AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Labur bada ere, ikasturte honen balantze bat egin nahi nuke hurrengo koiuntura testuan, Urtarrileko Greba Orokorretik hasi eta Kontseilu Sozialisten aurkezpenera. Urte zail bezain emankorra izan da.

Pandemiak markaturiko urtea izan da 2020 hau. Mundua hankaz gora jarri du koronabirusak eta horrek guztiz baldintzatu du plangintza politikoa. Denbora luzez hausnartu eta eztabaidatutako planteamendu asko albo batera utzi behar izan ditugu, eta inteligentzia politikoz egoera berrira egokituta politika egiteko urtea izan da. Hala ere, ikasturteko erronka garrantzitsuetako bat Mugimendu Sozialista indartu eta egonkortzea zen, eta hazkundea konstantea izan da. Bestalde, oso argi geratu da azken urteetan mahaigaineratu ditugun analisien gaurkotasuna, eta identifikatzen genituen joera batzuk areagotzen ari direla ikus dezakegu. Proletarizazio tesia eta bizi baldintzak kaskartzea, kontrol soziala areagotzea, Estatuaren Instituzioekiko atxikipen faltaren gorakada…

Mobilizazio eta indar-metaketa eredu sozialistan sakontzeko urtea izan da. Urtarrilean Greba Orokorrarekin hasi zen urtea; bloke propioak osatuta, greban parte hartu genuen. Ikuspegi kritiko baten bidez proletalgoaren ahotsa eta interesak ordezkatuko zituen antolakuntza baliabideak jarri genituen, eta Euskal Herri osoan zehar 3000 pertsona inguru grebara batzea lortu genuen. Greba orokorra batzuen jabetza dela iradokitzen zutenen aurrean, azpimarratzekoa da ikuspegi propioz dinamika orokorretan parte hartzeko aukera ere aurkitu zela.

Otsailean topagunearen aurkezpena, mintegiak, lan egunak... eta konturatu ere egin gabe, konfinamendua. Beste ezeren aurretik, ditugun baliabideekin konfinamenduan eman zen erantzuna oso ona izan zela adierazi nahi nuke. Konfinamenduan salaketa kanpainak jarri zituzten martxan GKSk zein IAk, eta beste zenbait eragile ere atxikitu ziren. Azpimarratzekoa da, eragile politiko gehienek neurriak txalotu zituzten momentu batean, neurri horien izaera klasista eta autoritarioaren salaketa egiteak zuen garrantzi politikoa. Gainera, salaketarekin batera martxan jarri ziren lan-lerroek garrantzi berezia hartu zuten. Ikasleek aldarri konkretuen baitan jarri zituzten borrokak martxan, eta ikas-baldintzak borrokatu zituzten modu zuzenean campus zein heziguneetan. GKSk, bere partetik, eskualdeka egon zitezkeen gaitasun ezberdinak aztertu eta aholkularitza juridikoa jarri zuen martxan, errepresio, lan edota etxebizitza alorretan, sektore babesgabeei eduki zitzaketen gatazka ezberdinetan laguntzeko. Dinamika honek eta beste eragile batzuekin egindako elkarlanak aurrerago beste esparru batzuetan esku-hartzeko baldintzak ere jarri ditu.

Bestalde, konfinamenduan bertan eta ondoren ere, jadanik martxan zeuden tresna batzuen arrakasta oso handia izan da, eta berriak ere jarri dira martxan. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak 105 kasu eta 315 pertsona baino gehiago artatu zituen, esaterako. Bestalde, Sakana Larraunen Gogorrek edota Azpeitiako elikagai bankuak ere eraginkortasun handia erakutsi dute.

