AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Eusko Legebiltzarreko azken hauteskunde hauen ondorengo giroa pixka bat baretuta, emaitzei lasaiago eta perspektiba orokorragoarekin erreparatu ahal zaie. Ondorengo lerroetan batez ere oposizioko alderdi ezkertiar nagusien gainean jarri da begirada: Podemosen erorketa, EH Bilduren igoera erlatiboa eta podemizazioa, ezkerreko populismoaren mugak eta beheranzko joera, abstentzioaren klase izaera eta komuniston apustu politikoa landu dira batik-bat.

Hauteskundeen emaitzei begirada orokorra jartzen badiogu emaitza nagusia argia da: EAJ eta PSEren eserleku kopuruaren arteko baturak gehiengo absolutua ematen du eta litekeena da koalizio gobernua osatzea datorren legegintzaldia betetzeko. Are argiagoa bihurtu da aukera hori, atzerriko botoen (CERA) zenbaketaren ondorioz eta Bilboko bi hauteskunde mahaietako transkripzio-erroreen ondorioz, EH Bilduk 22 garren eserlekua galdu ondoren PP-C´s koalizioaren mesedetan. Horren ondorioz, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-ren eserleku kopuruen arteko baturak ez baitu gehiengo absolutuak eskatzen dituen bezainbeste eserleku biltzen. Ezker hegalari begira jarraitzen badugu, 2016ko hauteskundeekin alderatuta galtzaile nagusia Elkarrekin Podemos izan da (86 mila bozkako gutxiago), eta gehien hazi dena berriz EH Bildu (24 mila bozka gehiago). PSE-k, berriz, eutsi egin die datuei (4 mila bozka gutxiago).

Podemosen urte onenak igaro direla ematen du. Hauteskundeetako emaitzei dagokienez, 2015 urtea izan zen espainiar populismoaren ordezkari bihurtu den alderdiaren une onena. Urte hartako abenduan egin ziren Espainiako Gorteetarako Hauteskunde Nagusietan adibidez, Podemos lehen indarra izan zen Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Aipatutako hauteskundeetan EAEn 315 mila boto lortu zituen (% 26) eta Nafarroan berriz bigarren indarra izan zen, 81 mila botorekin (% 23): PP-UPN (lehen indarra) baino 21 mila gutxiago eta PSN (hirugarren indarra) baino 26 mila gehiago. 2014 urtean hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztu zela kontuan hartuta, itxaropen handiak pizteaz gain, Europako ezkerreko populismoaren erreferente berrietako bat bihurtu zen, Hauteskunde Nagusiak irabazteko aukerak posible zirudien eta. Egungo Podemosek baina, bere sorreran eta hasierako urteetan parte hartu zuten askoren ustez, ez du jatorrizkoarekin zerikusirik: Espainiako Ezker klasikoaren leku politikoan egonkortu da.

Hauteskundeen emaitzekin jarraituz, ezker hegalean EH Bildu da igoera izan duen alderdia. Alabaina, igoera tentuz aztertu behar da, alderdi instituzionalen azterketari dagokionean batik-bat, propaganda elektoralistaren eta benetako datuen arteko bereizketa egiten jakitea ezinbestekoa baita. Zentzu horretan, EH Bilduren «geroz eta gehiago gara»[1] eta «inoizko emaitzarik onenak»[2] bezalako baieztapenak guztiz problematizagarriak dira. Har dezagun tarte bat datuek zer esaten duten ikusteko: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan EH Bilduren emaitzarik onenak aurkeztu zen lehenengo hauteskundeetakoak dira: 2012 urtekoak hain zuzen ere. Bertan, 277 mila boto eta 21 eserleku lortu zituen. 2020 urtean berriz, 248 mila bozka izan ditu, eta beraz, EH Bilduk 8 urtetan 29 mila boto baino gehiago galdu ditu. Aurten baina, abstentzioak gora egin du eta horri esker 2012an eskuratutako 21 eserlekuen marka berdintzea lortu du.

