak joatea? Etxegabetzeak? Baina hori noski, euren klase posizioa mantentzeko beharrezko biolentzia da eta beraz, horren aurkako edozein erantzun, biolentzia gogorrenaz zapalduko dute, legitimazio eta inpunitate osoz. Proletalgoaren autodefentsa aldiz, politikoki eta sozialki kondenatua izango da.
Hala ere, oraindik gizarteko sektore aurrerakoien kode moralean oso errotua dagoen pentsaera da, aurretik aipatu alderdi «progre» horiek aldaketarako duten gaitasuna murritza denaren ideiaren baitan, justifikatzea. Are gehiago, kasu honetan, Pablo Haselen atxiloketaren kontrako propaganda egin dutenean. Agente elektoral moduan euren irisgarritasun espazioa zabaltzeko saiakera horiek, bestelako itxura hartzen dute estatuaren agente gisara gobernuan egoera baretzen eta ordena berrezartzen saiatzen direnean, azken hori euren funtzioa izanik. Argi ikus genezake Podemosek Haselen aldeko aldarriak sareetan zabaltzen dituen bitartean, Estatuaren etengabeko legitimazioan murgilduta dagoela, proletalgoaren interesen defentsa kriminalizatuz. Ulertu behar dugu Estatua, gizarte burgesaren sintesi politiko modura, anitza dela eta kapitalaren interes orokorrak bermatzen dituen bitartean, alderdi ezberdinen interes partikularrak ere bermatu behar dituela, baina askotan bigarren horien aurkakoa da balantza.
Esan bezala, ireki diren zenbait eztabaidei ekarpen xumea besterik ez da izan honakoa. Orain ordea, ideologia erreakzionario eta erreformistak borrokatzetik haratago, gure eginbeharra handiagoa da. Agerikoa da egoera honek -krisi kapitalistak- sortuko duen konbultsio soziala indar iraultzaile antolaturik gabe oso mugatua izango dela, piztu eta itzali ibiliko dela. Iraultza ez da bihar Bartzelonako edo Madrilgo kaleetan emango, horregatik prozesu horri ekarpena egitea dagokigu. Demokrazia burgesak ere ez du bere hain erroturiko zilegitasuna edonola galduko, baina ortzimuga horretan jardutea dagokigu. Eta beraz, beharrezkoa izango da, alde batetik, egoerak sorturiko aukeraren aurrean Estatu burgesaren eta bere agenteen funtzioa seinalatu eta horiekiko existitzen den legitimazioa haustea, bestetik, eztabaida estrategikoan sakondu eta posizio erreformista eta instituzionalak alboratzea eta bitartean, antolakuntza iraultzailearen beharrizana mahaigaineratu, berau garatu eta indartzea. Ez da lan makala dagokiguna, ez dakigu lortuko duguna ere zer izango den, baina saiatu gabe geratzeak dakarren kondena jasanezinak ez du bestelako aukerarik uzten: sozialismoa ala basakeria.
[3] https://www.ondacero.es/noticias/sociedad/dos-horas-media-suicida-persona-espana_201909235d88ac130cf287991cb402fb.html
[4] https://www.epdata.es/datos/numero-accidentes-trabajo-espana-estadisticas-muertos-otros-datos/508