AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aste batzuk igaro dira dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetatik ezohikoak iruditu zaizkigun irudiak iristen ari direnetik. Guretzat ohikoak ez izan arren, AEBetan ez dira hain ezohiko egoerak, ia urtero sortzen baitira erreboltak poliziaren erailketei erantzun asmoz. Oraingoan ere proletario beltz baten erailketa izan da detonatzailea. Kasu honetan ordea, azken hamarkadetan ez bezalako dimentsioa hartu dute protestek. Hala baina, okertuta geundeke George Floyden erailketaren erantzunera mugatuko bagenitu erreboltak, eta motz geratuko ginateke arrazaren auzia soilik seinalatuko bagenu egoeraren erantzule modura. Izan ere, poliziak hildako proletario beltzez gain, egoera ez da xamurra: datu ofizialen arabera  115.000 pertsona inguru hil ditu pandemiak AEBetan eta bereziki gune proletarizatuenak kolpatu ditu, langabezia tasa % 25ekoa[i] baino handiagoa izan da maiatzean  eta ez dira gutxi egungo egoera ekonomikoa 1929 Depresio Handiaren zein 2008ko Atzeraldi Handiaren pare kokatzen duten adituak. Soilik azaleko datu horiek, arrazaren auzira mugatu ezin daitekeen egoera baten aurrean gaudela iradokitzen dute.

Hori horrela izanda ere, ez da testu honen xedea erreboltaren arrazoiak azaleratzen saiatzea. Bestelako aspektu batzuei erreparatu nahi izan diet. Hasteko, azpimarratzekoa da, proletariotzaren gorrotoaren eta minaren indarra zenbaterainokoa izan daitekeen burgesiaren kontrolpetik at adierazten denean. Programa taktiko bateraturik gabe, ekintza batasunik gabe, aparteko baliabide materialik gabe eta, funtsean, antolakuntza eta disziplina kolektiborik gabe: polizia kotxeak erretzeko, denda eta supermerkatuetako produktuak eskuratu eta banatzeko, etxeratze-aginduak desobeditzeko eta poliziari aurre eginez hiri bateko 6 etxadi kontrolatzeko gaitasuna erakutsi badu, zertarako izango ote da gai masa zabal eta antolatua, determinazio osoz alderdi komunistak etsaia zanpatzera bideratzen duenean?

Urrun dago baina momentu hori gaur-gaurkoz. Eta, duintasun dizdira izanagatik ere, ez gara proletariotzaren iraultzarik ikusten ari AEBetan. Beraien burua defendatzeko abiatutako leherketa soziala da, ez ordea zenbaitek idealizatuta eta trauskilduta daukan proletalgoaren insurrekzioa. Ez behintzat, literatura marxistan boterea hartzeko momentuari erreferentzia eginez erabili den  insurrekzio kontzeptua. Errebolta eta insurrekzioaren arteko ezberdintasunak nominala badirudi ere, inplikazio politiko sakonak dauzkan bereizketa da, mundu zaharra sutan ikusteak sortzen digun justizia sentsaziotik haratago pentsatzeko beta ematen baitigu. Alegia, jomuga politikoa fintzen eta ikuspuntu estrategikoaz jarduten laguntzen digu, insurrekzioaren eta gerraren artea tentuz tratatzen duen edonork baitaki proletalgoaren bat-bateko altxamendu eta erreboltek ezin dutela etsaiaren boterea eroriarazi. Asko erre eta suntsituta ere, errautsetatik jaiotzen baita burgesiaren boterea, behintzat proletariotzak lurraldea eta ekoizpen bitartekoak printzipio sozialisten baitan antolatzeko gaitasuna izan arte. Ikuspuntu politikoa fintzeak funtsean zera esan nahi du: proletalgoaren insurrekzioa antolatzeak, egun, ahalik eta errebolta teknikoki efektiboenaren antolakuntza baino, eginbehar politiko garrantzitsuagoak gauzatzea exijitzen du.

