«Birus hau elkarrekin geldituko dugu» dinamikarekin eman genion hasiera inoiz irudikatu ez genuen egoera bati. Larrialdi egoeraren hasiera hasieratik sinetsi arazi nahi izan digute klase antagonismoaren auzia aspaldiko koadrila zoro baten imajinazioa dela eta egoera hau gainditzeko aukera bakarra «batasunak, ardurak eta diziplina sozialak» soilik ekar dezaketela.
Hala ere, egoera kudeatzeko lehen erabakitik gelditu zen ebidentzian antzerki horrek atzean zekarrena. Aste batzuen bueltan berriz ere lanean ziren EAEko fabrika handienetako langile asko, Lehendakaritza eta Espainiar Gobernua euren lehentasun ekonomikoak ezkutatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. Hori guztia lanera joan behar direnen eta euren familien kalterako noski. Beste askok lan-harreman modernizatuen formuletan etxean geratzeko aukera izan bazuten ere, egoera ez zen hobea izan, familiako lan kargen eta lanpostuaren arteko kontziliazio forma berri bat asmatzera behartuak. Hori guztia, kaleratuak izan ziren edo lan-erregulazio txostena ezarri zitzaien langileak ahaztu gabe. Saldu nahi izan ziguten klaseen interes berdintasunak goia jo zuen.
Momentuan egin ziren hainbat irakurketa politikotan ondo azaldu bezala, aurreikusgarria zen krisi ekonomiko baten azkartzea besterik ez zen osasun larrialdiaren ondorioz bizi genuen egoera. Tamalez, eta aurreikusi bezala, gure bizitzen «normaltasun berrira» ohitzen ari garen honetan, egoerak ez du hobera egingo. Espainiar ekonomiaren urtetik-urterako jaitsiera (BPG) Europar Batasuneko handienetakoa izan da [1]eta EAEn horren altua ez bada ere[2] eragina agerikoa izaten ari da. Pedro Azpiazuk berak ostiralean aipatu zuen aurten 30.000 lanpostu galtzea aurreikusten dutela. Horren lehen «albiste txarra», Arantxa Tapiak adierazi bezala, Tubacex-en ikusi ahal izan genuen, langileen %20aren doikuntzarekin. «Beste albiste txar bat» Aernnovako edo ITP Aero enpresetako langileen murrizketa izan zen eta oraindik ikustekoak dira etorriko direnak. Azkena atzo bertan ezagutu genuen Gestamp Zamudioko lantegiak ateak itxi eta 230 langile kaleratuko dituela adierazi zuenean.
Era berean, konfinamendu garaian aldi baterako erregulazio espedienteak izan zituzten langile asko ez dira oraindik lanera bueltatu. Espainiar Estatuan 3,4 milioi iritsi ziren forma horretako erregulazio espediente batera helduta egotera, orain 700.000 bat dira geratzen direnak. Horien etorkizunak ere ez du itxura onik, espedienteen luzapenerako Gobernu, sindikatu eta enpresen arteko negoziaketa bakoitzean egoera okertzen delarik. Oraingoan, Estatuaren laguntza sektorializatzeko hautua egin dute, bitarteko publikoak koronabirusaren murrizketen ondorio zuzenez euren aktibitatea garatu ezin duten baina bideragarriak diren enpresetara zuzentzeko intentzioarekin. Horrela, zuzenean birusari loturik ez dauden arrazoiengatik arazoak dituzten enpresei laguntzak murriztu edo kenduko litzaizkieke. Espainiako Bankuak jada jakinarazi baitie etorkizunean biziraungo ez duten enpresa «zombiei» laguntzak denbora luzez emateak duen arriskuaz.
Egoera horri hil honetan BOEn argitaratu den eta urrian indarrean sartuko den Telelana arautzen duen dekretua ere gehitu behar diogu. Enpresa-langile arteko harreman «orekatuan» borondatezkoa izango den erabakia izango omen da telelanarena. Eta kostuak noren esku geratzen diren oso argi ez badago ere, hitzarmen kolektiboen esku uzten du honen soluzioa, jakin badakigularik zein den kapitalaren sindikatuen negoziaketa forma krisi garaian.