Modu berean, 2012 urtea baino atzerago ere jar daiteke begirada, nahiz eta ezingo ditugun ondorio hain sendoak lortu. Egin dezagun saiakera halere: 1986 urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, Herri Batasuna eta Eusko Alkartasunaren artean 381 mila bozka lortu zituzten, eta 1994an aldiz 271 mila. 1998an berriz, Euskal Herritarrok koalizioa eta Eusko Alkartasunaren botoak batuta 333 mila bozka lortu zituzten. EH Bilduren aurtengo 248 mila bozkako emaitzei urrun geratzen zaizkien emaitzak dira aipatutakoak, eta jakina da ere, orduko HB eta EA-ren batuketatik ezin dela automatikoki EH Bildu ondorioztatu. Besteak-beste eta esaterako, HB-ren programa politikoak amnistia eta sozialismoa bezalako apustu politikoak barnebiltzen zituelako, EH Bildurenak ez bezala. Hala eta guztiz  ere, datuei eta bilakaerari erreparatuta, esan al liteke EH Bilduk gehiengoak sortzeko alderdi bezala huts egin duela? Begi bistakoa da behintzat, lau urtetan izan duen gorakadatik «geroz eta gehiago gara» ondorioztatzea, gutxienez, problematikoa eta eztabaidagarria dela. EAJren datuak ere ikuspegi zabalago batean kokatzen baditugu aldiz, ez du horrelako beherakadarik izan orokorrean. Aipagarria da 1994 urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan esaterako, 2020ko datu berberak lortu zituela, zehazki, aurten baino 590 boto gehiago eskuratu zituen.

Datuen bilakaera historikoarekin testuaren haria galdu aurretik, gogora dezagun pasa diren hauteskundeei buruz orain arte azpimarratutakoa: Podemos izan da galtzaile nagusia eta EH Bilduren gorakada berriz, bere neurrian ulertu behar da. Bi tendentzia horietan baina, oraindik badago non sakondu. Izan ere, 2014an Podemosek panorama politiko instituzionala mugiarazi zuenetik, alderdi ezkertiar instituzionalak Podemosengandik ikasten saiatu dira oro har, ezker panoramaren podemizazioaz ere hitz egin izan da. Zentzu horretan, azken urteetan eta bereziki hauteskunde kanpaina honetan oso presente egon da aipatutako fenomenoa, eufemismo edo leungarririk gabe ezkerreko populismorako joera gisara izenda dezakeguna. Hala nola, EH Bilduk azken urteetan ezkerreko populismorako tendentzia argia izan du, eta hauteskunde kanpaina honetan, baliteke Podemosen beherakada aurreikusgarriaren ondorioz, politika populistan sakondu du, seguruenik alderdi moreari ahalik eta hozkada handiena emateko helburuarekin. Horren adierazle da esaterako, EH Bilduk kanpainan auzi nazionalari eskaini dion pisu txikia auzi soziala gisara izendatzen denarekin alderatuta.

EH Bilduk baina, populismoaren olatua berandu hartu nahi duela esango nuke, olatua lehertu ondoren surf egin nahian dabilenaren irudipena ematen dit. Izan ere, batetik, hauteskunde hauen emaitzek hori iradokitzen dute. Hau da, emaitzak hobetzea lortu du, baina Podemosek desmobilizatutako botoa ez du bereganatu. Izan ere, Podemosek 86 mila bozka galdu ditu eta EH Bilduk 24 mila irabazi ditu. Beraz, bere garaian populismo moreak mobilizatzea lortu zuena, orain ez du mobilizatzea lortu populismo berdeak. Eta seguruenik, desmotibazioak eraginda, milaka bozka horietako asko eta askok abstentzioaren alde egin dute. Horretaz gain, maila globalean eta berizki Europan, ezkerreko populismoa beheranzko joeran dago, horren adibide argia da Grezia: 2015ean Tsiprasen Syriza Gobernura iritsi ondoren, ezkerreko populismoak 2019ko hauteskundeetan danbateko galanta hartuta galdu zuen Gobernua. Erresuma Batuan ere joera beheranzkoa da: Jeremy Corbyren Alderdi Laboristak bi milioi bozka baino gehiago galdu zituen pasaden urtean. Azkenik, Espainian ere Podemosen joera negatiboa aski ezaguna da. Grezian eta Espainian plazetako mugimenduek sinbolizatutako ezkerreko populismoaren ziklo europarra amaitutzat eman daiteke, Espainiaren kasuan behintzat nabarmena da.[3] Horretaz gain, Hego Amerikako ezkerreko populismoa ere ez dago unerik onean.

