AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/10/13

Lau pertsona atxilotu zituzten iragan astean espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herrian. Argazki zaharra hori, eta baita ondoren etorri dena ere. Izan ere, honek amaierarik gabeko begizta  dirudi: atxilotu eta ondoren atxiloketen salaketa. Jakina, ezin zaio salatzeari utzi. Baina benetan surrealista da Estatu kapitalistei beraien dinamika errepikakorra leporatzea, erantzun gisa errepikatzea beste paturik ez duen salaketa baino ez denean aurkezten. Ez baita edonolako salaketa: ez da antolakuntzaren potentzia garatzea helburu duena, soilik erantzun gisa indartzen den salaketa da, eta estatuen politikarekiko mendekotasunez gauzatzen dena, bi zentzutan. Alde batetik, agerikoa den bezala, Estatuaren ondoren datorren erantzuna da –ekintza isolatuei lotutako salaketak ondoren datoz beti-, eta ez hari aurrea hartzen diona. Bestetik, ondoren etortzeak muga ideologiko eta politiko sakonak azaleratzen ditu, erantzuna bera beti Estatuaren marjinetan kokatzen delako, Estatuari hau edo bestea eskatuz, eta proiektu bat eraikiz Estatu kapitalista demokratizatzeko helburu soilarekin. Hala, Estatuari berezkoa zaion eta erauzi ezin zaion dinamikari erantzunak, ezinbestean, amaiera gabeko erantzuna behar du, Estatuaren erreprodukzioarekin batera errepikatzera kondenatuta dagoena. 

Muga horietan kokatzen dira atxiloketei emandako erantzunak. Estatuei «garaiz kanpo egotea» egotzi zaie; atxilotutakoei egotzitako delitua «hamarkada atzera» gertatu zela eta egun egoera ez dela berdina; edota esan izan da ere hautu politiko bat zigortzen dela, hautu politiko hori bertan behera utzi dela aitortzearekin batera. Izan ere, jada ez omen da konpromiso militante bat epaitzeko inongo arrazoirik. Erantzunok, gainera, Estatuaren –eta bai, Estatuaz ari naiz, duen izaera nazionala izanda ere, Estatu kapitalista bat eta bakarra delako, eta arrotza zaio proletalgoari hartzen duen izaera nazionala hartzen duela ere- izaeraren inguruko ezjakintasuna azaleratzen dute. Izan ere, Estatu izateari uzteko eskatzen ari zaio Estatuari, hau da, bere kabuz desegitea, horretarako aukerarik balego. Estatua suntsitzeko politika baino gehiago, estrategia eta konpromiso militantea baino gehiago, fikzioa ematen du, funtsik gabeko nahi abstraktuak antolakuntzaren behar zehatzak ordezkatzeraino.

Gainera, gauzatzen den errebisionismo historikoak mina baino ez du eragiten. Izan ere, erresistentzia mugimendu orok, estrategia zuzena ala okerra izan, justifikazioa aurkitzen du erantzun gisa, hau da, aurretik dagoen biolentziari erantzun justu gisa. Estatuari biolentziaren ezaugarria ezabatzen zaionean, edo halakorik posible dela iradokitzen denean, erresistentzia mugimenduari arrazoia kentzen zaio, eta orain artean gertatutakoa bere erru bilakatzen da, edo behintzat bere errua izateko aukerak irekitzen dira. Edonola ere, egiak berdin dio, «errelato aniztasuna» da adiskidetze «politika» burgesaren funtsa eta, ahal dela, erruak banatzea. Aukera irekita dago, beraz: erresistentzia mugimenduak estatuaren biolentziari erantzun baino, estatuak erantzuten zion bere biolentziari.

Malabarismoak ezingo du demokraten arrazoiketan eta ekinbidean inplizitua den hori saihestu. Estatua demokratizagarria bada, Estatuari bere funtsezko ezaugarria den biolentzia erauzi ahal bazaio, eta biolentzia erauzteko soilik nahiaren bideari ekin behar bazaio, hauteskundeak irabazita edo gehiengo parlamentario bat artikulatuta, ez bada indarrean dagoen gobernua zuzenean konbentzituta, adierazten den nahia, orduan arrazoia izan dute, hamarkadetan zehar, burges demokratek: antolatzeak eta borrokatzeak ez du zentzurik; zentzurik ez du orain arte egindakoak. Azken finean, hori baita onartzen ari direna: antolakuntzari eta politikari muzin egiten bazaio, hau da, hamarkadak atzera egindakoak egun zentzurik ez badauka, zentzua galtzen du, era berean, Estatuaren biolentziak. Edo: Estatuaren biolentzia gainditzeko nahikoa zen konpromiso politiko eta militantea ez izatearekin.

Oker dira, ordea. Estatua egitura biolentoa da. Estatuak nahiak eta izateak erreprimitzen ditu. Ordena burgesaren biziraupenerako tresna politikoa da. Estatuaren lehenengo auzia politika egitea da, eta politika egiten du politika bera ukatuz, hau da, mugimendu politiko oro desartikulatuz, proletalgoaren klase borroka deuseztatuz edo Estatuaren mugen barnean agortuz. Estatuaren antolakuntza objektiboak berak ukatzen du politika, errealitatearen administrazioaren bitartez eta pertsonen gaineko kontrol administratiboaren bitartez zehazten baitu egingarria dena, eta egin ezin dena, hots, politika burgesaren esparruari ez dagokiona. Izan ere, Estatua da politika ordezkatzen duena, eta hor ez dira proletalgoaren helburuak kabitzen.

Estatuak irabazi badu, hain justu horregatik da: politika, hots, bere mugetatik kanpo dagoena, suntsitu duelako. Eta demokratek estatu barnean sakondu ahala, orduan eta garaipen handiagoa eskuratzen du Estatuak. Hortik aurrera ez du politikarik behar, salbuespen neurririk edota aparteko biolentziarik. Nahikoa du normaltasunaren aplikazioarekin. Jada ez da Estatuarentzat kaltegarri bihur daitekeen atxiloketarik; ez da politikarik atxiloketen atzean, Estatuaren jardun normalizatua baizik. Halako egoeran, militanteek ez dute inolako proiekturik ezta atxikimendurik, arauak eta legeak hautsi dituzte eta epaituak izan behar dira. Hori da Estatuaren garaipena, politikaren abolizioa, eta hori da militanteak eta proiektu politiko bat defendatzeko posiziorik ahulena.

Beste lau atxiloketa, eta beste errealitate dosi bat demokratentzat. Hitzez errepikatzeak ez duelako benetako bilakatzen: ez gaude garai berrietan, eta ez da borondate kontua biolentziarekin bukatzea eta bakea ezartzea, botere kontua baizik. Soilik ondo antolatutako proletalgo komunistak, bere diktaduraren bitartez, buka dezake burgesiaren biolentziarekin eta biolentzia politiko guztiekin. Bati baino gehiagori mingarri suerta dakiokeen arren, auzia hala planteatu ezean, ezinezkoa izango zaigu inoiz gure helburuak erdiestea.