Indarra eta inposizioa, sentimentaltasunarekin eta identitarismoarekin batera, faxismoaren nahitaezko bitartekoak dira bere ideiak zabaltzeko. Bere indarra eta inposatzeko gaitasunari aurre egiten zaionean, beraz, dardara egiten du. Modu batean, hala ari da demostratzen testuingurua: eraso inperialistaren aurrean Iranek eta Erresistentziaren Ardatzak emandako kontraerantzun militar, ekonomiko eta komunikatiboak sionismoaren eta MAGA mugimenduaren alderdi segidistetan halako noraez bat eragin du.
Itxura batez, Irango eraso inperialista AEBek behar beste kalkulatu gabeko erabaki bat izan da. Sionismoaren presioz hartu duena, eta atzekoz aurrera atera zaiona. Horrek, Trumpi, Mendebaldeko faxismoaren buru gisa, bere lekua galduarazi diola dirudi: Irango gerra luzatzen den egun bakoitzarekin hautesleen babesa galtzen du; botatzen duen afirmazio kontraesankor eta gezur bakoitzak fidagarritasuna kentzen dio; eta indarra bilakatzen da bere posizioan mantentzeko baliabide bakarra.
Sakonki sionistak eta trumpistak diren Europako eta AEBetako alderdi faxistetan hainbat kontraesan sortu ditu egoera berri horrek, eta halako gidoi-aldaketa bat eragiten ari da. Trumpen gainbehera atzeraezina omen da, Orbanena izan den beste. Baina Orbanen gainbeherak antifaxismotik oso urruti den beste gobernu bati ireki dizkio ateak; Meloni, Trumpek Europan izan duen sozio fidelenetako bat, honekiko haustura bat irudikatzen ari da bere oinarrien fideltasuna mantentzera begira; RN, AdF eta antzekoek kapital transnazionalaren aurkako diskurtso nazionalista bat indartzeko ahalbidetu dute egoera; Voxek, bere boto-galera aurreikuspenak gelditzeko, Trumpekiko babesa hoztu du eta seguraski distantzia handitu beharko du aurrerantzean; eta EAJ, PP eta beste eskuineko alderdi tradizionalagoak, derrepentean, interbentzionismo yankiaren aurka agertu dira, beste batzuetan gora-goraka babestu dutenean. Gisa honetako mutazioek ez dute zertan izan eskuma politikoaren eta faxismoaren ahultasun-erakusgarri. Kontrara, bere izaera definitzen dute: sakonki oportunista da, doktrina koherenterik gabea, eta bere eginkizun historiko bakarra politika autoritarioak eta inperialistak beste inork baino irmoago babesteko botere-kuotak handitzea da.
Hala ere, testuinguru berri horretan badirudi ondorio azkar eta erraz bat ateratzen ari dela ezkerra, eta bereziki ezker instituzionala: faxismoaren abenturakeriak, burugabekeriak eta lider irrazionalekiko dependentziak gainbeheran sartzea eragin dio. Berriro moderazioaren, arrazoiaren eta progresismoaren ordua iristen ari da! Horrela dabil PSOE, bere burua salbatzearekin batera halako nazioarteko antzezlan antiinperialista bat gidatu nahian. Baina denok dakigu zertan datzan PSOEren antiinperialismoa: autoritarismoa, interbentzionismoa eta berrarmatzea bestela baitakoan bultzatzean.
Edozein kasutan, faxismoaren ahultzea beti da ospatzekoa, baina kontuz gure nahiak errealitatearekin nahastearekin! Mesfidantzaz begiratu behar diogu egungo testuinguruari. Ekialde Hurbileko gatazka, eta haren ondorioak, pausaz aztertu beharko ditugu datozen hilabeteetan. Batetik, arinegi delako interbentzio inperialistaren ondorioak baloratzeko. Interbentzio bakoitzak bere arriskuak ditu eta zenbait errore irentsiko dituzte, baina zail egiten zait pentsatzea trumpismo-sionismoak aurreikusi gabeko zuloan sartu duenik hanka. Are gehiago, erantzun sendorik gabeko galdera gehiegi ditugu triunfalismorako: nork sufrituko ditu gerraren ondorioak Mendebaldean zein munduko edozein puntutan? Ba al dago MAGA eta haren bueltako enpresaririk irabazirik ateratzen? AEBei beren lehiatzaile nagusiarekiko (Txina) indar-posizioak, energia-baliabideak, ibilbide komertzialak eta merkatu berriak lortzea ala galtzea eragingo die? Faxismo amerikarrak benetan galduko al du boterea?
Bestalde, europar faxismoa ere halako mutazio-fase batean sartu dela dirudi, baina inozoegia litzateke bere kabuz ahulduko dela pentsatzea. Lurraldetzeko, lekuan lekuko baldintzetara egokitzeko eta ideologia faxista gizartean gehiago inpregnatzeko apustua egin dezakete, eta pobretzen ari den erdi-mailako klasearekin gehiago konektatuko duten lidergo berriak sortzeko. Beraz, ideologia faxista sekula baino gehiago hedatzeko arriskua dago, eta hori alderdi parlamentarioetatik askoz harago doa: ideologia arrazista, ultranazionalista, sekuritarioa eta halakoak hedatzea; eskuadrismoa eta ezkerreko mugimenduen kontrako aktibismoa sendotzea; faxisten aliantza internazionalak birkonfiguratzea…
Faxismoak ofentsiban jarraitzen du, eta soluzio magiko eta errazik ez dago. Denon eginkizuna da, eta ez dago zain egoterik. Zera esan nahi dut honekin, Erresistentziaren Ardatza deiturikoak eraso yanki-sionisten aurrean duen erantzun-gaitasuna eredugarria da, noski, eta hatzapar inperialisten aurrean garaipena lortzea espero dugu. Baina garaipenean esperantza osoa jarri eta horrela Mendebaldeko faxismoa edota autoritarismoa eta inperialismoa amaituko direla espero izatea ondorio kaltegarriak izan ditzakeen posizio politikoa da. Guretik faxismoaren eta sionismoaren aurkako lanean jarraitzea dagokigu, baita inperialismoaren eta autoritarismoaren aurkako berme posible bakarraren alde indarrak batzea ere: sozialismoaren alde.