AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Beste etxegabetze bat Gasteizen

Azken hamar egunetan, adingabeak dituzten hiru familia etxegabetu dituzte Gasteizen. "Hau da langile-familien eguneroko ogia PSOEk gidatutako udalean", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
2026eko urriaren 5 - 12:03
Beste etxegabetze bat Gasteizen

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 13:00etan jakinarazi du familia bat bere etxetik botatzen ari direla San Martin auzoan. Kasu honetan ere, adin txikiko pertsonak daude tartean. Sindikatuak zabaldu duen irudian ikus daitekeenez, etxegabetzean parte hartzen ari da udaltzaingoa.

Azken hamar egunetan, adingabedun hiru familia etxegabetu dituzte Gasteizen, gutxienez: irailaren 25ean izan zen kaleratze bat Alde Zaharrean, eta urriaren 2an kanporatu zuten beste familia bat hamalau urtez berea izandako etxetik. Larrialdiko gizarte-zerbitzuetara jo zuten familiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, baina bizitoki-alternatiba bat ukatu zieten bertan.

"PSOEk bere burua etxebizitzaren arazoaren irtenbide bezala aurkeztu nahi badu ere, hau da langile-familien eguneroko ogia PSOEk gidatutako udalean", salatu du sindikatuak. Deialdietara adi egoteko eskatu du.