Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikarraren arteko kontraesana termino erlatiboetan soilik ulertu daiteke, ez da kontraesan erreal bat, biak ala biak mundu berdinaren parte baitira eta beraz, mundu berdinaren baitako ezberdintasuna da azaltzen dutena.
Pasa den urtarrilaren 6ean Donald Trump-en jarraitzaile ultraeskuindarrek kongresuaren eraikin ofiziala okupatzeko saiakeran muntatutako ikuskizunak moduren batean edo bestean denok entretenitu gintuen. Poliziari aurre egin eta manifestariek Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioan sartzea lortu zuten, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideak elkarturik zeudelarik Joe Biden presidente izendatzeko eman beharreko azken urratsean, bertan behera utzi behar izan zuten. Lau protestari eta polizia bat hil ziren istiluetan. Trumpen hiru urteetako legealdiaren ostean, azkenean urtarrilaren 21ean, Joe Biden-ek batasun eta adiskidetzarako dei eginez bere legealdia hasi zuen, «demokraziaren eguna» bezala izendatu zuelarik hori.
2017an Trumpen garaipenak, hainbat sinetsi ezinik utzi zituen. Nola zen posible horrelako munstro batek hauteskunde batzuk irabaztea? Zer izango zen berarekin AEBtako eta bertako biztanleriaren etorkizunaz? Bidenen garaipena aldiz, salbazio gisa saldu dute askok, ekaitzaren osteko bare gisara. Baina, noren salbazio izango da ordea?
Trumpen garaipena ordena neoliberalak eskaintzen duen ezerezaren ondorio gisa uler genezake. AEBtan konkretuki, aurreko presidentzia demokratak sorturiko dezepzioak biztanleriarengan sorturiko haserre eta erresuminak eragindako garaipena izan daiteke hein handi batean. Alde batetik, kontuan izan behar da mundu mailako oligarkia politikoa, krisien ondorio, makinariaren kontrola galtzeko tendentzian kokatzen dela, gizartean orokorrean frustrazio eta ezinegona sortuz. Testuinguru horretan, Trump bezalako pertsonaiak sortzeko aukera ematen da, Alain Badiou-k «faxismo demokratiko» gisara izendatu duena: demokraziaren jokoaren parte den, baina era berean, horretatik kanpo kokatzen den demagogia biolentoan oinarritzen den politika forma, maila praktikoan batasun sentimendu bat sortzeko gaitasuna izan duena[1]. Horri, bestetik, Alderdi Demokrataren identitate politiken lan lerroa gehitu behar diogu, emakume eta arraza minoritarioen aldeko kuoten politikek, txanponaren beste aldean, sentimendu misogino zein arrazistak elikatzen baitituzte. Horren aurrean, Trumpek gizon langile zuria haserretu zuen guzti horrekin bukatzeko konpromisoa hartu zuen. Noski, ez zen hori izan bozka eman zion bakarra, baina puntu garrantzitsua izan daiteke.
Bere politikek era berean, hiru urte luze hauetan, gizarteko kolektibo ezberdinen haserrea eragin dute, horren adibide izan direlarik, esaterako, Washingtoneko Emakumeen Martxa eta emakumeen eta aniztasun sexualen aldeko mugimenduak edo azkenaldian eta pandemia garaian George Floyd-en erailketarekin batera «Black Lives Matter» lemapean areagotu zen beltzen aldeko eta poliziaren errepresioaren kontrakoa. Testuinguru horretan, Bidenen Alderdi Demokratak, masa mugimendu horretan euren euskarri-oinarria sendotzea bilatzen du, jendeak ultra eskuinarekiko duen beldurra horretara bideratuz. Finean, azken asteetan eskuindarren protestak medio, astinduta geratu den demokrazia estatubatuarra eta bere instituzioak berriz ere irmoki eusteko saiakera da hauena. Krisi ekonomikoari aterabide emateko berrantolatze instituzionala bilatzen dute, edozein altxamendu ekidin nahian.