EH Bilduk besarkatu duen ezkerreko populismoak azken hamar urte baino gehiagotan sortu dituen esperientziek indar eta momentu ezberdinak izan badituzte ere, egun argia da estatu burgesen ezker hegala osatzen dutela mugimendu horien adierazpen politikoek. Boto gehiago edo gutxiago lortzen dituzte koalizio, akordio edo erreformak aurrera atera ahal izateko, baina funtsean horretara murriztu da, Gobernuari ezkerreko neurri batzuk aplikatzen saiatzera. Populismoak kapitalismotik haratago ez dauka proiekturik eta gainditzeko helburuarekin sortu zen blokeo politikoaren parte bihurtu da.

Hortaz, EAJren politikaren alternatiba gisara aurkezten den ezkerra, populista more eta populista berdeen artean bereizten da. Gainera, biak ala biak nazionalistak dira: espainiar estatu-nazio zapaltzailearen nazionalismoa edo euskal nazio zapalduaren nazionalismoa, baina nazionalismoa. Hori ere bada populismoaren oinarrizko ezaugarrietako bat. Hau da, tesi politiko horien arabera eliteak, oligarkiak eta multinazionalak dira borrokatu beharrekoak, eta neoliberalismoa da berriz aurre egin beharreko gobernantza eredua. Modu horretara, estatu-nazioen subiranotasuna da populismoaren apustu politikoa, erdi-mailako klase akomodatuarentzako ongizate estatua alegia, proletariotzaren esplotazioari esker mantentzen dena. Nazionalistak beraz, politikaren ulerkera estatu-nazioen parametroetara eta horren defentsara murrizten dutelako. Estatu-nazio indartsuen itzuleraren nostalgiatik bizi dira eta bere defentsan jarduten dute, nazioez gaindiko erakunde eta instituzioen boterearen aurrean demokraziarako bermea baitira beraien esanetan. Langile mugimenduaren politikak aspaldi demostratu du ordea nazionalismoaren inpotentzia eta internazionalismoaren beharrezkotasuna, internazionalki antolatzen den etsaiari internazionalki antolatuta soilik aurre egin ahal zaiolako.

Populistak beraienean saiatzen aritu badira ere, babesa galtzen joan dira oro har. Azken urteetan abstentzioak gora egin du eta errealitate geroz eta argiagoa da proletariotzak estatu burgesarekiko zein bere aparatuekiko daukan desatxikimendua handitu egin dela. Ospatu berri diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan abstentzioa % 47koa izan da, 18 urtetik gorako 810 mila pertsonek uko egin diote bozka emateari. Datuei erreparatuta, klase posizioaren eta hauteskunde zein alderdiekiko desatxikimenduaren arteko harremanak begi-bistakoa dirudi. Har dezagun tarte bat hori iradokitzen duten datu batzuk aztertzeko.

Bilbon, esaterako, familien bataz besteko errenta baxuena -2017ko datuen arabera- daukaten auzoak Iturrigorri-Peñascal (22.300€ urtean) eta Otxarkoaga (22.682€ urtean) dira, eta auzo horietan abstentzioa hurrenez-hurren, % 66,04 eta % 65,60 izan da. Otxarkoagari dagokion Errolda Barrutiko (3) hamargarren atalean esaterako, abstentzioa % 74,05ekoa izan da. Aldiz, Bilbon familien bataz besteko errenta altuena daukaten Abando (73.632 €) eta Indautxu (73.447 €) auzoetan, abstentzioa % 38,36 izan da. Errolda Barruti horretako (6) bostgarren atalean esaterako, % 35,93 izan da abstentzioa, Otxarkoagako altuena baino 30 puntu gutxiago, alegia.

