AKTUALITATEA
Alderdi politiko instituzionalak hauteskunde-kanpaina bete-betean dauden honetan, agenda politikoari gain hartu dion auzietako bat da etxebizitzarena. Etxebizitza-krisiari aurre egin diezaiokeen aukera modura saltzen dute euren burua orotariko koloreetako alderdiek, baina horra hor zein garrantzitsuak diren memoria-ariketak: alderdi horietako batzuek urteak daramatzate askotariko instituzioetan agintzen edo gobernuen parte izaten, baina horrek ez du ekarri etxebizitza denentzat bermatutako eskubide bat izatea. Are: etxegabetzeak izanik etxebizitza-krisiaren alde bortitzenetako bat, arku parlamentarioko ezein alderdik ez du lortu hark gobernatutako udalerrietan horiek geratzea.
Azken urteetan Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan izandako etxe-kaleratze batzuk ekarriko ditugu gogora artikulu honetan, baita lekuan lekuko udal-gobernuek erakutsitako jarrera ere. Dena den, errepaso hau lagin txiki bat baino ez da.
Gasteiz (PSOE-EAJ): lau etxegabetze hilabete batean, 'buloak' eta udal-etxebizitzen salmenta
Gasteiz da errepaso honetan gorriz markatutako udalerrietako bat, berriki etxegabetu baitute sei adin txikiko dituen familia bat Sansomendin, bizitoki-alternatibarik gabe. Desalojoari aurre egin zioten Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta 11 ikastetxetako hezkuntza-komunitateek, baina bortizkeria handiz gauzatu zuten etxegabetzea Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak: ia 100 zauritu utzi zituen 140.000 eurorainoko kostua izan zuen operazio polizialak.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hainbatetan seinalatu du PSOEk eta EAJk gobernatutako udalaren erantzukizuna, izan ere, familiaren inguruko difamazio-kanpaina gogor bati ekin zion udal-gobernuak Vocento taldearen eskutik, Maider Etxebarria (PSOE) buru zela, nahiz eta udaletik udal-aterpetxe batera behin-behinean joatea beste alternatibarik ez zieten eskaini etxegabetuei. Aterpetxera joatea, gainera, desalojoaren atarian egindako eskaintza bat izan zen: aurretik, alokairuko etxebizitzen zerrenda bat (gehienak pistu turistikoak) besterik ez zieten eman gizarte-zerbitzuetatik.
Urriaren 23ko desalojoaz harago, Gasteizen, alternatibarik gabeko gutxienez lau etxegabetze izan dira hilabeteko epean: adingabedun familia bana etxegabetu zuten urriaren 5ean, urriaren 2an eta irailaren 25ean. Ikuspegia zabalduz gero, bata bestearen atzetik atera dira argitara etxe-kaleratze gehiago Arabako hiriburuan, eta Eusko Jaurlaritzaren (EAJ-PSOEk gidatutakoa beste behin ere) mendeko Alokabide erakundeak gauzatutako desalojoak dira adibide nabarmenetako bat: Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uztailean salatu zuen aurreko hiru-lau hilabeteetan zortzi familiak jo zutela beregana, Alokabidek martxan jarritako etxegabetze-prozesuengatik. Apirilaren 24an izan zen Alokabidek gauzatutako kaleratzeetako bat, eta, ordu hartan, deigarria izan zen Denis Itxaso (PSOE) Etxebizitza sailburuaren erantzuna: desalojoa justifikatu zuen, esanez erakunde publiko horrek ez duela "besterik gabe etxegabetzen".

Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Alokabideren beste etxegabetze bat gelditu zuen ekainean, Elorrion.
Hori gutxi balitz, sindikatuak hainbatetan jakinarazi du etxebizitza publikoak inbertsio-funtsen esku uzten jarraitzen duela Gasteizko Udalak. Joan den udan bertan, adibidez, Construcciones y Explotaciones Rogado promotoreari bost udal-etxebizitza eta lokal bat saldu zizkion udalak.
Donostia (EAJ-PSOE): etxerik gabeko pertsonen desalojo masiboa, ekimen solidarioen debekua eta hotelen loratzea
Gipuzkoara mugituta, eraikin abandonatuetan bizi beste aukerarik ez duten etxerik gabeko pertsonen desalojo masiboek markatu dute azken urtea Donostian. Zenbaezinak dira jada: joan den irailaren bukaeran 30 bat lagun bota zituzten Herrerako eraikin batetik; beste desalojo bat izan zen auzo bereko Oxigrafen maiatzean; Zardoya Otis zegoen eremuan beste pabiloi bat hustu eta 30 bat pertsona kanporatu zituzten urtarrilean; iazko abenduan, Martuteneko Agustindarren eskolatik 100 lagun baino gehiago kaleratu zituzten...
Eta badirudi horixe izango dela joera orokorra, Jon Insaustik (EAJ) gidatutako udalak berretsi izan baitu desalojoekin jarraitu nahi duela, kolektibo sozialek hamaika aldiz salatu duten arren udal-baliabideak ez direla nahikoak kale-egoeran dauden ehunka eta ehunka lagunentzat. Donostiako Kontseilu Sozialistak ekainean salatu zuen ikasturtean etxerik gabeko gutxienez lau pertsona hil zirela hirian.
Antolakunde berak ekainaren amaieran egindako manifestazio batean salatu zuen "langile-klasea Donostiatik bota eta aberatsentzako hiri bilakatu nahi dutela", desalojoei eta neurririk gabe igotzen ari diren prezioei erreferentzia eginez besteak beste. Gogorarazi zuten, dena den, aldi berean etenik gabe hedatzen ari dela luxuzko hotelen merkatua, eta azken hamabost urteetan 70 hotel eraiki dituztela Donostian.
Donostiako Udalaren jarrera argitzen duen beste egitate bat da kale-egoeran dauden pertsonekiko elkartasunez jarduten duten ekimenen eta kolektiboen kontrako jarrera: duela hilabete gutxi debekatu ditu berriz Kaleko Afari Solidarioak.

Donostiako Kontseilu Sozialistak antolatutako manifestazio bat, ekainean.
Iruñea (EH Bildu-Geroa Bai-Contigo Zurekin): kale-egoeran daudenei jazarpena, trabak udal-etxebizitzetarako sarbidean eta joten zentsura
Beste alderdi batek gobernatutako udalerri batean ere, Iruñean alegia (EH Bildurena da alkatetza), kale-egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpenak markatu du azken urtea. Aranzadi eta inguruak dira Iruñeko zonalde nabarmenetako bat, bertan etengabe kanporatzen baitute etxerik gabeko jendea abandonatutako eraikinetatik eta ibai ondoan sortutako kanpalekuetatik, baita kaletik bertatik ere. Duela gutxi, urriaren 26an zehazki, 30 bat lagun bota zituzten Aranzadiko frontoitik (Joseba Asiron buru duen udalak esan zuen pertsona horien "segurtasuna bermatzeko" desalojatu zituztela), eta apirilean 140 etxegabetu zituen udalak komentu zaharretik.
Burlata eta Iruñeko Alde Zaharra ere izan dira "puntu beroetako" batzuk etxebizitza-krisiaren adierazle gisa azken urteetan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hainbat etxegabetzeri egin die aurre bertan azken urteetan, eta eguneroko ogia izan da Iruñerriko kolektibo sozialek seinalatzea alternatibarik gabe eta udal-instituzioen babesik gabe gelditu direla kalean kaltetutako pertsonak: behin-behineko egonaldiak hoteletan, udal-aterpetxeetara bideratzea... Gainera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ekainean ohartarazi zuen udal-ordenantza berri baten ondorioez: udal-etxebizitzetarako sarbidean murrizketak ezartzeko eta etxegabetzeak errazteko pauso bat eman zuen udalak.

Iruñeko Udalak Aranzadin etxegabetutako hainbat pertsona, apirilean.
Bestalde, etxebizitza-eskubidearen alde aritzen diren mugimenduek hainbatetan jasan dute errepresioa euren jardun politikoari lotuta (karga polizialak, atxiloketak, isunak...), baina, zalantzarik gabe, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jota aldarrikatzaile bat abesteagatik pairatutakoa da sona handiena izan duena: 2025eko sanferminetan, etxegabetzeen aurkako jota bat abestu zuten sindikatuko kideek balkoi batetik, eta 1.800 euroko isunak jaso dituzte horregatik. Iruñeko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzigo Ordezkariak ireki zituen zigor-espedienteak.