Analisi asko egin dira pandemiaren inguruan, izango dituen ondorioen inguruan, sindemiaren inguruan, jendearen erreakzioen inguruan… atari honetan maiz esan da abiadura bizian gertatzen ari diren aldaketa asko luzaroko etorri direla. Gaurkoan joera arriskutsu bati buruz hitz egingo dut, zaharra bezain arriskutsua dena: normalizazioa.
Normalizatu egin dugu egunero hildako pertsonen datuak ikustea. Normalizatu egin dugu 300 kutsatutik 299ra pasa eta hobetzen ari garela sentitzea. Normalizatu egin dugu probintzia edota herri arteko mugak poliziaz josita egotea. Normalizatu egin dugu burgesiak gabonak salbatzeko kanpaina antolatu eta gero, errua norbanakoaren ardugarabekeriari egoztea, eta asumitu egin dugu, Aste Santuarekin antzeko zeozer gertatzea. Normalizatu egin dugu bakunak multinazional pribatuen esku egotea, dosiak murriztearekin mehatxatzea, atzerapenak egotea, agintariek ezkutuan dosiak lapurtzea, Illa Kataluniako hauteskundeetan aurkeztu eta Osasun Ministerioak propaganda politikoa egitea. Normalizatu egin dugu etxeko konfinamendua saihestearen truke edozer asumitzea, eta okerrena: normalizatu egin dugu urriaren 25etik alarma egoera eta etxeratze agindua in aeternun luzatzea.
Birusarekin bizikidetza orekatu bat helburu duen estrategiak porrot egin du, eta Zeelanda Berriak edota Asiako beste zenbait herrialdek frogatu dute ekonomia salbatzeko aukera bakarra birusarekin amaitzea dela. «Gobernu progresistak» bideorri poliziakoa ezarri du, eta oraindik ez dugu argirik ikusten tunelaren amaieran. Martxa honetan ez ekonomia eta ez osasuna, sarraskia baizik.
Normalizatu egin dugu, zipaioek Donostiko Alde Zaharra militarki hartzea, «tirar a dar» esan, gazte bati matrailezurra hautsi, jendea atxilotu eta Erkorera edo Eneko Goiak erantzun proportzionalaz hitz egitea. Normalizatu egin dugu eztabaida polizia ereduarena izatea eta ez poliziaren beraren izaerarena. Normalizatu egin dugu, etxegabetzeak debekatu dituen gobernuaren garaian 15 pertsona etxegabetu eta prentsan oihartzun bakarra kale liskar edota atxiloketek hartzea. Normalizatu egin dugu garai berriak diren hauetan Aitor eta Galder kartzelara joatea. Normalizatu egin dugu erregearen kontra kantatzeagatik Pablo Hasel kartzelara joateko arriskuan egotea, eta Cabacas auzian kondenaturiko ertzain bakarrak kartzela libratzea. Eta normalizatu egin dugu, birusaren kontrako bide poliziala salatzen dugunon aurka indibidualista edo negazionista bezalako kritika antzuak entzun behar izatea.
Normalizatu egin dugu aplikazio edo web orri bat irekitzean onartu eman eta gure datuak hamaika enpresari ematea. Normalizatu egin dugu ikasgeletan bakoitzak Google txit agurgarriak utzitako ordenagailu bana edukitzea eta egiten dugun bilaketa zein mugimendu oro haren Big Datan gordetzea. Normalizatu egin dugu bakoitzak gainean geolokalizadore, kamara eta mikrofono bat eramatea. Normalizatu egin dugu, errekonozimendu fazialeko kamerak non-nahi jartzea, edozer gauzatarako identifikatu egin behar izatea, poliziaren kontrolak etengabe sufritzea. Normalizatu egin dugu algoritmoen iradokizunei kasu egitea, eta klik baten bidez edozein produktu etxera iristea.
Normalizatu egin dugu balkoi eta kaleetan txibatoak egotea, jendeak jarrera erasokor eta poliziakoak edukitzea eta gazteak kriminalizatzea. Normalizatu egin ditugu berekoikeria eta elkartasun eza. Normalizatu egin dugu eskola eta fabrika seguruen errelatoa. Normalizatu egin dugu Israel mundu mailako txertaketa kanpainaren eredu izatea, Palestinarrei txertorik ez ematea eta herrialde boteretsuen artean guztiak banatzea, ahulenen kaltetan.
Normalizatu egin dugu komunikabideek «Agur Trump, Ongi etorri Biden!» esatea eta barrenetik bigarrenaren inguruko pertzepzio positibo bat garatzea. Normalizatu egin dugu Ayerdik korrupzioagatik dimititzea baina haren burua zuritzeko egiten ari den kanpaina aguantatzea. Normalizatu egin dugu Europatik datozen funtsak gobernuan dagoenaren arabera onak edo txarrak diren baloratzea. Badirudi horrelako mailegu bat PSOE, Podemos edota Bilduk babestutako gobernuak egiten badu ez duela epe luzeko interes eta baldintzarik. Ez dugu ahaztu behar maileguak maiz ez direla dirua itzultzeko uzten, zorra ordaindu bitartean zorduna bere esanetara mantentzeko baizik. Normalizatu egin dugu zor publikoa BPG-ren % 119 tik gorakoa izatea, duela hiru urtetik astelehenero pentsionistak kontzentratzen aritzea eta haientzako inongo proposamen errealik ez edukitzea.
Azken asteetan epe motzeko txerto salbatzailearen mezuak indarra eta sinesgarritasuna galdu du, eta nekea geroz eta agerikoagoa da. Krisia ordea, sakontzen doa eta ez da egun batetik bestera amaituko. Birusak bizitzeko modua errotik aldatu du eta ezin dugu atzera begirako nostalgiak etsipenean murgil gaitzan utzi.
Hau guztia eta gehiago normalizatu egin dugu, bai, baina ezin dugu ahaztu okerrago egon gaitezkeela bihar. Zentzuz jokatu behar dugu, neurriak errespetatu eta praktika politikoa modu seguruan egiten jarraitu. Baina inolaz ere ez dugu onartu behar egoera hain gaizki egotearen kausa gazteon arduragabekeria edo arauak ez betetzea izatea, hauek icebergaren punta besterik ez dira eta. Gaur egungo egoera politikoki konfrontzatzea dagokigu, normalizazioari aurre egitea, haserrea antolatzea, gertatzen dena problematizatzea eta aterabide politiko errealak planteatzea.
Bake faltsuari gerra
Ez etsi
https://www.youtube.com/watch?v=LhhyGrLyzIU