Auzitegi Nazionalaren aginduz Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko bi militante politiko atxilo eraman zituen Ertzaintzak pasa den astean Bizkaian. Pare bat egun beranduago Jose de la Mata epaileak bi kideak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen. «Terrorismoari gorazarre» egitea eta «erakunde armatu batekin kolaboratzea» leporatu nahi diete. Ulertezina bilakatu zaio gehiengoari azken ideia hori: zein erakunde armaturekin kolabora daiteke bat bera ere existitzen ez bada? Arazoaren erroa aldiz, erabaki horrek duen inpunitate totalean kokatu beharko genuke eta hori ahalbidetzen duen testuinguru eta errealitatearen analisitik hasi, soluzio politiko erreal bat mahaigaineratu ahal izateko.
Preso politikoen auziak Euskal Herrian, beste munduko edozein txokotan bezala, ez die ziklo politiko konkretu bateko presoei erreferentzia egiten, ez da iraganeko kontu bat, sistema kapitalistak betikotzen duen presoen auzia da. Egia da gurean ezaguna den miseria dela eta bere espresio konkretua izan duela, baina hortik haratago doa. Klase borrokaren baitako problematika da, estatu kapitalistak ez baitu aniztasun politikoa onartzen, kontrara, zigortu eta ukatu egiten du. Kapitalismoak berezkoa du bere politikara azpiratzen ez den ororen aurkako errepresioa, bere forma anitzetan eta hori azken 60 urteetan ikusi dugun moduan, egun ere agerikoa da. Agerikoa da, proletariotzak ez duela askatasun ekonomiko ez politikorik.
Beti izango da kartzelak husteko unea, bizi dugun errealitate sozialaren aurka subjektu politiko gisara aktibatzen den orok kartzelaratua izateko aukerak baititu. Horrenbestez, soluzio politiko eta kolektiboa exijitzen du preso politikoen gaiak, hau da, errepresioa berezkoa duen sistemaren gaindipena eta horri kontrajartzen zaion proposamen politikoaren eraikuntza. Eta ideia horren baitan hartzen du zentzua Estatu Sozialistaren eraikuntzak, preso bilakatu dituen injustiziaren gaindipenak. Bide horretan agertzen da amnistia, garapen estrategikoaren nahitaezko momentu modura. Baina amnistia, behin eta berriz kazeta honetan ere aipatu den bezala, ez da auzi formalera mugatzen, burgesiaren kontrola gizarteko dominazio forma den heinean, errepresioaren milaka aurpegi aktibo izango ditu eta. Amnistiarako aukera bakarra beraz, sistema osoaren gaindipenak soilik ekar dezake.
Hori dela eta, errealitatean bizi ditugun injustizien aurrean Estatu Sozialistaren aldarri estrategikoak ez du horretarako bide taktikoaren noraeza adierazten, eta Mugimendu Sozialista adibide argiak ematen ari da aspaldian. Kontrara, epe motzeko analisien ondorio diren politikak dira, izatekotan, noraez estrategikoa dutenak. Aldiz, Euskal Herrian behintzat, ezkerraren arazoa ez da noraez estrategikoan kokatzen, oso argi daukan norabidean baizik. Eta horrek jakina bere politika oro definitzen du, presoen auziari dagozkion politikak –aspalditik ikusten ari garen moduan-, zein Espainiako politika publikoen aurreko posizioa –azken denboran frogatu bezala-, esaterako.
Lehenengoari dagokionez, eta asko errepikatu gabe, argi dago norabide estrategikoaren aldaketak exijiturik, presoen auzia auzi esklusibo gisara lantzeko hautua egin dutela, osotasuna alboratuz. Ez naiz inondik inora presoak hurbiltzearen edo presondegietan dituzten eskubideak hobetzeak eurentzat, zein euren familientzat, suposatzen duen lasaitasuna zalantzan jartzeko asmotan, baina orain artekoarekin azalduta geratu da presoen irakurketa politikoaren beharrezkotasuna eta horri koherentea zaion planteamendu politikoa, presoen onura indibidualek ez baitute atxilo egotea eragin duen injustiziarekin amaitzen, ez du klase gatazka gainditzen eta beraz, presoen auzia betikotzen da.
Bigarrenari dagokionez, ezin aipatu gabe utzi politika publikoek ez dutela soilik onuragarri iruditzen zaigun hori barnebiltzen eta beraz, arazoa ez dela inbertsio horien banaketan kokatzen, horien gaineko kontrola dutenen klase izaeran baizik. Kasu honetan, jorratzen gabiltzan gaiarekin lotura berezia agertzen da, euskal ezkerrak onarturiko Espainiar gobernuko aurrekontuek errepresiorako makinarian proposatzen dutena dela eta: 2.048 milioi justizian, 9.072 milioi defentsan eta kartzela instituzio eta hiritarren segurtasunean 9.694 milioi.[1] Horrez gain, hornidura ekonomiko handiena izango duten gobernuko departamentuen artean dago Barne Arazoetako Ministerioa, bertan emango den gastuaren hazkundearen % 68,9 Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren plantillen igoerarako izango dela azaldu dute. Polizia agenteek, ministerio honek adierazi duenaren arabera, % 20ean ikusiko dute handitua euren soldata.[2]
Errepresioaren aurreko erantzunerako norabide estrategiko ezberdinen proposamena agerikoa da eta auzia termino politikoetan eta osotasunaren baitan ulertu nahi duenaren ikuspegitik, ondorioa argia da eta errealitatean baieztatu genezake: zapalkuntzak operatibo diren sisteman, klase jabedunen statu quo-aren bermerako oinarri da errepresioa. Hori are beharrezkoagoa bilakatzen da krisi garaian, proletarizazio prozesuak langileriaren bizitzetan sorturiko inestabilitate eta ezinegona baretu eta langile antolakuntza oro desartikulatzeko helburuarekin. Horren adibide argia dira, testuaren sarreran aipaturiko atxiloketak, baina baita: duela pare bat aste Gasteizen atxiloturiko gazteen kasua, militante komunisten lanaren aurreko mehatxuak Bilbon, GKS-k Iruñean deituriko mobilizazioaren debekua, Iñigo Guridiren kontrako zigor berriak, Jaione Jauregi iheslariaren espetxeratze agindua eta albiste ez diren beste mila kasu. Gaur pandemiaren aitzakiapean gertatzen ari da, oraindik ere askatasun gehiagorekin eta politikari guztien onarpenez.
Bitartean, gure eskubide zibil eta politikoen defentsan Mugimendu Sozialistak kaleak hartzeko hautua egin du. Estatu polizialaren, kontrol sozialaren eta kriminalizazioaren aurrean, klase-harremanik gabeko proiektua eraikitzeko bidean berretsi eta errepresioa pairatzen duten kideekiko elkartasun mekanismoak garatzeari ekin diote, horretarako antolakuntza komunistaren aldeko hautua eginez.