AEBetan ikusten ari garen errebolten zentzu defentsiboa zein puntutarainokoa den eztabaidagarria da guztiz. Izan ere, zentzu  defentsiboak ere antolakuntzaren printzipioari erantzuten dio, alabaina, AEBetako egoerak leherketa sozial batekin zerikusi handiagoa duela ematen du. Leherketa sozial baten ezaugarrietara gehiago gerturatzen direnez erreboltak, posibleena da agertu diren bezala baretzea, eta desagertu bezala agertzea ere etorkizunean. Hau da, proletalgoaren bestelako hainbat adierazpen espontaneo defentsiborekin alderatuta zailtasun handiagoak izan ditzake politika burgesean instituzionalizatzeko, ez baita aldarrikapen eta salaketa konkretu batzuen baitan antolatu den mugimendua.  Horregatik, orain arte izan den bezala, agertu eta desagertu egiten den fenomeno baten aurrean aurki gaitezke.

Hala ere, Estatua dominaziorako tresna modura eraberritzeko helburuarekin, errebolten inertzia eta aldarrikapenak instrumentalizatu egingo direla nabarmena da. Burgesiak aurrera eramandako desplazamendu ideologiko eta propagandistikoa ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko: kirolari eta famatu milioidunen adierazpen eta performanceak zein Obamaren aldarrikapenak, esaterako. Gatazka poliziaren gehiegizko biolentziara, arrazaren auzira edo monumentu eta estatu historikoak kentzearen edo mantentzearen gaineko eztabaidara desbideratu nahian dabiltza. Beltzen eskubideen aldeko aldarriekin baten-batek botoak irabaztea lortuko du agian, baina arazoak bere horretan jarraituko du, eta seguruenik, erreboltak berriro sortuko dira. Azken batean, proletalgoak, gizarte burgesaren biolentziari erantzuteko eta bere ahotsa entzunarazteko gaur egun daukan modu bakarra baita errebolta. Borrokarako tresnetatik ere desjabeturik dagoen proletariotzaren inpotentziaren adierazpena ere bada errebolta. Aldi berean, beste batzuek bere borrokaren indarra instrumentalizatzeko daukaten joera gainditzeko ezintasunera kondenatzen duena gainera.  

Hala eta guztiz ere, AEBetako proletariotzak lezio ederra eman die ustezko komunista eta sozialistei. Izan ere, kongresu burgesean «langileen aldeko» legeak eta erreformak bozkatzen ziharduten bitartean, batetik, Louis Vuitton bezalako aberatsen dendak garbitu dituzte AEBetan, jabeei kalte ekonomikoak eraginez eta proletariotza hornituz -hori bai dela langileen eta herriaren bizi kalitatea (apur bat bada ere) hobetzea, eta ez «bizitzeko gutxieneko diru sarrera» onartzea-. Bestetik, AEBetako presidentea Etxe Zuriaren pareko protestekin beldurtu eta bunkerrean gordearazi dute -hori bai dela politika nazional eta internazionalean eragitea, eta ez Madrildik Trumpi zorion eskutitzak idaztea-. Eta azkenik, manifestariei esker poliziaren bat edo beste gutxiago omen dago orain -hori bai dela proletalgoaren bizitzak eta zaintza erdigunean jartzea-. Asko edo gutxi den ez dakit, baina sozialdemokraziak azken urteetan proletalgoagatik egin duena baino gehiago da behintzat. Horrek ez ditu azken hauek lotsarazi eta autokritikara bultza ordea: interes elektoralak arriskuan ez daudenez txalotu egin dute guzti hori, botoak jokoan daudenean manifestariak kriminalizatu eta poliziari alfonbra gorria jartzeko inolako arazo etikorik erakutsi ez duten berberak, alajainena!

Ez insurrekziorik ezta iraultzarik ere oraingoz Amerika aldetik, gizarte burgesaren biolentziari aurre egin nahi dion proletariotzaren  nahi eta ezina baizik. Tamalez, inpotentzia politikoaren zirkulua erreproduzitzen duen jardun politikoa. Komunistoi dagokigu zirkulua haustea.

 



[i] Roberts, Michael (2020), Returning to normal?, https://thenextrecession.wordpress.com/2020/06/06/returning-to-normal/ webgunetik berreskuratua.