Donostian (Gipuzkoa), arrapalada bizian ehunka pertsona etxegabetzen jarraitzen du udalak. Astelehenean, Zardoya Otis zegoen eremuan hustu zuten pabiloi bat polizia-indarrek, udalak horretarako baimena eta agindua eman ostean: beste bizitoki-alternatibarik gabeko 30 bat gazte bizi ziren bertan. 08:00ak heldu baino lehen utzi behar izan zuten lekua, eta horren ondoren, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlanean itxi eta hustu zuten eraikina. Gainera, kaleratuak izaten ari zirenei elkartasuna adieraztera bertaratu ziren lau pertsona identifikatu zituzten.
Bezperan egin zuten agerraldi bat kaltetutako gazteek eta Donostiako hainbat kolektibok, dozenaka pertsona "kale gorrian" geratuko zirela salatzeko. Egoerak "okerrera" egin dezakeela azaldu zuten, gainera: "Zardoya eremuan dauden bost eraikinak kaleratzeko aginduaren zain daude, eta horrek lehenago edo beranduago 200 pertsona inguru kale-egoeran gelditzeko arriskua areagotzen du, inolako alternatiba errealik gabe". Ohartarazi zuten Donostian "gero eta ohikoagoa" dela "etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea", kaltetuei "benetako alternatibarik eskaini gabe", desalojo izugarri horiek normalizatzeko saiakeran.
Astelehenean Jolastokietako 4. pabiloia desalojatu ondoren, udalak bere burua desenkusatu zuen berriz ere, esanez etxegabetutako pertsonetatik zazpiri "ohe bat" eskaini ziela. Ondokoa galdegin zuen, ordea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Baina zer gertatzen da haiekin aterpetxeko egonaldia bukatzean? Eta kale-egoeran dauden gainontzekoekin?".
Eta are gehiago: Herreran bertan, beste ehunka lagunek jarraitzen dute berehala etxegabetuak izateko arriskuan. Sindikatuak aurreko astean salatu zuen beste nora joan ez daukaten 200 pertsona jarri dituela arriskuan udalak, Zardoyako eremuko bost eraikinak bota ditzatela aginduz, horietan jende ugari bizi den arren. Martutenen iazko abenduan izandako etxe-kaleratze erraldoiari segida eman dio hala EAJk gobernatutako udalak, kale-egoeran dauden pertsona etorkinak seinalatuz eta kriminalizatuz, desalojo horiek eta bizitoki-alternatiba falta sistematikoa justifikatzeko.
Ustezko "bizikidetza-arazoak", eremua "birgaitzeko" planak, Altzaren moduko langile-auzoetan nagusitu diren eskasia eta utzikeria konpontzeko neurriak... Edozein aitzakia da ona udalarentzat, muturreko egoeran bizi diren pertsonen aurka gogor jarduteko eta are bazterrerago mugitzen saiatzeko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohar egin du, dena den: "Pobreziaren kausek jarraitzen duten bitartean, egoerak okerrera besterik ez du egingo".