Lider politiko eta enpresariek etengabe errepikatu digute osasunik gabe ekonomiarik ez dagoela eta beraz, lehentasuna beti izango dela pertsonon ongizatea. Baina noski, ongizate horrek gure diziplina exijitzen du, diziplina laborala. Argi geratu da alderdi politikoen eta enpresen arteko paktuak etekin kapitalista berreskuratzeko helburua (izan) duela, horretarako beharrezko jardun produktiboa mantenduz eta beharrezkoak diren hildako eta gaixoak onartuz.
Eta egoerak beste irtenbiderik adierazten ez duen momentuan, Eduardo Zubiaurre Confebask-eko zuzendariak denek ezkutatu nahi duten hori argi eta garbi utzi zigun aurreko astean: «kaleratzeak edo soldaten jaitsierak aukeratzea langileen arteko elkartasunaren araberakoa izango da».[3] Segituan zen ezkerra baieztapen horrekin asaldatua, bitartean Cristina Uriarte lehendakaritzaren aholkulari berria 85.000 euroko urteko kontratua sinatzen zebilela nabarmenduz. Bizi dugun egoeraren aurreko irakurketa ohikoenetakoa izaten ari da honakoa: Nola da posible langileok gure bizitzen etengabeko proletarizazioa pairatzen ari garen honetan, jabedunek tamaina horretako soldatak izatea? Eta milaka heriotza eragin dituen pandemiaren aurrean osasuna pribatizatu eta indar armatuen aurrekontua 20.000 milioi eurokoa izatea?
Aberastasunaren birbanaketan oinarrituriko proposamen politikoek ordea, kontutan izan beharko lukete, burgesiaren borondate kontua baino, aukera edo gaitasun kontua litzatekeela hori. Hau da, posible al da hori euren klase dominazioa sakrifikatu gabe? Horrek bi baldintza exijitzen dizkio: aberastasunaren ekoizpenari jarraipena eman behar dio eta era berean, ongizate eta oreka sozial kuota batzuk bermatu behar ditu lanpostuen eta laguntza ekonomiko zein sozialen areagotzearekin. Proposamen horrek krisiaren soluzioa gastu publikoaren gestioan kokatzen du, hori arazoaren gainazala besterik ez dela ulertu gabe.
Birbanaketaren auziak, aurrebaldintza bat dauka: aberastasunaren ekoizpena. Sistema kapitalistaren bermea ez du soilik klase jabedunaren etekinen birbanaketak ematen, proletalgoaren sakrifizio oraindik handiago bat eskatzen du, balorizazio iturri berriak eskaintzeko. Burgesiaren diru gosea, arazoaren parte gisa azaltzen da, baina ez arrazoi estruktural gisa. Arazoaren erroa etekinen eta kapital metaketaren faltan dago. Ondorioz, langileriaren diru-sarrerak akumulazio tasa berrezartzeko jaisten dira eta horri loturik, gizarte zerbitzuen maila mantentzeko ezintasunak, horien edozein murrizketa justifikatzen du. Egoeraren okertze horrek era berean oreka soziala arriskuan jartzen du eta beraz, gastu publikoan eragina duen errepresio aparatuetako gastua beharrezko bilakatzen da.
Beraz, krisia ikusi dugun bezala eta ikusteko falta zaigunaren esperoan, erreprodukzio sozialaren eremuko eta ekoizpen esparruan emandako lan-erreformen ofentsiba garaia da, estrategia biak kapitalaren metaketak goranzko joera hartu dezan bideratuak. Beraz, erreformismoaren baikortasuna premisa faltsu baten gainean dago eraikia. Horren aurrean lehen lerroan jarri behar dugu gainbalioaren ekoizpenean oinarrituriko harreman sozialaren kontraesana bera. Eta ez da auzi ideologikoa soilik, auzi praktikoa baizik, indarrak nora bideratuko ditugun argi uzten duena: kapitalaren metaketa prozesua eusten duen estruktura gainditzera ala krisian dagoen kapitalaren erreprodukzio sozialaren ezinezko gestio batera.
[1] https://www.elperiodico.com/es/economia/20200731/pib-espana-producto-interior-bruto-segundo-trimestre-2020-covid19-8060109