Hiriko kale batean semaforo gorri bat. Bertan, kotxe bat lanera bidean, eta, barruan, zu. Argi berdearen itxaronaldiak eskaini ez balizu hartuko ez zenukeen tarte bat, ingurua arakatzeko:
Kotxeko irratian Atarrabiako alkateak dio: “Zur eta lur utzi gaitu GKSk egitaraua argitaratzea ekimen horretarako baimena eman ez dugunean”. Zure herri/auzoko taldean mezu batek dio: “Atarrabiako bizilaguna naizen aldetik, eztabaida ez nahasteko ideia sorta bat plazaratu nahi dut, sareek daukaten arriskua hori baita [...] Atarrabiak konpromisoa hartu zuen herrian musika jaialdi bakarra egiteko, neguko HTXa [...] Uholde-arriskua daukan eremu batean kanpatu nahi dute...” Beste batek erantzun: “Hauek zer dira Gasteizko txosnetako berak?” Eta azkenak: “Bai…”
Argi berdea eta lanera bidean jarraitu duzu. Jasotakoak iragazteko hartu duzun denbora apurrak lanera iritsi arte lagunduko zaituen galdera batekin utzi zaitu: Zer ostiatan dabiltza gazte hauek?
Horra hor, diskurtso bat eraikitzeko baliabideak dituztenen mekanismo guztiak martxan, eta horren guztiaren erdian, zu, mekanismo horien eraginkortasunaren ustekabeko biktima bat gehiago, egiantzaren gudu-zelaian.
Hiriko kale batean semaforo gorri bat. Bertan, oinezko talde bat espaloian, eta, tartean, zu. Argi berdearen itxaronaldiak eskaini ez balizu hartuko ez zenukeen tarte bat, ingurua arakatzeko:
Apiriletik daramazu espaloi honetara iritsi nahian, uztailean iritsi eta semaforoa gorri topatu zenuen. Maiatzean esan zizuten ahoz baiezkoa eta hauteskunde ostean aurkeztearen ideia planteatu zizuten. Baiezko idatzia eskatu bazenuen ere, gauza idatziak azken momentuko kontuak izaten direla esan zizuten. Geroztik, izugarrizko indar militantea, denbora eta dirua inbertitu dituzu honetan. Eta hau guztia, iritsi eta semaforoa gorrian topatzeko. Hori gutxi ez eta baiezkorik gabe publikatu duzula eta egoera hau zuk bilatu duzula entzun behar izan duzu. Antza, Topagune Sozialistak exijitzen dituen inbertsioak alferrik egin dituzu. Esan dizute zure helburua ez dela belaunaldi berrietan antolakuntza komunista hedatzea eta nahita dena pikutara bota duzula. Ez bazenekien ere, Topagune Sozialista musikako makrojaialdi bat da orain, eta uholdeek zu bakarrik harrapa zaitzakete. (Ah eta, hau agian bazenekien jada baina, sorpresa! Ez zara herriaren parte, batetik zu zaude, eta, bestetik, herria.)
Den-dena erro-errotik aldatu nahi dugunontzako semaforoa beti dago gorri, eta jasotakoak iragazteko hartu dugun denborak egoeraren irakurketa batera eramaten gaitu:
Arazo teknikoak halabeharrez bihurtzen dira borondate politiko faltaren adierazle teknikoki moldagarria izateko prestutasuna daukan horren aurka doazenean; eta borondate politiko falta, gazteria politizatzeko eta antolakuntza komunista hedatzeko helburua daukan ekimen baten aurka agertzen denean, egungo ordena sozial eta ekonomikoa kudeatzen duten kolore guztietako gestoreen ezaugarri bihurtzen da. Bihurtu akaso, aspaldi bihurtu ziren hainbat horretan, eta gero eta modu ageriagokoan agertzen dira horrela.
Ikusi nahi ez duenak gero eta zailagoa dauka; gaixoa, bejondeiola. Ikusi nahi ez eta ikusten duenarentzat, errelatoen bidezko gatazka guztietan burura beti etortzen zaizkidan Gopegiren hitzok:
“Egiantzaren okupak zarete, zeuen burua haren jabe legitimotzat agertzen baduzue ere. Eta lehenago edo beranduago desalojatuko zaituztegu, ez gu zuen lekuan jartzeko, baizik eta edonor ibil dadin bertatik, haren geletatik, leihoetatik begira dezan, parke eta lorategiak zeharka ditzan.”
Edonor ibili ahalko den egiantzaren jauregira iristeko erdizka irekitako leiho bat: urriaren 13aren eta 14aren artean, Atarrabian eta Burlatan, debekuen gainetik, Gazte Topagune Sozialista.