AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Sistema kapitalistaren egiturazko krisia elementu determinantea ari da izaten jasaten ari garen atzeraldi ekonomikoan. Baldintza ekonomikoak okertu izanak langileriaren proletarizazio-prozesua eragin du, horrenbestez, gizartearen gehiengoaren gaitasun ekonomikoa murriztuz joango da eta horrek guztiak patroi kultural berriak sorraraziko ditu. Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipaziorako Behatokiak abuztuan ateratako datuen arabera, gazteriak gaur egun kobratzen duenaren bikoitza kobratu beharko luke etxebizitza bat erosi ahal izateko, batez beste 1.935,57 €. Era berean, alokairua ere ez da aukera bat; iragan den ikasturtean Gazteriaren Kontseiluak argitaratu zuen gazteok alokairua ordaintzeko soldataren % 65 erabili beharko genukeela, eta azken datuen arabera, Madrilen esaterako, soldataren % 105 bideratu beharko genuke horretara. Bide beretik, gazteon langabezia-tasak gora egin du, baita aldi baterako lan kontratuek ere,  mugikortasuna handitu egin da, hau da, lan-baldintzak okerrera doaz, eta hortaz pobrezia materiala eta austeritatea.

Baina proletarizazio hori ez da soilik nabarmentzen norbanakoaren bizi-bitartekoak ordaindu ezinean,  izatean baizik eta gizartea, bere osotasunean, pairatzen ari den pobretzean. Ekoizpen-indarrak izugarri garatu dira gizarte burgesean, izugarria baita, jakintza tekniko zein zientifikoan jazo diren aurrerakuntzekin batera, garapen teknologikoa, eta inteligentzia artifizialean zein robotikan gertatu den garapena. Horrek, osasungintzari dagokionez, gaixotasun eta gaitz askoren arrazoia eta soluzioa aurkitzen lagundu du; ekoizpen-katean, aldiz, gizakiaren lan-karga murrizteko bideak asmatu dira, zabaldu egin dira distantzia luzeak epe laburrean kurritzeko bideak eraikitzeko aukerak, eta posible bilakatu da handizkako elikagaien produkzioa. Ateak ireki dira, baina hala ere, ez dugu sendagairik jasotzen, ez da puntako tratamendurik aurrera eramaten; lanarekiko dependentzia handitu da, lan-orduak ugaritu egin dira eta soldatak murriztu; nor bere auzotik irteteko aukerak gero eta txikiagoak dira, lokalismoa bultzatzen da, eta irteteko aukera bakarrak migraziora murrizten da; milaka tona elikagai xahutzen dira egunero, eta bitartean, milaka familiek ez dute ogi-apurrik. Horren guztiaren arrazoia da sistema kapitalistan aurrerakuntzen (jakintzaren zein teknologiaren) bideragarritasuna nulua dela, eta beraz, ezin dutela haien potentzialitate guztia garatu, ez behintzat bizi-baldintzak bermatzera bidean, gizakion garapenera bidean. Kontrara, potentzialiate hori guztia irabazi pribatuen ekoizpenera bideratzen da, eta garapenaren helburua langileriaren interesen kontrako muturrean dago. Ez al da hau guztia gizarte eredu pobre baten hizpidea?

Bi zentzutan uler dezakegu pobreziaren kontzeptua: termino absolututan eta erlatibotan. Batetik, eztabaidaezina da bizirauteko minimo materialik ez duen horren pobrezia, ahora zer eramanik ez duenarena, teilatu bat ezeztatu zaizkion horrena. Horrek pobrezia kondizio gisa bizi du, errenta minimoaren azpitik bizitzeak bizi-baldintza erradikalenak sufritzea eragiten baitio. Baina bestetik, arestian aipatu bezala, gizarte kapitalistaren gaitasunak nabarmen handitu dira azken mendean, eta horrek bizirauteko minimoen bideragarritasuna areagotu du; horregatik, ez du zentzurik pobrezia ondasun material batzuen patroi historikoen arabera neurtzeak. Pobrezia, produkzioarekin erlazioan, garai historiko eta sozialaren baitan zehaztu behar da. Hortaz, gaur egun, gizarte burgesean bizi-baldintza minimoak bermatu daitezkeenez, pobrezia horrekiko proportzioan kalkulatu behar da, bermatu daitezkeen gaitasun errealen eta eskaintzen zaizkigun aukeren arteko amildegian. Pobrezia bada beharrizan minimoak bermatu ezin daitezkeen kondizio bat, baina ez beharrizan materialak soilik, baita beharrizan sozialak, kulturalak eta ekonomikoak ere, hots, unean une gizarteak berak determinatzen dituen beharrizan horien gabezia.

