AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bakoitzak dagokiona jasotzen du. Gero eta argiago ikusi dezakegu, gaurkoan, krisi kapitalista sakon baten garaian gizartearen klase ezberdinek jasotzen dutena: oligarkiak (burgesiaren goi-estratu gisa) bere boterea mantentzeko baldintzak ekoizteko askatasun osoa; proletalgoak, berriz, pobrezia, errepresioa eta umiliazioa.

Azken finean, hauek gizarte kapitalistaren txanponaren bi aldeak dira, bien arteko soka tenkatzean indar harremanak alde batera edo bestera egiten duelarik. Batak bestearen botere kuotak lapurtuz egin dezake soilik aurrera, joko zelai horretara mugatzen baitituzte partida sistemaren arauek. Ez dago ongizate unibertsalerako aukerarik.

Pairatzen ari garen krisi eta klase ofentsiba berri honetan ere, bakoitzak dagokiona jasotzen du, nola ez. Azken hilabete honetan inoiz baino adierazgarriagoa izaten ari da zer dagokion burgesiari eta zer proletariotzari.

Euskal Herrian eta administrazio espainiarrean zein frantsesean burgesiari dagokiona beraien boterea mantendu eta etorkizun hurbilera zein urrunera begira indartzeko mugimenduak egiteko askatasuna da. Askatasun hau ez da modu baketsuan eskuratzen, baina ez dira beraiek biolentzia zuzen eta zeharkakoa sufritzen dutenak. Batetik, berregituraketa ekonomikorako baldintzak sortzeko moduan daude: Europako funtsetako diru-laguntzen partida jasotzeko bozketa aurrera atera da espainiar parlamentuan, ehuneko handi bat oligarkiaren enpresen kontrolpean geldituko dena. Gainera, ekoizpen estrategikoa (burgesiaren irabazientzako, ez gizartearen gehiengoarentzako) gelditzeko ez dago intentziorik, etxe-konfinamenduaren aurrean erdi-bideko neurriak inprobisatzen ari baitira uneoro. Azkenik, «pandemiak eragindako krisiaren» aitzakiapean berregituraketa sakonak egiten ari dira, soldatapeko askoren kaleratzeak aste hauetako notizia nagusienetarikoa direlarik.

Ezegonkortasun garaietan, gainera, berregituraketa ekonomikoek berregituraketa politikoak eskatzen dituzte halabeharrez. Beraz, bigarrenik, berregitura politikorako baldintzak sortzeko moduan daude. Sinpleki esanda, ezegonkortasuna egonkortasun bilakatzeko baldintzak: Estatu kapitalisten eta beraien joko-arauen guztiahalduntasuna inposatu da pentsamendu legitimo bakar gisara. Mekanismo hauek modu eraginkorrean aurrera egiteko bloke politiko efektiboak ekoizten dituzte, gainera. Azken honi dagokionez, Espainiar Estatuko kasua da adierazgarriena: oligarkia espainiar zein europarrari subordinatu izan ohi zaion alderdiaren (PSOE) inguruan ezkerreko indar sozialdemokratak kokatu dira, berregituraketa politikoa ahalbidetuz. Aurrekontu orokorrak onartu bazitiuzten duela gutxi, Europako funtsek eskainiriko dirua enpresa handiei banatzeko proposamena onartu dute oraingoan.

Azkenik, paktu sozialaren apurketak kohesio sozialean eragiten dituen ondorio konbultsoak kontrolatu nahian dabil burgesia, proletalgoaren aukera iraultzaileen gaineko kontrol-gaitasuna errepresio zuzenagoaren bidez gauzatuko duen eszenatokia irekiz: kohesio soziala mantentzeko diru nahikorik ez dagoen unean, makilak aurrea hartzen dio azenarioari.

