AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2021/04/27

«Langileak: hasi da klase borroka» idatzi zuen Adolph Fischer kazetariak 1886ko maiatzean Chicagon poliziak borrokan zeuden hainbat langile erail ostean. Maiatzaren lehenetik batez ere 8 orduko lanaldiaren alde burutu ziren protestek beren puntu gorena Haymarket-eko matxinadan izan zuten, berriz ere indarkeria polizialak ondorio odoltsuak utzi zituelarik. Gertakari haiek Bigarren Internazionala Langileen Nazioarteko Egun bat izendatzera eraman zuten 1889an, herrialde guztietako langile mugimenduak sozialismoaren eta internazionalismoaren alde batzeko intentzioa zeukan borroka egun gisara.

Esan bezala, eguna bera kutsu sozialista argiarekin sortu bazen ere, denborak izaera hori modu agerikoan desitxuratu du, agenda politikoan ageri zaizkigun bestelako egun garrantzitsuekin gertatu den moduan. Horren adibide argiena dugu azken egunotan gertaturikoa: VOX alderdi ultraeskuindarra Maiatzaren Lehenean mobilizatzera dei egiten. Adierazi dutenez, euren sindikatu «Solidaridad»-ekin batera deitu dituzte protestak, PSOEren ondoko «klase sindikatuek» (sic!) langile espainiarrak defendatzen ez dituztela argudiatuz.

Ez da harritzekoa aldiz, egun gertakari hauekin topo egitea, komunismoaren porrot ideologiko eta politikoaren ondorio, langile klasearen ulerkera ekonomizistek, espektro «progre» eta erreformistenak, zein sektore erreakzionarioenak, klase diskurtsoa bere egiteko aukerak sortu baititu, bakoitzaren interesei men egiten diotelarik. Beste auzi bat da langile klasearen interesen defentsan errealki zerbait egiteko potentzialitaterik edo intentziorik duten, baina badirudi hori jada ez dela garrantzia duena.

Bigarren Mundu Gerrak eta hartan burgesia nazionalek egindako ahalegin belikoek metaketa kapitalistarako aukera eta berrikuntza industriala bizkortu zituzten espazio ekonomikoan, produktibitate maila altuen bitartez, soldaten gorakadarako aukerak sortuz. Langile aristokraziak esplotazioaren etekinen kudeaketan egoteko aukerak aurkitu zituen, iraultzaren mehatxua gero eta urrunago kokatzen zihoalarik. Aldiz, kapitalari balorizaziorako arazoak sortu zitzaizkionean klase ertainaren urrezko garaia desegiten hasi zen, hori estatu sozialisten porrotarekin batera, kapitalismoaren garaipen historikoan gorpuztu zen. Horrek eragin nabarmena izan zuen gizartearen subjektibitatean, momentu horretatik aurrera jada ez baitaude mundua ulertzeko bi ikuspegi estrategiko, Thatcher-ek argi utzi zuen: There is no alternative. Ez dago alternatibarik politikoki eta ideologikoki desartikulaturik ageri den proletalgoaren aurrean.

Mugimendu proletarioaren aukera politikoaren likidazioaren pareko da marxismoaren likidazioa. Momentu horretan jada kapitalismoa (ulertu dadila osotasuna) gainditzeko ezintasunak edo aukera horren ukapenak, alde batetik, mugimenduaren partzializazio eta atomizaziorako aukerak sortzen ditu. Beharrezkoa da momentu horretan marxismoa erredukzionistatzat jo zuten alternatiba metodologiko horiek klasearen inguruan formulaturiko definizioa aztertzea: klasea fenomeno ekonomiko unilateral izatera pasatzen da, hau da, harreman ekonomikoak definitzen dituen identitate bat bilakatzen da, gainerako identitateen pareko ageri dena: generoa, arraza, identitate sexuala, etab. Hau da, marxismoa harreman ekonomikoetara mugatu eta ondoren, egungo kapitalismoa aztertzeko nahiko ez dela justifikatzen dute. Horrela proletalgoaren potentzialitate iraultzailea ukatuz, maila politikoan identitate politiketan oinarrituriko borroka partzialak edo birbanaketan zentraturiko politiken defentsan gorpuzten dira, biak ala biak, soldata formaren eta Estatuaren markoa gainditzeko gaitasunik gabeak.

Bestetik, klasea baldintza sozio-ekonomiko gisa definitzen dutenekin jarraituz, langile identitatea oinarrizkoena dela azaldu eta klasearen definizio esentzialista defendatzen dutenak agertzen dira. Langileriaren irakurketa identitario horrek, baldintza sozio ekonomikoak, horien posizio politikoa definitzen duela ulertzen dute, langile izateak iraultzailetasuna bere baitan eramango balu bezala -agerikoa da langile klasea gizartearen miseria moral eta politikoaren eroale nabarmena dela-. Zentzu horretan euren aldarrikapena kultura obrerista sutsuari eustean oinarritzen da. Modu horretan, «langilearen» defentsak, hau da, horren positibizazioak, Lanak Kapitalarekiko duen izaera antagonikoa desagerraraztea dakar, ez dute osotasuna gainditzeko oinarririk ikusten Lan-ean,eta beraz, aberastasunaren birbanaketarako aldarriaren aukera soilik mahai gaineratzen zaigu berriz ere.

Modernitatearen kritiko gisa azaltzen diren posizio horiek (obreristak) gainera, iraganarekiko oroiminetik, izaera tradizionalista garatu ohi dute, ustezko iragan desiragarri baten formak goraipatuz: langile industriala, nazioa, familia… begirada horrek posizio erreakzionarioetara daramatza, faxismoaren beraren posizioen antzekoetara[1], VOX-en kasuan ikusi daitekeen moduan, euren mobilizaziorako deialdiaren aldarria ondorengoa baita: ¡Obrero y español, nos vemos en las calles!. [2]Eta bere garaian Internazional Komunistak argi adierazi bezala, ezin dugu ahaztu klase kapitalistaren zerbitzura dagoen arma bat besterik ez dela faxismoa, nahiz eta bere izaera oportunistan klase diskurtsoa bera sar dezakeen; kasu honetan (VOXen deialdian) kontuan izan behar dugu maiatzaren 4an Madrilgo hauteskundeak direla eta, bozka proletarioa bereganatzeko egiten duten saiakera argia. Diferentzia lehenengoek aldarri hori marxismoaren izenean egiten dutela izango litzateke. Hala ere, biak ala biak oso posizio arriskutsuak dira, miseria eta noraez politikoaren garaian eta batez ere, borrokatuko dituen indar iraultzaile errealik gabe, proletalgoaren sektore batzuetan interesa pizteko aukera sortzen dutenak. Esan beharrik ez dago ikuspegi iraultzailea berrartzeak duen garrantzia.

Komunistok ezin dugu klasearen defentsan oinarritu gure ekimen politikoa, kontrara, klasea gainditzea da gure politikaren egin beharra, emandakoaren eraldaketa erradikala. Marxismoarentzako beraz, proletalgoa ez da beste identitateen gainetik edo azpitik kokatu beharreko identitate bat, subjektu bat da. Hau da, klasearen gaindipena helburu duen estrategia garatzeko potentziala duen subjektu politiko bakarra. Horregatik, maiatzaren lehena subjektu iraultzailearen eraikuntzara bidean, antolakuntza komunistaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko unea da. Hori izanik, ez kultura proletario baten garapenerako aukera, kontrara, klase kultura gainditzeko aukera emango duen kultura komunistaren posibilitatea.

EZ DAGO IRUZKINIK