Behin ikasturtea hasita, lehen hiruhileko honetan mobilizazioak egin dituzte IAk, GKSk eta Itaiak, eta bakoitzak bere esparruan gaitasun mobilizatzaile osasuntsua erakutsi dute. Ez dugu ahaztu behar azken biak oso antolakunde berriak direla eta daukaten potentziala oso handia izanda, dagoeneko panorama politikoan eragiteko gaitasuna erakutsi dutela. Bestalde, azpimarratzekoa da mobilizazioek, berez zituzten helburuak betetzeaz gain, erreferentzia politikoa irabazteko eta militante ugari gehiago batzeko ere balio izan dutela. Azkenik, eta aurretik aurreko koiuntura artikuluan aipatu banuen ere, elementu garrantzitsua izan da aurten, pandemia garaian egonda ere, militatzen eta mobilizatzera ateratzen jarraitzea, askatasun politikoen aldeko borroka egitea eta haustura plano bateko borrokaren ezinbestekotasuna azpimarratzen jarraitzea.

Duela urte batzuk abiatutako prozesua egonkortzen ari dela agerikoa da, belaunaldi berriak oso prestatuta eta konprometituta datoz, eta aurrerapauso kualitatibo bat emateko unea heldu da, koiunturak ere bultzatuta.

Orain arte hainbat problematikaren alorretan lan egin du Mugimendu Sozialistak: gazte, ikasle, emakume… alor ezberdinetan ere bai, tokian toki: etxebizitza, okupazioa, lana, elikadura...  eta gaitasun propioak ere garatu ditu, Gedar bezalako euskarrien bitartez. Orain, ordea, aurreko urteetan tokian toki garatu diren esperientzietatik abiatuta, tresna organizatibo berri bat martxan jartzeko unea iritsi da: Kontseilu Sozialistak.

Kontseilu Sozialistak eskualde mailako tresna politikoa izango dira eta bertan, proletalgoaren oinarrizko bizi baldintzak modu integral batean borrokatzeko instituzio proletarioak sortzeko lan egingo dute. Elikadura, energia, etxebizitza, espazioak, lana… esparru ezberdinetan jardun eta gaitasunak pixkanaka handituz, ekintza batasuna finkatzea izango du helburu, dauden indarrak zentralizatzeko.

Kontseiluen funtzio politiko hau azaltzeko Huey P. Newton Black Pantherseko lider eta teoriko garrantzitsuak beraiek martxan jarritako Komunitatearen biziraupenerako programen inguruan zioena ekarri nahiko nuke:

«Konturatu gara, herritarrek kontzientzia-maila lor dezaten, beharrezkoa dela biziraupen-beharrak asetzeko programa batzuk garatzea, haiei eguneroko beharrak asetzen laguntzeko. Programa horiek guztiek komunitatearen sakoneko beharrak asetzen dituzte, baina ez dira gure arazoen konponbide. Gure ustez, Black Panther Party Biziraupen Programa itsasoan txalupa batean noraezean dabilen marinel baten biziraupen-kit bat da. Egoera horri eusten laguntzen dio, bertatik guztiz irten bitartean…». Behar horiek asetuz, proletalgoa prozesu sozialistara batzea da helburua, edo beste modu batera esanda, prozesu sozialista martxan jartzea izango da guztion beharrak asetzeko berme bakarra.

Baina Kontseilu Sozialistak ez dira plano horretan soilik arituko eta gaitasun ofentsiboak eta bestelako funtzio politiko batzuk ere beteko dituzte: azpiegitura baliabideak, ekonomikoak, komunikatiboak, teorikoak zein kulturalak garatzen joatea; sozializazio espazio berriak irekitzea; gune sozialistak eskuratzea; mugimendu sozialistako beste antolakundeekin elkarlana egitea, erreferentzia politiko eta ideologiko sozialista izatea, bestelako eragile politiko eta sozialekin puntu komunak bilatzea... Iruñerriko ekitaldiko bideoak honela zioen: «Finean, burgesiaren boterea kolpatuz gure botere propioa eraiki eta gure boterearen eraikuntzaz, burgesiaren boterea kolpatu».

Aurrerapauso garrantzitsua da. Orain arteko saiakera isolatuak zentratu, eta apustu politiko bat egin dugu. Aldaketak eskatuko ditu, baita gure militatzeko ohituretan ere. Baina ziur nago determinazio eta konpromisoak fruituak emango dituela eta bizi dugun egoera hau gaurdanik aldatzeko bitarteko eraginkorra izango dela.