Proletarizazioa, hortaz, ez da elikagaiak eta etxebizitza ukatzean gertatuko, baizik eta modernizazio kultural oso baten baitan emango da. Bizitza soziala berrantolatuko da proletarizazio horren baitan, pobreziaren oinarri izango den askatasun gabeziaren baitan.

Sistema kapitalistak berak norbanakoaren askapena ekarri duen ilusioa sortu du; ausaz gertatu diren bizi baldintzekin, indar materialen bidez menderatu gaituzte. Baina askatasunaren ukapen formala zein zeharkakoa dira pobreen bizitzen ardatza. Oinarri material, kultural eta sozialak ez bermatzeak, zeharka, askatasunik gabeko bizitza du ondorio. Batetik, nabarmena da gure askatasuna formalki ezeztatzen ari direla behien eta berriz, kode zibilaren gogortzen ari dela, lege eta dekretu berriak ezartzen, kontrol soziala eta indar polizialak areagotzen ari direla, gazteon aurkako kriminalizazio kanpaina etengabeak egiten direla, askatasun politikoak ukatzen… Baina bestetik, gizabanakoaren erabakitze-askatasuna, iritzi-askatasuna edo politikarako askatasuna ere ezeztatzen dizkigute adibidez. Itxurazko hautaketarako libertate hori zeharo baldintzatuta dago; izan ere, zerbait egiteko edo hautatzeko baimena izan arren, askotan ez ditugu hori gauzatu ahal izateko beharrezko baldintza material ez sozialak, bai ordea ekintza zigorgarrien edo onartuak ez daudenen gaineko jardute-eskumena, gauzagarri izateko baldintza materialak izan baditugulako. Hortaz, modu batera zein bestera erabakitzeko eskubideak ezeztatzen dizkigu. Gehiegizko informazio-oldeetan, egia estaltzen digute, errealitatea desitxuratzen dute, borondatea bera manipulatzen dute (marketing kanpainetan adibidez), eta hortaz, gure iritzia guztiz baldintzatuta dago, eta baldintza horren pean, absurdua bilakatzen da iritzi askatasuna aipatze soila. Proletalgoari politika egiteko askatasuna bermatzen zaiola ere saltzen digute. Baina antolatzeko eta borrokatzeko eskubideak behin eta berriz urratzeaz aparte, politika arrazoien arteko talka zintzo baten moduan irudikatzen da, eta errealki, arrazoiaz gaindiko elementuek determinatzen dute eztabaida, baliabide material zein gaitasun ekonomikoak adibez. Hortaz, baldintza hoberenak eta baliabide material hoberenak dituena gainjarriko da beti, besteoi hasi aurretik ukatzen zaigu arrazoia.

Askatasuna indar motoreen gaineko dominazio eta garapena da, giza sormenaren hedapena, giza indar esentzialena, edozein muga gaindi dezakeena; ezarritako neurri guztien gainetik, gizakia bere horretan helburu bilakatzea da askatasuna. Soilik izango baikara libre, zoriak determinatutako kondizioez askatzen garenean; soilik, produkzioaren eta erreprodukzioaren gaineko langile kontrola gauzatzen dugunean; soilik eta bakarrik, sozialismoaren hautua gauzatzen dugunean, komunitatean bakarrik delako posible norbanakoaren askatasuna.

«Lehengo gizarte burgesa bere klase eta klase-antagonismoekin ordezteko, asoziazio berri bat sortuko da, non norberaren garapen librea guztion garapen librearen baldintza izango baita». 

Manifestu Komunista.

 C. Marx y F. Engels, 1848