Burgesiak elementu hauek inposatzearen ondorioak proletalgoari dagokiona determinatzen du, honen bizkarretan gelditzen baitira ondorio zuzenak. Horrela, aurretiaz azalduriko plano ekonomikoan, berregituraketak gero eta kaleratze gehiago esan nahi du langileriarentzat. Horrekin batera, zerbitzu sozialen ezintasunak abereen bizimodura mugatzen eta kondenatzen du oraindik eta gehiago txirotu den txiroen multzoa. Plano politiko, sozial zein kulturalean, kohesio soziala kolpeen eta mozalen bitartez gauzatzen da: Pablo Hasel kartzelaratuko dute, Ertzaintzak bere irudia garbitzeko estrategia oraindik eta izaera biolentoagoa demostratzean oinarritzen du (diru gehiago jasoz, gainera) eta egungo egoeraren elementu agerikoak seinalatzen dituen oro jopuntu errepresiboan daukate.

Finean, bakoitzari dagokiona.

Polarizazio ekonomiko eta politiko honek gizarte osoaren armoniaz diharduten pentsamendu zein perspektiba politikoen efektibotasuna urratzen du eta, momentuz behintzat, polarizazio hau gehiago sakontzen joango dela diote datu guztiek. Proletarizazioak eta burgesiaren ofentsibak masa gero eta zabalagoa egungo sistemarekiko kontrakortasun jarreretara bultzatzen badute ere, kontzientzia iraultzailearen bitartekaritzak soilik bihur dezake aukera objektiboa akzio efektiboan eta pausu honen  zimendua hautu estrategikoan datza. Hala, estrategia sozialistaren eraikuntza nahitaezkoa eta atzeraezina da, baita eman beharreko lehen pausua ere.

Proletalgoarentzako estrategia egokia eraikitzea izan da azken urteetako zein gaur egungo helburu eta premia nagusia. Bideorri orokor horri subordinatzen zaizkio taktika eta koiunturaren gaineko akzioa. Boterea hartzerainoko bidea egin nahi duen orok jarraitu beharko luke ordena kontzeptual hau.

Egun, baina, estrategia argirik gabeko lan-lerro batzuk azaldu dira gure herrian, proletalgoak antolatzea beharrezko duen egiturazko beharrizan ezberdinekin loturik daudenak: izan etxebizitzaren auzia, auzi laborala eta abar. Estrategia argi bat ez izateak, halere, taktizismora edota berehalako erantzunetara murriztera kondenatzen ditu mugimendu hauek, paradigma politiko berrian hankamotz agertuz. Estrategiarik gabeko mugimenduak beste batzuen bideorriek irensten dituzte, edo horrela ez bada, ezintasun politiko nabarmena erakusten dute.

Taktizismoaren aurrean, berriz, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren eta Kontseiluaren arteko harreman zuzenaren adibidea aipatu nahiko nuke, bideorri estrategiko zein taktikoen elkarloturaren garrantzia adierazten diguna. Elaboratutako estrategia baten edukia eta forma aurrera eramango dituen lerro taktikoen sorkuntza eta borroka ezberdinen batasun estrategikoaren gaineko hautuaren ispilu da harreman hau. Miseriaren gestioari boterea hartzearen bidea kontrajartzen zaio, «autodefentsa» abstraktuari sozialismoaren eraikuntza. Masa zabalak subjektu politiko bilakatzeko eta erdibideko perspektibetara bultzatuak ez izateko inoiz baino beharrezkoagoa bihurtzen da, gaur, klase independentzian oinarrituriko estrategia sozialista.

Aurrerantzean klase bakoitzari zer dagokion klase borrokan aktiboki parte hartzen duten estrategia kontrajarrien arteko indar harremanak determinatuko du. Estrategia sozialista eta berari loturiko programa zein  lerro taktikoak dira burgesiaren botereari aurrez-aurre begiratu diezaioketen bakarrak, benetako eraldaketa soziala ahalbidetu dezaketen bakarrak. Lehen pausu soil bat dirudien arren, nire ustetan, «bakoitzari dagokiona» dioen errealitatea hausteko oinarrizko baldintza da. Hau izan ezean, miseria kudeatzetik haratago joateko ezintasunera kondenatua dago mugimendu oro.