Beste hainbat hiri eta eskualdeetan ere tendentzia antzekoa da. Gasteizen esaterako, familien bataz besteko errenta baxuena daukan alde zaharra (28.443 €) auzoko Errolda Barrutian (3) abstentzioa % 52,47 izan da. Barruti horretako bostgarren atalean berriz, abstentzioa % 61,62 arte ere iritsi da. Aldiz, familien bataz besteko errenta altuena daukan Mendizorrotza (98.541 €) auzoan abstentzioa % 41,75 izan da. Errolda Barruti horretako parte hartzerik altuena izan duen atalean (34) gainera, abstentzioa % 36,90 izan da.

Sistema politiko demokratikoarekiko desatxikimenduak klase izaera daukanaren hipotesiak sendoa dirudi beraz, nahiz eta jakina, komenigarria litzaken hori zein puntutara arte den horrela ezagutzeko errealitate konkretuak sakontasunez ikertzea. Alabaina, datu horiek eta abstentzioaren azken urteetako bilakaerak adierazten dute, fenomeno eta gertakari koiunturalen bitartez soilik azaldu ezin daitekeen fenomenoa dela abstentzioaren igoerarena. Hau da, gaixotzeko arriskuak, eguraldiak edo udako oporrek soilik ez dutela azaltzen abstentzioaren igoera eta fenomenoaren jatorria. Beharrezkoa baita perspektiba orokorrago batetik begiratu, eta  gizarteko geroz eta kapa zabalago baten desatxikimendu egoera ongizate estatuaren deskonposizioaren, erdi-mailako klasearen bizi kalitatearen kaltetzearen eta proletariotzak miseria material zein moral geroz eta handiagoa pilatzearen prozesuan ulertzea. Datuak argiak dira: 2001 urteko hauteskundeetatik, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan modu progresiboan hazi da abstentzioa, aurten datu guztiak gainditu eta marka berri bat ezarriz.

Gainera, aipatutako abstentziorako tendentzia geroz eta handiagoa are eta argiagoa da gazteen artean. Krisi garai konstantean bizi izan da gaur egungo gazteriaren zati handiena, eta krisiak dakarren ziurgabetasunak eta bizi baldintzen prekarizazioak bultzatuta batez ere, parte hartze politiko burgesarekiko desatxikimendua hazi egin da proletario gazteen artean. Alderdi instituzionalen ezker hegalean badago baina, erantzukizun falta handi bat abstentzioaren fenomenoa aztertzerakoan eta bereziki gazteen kasuari dagokionean. Hala nola, ezkerreko alderdi horiek, gizartearen gehiengo zabal batek bere aukera politikoa zergatik ez duen babesten galdetzean, arrazoi estrukturalei erreparatu eta bere jardun politikoarekiko autokritika egin ordez, abstentzioaren hautua  egin duena infantilizatu eta kriminalizatzeko joera izan ohi dute. Hau da, abstenitzea ez-jakinen edo kontzientziarik ez dutenen hautua dela seinalatzeko joera gailendu izan da, eta gainera, demokraziaren festan parte ez hartzea, automatikoki politikan parte ez hartzearekin berdindu ohi dute. Ondorioz, argudio-egitura horren arabera, abstentzioak etorkizunarekiko arduragabekeriaz jokatzea inplikatzen du. Are gehiago, erreformistek sarri, VOX-ek eserleku bat lortzearen ardura abstenitu direnen bizkarrean jarri ohi dute. Horrela, abstentzioaren gaineko hausnarketak inoiz ez die antolakuntza eta programa politikoaren ahulguneen gaineko gogoeta autokritikoa inplikatzen, besteek daukaten arazo batera murrizten baitute auzia. Egiari zor, geroz eta gehiago dira abstentzioaren alde egiten dutenak, eta ez derrigorrez «despolitizazioagatik».

