AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu berriz Donostiako Udalak
Atzo sinatu zuten ekimen solidarioa debekatzeko udal-ebazpen bat, talde faxistek hainbatetan egindako eskaerari men eginez berriz ere. Gaur egun, boluntario-sare batek 300 bat laguni bermatzen die jatekoa Kaleko Afari Solidarioen bidez.
2026eko uztailaren 28 - 05:56
Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu berriz Donostiako Udalak
Kaleko Afari Solidarioen agerraldia 2024ko urrian, orduan ere udalak ekimena debekatu baitzuen.

Donostiako Udalak (EAJ-PSE-EE) berriz erabaki du ehunka pertsonari afaltzea bermatzen dien ekimen solidarioa debekatzea, talde faxistek eta ahots erreakzionarioek hamaika aldiz egindako eskaera betez. Izan ere, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) prestatzen eta banatzen jarduten duen boluntario-sareak atzo jaso zuen ohar bat, jakinarazten zuena "espazio publikoetan afariak banatzea" debekatzen duen udal-ebazpen bat sinatu zuela udalak, atzo bertan. Horiek horrela, gaur arratsaldetik hasita, boluntarioek debekatuta dute kaleetan elkartasun-ekintzarekin jarraitzea.

KASetik bertatik gogorarazi dutenez, gaur egun, 300 bat pertsonari banatzen diete afaria Donostiako hainbat auzotan. Gaur eguerdian, 12:00etan puntuan, agerraldi bat egingo dute Donostiako udaletxearen aurrean.

Udalaren beste debeku bat 2024an

2024ko urrian ere jarrera bera hartu zuen udalak Kaleko Afari Solidarioekin, Lo que no te cuentan de Donosti Telegram kanal erreakzionarioak bultzatuta, ekimen solidarioaren aurkako kontzentrazioak egiten hasi zirenean Egia auzoan. Besteak beste, PPko zinegotziek parte hartu zuten elkarretaratze horietan, eta egoera zaurgarrian dauden pertsona etorkinen aurkako gorroto-mezuak zabaldu zituzten, "segurtasuna" aldarrikatzea aitzakiatzat hartuta.

Protesta erreakzionario horiek debekatu beharrean, beharra duten pertsonei afariak ematea debekatu zuen udalak, baina KASeko boluntario-sarea tinko mantendu zen: agerraldi jendetsu bat egin zuen eta jakinarazi zuen afariak banatzen jarraituko zuela. Handik gutxira, urriaren 27an hain zuzen ere, jendetza mobilizatu zen Donostian, udalak ezarritako debekuaren kontra: Elkartasunari debekurik ez! izan zuten aldarritzat. Arrazakeriaren, klasismoaren eta faxismoaren gorakada salatu zituzten: "Utzi migrante proletarioak zigortzeari eta elkartasuna debekatzeari, eta hasi pobrezia zein faxismoa desagerrarazteko bitartekoak jartzen".

Kaleko Afari Solidarioak, erreakzionarioen jomugan

Ehunka dira Donostian muturreko pobrezia-egoeran dauden lagunak, baina arazo horri heldu beharrean, pertsona horien lurralde-jatorria seinalatu eta ideia arrazistak indartzen jardun dute hainbat sektorek; tartean, eskuin muturreko alderdiek, Lo que no te cuentan de Donosti bezalako dibulgazio-taldeek eta Vocento taldeak.

Hona hemen duela bi egun Lo que no te cuentan de Donosti-k zabaldutako mezu bat, "afari solidario problematikoak" aipatuz:

2024an, KASeko boluntarioek jakinarazi zuten afaria jasotzera hurbildu izan diren hainbat eta hainbat pertsonari eraso dietela kalean, jipoiak tarteko. Boluntarioek, gainera, irainak eta mehatxuak jasan behar izan dituzte etengabe.

Komunikabideen kriminalizazio amaigabea

Hedabideek, esaterako El Diario Vasco-k eta Gipuzkoa Gaur-ek, urteak daramatzate "segurtasun falta" eta "delinkuentzia" lurralde-jatorri konkretu bati lotzen, pertsona magrebtarrak seinalatuz batez ere. Horrekin batera, lan nekaezina egin dute elkartasun oro kriminalizatzen, afari solidarioak izanik jopuntu nagusietako bat: "arazo-foku" modura saldu nahi izan dute ekimena, aurkako neurriei bide eginez.