Azken egunetan albiste izan da Bidenek Trumpen politika «mingarrienak» desegiteko firmatuko dituen hainbat dekretu, horien artean, koronabirusari edo aldaketa klimatikoari dagozkionak. Alderdi Demokrataren aurpegi «adeitsu» horrek aldiz, jakinak badira ere, aipatzea ondo dagoen bestelako posizioak ezkutatzen ditu, esaterako, segurtasun indarren aurrekontua eta lege antiterrorista bultzatu eta txalotu dituela. Kapitolioari erasoa justifikazio gisa erabiliz, aparatu errepresiboa indartzeko hautua egin dute, eta esan dutenaren arabera, talde neonazi eta proto-faxistak desegiteko helburua izango du aipatu horrek. Baina, era berean, Etxe Zurian izaera ideologikoa duten muturreko taldeen kontrako borroka gainbegiratuko duen postu bat sortu nahi du, horiek borrokatzeko jarduna diru iturri gehiagorekin hornitzeaz batera. Dagoneko jakina da zein amaiera izango duen horrek. Antzeko adibidea gogora ekar dezakegu Dorre Bikien kontrako erasoaren ondoren sortu zen «USA PATRIOT» legearekin. Segurtasun Nazionaleko Agentziek ia edozeinen telefonoko eta interneteko erregistroak arakatzea eta biltzea edo kreditu txartelen mugimenduak kontrolatzea baimentzen zuen horrek. Izatez legeak denborarekin amaiera izango zuten klausulak atxikita bazituen ere, bai Bush-ek eta bai Obama-k berritu egin zituzten.
Ikusi bezala, Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikarraren arteko kontraesana termino erlatiboetan soilik ulertu daiteke, ez da kontraesan erreal bat, biak ala biak mundu berdinaren parte baitira eta beraz, mundu berdinaren baitako ezberdintasuna da azaltzen dutena. Badiourekin jarraituz, kapitalismo globalizatuaren errealitatean, ikuspuntu abstraktu ezberdinetan banaturik dauden talde berdinez ari gara: errepublikarrak eta demokratak, sozialistak eta liberalak, ezkerrekoak eta eskuinekoak… kultura politiko eta ekonomiko berdinaren baitan jokatzen duten politika formez eta alderdiez ari gara, ez da ikuspegi estrategiko ezberdindurik munduarekiko.
Kasu honetan Bidenen alderdiak, esan bezala, aniztasunaren politiken aldeko apustua egiten du, masa zabalen sektore gero eta gehiago Estatu aparatuan txertatu nahian. Horren adibide dira, hainbeste feminista eta ezker aktibistek azken egunetan goraipatu dituzten AEBtako lehen emakume presindente ordea, Kamala Harris, afroamerikarra eta indiar jatorrikoa dena edo Rachel Levine, AEBetan lehen emakume transa Osasun Idazkariorde dena. Baita Bidenek Trumpek transexualei Indar Armatuetan jarritako betoa baliogabetu izana ere, Estatu Batuetako Indar Armatuak dibertsitatean daudela aldarrikatuz. Baina ez du garrantzirik ea zenbat emakumek lortu duten «kristalezko sabai» apurtzea, ezta arraza minoritarioen eta aniztasun sexualaren kuotak zenbateraino igo diren azpimarratzeak, horrek ez baitu inondik inora alderdiaren izaera kapitalista eta inperialista aldatzen. Lortzen duen bakarra zera da, gero eta sektore zabalagoak Estatuan txertatzen diren heinean Estatu aparatua bera indartzea, hau da, kapital inperialistaren etekinak mantentzera begirako indarrak metatzea. Politika horien arriskuak aztertzeak garrantzi berezia dauka, gobernu «progreek» aniztasunaren aldeko eta zapalkuntzen kontrako aldarria lau haizetara zabaltzen duten bitartean, langile klasea, bere heterogeneotasunean, muturreko esplotazio eta miseriara kondenatzen baititu. Horrek faxismoari eta orokorrean kapitalari aurre egingo dion antolakuntza iraultzaile indartsurik gabe, alde batetik, Trumpen gisako pertsonaien sorrera eta ideologia erreakzionarioen gorakada: matxismoa, arrazismoa, xenofobia… eta bestetik, Estatuaren partetiko borroken asimilazioa dakartza.
Kapitalismoaren garapenak, bere baitako klase gatazkaren lekuko, gero eta gizarteko kapa zabalagoak Estatu Burgesean hartzeko gero eta aukera gehiago ditu. Horrek, aldiz, ezin gaitu itsutu erroko aldaketa bat ortzimugatzat badugu, jazten duten identitatearen gainetik, horien arrazionaltasun politikoa baita atzeman behar duguna. Eta beraz, kontraesan erreal bat mahaigaineratuko duen ikuspegi estrategiko ezberdindu bat garatzeko hautua da berretsi behar duguna, bere baitan izaera eta identitate ezberdinduen konkrezioak osotasunarekin loturan ebatziko dituena.