AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Maiakovski futurista errusiarraren lerro batzuk darabiltzat buruan azken boladan. Dio iraultza “unibertsoaren inbentarioa” egitea dela: baliagarria dena mantendu eta balio ez duena pikutara bidaltzea. Langile klaseari bere askapenerako balio dionaz ari da, noski; gizadiari unibertsalki balioko liokeenaz.

Ideia hori jarraikiz, sozialdemokratek nolabaiteko diogenesen sindromea dutela esan dezakegu: kapitalismoaren zabor ustelena ere metatzeko prest daude trastelekuaren gestore izatearen truke.

Argi ikusten ari gara EH Bildu-Sorturekin: ezin dute poliziaren deuseztapenaren aldarrikapena jasan, haien proiektu politikorako ezinbestekoa baitzaie; langile boterearen ideia bera ukatzen dute, ertain klasea ordezkatzen baitute eta paktu interklasistan baitute programa. Eta Gazte Topagune Sozialistaren debekuarekin ikusten ari garenez, prest daude estatuko aparatu burokratikoak erabiltzeko gazteria langileriaren iniziatiba politikoa zanpatzeko. Edo, Maiakovskiren hitzetara itzuliz, inbentarioa egin nahi dugunon aurka trasteleku kirasdunaren atea gotortzeko.

Kasu horretan, gainera, haien interes erreala eta arduragabekeria disimulatzen saiatu dira: hedabide lokal bat aukeratu dute berria emateko, maniobrari larritasuna kentzeko asmoz;  eta, gainera, aurretiaz diseinaturiko elkarrizketa sinpatiko horretan edota “auzokideen izenean” hedatzen ari diren dokumentuetan, aitzakia teknikoak azpimarratzen saiatu dira, alderdi politiko atzerakoienen erara. “Papeleoa”, azken finean.

Baina papera zeharrargia da, eta nahikoa da argi apur bat bere atzean ezkutatzen denaren silueta hautemateko.

EZ DAGO IRUZKINIK