AKTUALITATEA / Etxebizitza

Gasteizko etxegabetzeak 140.000 eurorainoko kostua izan zuen soldatetan

Operazioak 75.000 eta 100.000 euro arteko kostua izan zuen, eta 140.000 euro baino gehiagokoa euren egun librean zeuden agenteei deitu bazieten. 90 zauritu inguru utzi zituen desalojoak.
2026eko urriaren 28 - 13:39
Gasteizko etxegabetzeak 140.000 eurorainoko kostua izan zuen soldatetan

AKTUALITATEA

Gasteizko Sansomendi auzoan sei adingabe dituen familia bat etxegabetu izanak ez zuen indarkeria polizialaren arrastoa soilik utzi aurreko ostiralean (gutxienez bi atxilotu eta 90 zauritu inguru izan ziren, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuenez): diru publikoko izugarrizko kostua izan zuen. Ertzaintzak hedatutako operatiboak, dozena bat aldiz kargatu zuenak eta foam pilotez baliatu zenak, 42.900 euroko kostua izan zuen gutxienez.

6,5 orduz 300 agenteko plantilla batek jardun zuela kontuan hartuta kalkula daiteke zenbateko hori, soldata gordinetan oinarrituta.  Dena den, karga sozialak (%29), Brigada Mugikorraren osagarriak, dietak eta ordu estrak gehituz gero, 75.000 eta 100.000 euro artekoa da kostu errealista. Gainera, operatiboan parte hartu zuten ertzainei euren egun librean deitu bazieten, faktura 140.000 eurotik gorakoa izan daiteke guztira. Ertzaintzako profesionalen ordainsariei buruzko III. eranskinetik ateratako soldata-tauletan oinarritutako kalkulu bat da hori (oposiciones.es web-orrian aipatzen dira). Operatiboaren gainerako kostuak (ibilgailuak, ekipamendua, gainerako dispositibo judiziala, eta abar) ezin dira kalkulatu Jaurlaritzaren opakutasunagatik.

Gezurretan oinarritutako kontakizun ofiziala

Operazio polizial hori justifikatzeko erabilitako bertsio ofiziala gezurretan oinarritzen da. Gasteizko Udalak (PSOE-EAJ) eta El Correo egunkariak adierazi zuten familiak "bizitoki-alternatiba bat baztertu" zuela aurrez. Sindikatuak salatu duenez, ordea, apartamentu turistikoen zerrenda bat eskaini zieten gizarte-zerbitzuek, eta etxea merkatu librean bilatzera behartu zuten familia, arrakastarik gabe.

Etxegabetzea baino egun bat lehenago, udal-aterpetxera joatea eskaini zieten. Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide bat da hori, 20:00etatik 08:00etara bakarrik irekitzen dena eta litera partekatuak dituena; adingabeentzat desegokitzat jotako baliabide bat, hain zuzen ere. Familiak kanporatu zuten egun berean onartu behar izan zuen aukera hori, dena den. Horrez gain, sindikatuak gezurtatu egin zuen El Correo-k hilean 2.450 euroko ustezko diru-laguntzei buruz zabaldutako gezurra.

Errepresioan eta  etxebizitza-parke publikoko prekaritatean xahututako dirua

Gasteizko Udalak, Ensanche 21 Zabalgunea deituriko erakundearen bitartez, 402 bat etxebizitza publiko besterik ez ditu kudeatzen. Bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzako udal-harrerako sareak 135 plaza ditu 24 pisutan, eta horiei 43 plaza gehitu behar zaizkie hamalau harrera-etxebizitzatan. San Prudentzioko azpiegiturak, gainera, 78 plaza eta adinekoentzako hamazazpi ohe ditu. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, 6.784 etxebizitza kudeatzen ditu alokairuan, Alokabideren bidez. Barregarriak dira zifra horiek, kontuan hartzen bada Idealista-k Gasteizen iragarritako etxebizitza bakoitzeko 131 eskaera aurkezten direla batez beste, eta familia arrazializatuek eta migratzaileek alokairua lortzeko are oztopo gehiago dituztela.

Funtsei saldutako etxebizitza publikoak

Udalak langile-familia baten etxegabetzea dozenaka mila eurorekin finantzatzen duen bitartean, ondare publikoa inbertsio-funtsen esku uzten jarraitzen du. 2025ean, Obra Social La Caixak 96 etxebizitza publiko saldu zizkion Zabalgana/Mariturrin Farley ITG S.L. funts pribatuari. 2020ko apirilean, Vitalquilerrek (Caja Vital/Kutxabank) babes ofizialeko 500 etxebizitza saldu zizkion Salburuan eta Zabalganan Catella funts suediarrari, 51 milioi euroren truke. Eta, 2026ko udan, Gasteizko Udalak berak bost udal-etxebizitza eta merkataritza-lokal bat saldu zizkion Construcciones y Explotaciones Rogado sustatzaile arabarrari Kubo kaleko 10. zenbakian, 364.924 euroan, eta inolako babes- edo birsalmenta-baldintzarik ezarri gabe.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak esaten du ez duela dirurik etxebizitza-eskubidea bermatzeko, baina gero, badauka dirua polizia-hedapen masibo bat finantzatzeko eta, indarkeriaz, sei adingabeko familia bat etxetik botatzeko. Bitartean, mugatu egiten du larrialdi-etxebizitzetarako sarbidea eta espekulatzaileei ematen die etxebizitza publikoaren zati bat.