AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

2020. urtean sartu garenetik, askotarikoak izan dira hamarkada amaieraren erreferentzian egin diren hausnarketa kritikoak eta irakurketa politikoak. Azken aldian, ariketa kritiko horri Zutik Euskal Herria dokumentuaren hamargarren urteurrenaren efemeridea gehitu zaio, Ezker Abertzalearen estrategia aldaketaren oinarria izan zena. Eta berriki, Podemos alderdiko «antikapitalisten» banaketa ere gertatu da, zeinak, Espainiako gobernu berriaren osaketarekin batera, M-15 mugimendua izan zenaren porrota sinbolizatzen duen nolabait, krisiaren ondoren irekitako mobilizazio zikloaren behin betiko amaiera gisara. Lehenengo begiradan Zutiken hamargarren urteurrenak eta M-15 mugimenduaren porrotak ezkondu ezineko bi gertakari badirudite ere, prozesu horiek sortutako indarraren produktu edo emaitzari erreparatzen badiogu, antzekotasun zentralak partekatzen dituztela konturatuko gara.

Izan ere, azken hamar urteetan, Ezker Abertzale Ofizialistak estrategia aldaketaren bitartez eta Podemosek M-15 mugimenduaren bitartez, Espainiako Estatu aparatuetan integratu dute proletalgoaren eta langile mugimenduaren egonezina eta Espainiar demokrazia burgesarekiko desatxikimendu egoera bere zentzu orokorrenean bada ere eta demokrazia burgesa indartzeko papera bete dute. Langileriaren protesta eta borroka adierazpenak politika burgesarekiko independentzian gorpuzten ez badira, funtzionalak dira estatuan integratzeko eta estatua indartzeko.

Ezker Abertzaleko komunitate politikoan modu agerikoan gertatu da prozesu hori azken hamarkadan. Agian, horren formarik begi-bistakoena Sanchezen eta Iglesiasen gobernu osaketa ahalbidetzeak erakutsi du: 60 urtetako borrokaren emaitza alderdi instituzional baten interes elektoralen inguruan antolatutako komunitate politiko gisara egituratzeak merezi dituen sententzia moralistetatik haratago, Ezker Abertzale Ofizialistaren bilakaera sintomatikoa den eta ezker mugimenduan ohikoa den fenomeno gisara aztertu behar dugu Izan ere, Beñat Aldalurrek ondo azaltzen duen bezala, estatu aparatuetan integratuta ageri zaigun egungo Ezker Abertzale Ofizialistaren bilakaera ezin da traizioen eta pertsonalismoen arabera azaldu; kontrara, ezinbestekoa da ahalik eta konplexutasun maila handienean egin behar den historiaren irakurketa kritikoa, printzipio politiko eta estrategikoen garapenari erreparatu behar diona.

Krisialdi ekonomikoak sortutako gizarteko hainbat aspekturen krisi modalitate ezberdinen erreakzioa izan zen M-15 mugimendua, zeina batez ere «bipartidismoaren» krisiarekin lotuta agertu zen. Ia hamar urteren ondoren, gobernuan daude mugimendu horren oinordekotza aldarrikatzen dutenak, eta PCEren bertsio hobetu gisara izendatu ditzakegu, edo behintzat modu eraginkorragoan betetzen dute PCEk bete nahi izan duen papera, alderdi sozialistaren ezker hanka izatea, alegia. Kasu honetan, krisian zegoen sistema politikoa berritu eta sendotzeko indar gisara gorpuztu da langile klasearen M‑15eko espontaneotasuna, ebidentzia hori gutxieneko soldatak jasan duen 50 euroko igoera formalarekin ezkutatzen saiatzen badira ere. Gainera, mugimenduaren sektore eskuindarra ordezkatzen zuen Errejonen irteerarekin, eta alderdiaren ezker hanka zen Teresa Rodriguez eta «antikapitalisten» banaketarekin, hasierako mugimendutik geratzen zen gutxi hori ere desagertu egin da.

