Irudi gogorrak iritsi zaizkigu Belfastetik asteon. Sua piztu da berriro Irlandan, eta Sudango errefuxiatu batek egindako eraso baten harira piztu dela dirudi. Denok dakigu miseria egoerek, utzikeria instituzionalak eta bazterketa sozialak, jarrera kriminalak, antisozialak eta lunpenak sortzeko aukerak handitzen dituztela. Kezka hori oso presente izan da aspaldidanik irlandarren artean, eta irmo erantzun izan diote horri. Ados. Baina, kezka horri komunitatea babesteko beharretik eta askapen prozesuarekiko arduratik heldu izan zaio. Faxista batek kontrakoa egiten du, ordea: jarrera kriminal eta antisozial batzuk komunitate osoak gurutzean iltzatzeko erabili, ideia supremazista batzuen mesederako.
Gertatutako lehen erasoa zer dela-eta gertatu den argi iritsi ez zaigun arren, ehizaldi arrazista bat martxan jartzeko aitzakia bikaina iruditu zaie faxistei. Jatorri afrikarra eta asiarra duten pertsonen kontrako biolentzia-olatu bat sortzeko aukera izan dute, zuriak ez direnak jipoituz, etxeak eta jabetzak errez, eta intseguritatea zabalduz. Belfasteko irudiek munduari bira eman badiote ere, Derry, Glengormley eta beste hainbat txokotan ere hautsi dituzte kristalak.
Biolentzia mailari eta moduari erreparatuta, erraz egin daitezke hango 60ko hamarkada bukaerako irudiekin konparaketak. Bere garaian katolikoak apartheid egoeran mantentzeaz arduratzen zirenak dira aste honetan pogromo arrazistak egin dituztenak. Eurak dira pasa den astean Palestinaren aldeko protesten kontra oldartu direnak, hainbat meskita erasotu izan dituztenak, beren auzoetan militantzia iraultzailerik sekula ez sortzeaz arduratzen direnak eta, sarritan, auzoetan droga sartzen dutenak ere bai. UDA, UVF eta antzekoek kontrolatutako zonetan izan dira gertaerak, eta ez kasualitatez.
Balore ultranazionalistetan eta supremazistetan heziak izan dira, ideologia sakonki antiproletarioa daukate, eta beraien ideologia baztertzailearen arabera kaleak kontrolpean hartzen saiatzeko legitimitatez sentitzen dira. Hori izan da hamarkadaz hamarkada beraien betebeharra betetzeko izan duten modu bakarra, eta horrela ari dira lortzen britainiar faxismoaren abangoardia izatea gaur egun. Kaleko mugimenduentzat erreferentzia argia dira, baina sare sozialetako agitatzaileentzat, eskuineko alderdi politikoentzat eta enpresarientzat harribitxia dira (konglomeratua zabala da: Britain First, Patriotic Alternative, Reform UK eta Traditional Unionist Voice, Tommy Robinson, Elon Musk…).
Dena den, politikaren subjektuak eta efektuak hainbeste internazionalizatu diren honetan, Irlandan ere bereizketa etnikoaren ardatz nagusia jada ez da iraganeko berbera (protestante vs katolikoak zena, okzidentalak vs besteak da orain), eta irlandar errepublikano asko tesi arrazistak besarkatzen hasia da. Aste honetakoa ez da halakorik gertatzen den lehen aldia, ezta gutxiagorik ere, eta azken pare bat urteotan ez sinesteko moduko irudiak ere ikusi ditugu: nork espero zezakeen Union Jack-a eta hiru-koloreko irlandarra batera astintzen ikusiko genituenik? Bada, migrazioaren kontrako mobilizazioetan gertatu izan da.
Horrekin irlandar errepublikanismoak bere baitan izan ditzakeen bi arimaren arteko talka bat nabari daiteke, eta bere baitako banaketa geroz eta handiagoa da auzi honi dagokionez. Han, nazioaren zapalkuntza forma erdi kolonialetan eman izanak, irlandarrak bigarren mailako pertsona bilakatu ditu belaunaldiz belaunaldi: ekonomikoki ezin garatuta eta ondoko potentziari guztiz azpiratuak, eskubidez gutxituak, gosetez erailak, eta migratzera behartuak. Oso modu nabarmenean ikusi da nazioa zapaltzeko modua hango langileak beste inon baino gehiago esplotatzea izan dela, eta horrek errepublikanismoak arima sozialista eta internazionalista bat izatea eragin du, jatorritik bertatik.
Hala ere, nazio auzia identitate esentzial baten mantentzera mugatzen dutenak inoiz baino indartsuagoak dira han ere, eta begi-bistakoa da eskumarako bidea bakarrik hartu dezakeela horrek. Hortik ari da apurtzen irlandar errepublikanismoa, betiko kideak izan direnak baztertu eta betiko etsaiak izan direnekin batzeraino. Antzeko zerbait gertatzen da beste herrialdeetako faxisten artean ere: hipokrisiaz betetako batasunak osatzen dituztela azpian dituztenen kontra.
Ordezkapenaren teoriak eta antzeko pentsaera arrazistak asko ari dira zabaltzen, eta horretaz kontziente bere aiherren arteko oreka mantendu nahian ari da errepublikanismo ofiziala. Sin Feinn nahiko anbiguo ari da jokatzen halako gertaeren aurrean eta immigrazioaren gaiarekin, eta ordenaren eta Poliziaren aldeko deia egin ohi du. Joera ezkertiarreneko taldeak eta mugimenduak dira faxismoaren kontrako adierazpenik argienak egin dituztenak eta zaurgarrienen aldeko babes brigadak antolatu dituztenak. Haien lanari esker talde eta alderdi ultranazionalistak bazterrean mantentzea lortzen ari dira (National Party, Nationhood Revival Coalition, Ireland First, Irish Freedom Party,...). Hala ere, ideia arrazisten hedapena gero ta zabalagoa da, eta horren forma antolatu eta politikoak indarra hartzea egun batetik besterako kontua izan daiteke. Irlanda bezalako herri borrokalari batean arrisku hori hain nabaria bada, Euskal Herria ez dago arrisku horretatik salbu.