Testuari amaiera emateko eta orain arte azaldutakoak laburbildu eta sintetizatze aldera, hauteskundeek mahai gaineratutakoaz ondorengo bi ideiak azpimarratu nahi ditut: batetik, badago ezker instituzional bat goia jo duen populismoaren teknika eta politikekin hauteskundeak irabazten tematu dena. Dekadentzian dagoen eta munduaren erdigunea izateari utzi dion Europaren baldintza ekonomikoek baina, amets utopiko batetik gertuago kokatzen dute proiektu populista, kasurik onenean gobernura iristea lortuko balute ere, botere errealaren gabezia dela eta maniobra margen gutxi uzten baitu garai historikoak. Esan diezaiotela bestela Tsiprasi edo Iglesiasi Europak murrizketak agintzen dizkionean. Eta bestetik, badago ere inpotentzia politiko hori bere azalean sufritzen duenik. Hau da, bizi kalitatearen galera progresiboak eraginda eta alderdi politikoen promesa faltsuek bultzatuta, bere burua demokraziaren festatik kanpo kokatzen duen gizartearen geroz eta kapa zabalago bat.

Gauzak horrela, komunistontzat apustu politikoa argia da. Gizartearen geroz eta zati txikiagoak legitimatzen duen botoen jokoan itzuliko ez den ongizate estatuarekin tematu baino, gure eta ondorengo belaunaldien bizi kalitatearen izenean sozialismoaren alde egitea beste aukera zintzorik ez zaigu geratzen. Horrek ez datza diskurtso eta proposamen aproposekin geroz eta boto gehiago pilatzean, gero eta etsiago dagoen proletalgoa etsaiaren botere erreala kolpatzeko antolatzean baizik. Baita etsaiaren instituzioen bitartez ere.

Beraz, kapitalismotik haratago mundu baten alde egin nahi duen horrek, zintzoki, bere indarrak zein prozesu indartzera bideratu nahi duen galdetu beharko luke: inpotentzia eta blokeo politikoa elikatzera ala geroz eta gorputz indartsuagoa lortzen ari diren sozialismoaren aldeko antolakuntza adierazpenetara.

DATUEN ITURRIAK

-Hauteskundeen emaitzei buruzko datu guztiak Eusko Jaurlaritzaren datu basetik eskuratu dira, hemen webgunea: https://www.euskadi.eus/ab12aAREWar/

-Errentari lotutako datuak: Eustat. Euskal Estatistika Erakundea. (2019). Renta familiar media de la C.A. de Euskadi por barrio de residencia de las capitales, según tipo de renta (euros). 2017. Hemen eskuragarri: https://www.eustat.eus/elementos/ele0006200/Renta_familiar_media_de_la_CA_de_Euskadi_por_barrio_de_residencia_de_las_capitales_segun_tipo_de_renta_euros/tbl0006266_c.html



[1]EH Bildu [@ehbildu]. (2020, uztailak 12). GERO ETA GEHIAGO GARA. [Txioa]. Hemen eskuragarri: https://twitter.com/ehbildu/status/1282425886248239105?s=20

 

[2]EH Bildu [@ehbildu]. (2020, uztailak 13). Eskerrik asko inoizko emaitza ONENAK lortzera eraman gaituzuen guztioi. [Txioa]. Hemen eskuragarri: https://twitter.com/ehbildu/status/1282447913050931200?s=20

 

[3]M-15 mugimenduak irekitako ziklo politikoaren amaieraz idatzi nuen: M. Gurrutxaga, (2020, otsaila), Porrotaren lezio krudela, hemen eskuragarri: https://gedar.eus/koiuntura/manexGM/porrotaren-lezio-krudela