Egoera horrek besteak beste,Espainiar Estatuan 2007ko krisiaren ondotik ireki zen mobilizazio zikloaren amaiera eszenifikatu duela esan dut lehenago, eta ez dago zalantzarik: Estatuak langile klasearen espontaneotasunetik elikatzen jakin du. Hain denbora gutxian zaila da ziklo horren ondorioez bere osotasunean hitz egitea; hala ere, Espainiar Estatuan gertatzen den, baina fenomeno globala delako intuizioa dudan fenomenoa aipatu nahi dut: nazionalismoaren igoera. Nazionalismoa ez bere zentzu identitario edo folklorikoenean, baizik eta politikaren muga nazionalen indartze modura. Ikusi besterik ez dago Espainiar Estatua, aktore politiko guztiak nazionalistak dira: espainiarrak, kataluniarrak edo euskaldunak, orokorrean inork ez dauka dimentsio nazionaletik haratagoko proiektu politikorik. Euskal Herriaren kasura itzuliz, azken hamarkadak espektro elektoral bat egonkortzeko balio izan dio Ezker Abertzale Ofizialistari, baina posizioak argitzeko eta ziklo politiko berri baterako aukerak ere sortu dira. Komuniston erantzukizuna da datorren mobilizazio eta borroka zikloan langileriaren espontaneotasuna, hots, bat-bateko bizi baldintzen aldeko dinamikak proletalgoaren indar independente, integral eta zentralizatu moduan gorpuztea, alderdi komunistaren eraikuntza indar moduan egikaritzea, alegia.

Alderdi komunistaren eraikuntza ezin dugu ulertu langileriaren protesta adierazpenen koordinazio forman edo adierazpen horiek gure antolakundeetara egokitzeko prozesu gisara. Izan ere, politika ulertzeko modu horrek oportunismora bultzako gintuzke, proletalgoaren adierazpen eta bat-batekotasun oro zuzentzen saiatzera mugatuko ginatekeelako. Proletalgoaren espontaneotasunak, alderdiaren eraikuntzaren indarra dena, sozialismoaren printzipio estrategikoak bildu behar ditu bere baitan; bat-batekotasuneko borroka taktikoen garapenak ahalbidetu behar du proletalgoaren maila eta dimentsio guztietako botere zentralizatu eta elkarren artean koherenteak artikulatzea. Leninek Zasulich «likidazionistari» erantzunez adierazi zuena parafraseatuz, alderdia osotasun bakarreko antolakunde ezberdinen batasuna da. Adar ezberdinetan antolatutako langileriaren antolakunde bat. Gramscik esan zuen alderdia erreminta eta formazio historiko bat dela, zeinetan langilea igarotzen den exekutatzaile izatetik abiarazle izatera, masaren parte izatetik buruzagi edo gidari izatera, beso izatetik burmuin eta borondate izatera.

Horra hor gure erronka. M-15 mugimenduak zein Ezker Abertzale Ofizialistaren azken urteetako bilakaerak modu krudelean erakutsi diguten bezala, langileriaren antolakuntza eta borroka adierazpenak politika elektoralaren arabera antolatzen badira, dinamika horrek politika burgesa gainditzeko dauzkan ezintasunak lehenago ala beranduago estatu aparatuetan integratzera eta erregimen politikoa biziberritzera kondenatzen ditu. Horregatik, proletalgoaren bizi baldintzen hobekuntzen borrokak esfera eta maila guztietan eman behar direla ulertzen dugu komunistok, eta sortutako dinamikek zentralizaziorako eta langileriaren antolakunde integrala osatzeko norabidea izan behar dutela. Horri deitzen diogu alderdi komunistaren eraikuntza: urteetako lana izango dela aurreikusten dugun eta ekidin ezin dugun eginbehar historikoa.