Otsailaren bukaeran aurkeztu zuten Doako Parkinga Denontzat plataforma Donostian (Gipuzkoa). Osakidetzako langileek, hala, aparkalekuen bueltan sortutako egoera "jasanezina" salatu zuten, toki faltak sortutako arazo larriak direla eta. Aldarrikatu zuten "onartezina" dela ospitale bateko parkinga ordainpekoa izatea, eta Osakidetzari leporatu zioten enpresen irabaziak lehenestea, "pazienteen eta langileen eskubideen gainetik".
Plataformak ohar bat argitaratu du berriki, ikusita azken asteetan "Ilunberen eta ospitalearen arteko lanzaderetan ardaztu" dela "ospitalean aparkatzeko zailtasunaren gatazka". Izan ere, salatu du "alternatiba faltsuak" direla Osakidetzak proposatutakoak, Ilunben aparkatu eta bertatik ospitalera mugitzeko lanzaderen autobus-zerbitzua eskaintzea barne. Plataformako kideek azaldu dute "behin-behineko neurri" bat dela hura, eta ez duela "arazoaren erroa konpontzen".
Eta gaitzetsi egin dute, gainera, neurri hori martxan jarri denetik "Osakidetzak ardura langilegoaren gain utzi" izana. "Erabiltzaile kopurua ikusita, autobus-zerbitzua murriztu, edo, are, kentzeko mehatxua egin du, langilegoari hura ez erabiltzearen ardura egotziz", ohartarazi dute plataformatik. Horren aurka, adierazi dute Osakidetza dela bere neurriak "aski diren" edo ez aztertu beharko lukeena, "eskainitako alternatibak izan duen atxikidura eskasa aintzat hartuta".
Doako Parkinga Denontzatek salatu du "lotsagarria" dela "alternatiba benetako arazoa estaltzeko erabiltzea": "Donostiako Ospitaleak ez du doako eta ganorazko aparkalekurik, ez langilegoarentzako ezta erabiltzaileentzako ere". Gaineratu du "Osakidetzarena eta dagokion organo instituzionalarena" dela "hori bermatzearen ardura", eta "inola ere ez egoera sufritzen duen langilegoarena".
Plataformak sinadura bilketa bat jarri du martxan guztientzako doako parkingaren alde, eta horretan parte hartzeko deia luzatu du. "Langile antolakuntzaren bitartez soilik lortu dezakegu lanposturako irisgarritasun eskubidea, eta baita erabiltzaileen osasun-zerbitzuetarako irisgarritasun egokia ere", aldarrikatu du.